Alfontso Mujika

Elhuyarreko hiztgigile eta itzultzailea

Alfontso Mujika Etxeberria[1] (Donostia, Gipuzkoa, 1959ko urriaren 28a) industria ingeniari teknikoa da, itzultzailea, terminologoa, hiztegigilea, euskaltzain osoa, Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko kidea, Elhuyar Fundazioko testu-zuzentzaileen taldeko kidea eta Elhuyar Fundazioaren patronatuko idazkaria.[2][3]

Alfontso Mujika

Bizitza
JaiotzaDonostia1959ko urriaren 28a (64 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea, terminologist (en) Itzuli eta lexikografoa
Enplegatzailea(k)Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea  (1982 -  1987)
Udako Euskal Unibertsitatea  (1987 -  1990)
Elhuyar Fundazioa  (1990 -
Lan nabarmenak
KidetzaUdako Euskal Unibertsitatea
Elhuyar Fundazioa
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Euskaltzaindia

Inguma: alfontso-mujika-etxeberria-00

Bizitza

Donostiako Egia auzoan jaio zen Alfon (hala esaten diote lankide eta adiskideek). Familia erdaldun bateko hiru seme-alabetan erdikoa da, eta erdal giroan hazi zen harik eta gaztaroan, besteak beste Mikel Laboaren abestiek liluratuta, euskararekiko harrak piztu eta euskara ikasten hasi zen arte. Euskararako lehen urratsak 17-18 urterekin eman zituen, AEK-ko gau eskolan, eta Orexako Iriarte baserrian segitu zuen aurrera bide horretan, baserriko lanak egiten ikasteaz gainera.[4]

1982-1987 bitartean, Donostiako AEKn lan egin zuen, irakasle hasieran, eta AEK-ko Donostialdeko eraketa arduradun gisa azken hiru urtean. 1987-1990 bitartean, Udako Euskal Unibertsitateko kudeatzailea izan zen.[5] 1990az geroztik Elhuyarren lan egin du. Harluxet hiztegi entziklopedikoaren erredakzioburua izan zen 1995ean.[6] Teknopolis zientzia-dibulgazioko programaren erredaktorea (1999-2001) eta zuzendaria (2000-2002) izan zen gero. Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea da 2008tik eta Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnum Ingeniaritza Goi Eskolako irakaslea da 2017az geroztik.

Euskaltzain

Alfontso Mujika Euskaltzaindiako sarrera-hitzaldian

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006ko maiatzaren 26an[7] eta euskaltzain oso 2021eko azaroaren 26an.[4] Euskaltzaindiko Exonomastika batzordeko kidea da 2002etik eta idazkaria.[8][9] [10][5] 2021ko azaroaren hasieran euskaltzain oso izateko hautagai aurkeztu zuten; Ibon Sarasola emeritu izatera igaro ondoren, Mujikaren izan zen hutsune hori betetzeko aurkeztu zuten hautagai bakarra.[5]

2016tik, Euskara Batuaren Eskuliburua proiektuaren aholkulari eta ohargilea da. 2019an, Euskaltzaindiaren 100. urteurreneko biltzarrean, batzorde horretan sortutako Kale eta karrika izenen eskuliburua aurkeztu zuen, bai eta Euskara batuaren aulkia hirugarren hankatik herren ponentzia ere.[11][12]

Lanak

Alfontso Mujika hiztegintzaz Euskaldunon Egunkarian

Telebista saioak

Teknopolis telebista-saioaz
  • Teknopolis zientzia eta teknologia saioa egiteko lanetan dihardu, saio hori 1999an sortu zenetik.[13]

Idazlanak

Beste hainbat egilerekin batera, liburu eta hiztegi hauek egiteko lanetan parte hartu du, besteak beste:

  • 1993: Hiztegi Entziklopedikoa [elkarlanean]
  • 1995: Euskal Hiztegi Entziklopedikoa [elkarlanean]
  • 1998: Elhuyar hiztegi txikia[14]
  • 1998: Ingurumen-hiztegi entziklopedikoa
  • Elhuyar Hiztegiaren 4. argitaraldiaren aurkezpena.
    2000: Elhuyar hiztegia: euskara-gaztelania / castellano-vasco
    Elhuyar hiztegiak kontsultatzeko webgunea
  • 2000: Euskal hiztegi modernoa
  • 2000: Energiaren hiztegi entziklopedikoa
  • 2003: Euskaltel telekomunikazio-hiztegia
  • 2004: Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa[15][16]
  • 2005: Onomastika: irizpideak (EIMAren estilo liburuaren hirugarren atala)
  • 2008: Letra larriak erabiltzeko irizpideak (Alfontso Mujika egile bakarra da)[17]
  • 2008: Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak. I. liburukia. Instalazio hidraulikoak, gas erregaizko instalazioak eta aireztapen-instalazioak.
  • 2008: Geologia estrukturalaren oinarriak
  • 2009: Arkitektura-hiztegi irudiduna
  • 2009: Iturgintza-hiztegia
  • 2009: Jatetxe, taberna eta kafetegien hiztegia
  • 2009: Laburtzapenen hiztegia
  • 2009: Soziolinguistika-hiztegia
  • 2010: Munduko eta Euskal Herriko atlasa
  • 2019: Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak[11][18]

Gainera, beste hainbat eta hainbat liburutako testua zuzendu du, eta artikulu ugari idatzi ditu hiztegigintzaz eta terminologiaz. Inguma datu basean 34 ekarpen jasota dauzka. horien artean 8 liburu itzuli eta 19 artikulu.[19]

Sariak eta errekonozimenduak

  • 2013: diariovasco.com saria jaso zuen Elhuyar Hiztegiak webguneak. Sei sari banatu zituen Diario Vascok eta Euskaraz egitea edo euskara ikastea ahalbidetzen duen webgune onena kategoriakoa eman zioten Elhuyar Fundaziokoei.[20][21]

Erreferentziak

Kanpo estekak