Udako Euskal Unibertsitatea

unibertsitatea

Udako Euskal Unibertsitatea edo UEU lukuru-asmorik gabeko kultur elkartea da eta Onura Publikoko aitormena du 1990etik.[1] 1973an sortu zen Donibane Lohizunen antolatutako Udako Ikastaroetan.

Udako Euskal Unibertsitatea
Datuak
Motaunibertsitatea, argitaletxea, irabazteko asmorik gabeko erakundea eta goi mailako hezkuntza-erakundea
HerrialdeaEspainia eta Frantzia
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Historia
Sorrera1973
Jasotako sariak
CAF-Elhuyar sariak  (2014)
Elkar sariak  (2022)
webgune ofiziala
Facebook: udakoeuskalunibertsitatea Twitter: ueu_orokorra Mastodon: ueu_orokorra@mastodon.eus Inguma: ueu Edit the value on Wikidata

Orobat euskaraz eta unibertsitate mailakoak diren atal hauek sustatzen ditu: ikastaroak, liburu-argitalpenak, Internet-zerbitzuak, kongresuak, profesionalen bilkurak, eta graduondoko-ikasketak.

Udaz gain, beste urte sasoietan ere antolatzen ditu ikastaroak, baita jardunaldiak ere (esaterako, Informatikari euskaldunen bilkurak, edo Natur Zientzietako Topaketak).

Euskal komunitate zientifikoa ezagutarazteko eta trinkotzeko zenbait datu-base (Inguma, Artizarra...) eta foro (Ikergazte, Txiotesia...) eskaintzen ditu.

Helburuak

UEUren helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horretarako, hiru ardatz nagusi ditu:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.

Kataluniako Universitat Catalana d'Estiuren lana aurrekari sendoa izan zen Udako Euskal Unibertsitatearentzat. Izatez, Katalanen aurrerapausoen berri izan eta hiru urtera sortu baitzen UEU 1973an.[2][3][4]

Antolaketa

Ane Sarasua, UEUko idazkari nagusia

Gaur egun UEUk 1.200 bazkide inguru ditu. Idazkari nagusia Ane Sarasua da; bera da kudeaketa, finantzak eta giza baliabideen gidaritza daramatzana. Lehenago Mari Karmen Menika izan zen idazkari nagusia (1986-2000), orain Ikastetxe Nagusiko arduraduna dena.

UEUko zuzendariak honako hauek izan dira: Manex Goihenetxe (1973-1976),[5] Martin Orbe (1976-1983), Baleren Bakaikoa (1983-1987), Inaki Irazabalbeitia (1987-1991), Kepa Altonaga (1991-1996), Mikel Aizpuru (1996-2000), Xabier Isasi (2000-2004), Aitzpea Leizaola (2004-2005), Lore Erriondo (2005-2010), Karmele Artetxe (2010-2014), Iñaki Alegria (2014-2018),[6][7] Kepa Sarasola (2018-2023), eta 2023ko otsailetik Aitor Bengoetxea da zuzendaria.

Historia

1970an unibertsitatean euskara ez zen bat ere erabiltzen. Orduan utopia moduan ikusten zen euskara etorkizunean arlo guztietara naturaltasunez zabaldu ahal izango zela. Baina 1970-72an Baionako Euskal Erakustokian antolatu ziren Euskal Asteak izan zuten arrakasta ikusirik, 1972ko ekitaldian Karlos Santamariak Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz emaniko hitzaldiaren bidetik, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek UEU antolatzea erabaki zuten 1973ko udan, Euskaltzaindiaren babespean. Lehengo ekitaldi biak Donibane Lohizunen egin ziren, ondorengo biak Uztaritzen, eta 1977tik Iruñean. Geroago, urteak pasa ahala, hainbat urrats kualitatibo egin dituzte etengabe euskarazko unibertsitatea eraikitzeko bidean.

1975ean hasi ziren liburuak argitaratzen. urtero 10 bat liburu argitaratu dira harrezkero.[8][9]

Udako ekitaldien eragina zabaldu nahian, 1985tik urtean zehar ere Jardunaldiak antolatzea erabaki zen, publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio-mailako hitzaldi eta mahai-inguruz osatuak.

1984an Aralarko San Migelen UEUren bideari buruzko gogoeta egin zen. Hasi berriak ziren EHUren uda ikastaroak, eta biak nola txertatu pentsatzen hasi ginen. Aralarreko saioa oso inportantea izan zen, bidea markatu zelako, zuzendariek hortik jo zutelako gero. Horrela, 1986an, UEUk legezko kultur elkarte izaera hartu zuen.[10]

1990an Uztaro aldizkari zientifikoa sortu zuten, geroago sortu ziren Historiari buruzko Kondaira aldizkaria (2003-2013), arkitekturari buruzko Aldiri aldizkaria (2009-2022), eta osasungintzari buruzko Osagaiz aldizkaria (2017).

UEUren udako ikastaroen balorazioa 1995ean.(  elkarrizketa osoa Wikitekan)

Aralarrekoaren moduko beste mugarri bat, 1995eko kongresua izan zen, UEUren lehena. Bazkidetza figura sortu zen han, eta UEU bazkidez osatutako elkarte modura egituratu zen. Bazkideak gero eta gehiago, gaur egun bazkideak 1.200tik gora dira. 2002-03an, bigarren kongresua egin zuen UEUk, eta gizartea aldatu zen heinean, bere eginkizuna eta bidea egokitu eta moldatu zituen.[11]

1996an Informatikari Euskaldunen Bilkurak antolatzen hasi ziren kongresu moduan. Geroago beste hainbat arlotara zabaldu zuten kongresuen formula: Natur Zientziak, Hizkuntzalaritza, Arkitektura...[12]

2000. urtean Inguma datu basea sortu zuten, unibertsitate mailako euskarazko produkzioa erraz atzitzeko helburuarekin.[13][14] Euskarazko komunitate akademikoa koordinatzeko antzeko beste sei zerbitzu informatiko sortu zituzten geroago.

2001etik Hizkuntza Teknologia berezko titulua antolatu zuten, lankidetzan Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Geroago 10 baino gehiago izan dira honela antolatu diren graduondokoak edo berezko tituluak.[15]

2001ean bertan hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan hasi ziren irakasleak prestatzeko Ulibarri programan. Geroago Prest Gara eta Haur Eskolak programetan ere parte hartu dute.

2003tik on-line ikastaroak ematen hasi ziren eta 2013an on-line irakaskuntzarako eredu pedagogikoa definitzen hasi zen. Eredu hori sortu zuen taldean zeuden Abel Camacho, Ireide Arriolabengoa, Rakel Gamito, Maite Larrañaga, eta Maialen Urbieta.[16][17][18]

2010ean, beste aldaketa bat antolatu zen: irudi korporatiboa, gure eginkizuna birformulatu, ildo nagusiak zehaztu, lan egiteko moduak, konpromisoak…[11]

2015ean euskarazko ikerkuntza sustatzeko eta ikertzaile gazteak koordinatzeko asmoz Ikergazte kongresua antolatu zuten lehenengoz. Helburu bera zuen Txiotesia lehiaketa 2013az gero euskarazko tesiei ikusgarritasuna emateko.[19][20]

2019an GOI ikastegia sortu zuten Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, eta azpiegitura horrekin urte bat geroago 2020ean online eta euskaraz martxan jarri zuten Irakaskuntza ertainetan irakaslea izateko behar den master ofiziala.[21][22][23]

2022an 50 urte bete zituen, eta horretarako ospakizun sortari ekin zion urte horretako maiatzean.[24]

Ikastaroak

UEUren logoa

1973z gero 2.000 baino gehiago dira unibertsitateko gaiak irakasteko antolatu dituen ikastaroak.[25] 2003an hasi zen on-line ikastaroen eskaintza, eta 2013an euskarazko lehen MOOC ikastaroa (Android programazioaren hastapenak). Sailetan egin izan da beti ikastaroen antolaketa, sailak hauek izan direla:

Argitaletxea

Liburuak

UEUk 1975tik 2020ra bitarte unibertsitate mailako 458 liburu (saiakerak eta testu-liburuak) argitaratu ditu, urtero 10 liburu gutxi gorabehera.[26][8][27][9][28]

UEUn sortutako liburu gehienak Buruxkak liburutegi digitalean kontsulta daitezke.[9]

Aldizkariak

2018an hiru aldizkari ere plazaratzen zituen: Uztaro (giza-zientziak, 1990ean sortua), Aldiri, Arkitektura eta abar (arkitektura, 2009an sortua), eta Osagaiz (osasun-zientziak). 2003 eta 2013 urteen artean Kondaira aldizkaria ere argitaratu zuen historiako gaiekin.


Udako ikastaroetan Udaro izeneko barne-buletina argitaratzen du UEUk. Bertan, ikastaroen inguruko informazioa, elkarrizketak eta argazkiak izan ohi dira.

Datu-baseak eta Internet-zerbitzuak

Inguma datu-basea

Inguma datu-basea euskarazko produkzioa unibertsitatean

Inguma datu-basea

Inguma datu-basea euskara batuaren garaian unibertsitate mailan euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen du. 2021ean guztira 206 erakunderen lana katalogatuta zegoen. 45.000 erreferentziatik gora eta 12.506 egileen lana eskaintzen ditu. Euskal Komunitate Zientifikoaren argitalpenak, hitzaldiak, ikastaroak, tesiak eta irakasgaiak biltzen ditu.

2000. urtean sortu zuen UEUk datu-base hau.[13][14] Azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko datuak eskaintzen ditu.

Artizarra sare soziala

Artizarra ikertzaile eta profesionalen sare soziala.

Artizarra euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala da. 500dik gora profesional euskaldunen arteko harremanak errazten ditu. Profesional bakoitzak Inguma datu-basean duen ekoizpenaz gain uneko bere jarduera profesionalaren datuak ere erakusten ditu. Mundu mailako LinkedIn sarearen antzerakoa da, baina euskaraz eta euskararen alorrean lokalizatuta. Hor agertzen diren komunitate zientifiko-profesionalei elkarren berri eman nahi die.

Tesiker, euskarazko doktorego-tesiak

Tesiker datu-baseak euskaraz argitaratu diren 550 doktorego-tesien datuak eskaintzen ditu, baita tesi-txostenak ere. UEUk jasotako datuak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren webgunetik. 550 doktorego-tesi digitalizatu eskaintzen ziren 2019an eta urtez urte eguneratzen da.[29]

Buruxkak liburutegi digitala

UEUren Buruxkak liburutegi digitalean filosofiaz 2020an zeuden 18 liburuak

Buruxkak liburutegi digitalean UEUk argitaratutako liburu guztiak eskaintzen ditu formatu digitalean (2018an 380), azken urteetan plazaratutakoak ezik. Liburu guztiak partekatu daitezke CC-BY-SA lizentziarekin.[30][31] Buruxkak izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari; aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri zion.

Apunteen Otarrea

Buruxkak liburutegian dauden liburu guztiz zuzenduak izan gabe, unibertsitate alorreko diren lan, txosten, apunte eta bestelako dokumentuak partekatzeko gunea da. Besterik esan ezean Otarreko dokumentu guztiak partekatu daitezke CC-BY-SA lizentziarekin.[32]

Arloka zenbat dokumentu Apunteen Otarrean (2022)
ArloaZenbat dokumentuAzpiarloka
Giza zientziak464Antropologia (7), Ekonomia (280), Geografia (22), Komunikazioa eta kazetaritza (30), Pedagogia (53), Psikologia (25), Soziologia (42), Zuzenbidea (5)
Ingeniaritza eta teknologia406Arkitektura (299), Informatika (75), Ingeniaritza eta teknologia (32)
Giza zientziak201Bibliotekonomia eta dokumentazioa (28),    Filosofia (19),   Historia (18), Literatura (5), Hizkuntzalaritza, filologia, hizkuntzak, itzulpengintza (131),   
Zientziak111Biologia eta natur zientziak (26),    Botanika (13),    Fisika eta astrofisika (4),    Kimika (47),    Matematika (21)
Osasun zientziak19Medikuntza eta osasuna (19)
Artea eta musika11
Zientzia aplikatuak2

Unibertsitatea.net unibertsitarioen ataria

Unibertsitatea.net ataria

Unibertsitatea.net atariak albisteak argitaratzen ditu komunitate unibertsitario euskaldunarentzat (besteak beste elkarrizketak ikerlariekin, 140 gora),[33] eta zenbait blog biltzen ditu hainbat zerbitzu emateko asmoarekin (ekonomia, Hizkuntzaren prozesamendua, artea, ingurumena...).[34]

Atari honen barruan dago Apunteen otarrea unibertsitate alorreko lan, txosten, apunte eta bestelako dokumentuak partekatzeko gunea da.[35] Otarreko dokumentuak besterik ezean Creative Commons, Aitortu-Partekatu lizentziaren arabera eskaintzen dira. 2018 urtean guztira 941 dokumentu zeuden gaika honela banatuta: Artea eta musika (4), Giza zientziak (112), Gizarte zientziak (333), Ingeniaritza eta teknologia (393), Osasun zientziak (19), Zientzia aplikatuak (2) eta Zientziak (78)

Iparrorratza unibertsitatean sartzeko orientazioa

Iparrorratza zerbitzua unibertsitatera ikastera ailegatzen diren ikasleentzako aholkularitza-zerbitzua da, zer ikasiko duten erabakitzen laguntzeko.

Softkat euskarazko softwarea (2000-2013)

Softkat euskarazko softwaregintzaren datu-basea indarrean egon zen 2000tik 2013ra bitarte.

Kongresuak eta profesionalen bilkurak

Iñaki Alegria UEUko zuzendaria. Durangon 2017an, Euskal Hedabideen Behategiaren urtekariaren aurkezpenean. Unibertsitateak Hekimen elkartearekin: UEU, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU, eta Mondragon Unibertsitatea.

1996tik antolatu dituen profesionalen bilkurak 100 baino gehiago izan dira. Besteak beste hauek:[12]

Ikerlari gazteen komunitatea

Unibertsitatean eta euskaraz aritzen diren ikerlari gazteek elkarren artean ezagutzeko eta beren arteko komunikazioa eta lankidetza errazteko zenbait ekinbide plazaratu ditu UEUk 2012z geroztik:

Ikergazte kongresua

Ikergazte kongresua

Ikergazte kongresua bi urterik behin antolatu da 2015etik, ikerlari gazteen topalekua izateko.[48] 200 baino gehiago izaten dira partaideak eta 140 artikulu inguru aurkeztu izan dira aldi bakoitzean.[19]

Txiotesia lehiaketa

Helburu bera dauka 2013z geroztik bi urterik behin antolatzen den #txiotesia lehiaketak. Parte hartzaileek Twitterreko 6 txiotan azaldu behar dute beren tesi-lana. Lehenengo lehiaketan 86 ikerlariren 516 txio argitaratu ziren.[20]

#txiotesia lehiaketak
#txiotesiaUrteaTxioakLehiakideakTxio ulergarrienaTxio originalena
#txiotesia1201351686[49]Estitxu Garai Artetxe[50]Itxaro Perez Urzelai[51]
#txiotesia2201477746[52][53][54]Itziar Gonzalez[55]Eneko Bidegain[56]
#txiotesia3201681452[57]Uxoa Iñurrieta[57]Iraia Muñoa[57]
#txiotesia4201858934[58]Naima El Bani Altuna[59]Juanmari Agirreurreta[60]
#txiotesia5202044474Ainhoa Gonzalez Pujana[61]Eider Urkola Ezeiza
#txiotesia62022636[62]106[63][64]Jone Bilbao[65]Elena Muñoz Perez[66]
Unibertsitatea.net-en logoa

Elkarrizketak unibertsitarioen atarian

Unibertsitatea.net atariak 130 baino gehiago dira unibertsitateko gazteekin argitaratu dituen elkarrizketak.[33]

Juan San Martin beka

Juan San Martin beka 2001 urtean jarri zen abian Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzan. Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da. Lantzen diren ikerketa-esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landu zituenak dira: Antropologia, linguistika, filologia, toponimia, filosofia, literatura, botanika, artea, historia, kazetaritza, etnologia, mendizaletasuna eta zuzenbidea.[67][68]

Koldo Mitxelena beka

Koldo Mitxelena beka Errenteriako Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzan antolatzen da. Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da. Ikerketa esparruak Koldo Mitxelena Elissaltek bere bizitzan zehar landutako honako hauek dira:euskal kulturaren historia, artea, soziologia, antropologia, ekonomia, hizkuntzalaritza, literatura, etnologia, zuzenbidea eta, oro har, giza zientziei buruzko ikerlanak.[69][70]

Berezko tituluak eta graduondoak

UEUk UPV-EHUrekin 2001etik 2018ra bitarte antolatu dituen graduondoko 13 berezko tituluak.

2001ean hasita 18tik gora titulu antolatu ditu UPV/EHUrekin batera, Horietan gutxienez 280 pertsona titulatu dira. Hauek izan dira titulazioak eta zein urtetan hasi ziren:

  • 2001-2002: Hizkuntza eta teknologia (espezialista)[15]
  • 2002-2003: Hizkuntza eta teknologia (master)[71]
  • 2002-2003: Herri Erakundeen kudeaketa (HEREKU)[72]
  • 2002-2003: HIZNET
  • 2004-2005: Estatistika eta Konputazio
  • 2006-2007: Software librea: sistema, sarea, segurtasuna eta web-aplikazioak
  • 2007-2008: Nafarroa. Historia eta ondarea zientziaren bidez 
  • 2007-2008: Euskarazko komunikazioa (Mofiziala, UEU laguntzailea)
  • 2007-2008: Hizkuntzaren Azterketa eta prozesamendua (Mofiziala, UEU laguntzailea)
  • 2012-2013: Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendean[73]
  • 2012-2013: Neuroerreabilitazioa
  • 2012-2013: Hondakinen kudeaketa eta tratamendua[74]
  • 2012-2013: Itzulpengintza eta teknologia
  • 2013-2014: Euskal Herriko Lurraldea eta Paisaia. Planifikazioa, kudeaketa eta antolamendua
  • 2015-2016: Mendizaletasuna: mendi jardueren ikasketak
  • 2016-2017: Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa[75]
  • 2016-2017: IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan.
    • 2019-2020:Ikerkuntza Digitala eta IKTak (UPV/EHUren Aditu Titulua)
    • 2019-2020:IKTak eta Konpetentzia Digitalak Eskolan, Unibertsitatean eta Enpresan (UPV/EHUren Aditu Titulua)
    • 2019-2020: Hezkuntzarako Baliabide Digitalak: Aukerak eta Arriskuak Jendartean (UPV/EHUren Aditu titulua)
  • 2019-2020: Euskal Kultur Sorkuntza eta kritika feminista (UPV/EHUren Aditu Titulua)
  • 2019-2020: Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan (UPV/EHUren Aditu Titulua)

Lankidetza Hezkuntza-Komunitatearekin

2001 urteaz geroztik Euskal Herriko ikastetxeen normalkuntza plangintza programen aholkularitza ematen ari da UEU Ulibarri proiektuan, Lore Erriondoren zuzendaritzapean.

Bigarren Hezkuntzako irakaslegorako Prest Gara programan, edo Haur eskolak Partzuergoarekin.

Haurreskola programan ere parte hartzen du. 1000 irakasleren formazioa bideratu du 2017tik.

Beste hizkuntza gutxituekin lan egiten duten antzeko erakundeak

Honako erakunde hauek UEUren antzekoak dira, unibertsitate mailan hizkuntza minoritario baten erabilera estentsiboa sustatzeko lan egiten baitute:

Katalana

  • Udako Katalan Unibertsitatea, katalanez eta modu ofizialean Universitat Catalana d 'Estiu (UCE). Kataluniako Prades hirian egiten den udako unibertsitate bat da. 1968ko udan sortu zen, 1968ko maiatzeko gertakarien ondoren.

Irlandera

  • Fiontar Dublinen dago, Dublin City University-n.[76]
  • Acadamh na hOllscolaíochta Irlandako mendebaldean dago. Bere campus nagusia Irlandako Unibertsitate Nazionalean dago, Galway hirian, eta beste hiru kokaleku ere baditu Irlandako mendebalde osoan. Hainbat mailatako ikastaroak eskaintzen dituzte: graduak eta graduondokoak, diplomak eta iraupen laburreko beste ikastaro batzuk.[76]
  • Coláiste na hÉireann (ingelesez: "College of Ireland"; euskaraz: "Irlandako Ikastetxea") gradu-ondoetarako ikastetxea da eta Dublinen dago. Itzulpengintza eta irlanderari buruzko ikasketa aurreratuak eskaintzen ditu.[77][78]

Galesa

  • Coleg Cymraeg Cenedlaethol (Welsh National College, Galesko Ikastetxe Nazionala). Galesez zein ingelesez Coleg bezala ezagutzen da. 2011n sortu zuen Galesko Gobernuak Galesko unibertsitateekin lan egiteko, ikasleentzako galesezko ikastaroak eta baliabideak garatzeko asmoz; erdi mailako ikastaroak, bekak eta galesezko ikerketak ere eskaintzen eta sustatzen ditu Galesko unibertsitateetan. Galesko unibertsitateetako sukurtsalen bidez lan egiten du, gales maila ertaineko ikasleei ikasteko aukera gehiago eskaintzeko, unibertsitateekin elkarlanean. Bere helburua galesez ikastea aukeratzen duten ikasleen kopurua handitzea da.[79]
  • Y Gymdeithas Feddygol (Galesezko medikuntzako elkartea). Galesez osasun-laguntza jasotzeko eskubidea babesten du eta edozein erakunderekin lankidetzan aritzen da laguntza hori emateko. Maila ertaineko osasun ikasketak sustatzen ditu galesez eta lana galesez aurkezteko aukera ematen du.[80]
«UEUk beti egin ditu ametsak eta batzuentzat ametsak erran nahi du utopia. Gure ametsak konkretuki bideratzen saiatu gara beti.»

Manex Goienetxe[5]


Sarrera-hitzaldietako hizlari gonbidatuak

Karlos Santamaria, Jose Maria Satrustegi eta Martin Orbe UEUren Iruñeko lehen ikastaldiko sarrera-ekitaldian (Iruñea, 1977)

Sariak

CAF Elhuyar saria (2014)

Sari hauek jaso ditu UEUk:

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak