Arbizu

Nafarroa Garaiko udalerria


Arbizu[3] Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerria da, Sakana eskualdekoa, Iruñeko merindadekoa. Herriak 1.078 biztanle zituen2014. urtean, eta 1.104 biztanle 2019an. Iruñetik 38 kilometro mendebaldera dago, eta Gasteiztik 59 km ekialdera.

Arbizu
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Udaletxea.

Bandera

Arbizuko armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Iruñea
EskualdeaSakana
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Arbizu
AlkateaFrancisco Javier Razkin (EH Bildu)
Posta kodea31839
INE kodea31027
Herritarraarbizuar
Geografia
Koordenatuak42°54′53″N 2°02′22″W / 42.9147°N 2.0394°W / 42.9147; -2.0394
Azalera14 km²
Garaiera496 metro
Distantzia34 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria1.126 (2023:  2)
alt_left 539 (%47,9)(2019) (%50,2) 565 alt_right
Dentsitatea77,44 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 18,84
Ugalkortasuna[1]‰ 56,22
Ekonomia
Jarduera[1]% 80,43 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 10,61 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1][2]% 78,40 (2018:  %-4,59)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.arbizu.eus

Udalerri euskalduna da, UEMAko kidea da 1993tik.

Izena

Izenaren ahoskera [aɾβis̻u] da.

Geografia

Leziza ibaiaren ertzean dago kokatuta, ibai horrek bere urak Arakil ibaian isuri baino pixka bat gorago. Arakil eta Leziza ibaiez gain, Arbizun erreka batzuk daude: Ezkiete (Lizarrusti ibaiaren adarra), Sandindegi, Aldabea, Zubiarte, Beldarrain (Arakil ibaiaren adarrak), Sorgin erreka eta Zizkarte (Lezizaren adarrak).

Udalerriko altuera handieneko tokia Aitzegigaña da, 1.247 metrotan, Aralar mendian. Udal-mugartearen erdia Aralar mendian dago, Arakil ibaiak ezartzen duen mugaraino, eta beste erdia haranean eta Beriain mendiaren azpiko lurretan, non altuera berriz handitzen baita, 740 metroraino.

Klima subatlantikoa du: negu hotzak, prezipitazio ugari eta erregularrak eta udako lehorte arina.

Herria zeharkatzen du N-240 errepideak (Iruñea-Gasteiz).

Arbizuk mugakide du Aralarko Elkartea iparraldean, Lakuntza eta Uharte Arakil ekialdean, Etxarri Aranatz eta Ergoiena mendebaldean, eta Ergoiena hegoaldean.

Historia

Trikuharria
Arbizu 1928an

Historiaurreari dagokionez, Arbizuko dermioan, Aralar aldeko basoan, bi trikuharri daude, Artabakargoa eta Fagatxabalgoa, eta artzainen kulturaren aztarnak ere nabariak dira zenbait tokitan.

Arbizu Aranazko Lurraldearen parte zen XIII. mendean. Goi Erdi Aroan Aranazko lurretan herri ugari zeuden, gaur egun baino askoz gehiago, Arbizuren kasuan Araña, Maiza, Arrospide, Mundiñano eta Sarria. Nafarroaren eta Gaztelaren arteko mugan gelditu zirenean arriskuak areagotu zirenez, herrixka horiek desagertzen joan ziren, eta bertako biztanleek herri handiagoetara jo zuten segurtasun bila, batez ere Etxarri Aranatzera eta Uharte Arakilera. Zenbaitek dioenez, Arrospide eta Arañako bizilagunak Arbizura jeitsi ziren, eta Mundiñano eta Maizakoak berriz Etxarrira.

XVI. mendean Hiria izateko mesedea bereganatu zuen Arbizuk, eta alkatez Aranaztik bereizi zen. 1599ko irailean Izurri Atlantikoa sartu zen: egun gutxitan 37 pertsona hil ziren eta herritarrek mendira jo zuten[4].

Aranazko Lurraldearen batasunak edo elkarteak, halere, 1882. urtera arte iraun zuen, eta orduan banatu ziren kideak eta lurrak (Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Lizarraga, Dorrau, Unanu eta Arbizu).

1813ko gertaerak

Espainiako Independentzia gerran kalte handiak jasan zituen herriak, Gasteizko bataila galdu ondoren (1813) frantses soldaduek, etxerako bidean zihoazela, aurkitu zuten guztia arpilatu eta suntsitu zutenean. XIX. mendearen erdialdean nabarmenak ziren oraindik ondorioak, herriari su eman eta etxeen erdiak erre baitzituzten.

Garai hartan 100 familia inguru eta 600 biztanle baino gehiago zituen Arbizuk. Herritarrek Gasteizko gertaeren berri eta Sakanako beste herri batzuk ere sutan zeudela jakitean, mendira ihesi joan ziren basoko borda eta txaboletan aterpetzera. 45 etxe erre zituzten soldaduek, eta uzta osoa galdu zen.

2013an, gertaera haien 200. urteurrena zela eta, zenbait ekitaldi antolatu ziren, besteak beste hitzaldiak, argitalpenak, eta herri antzezpen bat, Pello Reparazek konposatutako musikaz lagundua; arbizuarren ihesa, armadaren etorrera, erreketa eta itzulera antzeztu ziren bertan[5].

1936ko gerra Arbizun

Demografia

XX. mende osoan 900 biztanleren bueltan egon zen Arbizuko populazioa, baina XXI. mendearen lehen hamarkadan hazkunde esanguratsua gertatu zen eta 1.100 biztanle inguru izatera iritsi zen; alegia, % 15eko hazkundea izan zuen hamar urtean.

1.104 biztanle ditu, 2019ko urtarrilaren 1eko datuen arabera.

Arbizuko biztanleria

Politika

Udal hauteskundeak

2011n bi zerrenda aurkeztu ziren; Bilduk berea erretiratu zuen[6] eta Mendinueta alkatea buru zuen Arbizuarron Hitza espainiar epaitegiek legez kanpo utzi zuten[7]. Hortaz, Mendinuetak jarduneko alkate segitu zuen.

2015eko udal hauteskundeetan Euskal Herria Bilduk botoen %75,10 (392 boto) eta zinegotzi guztiak (9) eskuratu zituen.

2019ko udal hauteskundeetan Euskal Herria Bilduk botoen %79,89 (425 boto) eta zinegotzi guztiak (9) eskuratu zituen.

Arbizuko udalbatza

Alderdia

2019ko maiatzaren 26a

ZinegotziakBoto kopurua
Euskal Herria Bildu*
9 / 9
425 (% 79,8)
Datuen iturria: [1]

Alkateak

Francisco Javier Razkin Flores, hainbat urtez Arbizuko alkate.
1999-2003Francisco Javier Razkin Flores
2003-2007Jesus Mari Mendinueta
2007-2011Jesús Mari MendinuetaEAE
2011-2015Jesús Mari MendinuetaAlderdirik gabea[8]
2015-2019Carmen Marañon ChascoEH Bildu
2019-Francisco Javier Razkin FloresEH Bildu

Udaletxea

  • HELBIDEA: Kale Nagusia, 7

Azpiegitura eta garraioak

Arbizuko Udala Etxarri Aranazko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko eta Sakanako Mankomunitateko (MANK) kidea da.

La Burundesa autobus konpainiaren Sakanako herriak elkartzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honakoa da:

Manuel Razkin arbizuarraren testigantza, eskolara joaten zeneko garaiaz.[9]

Euskara

Arbizuko hizkera[10] nafarreraren[11] aldaera bat da, hego-sartaldeko azpieuskalkiari[12] dagokiona. Zehatzago esanda, Sakanako euskara[13] da bertakoa, ekialdean dauden beste herrien multzo berekoa.

Gaur egun, arbizuarren % 80tik gora dira euskaldunak; horregatik, udalerria UEMA elkartean sarturik dugu.

Ondasun nabarmenak

Mariaren Natibitatearen parrokia
Jakaren etxea

Mariaren Natibitatearen parrokia.

XVII. mendean eraiki zen Martin Galartzaren bitartez. Eraikinak nabe bakarra dauka eta erdi puntuko leihoak. 1813an, armada frantsesa Gasteizko batailatik erretiradan zihoala, herriko hainbat etxe erre zituzten soldaduek, bai eta elizaren zati bat ere, Pedro Otxoa Arinek eta Martin Ataunek eginiko erretaulak barne. Gaur egun elementu gutxi batzuk baino ez dira gordetzen (Ama Birjina haurrarekin irudikatzen duen tailla errenazentista bat, XVI. mendekoa; San Pedroren beste tailla bat, jarrita, estilo erromanistakoa, XVII. mendekoa; eta kalbario bat, mende horren hasierakoa).

Ebanjelioaren aldean beste erretaula bat dago, Errosarioko Ama Birjinarena, barrokoa, XVII. mendekoa, eta, Epistolaren aldean, Gurutziltzatuaren erretaula, barrokoa hori ere, XVII. mendekoa, biak moldatuak, frantsesen kontrako gerra ondoko kalteak konpontzeko, seguraski. Gurutziltzatuaren tailla nabarmentzen da, barrokoa, eta bertako irudi bat, XIX. mendekoa, Andre Maria Doloretakoa. Organoa 1846koa da eta bataio-harria, azkenik, Erdi Arokoa.

Dorretxea edo Jakaren etxea

Elizatik herrira aldera, eraikin nabarmen bat dago, Erdi Aroko dorretxe bat. Oin karratuko bloke bat da, lau solairurekin eta lau isuriko teilatuarekin, harlanduez egina. Hainbat ezaugarri direla eta (ateko arkua, lehio geminatua, leiho ondoko jarlekuak, gezileihoak...), pentsatzekoa da XV. mendekoa dela. Dorretxe hau Arbizuko “cabo de armería” izan zen, eta halaxe dago erregistratuta Nafarroako Erreinuko Armarrien Liburuan, armarri honekin: bi otso eta ertz aspaduna.

San Juan ermitan urtero, ekainaren 23an, erromeria ospatzen dute arbizuarrek, sanjuan festen hasieran. Iluntzean ermitatik jaitsi eta herriko kaleetan barna ibiltzen dira arbizuarrak suen gainean saltatzen. Hurrengo egunean, ekainak 24, meza egiten da bertan.

Festak eta ohiturak

Inguruko herri askotan bezala, urteko festa zikloa Urte Berri egunean hasten da. Goizean goiz kalez kale kantatzeko ohitura berreskuratu zen duela urte batzuk. Kopla hau kantatzen da:

Urgoiena, urbarrena
Urteberri egun ona
Fakearekin Osasuna
Onarekin ondasuna
Etxekoandre giltzariya
Ideki ezazu atariya
Emen dakat ur berriya

San Blas egunean (otsailaren 3an) erroskilak egin eta elizara bedeinkatzera eramateko ohitura mantentzen da oraindik zenbait etxetan.

Ihoteak (Inauteriak) ere ospatzen dira. Asteartea da egun nagusia, baina duela zenbait urte “hiri ihotea” ospatzen hasi zen larunbatarekin: koadrillak mozorrotzen dira eta herri bazkaria antolatzen da.

Igandean kintoak ateratzen dira eskean etxez etxe, garai batean jatekoa (piperropilak, urdaia, arraultzak) biltzeko, ondorengo afari-berendurako, eta gaur egun dirua. Izan ere, urtean 18 urte betetzen dituzten gazteak ihoteetan elkartu eta bost egunez festa egiten dute, herrian egun batzuetan, herritik kanpo beste batzuetan.

Asteartean, umeen eguna da eta ihote tradizionalarena: txatar-morroak, aittun haundiya eta amiñ txikiya protagonista dituen eguna. Txatarrez jantzita doaz txatar-morroak: zakua soinean, lastozko kapela buruan, aurpegia estalita oihal zuriaz, zatak oinetan eta zumezko edo lizarrezko makila eskuan, jendeari aztaletan jotzeko. Aittun haundiyaren eta amiñ txikiyaren panpinak plazan erre ondoren ateratzen dira jendea izutzera. Honela kantatzen zaie txatar-morroei:

Txatar-morro
begi-gorri
urtian behin etorri
Ez etorri, ez etorri
Begi-gorri, begi-gorri

Corpus Eguneko aldare bat

Ohiturak aldatzen joan dira. Garai batean, gerra aurretik, egun nagusia igandea izaten zen, eta orduan erretzen zituzten panpinak. Gizonak txatarrez janzten ziren eta etxeetara sartzen ziren nesken eta umeen atzetik. Astelehenean haurrak "pixket" eskean ibiltzen ziren, eta asteartean gazteak[14].

Corpus Eguna edo Bestaberri Eguna ospakizun erlijioso handia zen garai batean, eta aztarna batzuek baizik ez dute iraun: ohiko prozesioaz gain, etxe batzuen atarien aurrean eta karriketan lorez eta oihalez apaindutako aldareak paratzen dira, eta karriketan lore petaloak eta adarrak zabaltzen dira. Etxe gutxi batzuetan bakarrik egiten da egun.

Sanjuanak

Sanjuanak dira herriko festa nagusiak eta bakarrak, ekainaren 23tik 29ra. San Juan egunaren bezperan hasten dira: arratsaldean arbizuarrak San Juango ermitara igotzen dira txarangaren atzetik (herritik kilometro erdira baitago, muino batean), eta han merendatzen dute, koadrilatan. Lehenago bezperak ospatzen dira ermitan eta kintoek “Marilonbreren zaldiya” izeneko zortzikoa dantzatzen dute ermita aurrean. Udalak ardoa eta gazta banatzen ditu. Iluntzean herrirantz abiatzen dira berriz herritarrak, txarangaren atzetik, eta suak saltatzen hasten dira. Kale Nagusitik hasita herriko hainbat tokitan egiten diren su guztiak saltatu arte ez da kalejira bukatzen. Gero, plazara itzuli eta gaueko dantzaldia hasten da, udaletxeko balkoian ikurriña jartzen den bidenabar.

Udalak aate eskaintzen du egunero plazan, arratseko 8ak aldera, ardoa eta gazta debalde emanez. Aate horiekin batera, sanjuanen beste ikurra “berendubek” dira: eguneroko elkartzen dira kuadrillak mahaiaren bueltan afari berendua egitera, eta plaza benetako ikuskizuna bihurtzen da.

Aateak

Aate

Aipatutako aatearen ohitura festetatik kanpo ere egiten da. Urtean lau egunetan (maiatzaren 13an, irailaren 8an, irailaren 15ean eta urriaren 12an) ardoa banatzen da plazan zilarrezko ontzi batzuetan (barkilloak), baita gazta eta ogia ere, eta aukera baliatzen dute askok afaria edo ospakizun txiki bat egiteko.

2008az geroztik, udazkeneko aate egunei beste festa egun bat gehitu zaie: Txistor Eguna. Udalak antolatzen du, herritarren eta bertako txistor egileen laguntzaz, urriaren 12aren aurreko edo ondoko igandean. Goiz osoan zehar azoka egoten da, txistor pintxoen lehiaketa, txistor dastaketa eta produktuaren inguruko lanen erakustaldiak, trikitixa saioak goiz eta arratsaldez, etab.

Urte bukaeran Olentzero da azken ospakizuna, Gabon Gauean. Beste herri askotan bezala Arbizun ere Olentzero basotik etortzen da astoarekin eta laguntzaileekin, eta opariak banatzen dizkie haurrei, herriko gazteek antolatzen duten ekitaldi batean.

Arbizuar ospetsuak

Musika taldeak

  • Alerta Gorria
  • Nafarroa 1512
  • Beietz
  • Zetak

Hiri senidetuak

 Marda (Palestina)

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa