Carl Gustav Jung

Carl Gustav Jung (ˈkarl ˈɡʊstaf ˈjʊŋ; Kesswil, 1875eko uztailaren 26a – Küsnacht, 1961eko ekainaren 6a) suitzar mediku psikiatra, psikologo eta saiakeragilea izan zen. Psikoanalisia sortu zenean ezinbesteko ikerlaria izan zen, ondoren psikologia analitikoa edo Konplexuen psikologia sortu zuen.[1].

Carl Gustav Jung

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakCarl Gustav Jung
JaiotzaKesswil1875eko uztailaren 26a
Herrialdea Suitza
BizilekuaSuitza
HeriotzaKüsnacht (ZH)1961eko ekainaren 6a (85 urte)
Hobiratze lekuaKüsnacht Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
AitaJohann Paul Achilles Jung
AmaEmilie Preiswerk
Ezkontidea(k)Emma Jung  (1903 -  1955)
Familia
Hezkuntza
HeziketaWilhelmsgymnasium (en) Itzuli
Gymnasium am Münsterplatz (en) Itzuli
(1886 - 1895)
Basileako Unibertsitatea
(1895 - 1900)
Hezkuntza-mailaMedikuntzako doktorea
Tesi zuzendariaEugen Bleuler
Hizkuntzakalemana
ingelesa
Irakaslea(k)Pierre Janet
Jarduerak
Jarduerakpsikoterapeuta, psikologoa, psikiatra eta saiakeragilea
Lantokia(k)Zürich eta Basilea
Enplegatzailea(k)Basileako Unibertsitatea
Zuricheko Unibertsitatea
ETH Zürich
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaZofingia (en) Itzuli
Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademia
Eranos (en) Itzuli
C. G. Jung Institute Zürich (en) Itzuli

IMDB: nm2123939 Musicbrainz: a10120fb-622d-4504-ac71-c218095d4977 Discogs: 1452431 Find a Grave: 2336 Edit the value on Wikidata

Psikoanalisiaren aitzindaria, hasieran Sigmund Freudekin lan egin zuen, baina gero bere teoria garatu zuen, psikologia analitikoa edo psikologia konplexua izenekoa; teoria horretan psikoanalisiaren izpiritualtasuna azpimarratu zuen. Bestalde, ez zuen onartzen gizakion jokaera guztiek jatorria libidoan dutelako azalpena. Psikearen egitura eta ametsak sakon ikasi zituen. Jungen lan nagusiak: Psychologische Typen, Psychologie und Religion, Seelenprobleme der Gegenwart, etab. Bere lanketa teoriko eta klinikoak psikearen eta bere produktuen, hau da, bere adierazpen kulturalen egituraren arteko lotura funtzionala nabarmendu zuen. Horrek bere metodologian antropologiatik, alkimiatik, ametsen interpretaziotik, artetik, mitologiatik, erlijiotik eta filosofiatik datozen nozioak sartzera bultzatu zuen.

Jung ez zen jarduera onirikoa aztertzen lehena izan. Hala ere, ametsen analisian egindako ekarpenak luzeak eta eragin handikoak izan ziren. Lan oparoa idatzi zuen. Bere bizitzaren zatirik handienean teoria psikologikoen formulazioan eta praktika klinikoan zentratu zen arren, humanitateen beste arlo batzuetan ere murgildu zen, erlijioen, filosofiaren eta soziologiaren azterketa konparatibotik hasi eta artearen eta literaturaren kritikaraino.

Biografia

Haurtzaroa

Jung familia: Paul Achilles, Johanna Gertrud eta Emilie Preiswerk amarekin batera, 1896 inguruan.,

Carl Gustav Jung 1875ean jaio zen, Kesswilen (Suitza), Konstantzako aintziraren ondoko herri batean, Suitzako Turgoia kantoian. Jaio eta sei hilabetera, familia Laufenera aldatu zen (Rhin ondoan), eta azkenean Basilea ondoko Kleinhüningen-era heldu zen, 1879an. Alemaniar jatorriko eta tradizio erlijiosoko familia bateko kide izan zen. Bere aita artzain luteranoa zen Suitzako Eliza Berrituan, eta bere gurasoak XIX. mendeko Basileako bi familia garrantzitsuetako parte ziren.[2]

Jungen aitaren aldeko aitona Karl Gustav Jungek (1794-1864), Heidelbergetik erbesteratutako medikuak, Basileako Unibertsitateko medikuntza fakultatea antolatu zuen, non anatomia eta barne medikuntza irakatsi zituen, eta bere ospitale orokorraren handitzea zuzendu zuen. Hau guztia Alexander von Humboldtekin zuen adiskidetasun harremanari esker lortu zuen. Unibertsitate horretako errektorea ere izango zen, antzerkigile ezaguna eta suitzar frantsesen maisu handia. Defizit psikikoak zituzten haurrentzako erakunde psikologiko bat ere zuzendu zuen.

Amaren aldeko aitona, Samuel Preiswerk (1799-1871), Basileako elizako artzapeza izan zen, filologoa, gramatika hebrear baten egilea, eta sionismoaren aitzindari eta sustatzailea. Erromantizismoaren giroa oso presente zen haren etxean, non espektroak eta gainerako fenomeno parapsikologikoak ohikoak ziren.

Jungen aita Paul Achillesek (1842-1896) hizkuntza semitikoetako filologo karrera utzi eta elizgizon gisa jardun zuen Suitzako eliza eraberritu batean. Basileako Friedmatt klinika psikiatrikoan lan egin zuen, bestetik, 1888tik. Jungek medikuntza ikasketak Basileako Unibertsitatean hasi eta hilabete batzuetara hil zen. Bere ama, Emilie Preiswerk (1848-1923), Jungen ezaugarri intuitiboa izugarri zehaztu zuen nortasun disoziatiba izateagatik nabarmendu zen.

Jungen lehen anaia bat, Paul, 1873an jaioa, handik gutxira hilko zen. 1884an, bederatzi urteko aldearekin, bere arreba bakarra jaio zen, Johanna Gertrud, 1935ean hil zena. Umetan barnerakoia eta oso bakartia izan zen. Gurasoekiko harremana oso hurbil eta maitekorra zen. Hala ere, bere aitak fedearen gaiari heldu zion moduagatik dezepzioa izango zuen goiz-goizetik. Jung, ordea, ez zen erlijioaren aurkakoa; aitzitik, gizakia "berez" erlijiosoa dela adieraziko zuen, eta bere ibilbidean esperientzia erlijiosoak giza adimenaren ulermenerako duen balioa nabarmenduko zuen, tradizio kristauaren sinbolismoak berreskuratuz eta bere ikuspegi psikologikotik berrinterpretatuz. Horregatik, erlijiotasuna izan zen bere azterlanaren objektu nagusietako bat, eta geroago mistizismoarekiko interesa agertu zuen.[3]

Ikasketen garaia

Jungek egindako tesiaren azala.

Nerabezaroan eta gaztaroan irakurle sutsua izan zen, Goetheren literatur lanak bereziki liluratua. Eduard von Hartmann eta Nietzsche bezalako filosofoen saiakerekiko interesa ere sakona zen. Bere autobiografian, azken honen obrarekiko hurbilketa deskribatzen du,Honela mintzatu zen Zaratustra liburuaren irakurketaren esperientzia hunkigarri gisa azaldu zuen, Goetheren Faustoak inspiratutakoarekin bakarrik aldera daitekeena.

Jungek arkeologia ikasi nahi zuen unibertsitatean, baina bere familiak ez zuen baliabiderik Basileatik urrunago bidaltzeko, han ez baitzuten karrera hori ematen. Hori dela eta, Basileako Unibertsitatean medikuntza ikastea erabaki zuen, 1894 eta 1900 bitartean, eta Zofingia izeneko ikasle-elkarte batean sartu ahal izan zen, bere aita elkarte horretakoa izan baitzen ordurako. Ikaslea, lehen barneratuta zena, askoz irekiagoa bihurtu zen inguru akademiko berrian. 1898an, etorkizuneko mediku lanbidearekin adiskidetzen hasi zen, espezializatu behar zuelakoan. Bi aukera zituen: kirurgia edo barne medikuntza. Ikasi ahal izateko, bertako ospitale batean laguntzaile gisa lan egitea onartu zuen, zorrak ez izateko.

Udako oporretan, bi gertaera misteriotsu gertatu ziren familia-ingurunean. Egurrezko mahai zahar bat erditik puskatu zen eta, handik gutxira, arasa bat puskatu zen. Gertakari horiek ez zituzten kasualitatetzat hartu familiak, eta senide batzuek egiten zituzten praktika espiritistekin lotu zituzten. Gertakari horiek Jungen bilakaera profesionala markatuko zuten. Ondoren, Jungek bere doktoreago tesia prestatu zuen: Zur Psychologie und Pathologie sogenannter okkulter Phänomene (Ezkutuko fenomenoen psikologiari eta patologiari buruz). Tesia Eugen Bleuler irakaslearen laguntzarekin egin zuen eta bertan aipatzen ziren gertaera batzuk zuzenean bere familiarekin lotuta zeuden.[4]

Ikasketen amaieran, Friedrich von Müller irakasleak proposatu zion Jungi bere laguntzailea izatea Munichen. Bazirudien dena barne-medikuntzaren praktikara eramaten ari zela, baina patuaren eskuak eta jakin-minak Richard von Krafft-Ebing psikiatra alemanaren psikiatria-eskuliburua begiztarazi zioten. 1900eko abenduaren 10ean, Basilea atzean utzi eta Zurichera joanez, Burghölzliko klinika psikiatrikoan bere laguntzaile postua bete zuen hiru urtez. Esango zuen bezala, «urte erdiz giltzapetu nintzen zoroetxe baten bizitzara eta espiritura ohitzeko, eta Psikiatriako Aldizkari Orokorraren berrogeita hamar liburukiak irakurri nituen sorreratik bertatik, pentsamolde psikiatrikoa hobeto ezagutzeko».[5]

1905ean psikiatrian doktoratu zen, eta aldi berean Zuricheko Unibertsitateko klinika psikiatrikoko mediku buru izatera igaro zen lau urtez, 1909an uko egin zion arte, gehiegizko lana zela eta. Hala ere, irakasle laguntzaile karguari eutsi zion 1913ra arte. Garai hartan, bere interesa psikopatologian, psikoanalisian eta herri primitiboen psikologian ardazten zuen.

Estatu Batuetarako bidaia

1908ko apirilaren 27an, Jung-ek Psikoanalisiaren Lehen Kongresuan parte hartu zuen, Salzburgon. Kongresu horri Freudiar Psikologiaren Lehen Kongresua edo Psikoanalisiaren Nazioarteko Lehen Kongresua ere deitu zitzaion. Jung-ek «histeriaren teoria freudiarra» aurkeztu zuen. Urte berean lursail batzuk erosi zituen Küsnachten, Zuricheko aintziraren parean, eta hiru solairuko etxe bat eraikitzea proposatu zen. Urte horretako azaroaren 28an bere seme bakarra jaio zen, Franz.

1909ko martxoan, Jung argitaratzaile gisa, Jahrbuch für psychoanalytische und psychopathologische Forschungen (Ikerketa psikoanalitiko eta psikopatologikoen urtekaria) urtekariaren lehenengo zenbakia agertu zen. Burghölzliko klinika utzi zuen eta Küsnachteko etxera joan zen; han biziko zen hil arte. 1909an ere, irailaren 6tik 11ra, Jung Clark Unibertsitatera gonbidatu zuten, Wworcesterren, Massachusettsen, elkartze-saioei buruzko hitzaldi batzuk emateko. Freud ere modu independentean gonbidatuko zuten, Sándor Ferenczi lagun zutela. Bertan honoris causa doktorearen izendapena jaso zuten hilaren 11n. Estatu Batuetarako bidaiak zazpi aste iraun zuen, eta denbora horretan egunero egon zen Freuden ondoan.

Europan berriro

Jungek utzitako gutunak ondare handia da.

1910eko martxoaren 30etik 31ra Nurenbergen Psikoanalisiari buruzko Nazioarteko bigarren Kongresua egin zen, eta Jung sortu berria zen Nazioarteko Elkarte Psikoanalitikoaren (API) presidente iraunkor izendatu zuten. Izan ere, 1914an, karguari uko egin zion.

1911ko abuztuan, Libidoaren transformazioak eta sinboloak liburuaren lehen zatia argitaratu zen. Lan horrek, berez, ez zuen inolako desadostasunik ekarriko ortodoxia freudiarrarekiko, baina Jungek jada bere memorietan erakusten du honekiko urruntasuna. 1912. urte inguruan, Jungek «Sakrifizioa» amaitzen du, Libidoaren transformazioak eta sinboloak lanaren bigarren zatiaren azken atala, aurrez jakinda Freudekin zuen adiskidetasuna kostako zitzaiola. Freud haserre sentitu zen Jungek transmititzen zizkion aurkikuntzekin, eta horrela hasi zen bere harreman epistolarra bien arteko tentsio gero eta handiagoa islatzen. 1912ko otsailaren 25ean, Jungek Interes Psikoanalitikoen Elkartea sortu zuen, psikoanalisiaren bertsio propiora bideratuz. Irailean hitzaldi batzuk eman zituen New Yorkeko Fordham Unibertsitatean. Gaia psikoanalisia eta Freudekin zituen desberdintasunak izan zen.

Haustura

1913an Freudekin behin betiko haustura gertatu zen. Banaketak sakonki eragiten dio Freudi; Jung, halaber, lur jota dago. Estres horren ondorio zuzena nerbio-kolapso bat izan zen, 1912tik mehatxatzen zuena. Jungek Zuricheko Unibertsitatean zuen postuari uko egin zion, itxuraz kontsulta pribatua asko handitu zelako, baina litekeena zen bere osasun-egoeragatik izatea. Garai horretan Zurichen Edith eta Harold McCormick, Ipar Amerikako filantropoak, instalatuko dira. Jungek Edith aztertu zuen; bera izan zen babesle aberats eta oso eskuzabaletako lehena.

1913tik aurrera, Jungen hasiko da bere bizitzako eta garapen pertsonal zein profesionaleko bigarren etapa.

Krisialdia

Jung Burghölzi ospitalean, Zurichen.

Jarraian, 1914an, psikiatra suitzarrak APIko kargua utzi zuen eta, Alphonse Maederrekin batera, Zuricheko Eskola deiturikoaren oinarriak antolatu zituen. Freudengandik banandu ondoren, Jungentzat barne segurtasun falta eta noraeza garai bat hasi zen, zalaparta emozionaleko aldi bat, Lehen Mundu Gerran sortzen ari ziren albisteek areagotua, harengan eragin suntsitzailea izan zutenak, nahiz eta Suitza neutralean bizi.

1913ko udazken aldera, Jungek hainbat haluzinazio izan zituen, denboran zehar errepikatuz joango zirenak. Itxuraz psikopatologikoak ziren gertakari-pilo guztien ondoren, psikosiaren hasiera izango litzateke, Freudekin izandako hausturaren ondorio zuzena, eta, batez ere, disoziatiboan zeuden familia-aurrekariak kontuan hartuta. 1914ko udaberrian eta udaren hasieran ere antzeko gertaera katastrofistak gertatu ziren, baina oraingoan elkarren segidako hiru ametsetan. Abuztuaren 1ean, Lehen Mundu Gerra piztu zen, eta, horrekin batera, sintomatologiaren izaera premonitorioa berretsi zen.

Pixkanakako eraldaketa baten ondoren, 1916an Jungek idazteko premia saihestezina sentitu zuen, Zazpi sermoiak hildakoei eskuizkribua transkribatzera bultzatua sentituz. Jungek 1913 eta 1932 bitartean izandako esperientziak Liburu beltzak izeneko zazpi eskuizkributan transkribatu zituen, eta horietatik abiatuta 1914 eta 1930 bitartean Liber Novus edo Liburu gorria egin zuen.

Bollingen

20ko hamarkadan, berrogeita bost urte zituela, krisi existentzial bat «bizitzaren erdian» gainditu ondoren, eta nazioarteko ospea modu osagarrian handitu ondoren, bost urtez maiz bidaiatzeari ekin zion, batez ere kultura primitiboetan interesatuta. Garai hartan ere, Bollingenera erretiratzen hasi zen, bere bigarren etxe edo egoitzara. 1922an, Zürich aintziraren ertzean lursail batzuk eskuratu zituen jabetzan, Küsnachteko bere etxe nagusitik berrogei bat kilometrora eta Bollingen izeneko herrixka batetik bira. Rapperswiletik gertu dagoen herri txiki bat da, Sankt Gallen kantonamenduan, Suitzan. Zuricheko lakuaren iparraldeko ertzean dago eta Jona udalerriaren zati bat da.

1923an ama hil zitzaion. Jungek harria zizelkatzen ikasi zuen, eta, laguntza profesional urriarekin, bere bigarren etxea eraikitzen hasi zen; dorre sendo bat ezaugarri nagusia izango zen. Aurrerago, atari bat, beste dorre bat eta eranskin bat izango ditu. Elektrizitatea eta telefonoa instalatzea baztertzen du. Eraikinari «Bollingen» deituko dio. Bizitza osoan zehar erretiroa, lasaitasuna, berrikuntza, meditazioa eta esperimentazio pertsonalerako lekua izango zen.

Bidaiak

Lehen gerraostean, Jung munduko bidaiari bihurtu zen, lan egiten zuen erakunde medikoetan senior estatusa lortzeagatik eta liburuekin lortutako diru kopuru handiari esker. Bisitatu zituen lekuak bereziki Afrikan eta Asian zeuden.

Nazien garaian

Jung Frank Szasz (1926-1995) margolariaren erretratu batean.

Nazionalsozialismoaren programen ondorioz, 30eko hamarkadaren hasieran, psikologia sakonaren diziplina hasiberria, oraindik gaztea eta eskoletan banatua, arrisku larrian zegoen, eta Europan irautea mugatzen zuen, bereziki Alemanian eta Austrian. Psikoterapeutek zeregin bikoitza planteatu zuten: eskola eta orientabideen arteko bitartekotza egingo zuen jarduera bat garatzea, eta nazioarteko lankidetza lortzeko lan egitea. Une erabakigarri hartan, lan zail hori Jungi zegokion bereziki zeren eta 1930etik, Psikoterapiako Mediku Elkarte Orokorreko lehendakariordea baita.

Alemaniako aldaketa iraultzaileek konpromisorik gabeko koordinazioa eskatzen zuten, buruzagitzaren printzipioa eta nazionalsozialismoaren ideologiaren oinarriak txertatuz. Horrela, «paragrafo ario» izenekoak funtzionario eta mediku juduak edo ez-arioak baztertzen zituen. Bere nazionalitate neutralean oinarrituta, Jungek nahitaezko koordinazio hori saihesten zuen. Herrialde bakoitzean profesionalen taldeak sortu ziren, baina Alemaniako taldea bakarrik gelditu zen "koordinatuta".

Psikoterapiako Mediku Elkarte Orokorreko berriaren estatutuak 1934ko maiatzean berretsi ziren, eta Jung ere presidente izan zen. Alemanek nazioarteko erakundea nazioratzeko egin zituzten ahalegin kementsuen aurrean, gero uko egin zion bere lehendakaritzari 1939an, urte horretan hasi baitzen Bigarren Mundu Gerra. Dena dela, ulertze txar ugari sortu ziren nahiz eta Jungek zientziari egindako ekarpena eztabaidaezina izan. Jung ez zuen nazionalsozialismoa begiko, eta ez zen antisemita, Nazioarteko Elkarteko presidente gisa egindako jarduerek erakusten zuten bezala, baita judu jakin batzuei modu askotan lagunduz ere. Badira ere dokumentu batzuek non Jung CIArekin lan egin zuela gerra garaian.[6]

Heriotza

Hilobia Küsnachten.

Carl Gustav Jung 1961eko ekainaren 6ko arratsaldean hil zen, laurak inguruan, enbolia eta apoplexia eraso baten ondoren, Zuricheko aintziraren ondoan zuen etxean, Suitzako Küsnacht herrian, 85 urte zituela. Hil zenean, atseden hartzeko erabiltzen zuen tximista batek zuhaitza zatitu zuen. Lorezainak sendatu zuen.

Küsnacht elizako hileta-elizkizunen ondoren, Jung herriko hilerrian lurperatu zuten. Harlauzak Jung familiaren armarria darama, eta haren ondoan, aitaren, amaren, arrebaren, Emmaren eta Carlen izenak. Goiko eta beheko frisoetan, grabatua hau irakur daiteke: «Vocatus adque non vocatus deus aderit» ("Deitu ala ez, Jainkoa bertan izango da"). Eskuineko eta ezkerreko aldeetan, esaldia: «Primus homo de terra terrenus. Secundus homo de caelo caelestis» ("Lehen gizakia lurretik dator eta lurtarra da; bigarrena zerutik dator eta zerutiarra da").[7]

Obra

Nahiz eta euskaratu gabe izan, orientabide gisa izenburu itzuliak jasotzen dira ondoren:

  • Ikerketa psikiatrikoak
  • Ikerketa esperimentalak
  • Buruko gaixotasunen psikogeseia
  • Freud eta psikoanalisia
  • Eraldaketa-sinboloak
  • Psikologia tipoak
  • Psikologia analitikoari buruzko bi idazlan
  • Inkontzientearen dinamika
    • Arketipoak eta inkontziente kolektiboa
    • Aion
  • Zibilizazioa trantsizioan
  • Mendebaldeko erlijioaren eta ekialdeko erlijioaren psikologiari buruz
  • Psikologia eta alkimia
  • Irudikapen alkimikoei buruzko azterlanak
  • Mysterium coniunctionis
  • Gogoaren fenomenoa artean eta zientzian
  • Psikoterapiaren praktika
  • Pertsonalitatearen garapenari buruz
    • Bizitza sinbolikoa
    • Bizitza sinbolikoa

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak