Donemiliagako glosak

Donemiliagako glosak Aemilianensis 60 latinezko kodexaren bazterretan X. mendearen bukaeran edo XI. mendearen hasieran latinez, erromantzez eta euskaraz eskuz idatzitako oharpen txikiak dira. Kopiatzailearen helburua latinezko testuaren zenbait pasarte azaltzea zen[1]. Filologian glosa horien garrantzia ez zen XX. mendera arte kontuan hartu, mila inguruko glosetatik ehun-edo erromantzez eta bi euskaraz daudelako eta hizkuntza bien lehendabiziko idatzizko lekukoak direlako[2].

Donemiliagako 60. kodexaren 72. orrialdea, bazterrean glosa duena.

Eskuizkribuak San Millán de Susoko monasterioan aurkitu ziren, Donemiliaga Kukulako udalerrian (Errioxa).

Hizkuntzak

Aemilianensis 60 kodexaren mila inguruko glosetatik ehun-edo erromantzez eta bi euskaraz daude. Latinez idatzitakoak latin arruntaz daude, ulertzeko errazagoa zelako testukoa baino. Batzuetan, azaletik baino ez bide da latina, alegia, itxuraz latinez idatzitakoa izan arren, baliteke erromantzez ahoskatzea[3].

Euskarazko glosak

31 eta 42. glosetan, euskarazko oharpen bi ageri dira:

jzioqui dugu / guec ajutuezdugu

Interpretazioa ez da ziurra.[4] Alde batetik, ez dago argi zehazki latinezko zein tarteri dagozkion. Printzipioz, hauek bide dira kidetasunak:

jzioqui dugu / (lat.) (inveniri) meruimur, hots, '(aurkitzea) merezi genuen'.
guec ajutuezdugu / (lat.) non nobis sufficit (non convienet a nobis), hots, 'ez zaigu komeni'.

Bigarren glosari dagokionez, hasiera batean latinezko ne... nos... precipitemur eta haren erromantzezko glosa nos non kaigamusekin lotu bazen ere[5], euskal filologoen iritzian egiantzekoagoa da goian aipatutakoa izatea.

Halaber, euskarazko hitz batzuk bere horretan ezezagunak dira. Bi azalbide eman zaizkio izioki delakoari, betiere aditz partizipioa dela jakintzat emanda: batetik, izio 'piztu' aditzarekin lotu da, baina hori ez dator latinezko testuko ezerekin bat; bestetik, glosako <z> gaurko <tz>ren ordez balego, baliteke Leizarragak erabilitako itzeuki '-tzat hartu' aditzarekin zerikusia izatea. Bigarren glosako aiutu-k geroago bizkaieraz ondo xamar lekukotzen den adiutu (aiotu, aiutu) 'egoki' adjektiboa dakar gogora; horrela balitz, aiutu dugu zera izan liteke: maite dugu egituraren antzekoa, hau da, [izenondo mugagabea + dugu] gisako egitura (behar dugu, iduri du, nahi du, gorroto dio... bezalakoa).

Glosagilearen jatorriari buruz, Menéndez Pidalek suposatu zuen nafarra behar zuela izan, eta ez errioxarra, dugu erabili zuenez gero, Mendebaldeko dogu-ren ordez. Alabaina, Mitxelenak gogoratu bezala, dut erako formak Arabako euskaran ere lekukotzen direnez (Landucciren hiztegian, adibidez), baliteke testua Errioxakoa bertakoa izatea. Ezaguna denez, euskarak gutxienez XIII. mendera arte iraun zuen Errioxako zenbait tokitan, Ojacastron adibidez, eta ugari dira toponimian euskarazko terminoak, garai batean Errioxa Garaia euskara-erromantze mugan zegoelako seinale[6].

Oharpen txiki bi horiek epigrafiazkoak ez diren euskaraz idatziriko lehendabiziko lekukoak dira.

Erromantzezko glosak

Hizkuntzalarien ustetan, glosetan euskal ezaugarri asko daude, eta hori idazle elebidun (euskara-erromantze) baten ezaugarria izan liteke. Dudatan daude, berriz, erromantzea sailkatzean: errioxar aurrerromantze, nafar-aragoiera edo errioxar-gaztelania. Badaude nafar-aragoierazko hitz asko, tartean muito, feito, honore (orduan femeninoa), plicare, lueco, cono, ena, eta abar.

Menéndez Pidal[5] (1950), Lapesa[7] (1981), Alarcos (1982) edo Alvarren (1976, 1989) ustetan, nolabaiteko koiné linguistikoa izan zen[8]: iritzia logikoa da, orduko Donemiliaga Kukula birpopulatutako eskualdea izanik, leku askotatik etorritako biztanleak zituelako.

Bestetik, germanismoak ere bazituen[8], adibidez 20 eta 21. glosak:

desolabuntur - nafragarsan
dextruuntur - nafragatos

Hona hemen adibide batzuk:

GlosaNafar-aragoierazGaztelaniazLatinezEuskaraz
de los (delo)de los, d’osde los< DE ILLOSHaiena
elaa, l’la< ILLABera
ena, enosen a, en osen la, en los< IN ILLAM, IN ILLOSHaietan
fereferhacer edo facer< FACEREEgin
siéculosieglo(sieglo >) siglo< SAECULUMende
yetyees< ESTDa

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak