Espektro ikusgai

Espektro ikusgaia edo erradiazio ikusgaia[1] giza-begiak ikus dezakeen espektro elektromagnetikoaren zatiko erradiazio elektromagnetikoari deritzo, nahiz eta eguneroko hizkuntzan ez dagoen argi ikusgai eta argiaren arteko desberdintasunik.

Espektro elektromagnetikoa, argi ikusgaiaren tartea nabarmenduta.

Ez dago argi ikusgaiaren muga zehatzik, orokorrean giza-begi normal batek 400 nm eta 700 nm-ko uhin-luzeradun uhinen bitartean ikus dezake (555 nmko uhin-luzeradun argian -berde inguruan- du sentikortasun handiena), baina begiaren arabera 380 nmtik 780 nmraino zabal daiteke argi ikusgaiaren eremua.

Hala ere, espektroak ez ditu gure begiek ikusi eta gure garunak interpreta ditzakeen kolore guztiak; marroia, arrosa eta magenta esaterako.

Beste animalia espezie batzuen begiek guk ikuskatzen dugunaren argi espektro arras desberdina daukate. Esate baterako, intsektuek argi ultramorea ikusten dute, oso erabilgarria baita nektarra loreetan bilatzeko.

Historia

Newtonen saiakera Optikaru buruz.
Newtonen "koloreen biribila", 1704.

XIII. mendean, Roger Baconek teoria bat garatu zuen ostadarrak esplikatzeko, non argia baso edo kristal bat zeharkatzeareb antzeko prozesu baten bidez sortzen zirela zioen[2].

Espektro ikusgarriaren lehen azalpena Isaac Newtonek eman zuen, bere Opticks lanean, non azaldu zituen argi zuriaren barreiatze eta elkartzeari buruzko ikerketak prismak erabiliz. Newtonek espektro hitza (latinezko spectrum, "itxura" edo "agerpena") 1671n erabili zuen lehen aldiz bere optikako esperimentuak deskribatzean. Newtonek ikusi zuen, eguzki-argi izpi batek prisma batean angelu batekin jotzen duenean, zati bat islatu egiten dela eta beste bat beira zeharkatzen duela, kolore banda ezberdinekin agertuz. Newtonek espektroa sei koloretan banatu zuen: gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. Geroago, zazpigarren kolore bat gehitu zuen, anila (indigoa), antzinako Greziako sofisten sineskizun batek inspiratua, non koloreen, musika noten, asteko egunen eta eguzki sistemako objektu ezagunen arteko lotura bat zegoela zioena[3].

XIX. mende hasieran, espektro ikusgaiaren kontzeptua zehatzago bihurtu zen, eremu ikusgaitik kanpoko argia aurkitu eta ezaugarritu baitzuten: William Herschel (infragorria) eta Johann Wilhelm Ritter (ultramorea), Thomas Young, Thomas Johann Seebeck eta beste batzuek. Thomas Young izan zen lehena argi-kolore desberdinen uhin-luzerak neurtzen, 1802an.

Orain, oro har, argia fotoiz osatuta dagoela onartzen da (uhinen propietate batzuk eta partikulen beste batzuk dituztenak) eta argi mota guztiak abiadura berean bidaiatzen duela hutsean (argiaren abiadura). Argiaren abiadura material batean hutsean baino txikiagoa da, eta bien arteko proportzioari errefrakzio-indize deritzo. Zenbait materialetan, ez-dispertsibo izenekoak, frekuentzia ezberdinen abiadura (kolore ezberdinei dagokiena) ez da aldatzen, eta horrela errefrakzio-indize konstantea da. Ostadarrak espektro ikusgaiaren errefrakzio naturalaren adibide ezin hobea dira.

Espektroko koloreak

Espektro ikusgaian uhin luzera bakarreko koloreak ageri dira (morea, urdina, berdea, horia, laranja eta gorria), ostadarrean bezala. Kolore hauei monokromatiko deritze. Adibidean adierazitako kolore ezberdinak hurbilketa bat baino ez dira: espektroa etengabea da, eta ez du muga argirik kolore baten eta bestearen artean[4].

Gainera, kolore hauek ez dira gizakiak ikus ditzaken kolore guztiak. Saturatu gabeko koloreak, arrosa bezala, edo morearen aldaerak, magenta bezala, ezin dira sortu uhin-luzera bakarrarekin.

ultramorea<400 nm
morea380–450 nm
urdina450–495 nm
berdea495–570 nm
horia570–590 nm
laranja590–620 nm
gorria620–750 nm
infragorria>700 nm

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Espektro elektromagnetikoa

 gamma izpiak • X izpiak • ultramoreak • argia • infragorriak • mikrouhinak • irrati uhinak 
Koloreak

 ultramoreamoreaurdinaberdeahorialaranjagorriainfragorria