Felisa Areitioaurtena

aktore espainiarra

Felisa Areitioaurtena Gonzalez de Txabarri (Zaldibar, Bizkaia, 1902ko ekainaren 11Donostia, 1990eko apirilaren 7a) euskal antzezlea izan zen. Antzerki-lagunak Maria Guerrero deitzen zioten antzezle ona zelako.[1]

Felisa Areitioaurtena
Bizitza
JaiotzaZaldibar1902ko ekainaren 11
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1990eko apirilaren 7a (87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktorea

Biografia

Zaldibarko Goierri auzoko Goikoetxea baserrian jaio zen Felisa Micaela 1902ko ekainaren 11an. Aita, Valentin Areitioaurtena Intxausti, hargin zaldibartarra zen; ama, ostera, Maria Micaela González de Txabarri Arzuaga, donostiarra zuen. Bikotearen seme-alaba batzuk Zaldibarren jaioko ziren eta Donostian beste batzuk; aitak seme edo alabaren bat bizkaitarra izatea nahi zuen eta Felisari egokitu zitzaion.

Ia jaioberritan joan zen Donostiara eta bizitza osoa hiriburu horretan eman zuen, baina beti esateko izango zuen bizkaitarra zela bera.1935an Rosario Ezeiza beizamarrarekin ezkondu eta gerora Donostian janari-denda bat jarriko zuen Felisak.[2][3] EAJ alderdiaren Emakume Abertzale Batzako partaide izan zen.[4]

Antzezle ibilbidea

Felisa antzerkizalea zen eta gaztea zela Ramón Laborda donostiar tenoreak sortutako Poxpoliña haur taldeko partaidea izan zen.[2] Aurrerago Toribio Alzagak zuzentzen zuen Euskal Etxeko antzerkian ibili zen, gerora Donostiako Udalearen ekimenez Deklamazio eskola gisa Euskal Iztundea izena hartuko zuena.[5] Alzagaren eskutik taularatuko zen Felisa estreineko aldiz, 14 urteko neskatoa zela. 1920an, Pierre Lotiren Ramuntxo lanarekin arrakasta handia lortu zuen.[2]

Antzezle ibilbidean zehar, Gregorio Beorlegi, José Egileor, Antonio Etxeberria edota Donato Ugartetxea taldekide izango zituen. Elkarrekin, Shakespearen Macbeth eta Molière L´Avare antzeztuko zuten hainbat bider. Herrietako festetara joaten ziren emanaldiak egitera: Bergara, Oñati, Arrasate, Eibar...[5] Baina 1936ko Espainiako Gerra Zibilak kultur jarduera guztiak zapuztuko zituen. 1945an, Euskal Iztundea taldea berrantolatu eta Ramuntxo antzezlana berriro taularatzea erabaki zenean, Pantxikaren papera eskaini zioten berriro. Adinaren atxakia jarrita uko egin zion proposamenari, baina ordezkoa izango zen.[2]

Kale izena

Gerediaga Elkarteak Berdintasunerako Durangoko Emakumeen Kontseilutik eta Durangoko Udaletik egindako gonbidapenari erantzunez 10 emakume izen proposatu zituen herriko kale, eraikin edota gune publikoei izena emateko baliokoak izan zitezkeela iritzita. Proposatutako 10 izenen artean zegoen Felisa Areitioaurtena. [6]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak