Polentzi Markiegi

Debako alkate izana, frankistek exekutatua
Florentzio Markiegi» orritik birbideratua)

Polentzi Markiegi Olazabal, bataioan Florencio, (Deba 1898 - Santoña 1937) Debako alkate jeltzalea izan zen, frankistek fusilatua Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Santoñako Berria hondartzako fusilamenduetan.

Polentzi Markiegi

Alkate



Debako Alkate

Bizitza
JaiotzaDeba1898ko urtarrilaren 13a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBerria hondartza eta El Duesoko espetxea1937ko urriaren 15a (39 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: bala zauria
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Biografia

18 urte zituela Debako Euzko Alderdi Jeltzaleko udal batzordeko idazkari izendatu zuten. Urte batzuk beranduago, Batzokiko presidente eta Uri-Buru-Batzarreko idazkari hautatua izan zen[1]. Gipuzko Buru Batzarreko partaide ere bilakatu zen[2]. Oso katolikoa zen eta bere ohiko esaldietako bat zen, "Gora Euzkadi askatuta… Jaungoikoari bakarrik lotuta"[3].

1936an Gerra Zibila hasi zenean Debako alkate zen, eta aste gutxiren barruan ihes egin behar izan zuen familiarekin, irailaren 23an sartu baitziren Deban frankistak. Handik gutxira, bere anaia Jose Markiegi idazlea fusilatu zuten frankistek Oiartzunen, urriaren 25ean. Anaiarena jakinda, Bizkaian zegoela lortu zuen Polentzik emaztea, Maritxu Garate, eta alabak (Itziar, Nekane eta Lorea) Iparraldera itsasoratzea. Garai bertsuan bere anaia Peli Markiegi apaiz eta idazleak ere ihes egin zuen Argentinara.

Eusko Jaurlaritzaren defentsa ahaleginek huts egin zutenean, 1937ko abuztuan, atxilotua izan zen eta beste euskal gudari eta miliziano batzuekin batera Santoñan preso hartu zuten El Dueso espetxean.

Heriotza

«Maritxu maite maitea:

Ordu gutxi barru donokira noa, Jaungoikoak Bere eskuetan artuko nauan uste oso-osoakin, maitien zindudanian eta zurekin eta gure txikiakin bizitzeko poza aundien zanean. Jaungoikoak Berak daki zer egiten duan eta Bere naia egin bedi. Idazteko azturik ere oso gutxi utzi didate. Gure aurtxoak Jaungoiko bidetik azi-tzen jakin dezazun, gure Jaunari eskatuko diot. Gure odol au ez da alperrik izango, zuek utzitzea ituntzen nau, bestela mundu ontatik alde egiteko aurrez ordua jakitea …. orixe Jaungoikoak eman lezaken eskerrik aundiena, eta neri eman dit. Muxu asko eman nere ta zure Itziartxo, Lore, Nekane ... ezin jarraitu det. Bai maite zaituztedala… Gora Euzkadi Askatuta, Jangoikoagan bakarrik lotuta. Maite-maite zaitu, zure.

— Polentzi Markiegi. 1937. Amatiño. «Sekulako Euskadirik onena» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).

Garantiarik gabeko epaiketan hiltzera kondenatu egin duten, eta fusilatu zuten, 1937ko urrian, Berria hondartzan, fusilamendu oso sinboliko batean.

Hil zuten egunaren bezperan, bera eta beste 13 hautatuak bi ziegatan banatu zituzten, eta gutunak idazteko aukera izan zuten. Sabino Arana Fundazioak bi gordetzen ditu Markiegirenak, bat emazteari zuzendua, eta bestea Debako bere burkide jeltzaleei[4].

Andoni Astigarraga Astilarra gudari presoaren lekukotzaren arabera, "Gora Euzkadi Azkatuta!" oihu eginez hil zen Markiegi, eskuan arrosario bat zeukala[4].

Errekonozimendua

Polentzi Markiegiren omenezko oroigarria Deban.

2012ko urrian, Markiegiren heriotzaren 75. urteurrenean omenaldia egin zitzaion Deban, eta eskultura oroigarria inauguratu zen herriko pasealeku nagusian, Calbeton zumardian. Markiegiren iloba baten semeak egina da eskultura, Willy Berasaluze Latsurregiren lana. Bertan izan zen alkate erailaren alaba nagusia, beste senitarteko batzuen artean.[5] Polentziren izena eta lema hau dauka planak: "Eusko gudarien omenez".

80. urteurrenean, 2017ko urrian, beste omenaldi bat egin zen Deban, Polentziren oroigarriaren ondoan. Kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gerra Zibilean eraildako hautestsi erailak omendu zituen. Abertzale eta errepublikar ezkertiarrez gain, Errepublikaren kontrako indarren ordezkariak ere omendu zituzten[6]. Hauxe izan zen zerrenda:

  • Gabino Alustiza, Aiako alkatea. EAJ.
  • Polentzi Markiegi, Debako alkatea. EAJ.
  • Saturio Burutaran, Donostiako zinegotzia, Loiolako auzo-alkatea. EAJ.
  • Nemesio Fernandez, Andoaingo zinegotzia. EAJ.
  • Florencio Iratxeta, Irungo zinegotzia. PSOE.
  • Evaristo Larrañaga, Irungo zinegotzia. PSOE.
  • Jesús Uranga, Arrasateko zinegotzia. UGT.
  • Leoncio Aranburu, Oiartzungo zinegotzia. EAJ.
  • Manuel Irigoien, Oiartzungo zinegotzia. EAJ.
  • Serapio Mendarte, Errenteriako zinegotzia. EAJ.
  • Juan José Izeta, Urnietako zinegotzia. EAJ.
  • Valeriano Saizar, Villabonako zinegotzia. EAJ.
  • Luis Iglesias, Donostiako zinegotzia. UGT.
  • José Ceferino, Donostiako zinegotzia. UGT.
  • José María Paternina Alonso, Donostiako zinegotzia. Kontserbadorea.
  • Pedro Caballero, Tolosako zinegotzia. Tradizionalista.
  • Rufo Andoño, Tolosako zinegotzia. Tradizionalista.
  • Pedro Soraluze, Donostiako zinegotzia. Monarkikoa.
  • Constantino Segurola, Asteasuko zinegotzia. Katoliko independentea.
  • Canuto Ugalde, Elgetako zinegotzia. Koalizio Katoliko-Foruzalea.

Erreferentziak