German Aldama

Sestao, Apellaniz eta Begoñan aritutako apaiz katolikoa

Germán Aldama (Gasteiz, 1918 - Bilbo, 1994ko maiatzaren 16a) Lezaman, Deustun, Sestaon, Apilaizen (Apellániz / Apilaiz) eta Begoñan aritutako apaiz katolikoa izan zen.[1][2]

German Aldama

Bizitza
JaiotzaGasteiz, 1918
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaBilbo, 1994 (75/76 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa
Lantokia(k)Sestao
Apinaiz eta Begoñako basilika

1943an apaiztu ondoren, hasieran Lezaman eta Deustutik pasa ondoren Sestaon aritu zen abade laguntzailekide moduan 1948tik 1952ra bitarte.[1] Baina Justizia sozialaren aldeko bere homiliengatik eta bere lan sozialarengatik Sestaotik Apilaizera "bidali" edo "erbesteratu" zuten, 1952an, eta han aritu zen hamazazpi urtez, beste "Arsko erretore" baten moduan.[3] Han ere inguruko jende asko joaten zitzaion aholku eske edo aitortzera. Gainera. garai haietan ospetsuak ziren Sestaotik German bisitatzera antolatzen ziren urteroko txangoak, autobus ugarirekin. 1968tik 1994an hil zen arte, Begoñan egon zen denbora gehiena, abade laguntzailekide gisa han ere. Jende askok santutzat hartzen zuen. Konfesionarioan beti zegoen jendea txandaren zain.[1]

Bizitza

Bederatzi anai-arrebetatik zaharrena. Apaiz-karrera ikasi zuen Gasteizko Seminarioan. Karaktere onekoa Gaztetatik aritu zen modu apalean eta tratu ona ematen. Beti zuen mahai gainean aitaren argazkia.[1]

Lezama (1943-1944) eta Deustu (1943-1948)

1943ko ekainaren 27an apaiztu zen. Lehen helmuga Lezama izan zen. Herriko bizilagunek esaten zuten ahizpak ezin ziola galtzerdi batzuk erosi, hurrengo egunean desagertu egiten zirelako, Germanek beharra zuen edozein familiari ematen baitzizkion. “Alferrikakoa zen oinetako pare bat erostea, etxean ez baitzioten 24 ordu irauten”. Haren ahizpak – esaten dute – esan ohi zuen “oso zaila zela santu batekin bizitzea”. Guztiona zen, maitea eta miretsia.[1]

Aldamaren bigarren urtean Deustura eraman zuten eta han bost urte egin zituen. Gazte ugari zituen lagun, izaera alaia zuen eta. Bakez betetako apaiz irribarretsu gisa gogoratzen dute.' Pena handia eman zien Sestaora bidali zutenean. Ateratzean omenaldia egin zioten. «Har ezazu gure alde, esaten zioten, behar dugulako».[1]

Sestao (1948-1952)

El Carmen labe garaiak (1870 inguruan)

27 urte zituela Sestaoko Karmengo langile-parrokian bidali zuten, coadjutor gisa Karmengo Ama auzoan. Garai hartan, pobrezia handia zegoen Sestaon, baita miseria ere leku batzuetan. Laster ezagutu zuen pertsona ugari; guztiei izenez deitzen zien. Berak ezagutzen ez zuen atari, kale edo auzorik ez zegoen. Adorez betetako pertsona zela ikusi zuten, barne-indarrez eta nortasunez betea; eta, aldi berean, erabateko konpromisokoa.[1]

Bizkaiko Labe Garaiak enpresako 1948ko akzio bat.

Berehala ohartu zen Ezkerraldeko Sestaon zeuden tentsio handiez, herri langilearen ekonomia-urritasun handiak eragiten zituenak. Hasieratik jarri zen German pobreenen eta ahulenen ondoan. Tabernetan ez-ohiko haren jarrerari buruz hitz egiten zen; deigarria zen, gainera, beti irribarrez eta guztiengana hurbiltzen zela.[1]

Karmengo Ama auzoak urbanizazio-prozesu gogor baten ondorioz sortu zen. Garai hartan herritarren bizitokiak lantegi handien ingurumarietan zeuden kokatuta. Eta Bizkaiko Labe Garaiak (Altos Hornos de Vizcaya) ez zen salbuespen bat. Auzoak zerikusia du 1854an Barakaldon eraikitako Nuestra Señora del Carmen enpresa siderurgikoarekin. Huraxe izan zen 1902an Altos Hornos de Vizcaya enpresan integratu zen hiru lantegietako bat. [4]

Bizkaiko gobernadore zibila, Genaro Riestrak agindu zuen German Aldama Sestaotik kentzeko.

German Aldama Sestaoko auzo horretan aritu zenean (1948-1952) auzoaren itxura ez zen gaurkoa, askoz pobreagoa zen. Bizkaiko Labe Garaiak enpresak 1956 eta 1959 artean eraiki zuen auzo berria, Sestaoko ezagunenetako bat.[4] Karmengo Ama etxebizitza-multzoa Bizkaiko Labe Garaiak enpresak sustatu zuen 1946ko uztailaren 17ko legearen esparruan, zeinak ahalmena ematen baitzien enpresei eta Obra Sindical del Hogar erakundeari etxebizitzak eraikitzeko eta horrela bizitokien arazoa konpontzeko. Lege horren beste asmo bat zen agerian jartzea enpresen ontasuna —langile-familiak zaintzen baitzituzten jarrera aski paternalista batekin—, eta Estatuarena, zeinak etxebizitza bat eskuratzeko aukera segurtatzen baitzuen jarrera berdin paternalista batekin. Eta horixe behar zen, hain zuzen, 1950eko hamarkada istilutsu hartan, lan eta gizarte arloko gatazkaz betetako hamarkada gogor eta zalapartatsu hartan.[4]

Sestaon igaro zituen bost urteetan, German Aldama "gizon santu"-edo izatearen fama eman zioten. Baina bere homiliak eta lan soziala agintariak gogaitzen hasi ziren, eta azkenean orduko Gobernadore Zibila zen Genaro Riestrak German Sestaotik ateratzeko tramiteak egin zituen.[1]

Apilaiz (1952-1968)

Bizkaiko Sestao langile eta "tentsionatutik" Arabako nekazal giroko Apilaiz herrira bidali zuten, 1952an "erbesteratu" gisa, eta han egon zen hamazazpi urtez, Arseko beste apaiz baten moduan.[3]

Apilaizen ere inguruko jende asko joaten zitzaion aholku eske edo aitortzera. Gainera. garai haietan ospetsuak ziren Sestaotik German bisitatzera antolatzen ziren urteroko txangoak, autobus ugarirekin.[1]

«Txangoa Santiago egunean egiten zen. [Sestaoko] Karmengo Zelaiko sarrerako arkutik atera eta Gasteizen gelditzen ginen, Blusaren egunean, eta, bitxia bada ere, Abastos azoka zabalik zegoen, azoka-eguna izaten baitzen. Han, jendeak ogia, sardinak eta txuletak erosi, eta gero herrian erretzen ziren, meza nagusia eta herri osorako antolatzen ziren festak amaitutakoan. Irudi hunkigarria zen, Germanek besoak zabalik zituela besarkatzeko zain ginela ikustea. Eguna suziriekin hasten zen, jolasak elizako plazan, eta bazkaltzen. Larrainetatik igotzen ginen, San Kristobal mendiaren bidean, errekan presa txiki bat zegoen tokian, karramarroak hartzen genituen.

Denborarekin, homilian injustizia sozialaren aurkako ahotsa altxatzean, Guardia Zibilaren jeep batzuk elkartzen zitzaizkigun.Bukaeran Sestaorako itzulia, orduko autoekin eta errepide horiekin,gaueko ordu luzeetaraino luzatzen zen, eta, han, berriz ere,Sestaoko Karmengo zelaiko sarreran, autobusek uzten gintuzten,Urbinagakoak, alde batetik, eta Puntakoak, bestetik, Sestaoko Bandako txistularien doinuekin.

»

—José Luis Lobato


Begoña (1968-1993)

Begoñako Basilikako abade moduan aritu zen 25 urtez. Aurreko herrietan bezala oso ezaguna bihurtu zen pobreenen eta ahulenen ondoan aritzen zelako, justizia soziala aldarrikatzeagatik, eta jende asko joaten zitzaiolako aholku eske edo aitortzera. Hainbat urtez gazteen dinamizatzailea izan zen Begoñan, urteroko kanpamentuetan ere parte hartzen zuela.[3]

Azken urtea

Osasun eskasekoa izan zen bizitza osoan, baina azken urteetan gehiago nabaritu zuen hori. Une batean bihotzari ebakuntza egiteko beharra ere planteatu zen.[1]

1993ko maiatzean, adinekoentzako erresidentzia batean sartu zen (Bilboko Las Hermanitas de los Pobres delakoan), bere betiko etxe-zaindariak izan ziren Lucíarekin eta Martarekin batera. Urtebete inguru eman zuen etxe hartan. Bere bizitzako azken egunetan ezin izan zuen hitz egin, baina bere arima Jaunari eman zion azken unera arte egon zen. 1994ko maiatzaren 16an, 17:30ean.[1]

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: German Aldama