Granito

Granitoa arroka igneo feltsiko plutoniko bat da, lurraren barnean magma geldo hoztean sortzen dena. Arroka granularra da, eta faneritikoa testurari dagokionez. Batez ere zuriak, larrosak eta grisak dira kolorez, euren mineralogiaren arabera. "Granito" hitza latinetik dator, granum, bere egitura holokristalinoak sortzen dituen garau lodiak direla eta. Zehazki deskribatzen denean, granitoak % 20 eta % 60 artean kuartzoz osaturik daude eta gutxienez % 35 feldespatoa dute. Zentzu zabalean, "granito" erabiltzen da kuartzo eta feldespatoa duten hainbat arroka granular izendatzeko.

Granito
Mineral infotaula irakurtzeko eraLaguntza:Arroka infotaula irakurtzeko era
Mineral infotaula irakurtzeko era
Granito
Arroka igneoa
Mineral garrantzitsuakKuartzo
Feldespato
Mika
Dentsitatea2,75 g/cm3
Maximoa2,80 g/cm3
Minimoa1,74 g/cm3

Arroka granitiko erabiltzen da granitoaren itxura duten beste hainbat arroka izendatzeko. Talde honek testura antzekoak ditu eta konposaketa eta jatorri aldaketa txikiak. Batez ere feldesapto, kuartzo, mika eta anfibol mineralez osaturik daude. Askotan feldespato eta kuartzozko matrize bat osatzen dute, tamaina antzekoa duten garauekin, eta ilunagoak diren biotita (mika) eta hornblenda (anfibola) izan ohi dira puntu ilun eta argiagoak. Batzuetan fenokristal izeneko kristal handiagoak agertzen dira; kasu horretan egiturari porfiritiko izena ematen zaio. Azterketa petrografikoa behar izaten da granitoide ezberdinak euren artean bereizteko[1]. Granitoaren baliokidea den arroka igneo estrusiboa erriolita da[2].

Granitoa ia beti masiboa da eta ez du barne egiturarik izaten, gogorra da eta iraunkorra. Hori dela eta, historia osoan zehar eraikuntza material gisa erabili izan da. Granitoaren dentsitatea 2,65 eta 2,75 g/cm3 artean dago[3]. 1215-1260 °C ingurutan urtzen da[4], baina ura baldin badu 650 °Ctan urtzen da[5]. Arroka oso ugaria da granitoa eta bere antzeko granitoideak: lurrazalaren % 4,5 hartzen dute, baina kontinenteetan % 15era iristen da euren proportzioa; bertan dagoen arrokarik ugariena dira beraz. Euskal Herrian ez da ohikoa baina granitozko intrusio bakanen bat badugu, aipagarriena Aiako harria da.

Mineralogia

QAPF sailkapena

Granitoaren eremua QAPF diagraman

QAPF diagraman bere kuartzo, feldespato alkalino (ortoklasa, sanidina edo mikroklina) eta plagioklasa kopuruaren arabera sailkatzen da, A-Q-P diagramaren eremuan. Benetako granitoak, gaur egungo konbentzio petrologikoak jarraituta, plagioklasa (% 10etik % 50era) eta feldespato alkalinoa ditu (% 30etik % 65era). Granitoide batek ez duenean edo ia ez duenean plagiokalsarik, granito feldespatiko alkalino izena hartu du. Ortoklasa kopurua %10etik behera dagoenean tonalita izena hartzen du. Tonalitatan piroxenoak eat anfibolak ohikoak dira. Granitoak moskovita edo biotita asko baditu bi mikadun edo granito binario izena hartzen du. Granito hauetan potasio asko egoten da, eta plagioklasa gutxi. S-mota eta A-motako granito izena ematen zaie.

Silika gutxi duten granitoaren antzeko arrokek feldespatoideak izango dituzte (nefelina gisa) eta AFP atalean sailkatuko dira.

Osaketa kimikoa

Mundu osoko granitoen batezbesteko konposaketa kimikoaren inguruko ikerketa egin zen, 2.485 analisirekin. Pisuaren arabera, hau da bere osaketa:[6]

SiO272,04%72.04
 
Al2O314,42%14.42
 
K2O4,12%4.12
 
Na2O3,69%3.69
 
CaO1,82%1.82
 
FeO1,68%1.68
 
Fe2O31,22%1.22
 
MgO0,71%0.71
 
TiO20,30%0.3
 
P2O50,12%0.12
 
MnO0,05%0.05
 

Agerpena

Granitoa duten arrokak oso ohikoak dira lurrazal kontinental guztian zehar[7]. Horietatik zati handi bat Aurrekanbriarrea sortutako arroka intrusioak dira. Kontinenteetako sedimentuen geruza erlatiboki finaren azpian dagoen arrokarik ugariena da. Granitoa lurrazalean agertzen denean, masiboki agertu ohi da, mendi nabarmenak eratuz. Euskal Herrian honen adibide dira Aiako Harriak edo Ursuiako mendia[8]. Batzuetan granitoaren inguruan sortzen den hornblenda izeneko arroka metaformikoak eratutako mendi zirkularren barnealdean agertzen da. Granitoaren agerpenak, askotan, azalera erlatiboki txikietan izaten dira, 100 km² baino txikiagoak diren eremuak osatuz; beste batzuetan orogeniari lotutako batolitoetan agertzen dira. Granito inklusioen ertzetan dike izeneko geruzak sor daitezke. Granitoak oso kristal handiak dituenean pegmatita izena hartzen du, masa kristalinoak osatuz.

Sorrera

Granitozko boloak

Magma azidoa igotzen denean geldo hozterakoan sortzen da. Magma honek lurrazal kontinentalak baino magnesio gutxiago du eta beraz pisu espezifiko gutxiago. Hori dela eta gorantz igotzeko joera du eta tanta itxurako egitura erraldoiak sortzen dira. Solidotzea oso geldo eta presio altuan egin behar da. Feldespatoen tamainak hoztearen abiadura adieraziko du: feldespatoak geroz eta handiagoak orduan eta geldoago hoztu da magma.

Granitoaren gainean dauden geruzak higatzen direnean azaleratu egiten dira eta batolito izena ematen zaie, eta oso gogorrak direnez mendiguneen goikaldeak osatu ohi dituzte. Itxura biribiltsua izaten dute baina jasandako deskonpresioaren ondorioz zartadurak ager daitezke, bolo granitikoak eratuz.

Erabilerak

Arroka gogorra eta meteorizatzen zaila denez aurrehistoriatik hasita eraikuntzarako erabilia izan da. Egipton granitoa asko landu zuten eta obeliskoak, estatuak, tenpluen zutabe eta dintelak ere egin zituzten. Ontzigintzarako ere erabili zuten.

Gaur egun eraikinak estaltzeko erabiltzen da, euri azidoak marmola kaltetzen duelako haren tokia hartzen ari da. Sukaldeetan ere erabiltzen da. Urarekiko iragazkaitza denez urtegien presak egiteko ohiko osagaia bihurtu da.

Eskalatzaileek bereziki maite dituzte granitozko horma bertikalak, esate baterako Yosemite, Fitz Roy, Mont Blanc...

Iruditegia

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak