Hexi korridorea

Hexi korridorea (txineraz: 河西走廊; pinyineraz: Héxī Zǒuláng) edo Gansu korridorea Txina ipar-ekialdean kokaturik dagoen eskualde geografiko bat da.

Gaur egungo Gansu probintziak Hexi korridore historikoa hartzen du bere baitan, hortik eremuaren itxura berezi hori.
Yueyaquan aintzira, Dunhuang hiriaren ondoan.

Iparraldean Gobi basamortua dauka eta hegoaldean Tibeteko goi-lautada. Halako ingurune latzean, oasi ugari kateaturik dituen pasabide estua da. Uigurren lurraldeko Tarim arroa eta Txinako inperioaren artean kokaturik zegoenez Erdialdeko Asiatik Txinara sartzeko bide historikoa izan da[1]. Zetaren Bidearen iparraldeko adarra igarotzen zen bertatik.

Historia

Ilgora Emankorrean jatorria zuen gari kultiboa Hexi korridoretik iritsi zen Txinara K.a. 2800 urtearen inguruan[2] eta kontrako bidea egin zuten artatxikiak (arruntak eta iletsuak) eta arrozak Ekialde Hurbileraino eta Europa alderaino. K.a. lehen milurtekoan zetazko produktuak azaldu ziren Siberia aldean[3].

Qin dinastia

Qin dinastiaren amaieran (K.a. 221-206) Yuezhi leinuak aurrez zeuden Wusun eta Qiang populazioak menperatu zituzten baina Xiongnu leinuaren armadak denak kanporatu zituen[4].

Han dinastia

Han dinastia (K.a. 206 - K.o. 220) Txinako inperioaren mugak zabaltzen hasi zen eta mendebaldean Xiongnu leinuarekin topo egin eta bien arteko gerra sortu zen. Huo Qubing jeneral txinatarrak K.a. 121 urtean garaile atera zen eta Hexi korridoreaz jabetu zen. Xiongnu leinukoen erasoek ez zuten amaierarik izan ordea eta Han dinastiak oasi guztietan gotorlekuak eraiki zituen; Jiuquan, Zhangye, Dunhuang eta Guzang (Wuwei) sortu ziren orduan[5].

Hexi korridoretik haratago ere hedatu zen Han armada eta Tarim arroan Mendebaldeko Lurraldetako Protektoratua eratu zuten K.a. 60 urtean. Wang Mang enperadorearen agintaldia istilutsua izan zen eta egoera probestuz xiongnutarrek eraso berri bat jo zuten Tarimarroa berreskuratuz, baina Turfan hirian gelditu ahal izan zuten hauen aurreratzea.

Tang dinastia

Tang dinastiaren garaiko inperioa. Tarim Arroa mendebaldean, Txina ekialdean eta bien artean Hexi korridorea.

Tang dinastiak (618-907) Tibetar Inperioaren aurka borrokatu zuen Erdialdeko Asiarako bidearen kontrola mantentzeko. 763 urtean tibetarrek txinatarren Chang'an hiriburua (gaur egungo Xi'an) eskuratu zuten hamabost egunez, eta Tang dinastiak mendebaldeko lurrak utzi behar izan zituen tibetarren eskutan[6]. Hurrengo urteetan borroka gehiago izan ziren inperio bien artean 821 urtean bake ituna sinatu zuten arte. Edonola ere, Hexi korridorearen garai oparoena izan zen, Zetaren Bideari esker[7].

Mendebaldeko Xia dinastia

Mendebaldeko lurretan bizi ziren Tangut leinuak XI. mendean elkartu egin ziren eta inperio berri bat sortu zuten, Mendebaldeko Xia dinastia izenaz ezagutzen dena. 1038 eta 1227 artean Txinako ipar-mendebaldeko lurrak hartu zituzten, gaur egungo Gansu, Shaanxi eta Ningxia probintziek osatzen dutena.

Yuan dinastia

1207an iparraldetik Gengis Khan-en mongolak hegoalderantz abiatu eta Txina konkistatzeari ekin zioten. Jin dinastia zen orduan Txinako inperioan agintari. Ögedei Khan-ek konkistarekin jarraitu zuen, hegoaldeko Han txinatarren laguntza izan zuen gainera. 1227an Mendebaldeko Xia ere konkistatu zuen.

Mongolen bosgarren enperadorea izan zen Kublai Khan-ek Yuan dinastia ezarri zuen Hexi korridorea kontrolatzeko.

Geografia

Hexi korridorea 1.000 kilometro inguruko pasabide luze eta estua da. Gaur egungo Lanzhou hiritik gertu dauden Wushaolin muinoetatik Jade Ateraino doa. Eremu lehor eta babesgabearen erditik doan oasien kate batek osatzen du[1].

Ondasun nabarmenak

Hexi korridoreak oparotasun handia izan zuen Zetaren Bideari esker. Han dinastian sorturiko gotorlekuen inguruan hiriak sortu ziren eta karabanek aberastasunaz gain kultur aniztasun ugari ekarri zituzten. Budismoa sartu zen eta tenplu eta leize ikusgarriak eraiki zituen, gaur egun UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatuta dituenak.

Iruditegia

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak