Irina Kakhovskaia

Irina Konstantinovna Kakhovskaiaerrusieraz: Ири́на Константи́новна Кахо́вская; ukraineraz: Ірина Костянтинівна Каховська, Irina Konstantinivna Kakhovska— (Tarastxa, Kieveko probintzia, Errusiar Inperioa, 1887ko abuztuaren 15a – Maloiaroslavets, Kalugako probintzia, SESB, 1960ko martxoaren 1a) erruso-ukrainar iraultzailea izan zen, ezkerreko eseristen fundatzaileetako bat. Hermann von Eichhorn militar alemaniarraren kontrako atentatuan parte hartzearren izan zen ezaguna.

Irina Kakhovskaia
Bizitza
JaiotzaTarastxa eta Tarastxa, 1887ko abuztuaren 15a (juliotar egutegia)
Herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
 Errusiar Inperioa
HeriotzaMaloiaroslavets, 1960ko martxoaren 1a (72 urte)
Heriotza modua: gibeleko minbizia
Hezkuntza
HeziketaEmakumeen Pedagogia Institutua
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakiraultzailea eta itzultzailea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Russian Social Democratic Labour Party (bolshevik) (en) Itzuli
Sozialista Iraultzaile Maximalisten Batasuna
Alderdi Sozialista Iraultzailea
Ezkerreko Sozialista Iraultzaileak

Gaztetako urteak

Kieveko eskualdean jaio zen, noblezia txikiko familia batean. Tradizio iraultzaile batetako familia batean jaio zen, Piotr Kakhovski dekabrista (XIX mendeko iraultzaile liberalak ziren dekabristak), exekutatuta hil zena, bere aitona izan baitzen. Ikasketan San Petersburgen egin zituen, eta historian eta pedagogian espezializatu zen. Berak zioen moduan, iraultzailea egin zen ikasten zegoen tokitik gertu 1905eko Igande Odoltsuko manifestazioak, soldaduek tirokatuak, gertatu zirenean[1].

Hasiera batean, 1905 aldera, Aleksandra Kollontairekin zuen laguntasunagatik, boltxebikeekin lerratu zen. Hala ere, 1906an bere iritzia aldatu eta eserista-maximalistekin egin zuen bat (eseristen zatiketa erradikala). Hauen buru Nestroieven arabera, Kakhovskaia “saindu bat zen, haien antzeko martirra. Oinez hamar mila egin zitzazkeen langileen arean propaganda egiteko. Inor ez zen horretarako gai garai haietan. Lehen kristauen antzeko fedea zuen”[1].

Kartzela urteak

Samara hirira lan iraultzailea egitera joan zen, baina 1907an atxilotua eta 20 urteko kartzelaldiaz zigortua izan zen. 1908an Maltsevskaia kartzelara eraman zuten, Siberiako Transbaikalia eskualdean. Kartzelan, Marija Spiridonova eta honen emakumezko preso politikoen lagun-taldea ezagutu zuen (“Xestiorka” edo “seikotea”. Irina Kakhovskaia, hauen lagun bazen ere, ez zen hasierako seikoteko bat, taldea jada 1905-06an kartzelaratutako Alderdi Eseristaren kideekin eratua baitzegoen). Kartzelan eseristekin bat egin zuen, agian Xestiorkaren eraginez. Sally Boniece historiagilearen arabera, presoen nukleoan oso aktiboa izan zen. Guda inperialistaren aurkakoa izan zen[1].

1911an Akatuiko esparrura lekualdatu zuten, Kakhovskaiaren arabera, kartzela hori Maltsevskaia baino gogorragoa zen “Maltsevskaian hain isolaturik geunden, ezen zaindariek nahiko libre uzten gintuzten”. 1914an amnistiatua izan zen, eta Siberiako Txita hirian bizi izan zen 1917 arte[1].

Iraultzako urteak

Ezkerreko eseristen sorrera

Spiridonova askatzerakoan Txitako Alderdi Eseristako sortzaileetako bat izan zen. Irina Kakhovskaiaren arabera (berarekin batera Txitan zegoen Konstantin Burov boltxebikeak baieztatzen du), momentu hartan, Txitako preso ohi eseristen artean, eserismoaren ezkerreko adarraren kimua sortu zen, alderdiaren programa sozializazioaren aldekoa, eta ez burgesiarekin kontziliatzearen aldekoa izan behar zela esan baitzuten. Bai Kakhovskaia zein Spiridonova programa honi fidel izan ziren, alderdiaren zuzendaritzarekin talka eginez. Militantzia eseristarekin jarraitu zuen, eta alderdiaren barruan nolabaiteko izena lortu zuen: II Kongresu Eseristan parte hartu zuen ordezkari gisa eta Iparraldeko Eskualderako alderdiaren idazkaria ere izan zen. Baina laster alderdia zatitu egin zen eta bere lagun Spiridonovak gidatzen zuen adar ezkertiarrarekin egin zuen bat (Kakhovskaiak, irailean jada bere lagunei esana zien Korniloven saiakera kolpista eseristen erruz eman zela eta Kerenskiren direktorio-gobernua –irailean egon zen bost kideko gobernua- beste diktadura burges bat zela). Ezkerreko eserista guztiak bezala, Urriko Iraultza babestu zuen, kritikoki bazen ere. 1917ko urriko Errusia Osoko Sobieten II Biltzar Nagusiko ordezkari izan zen, eta baita ere VTsIKeko kide (aukeratua izan zen bi emakumeetako bat, eta bere postuan egon zen bakarra, bestea, Spiridonova, hegoaldeko hirietara joan baitzen egun horietan agitazioa egitera). Iraultzaren ondorengo asteetan, iraultzaren aldeko agitazioa egin zuen langile eta soldaduen artean, bai mitinetan eta bai prentsa artikuluetan[1].

Atentatugile

1918an, Brest-Litovskeko Itunak atsekabetuta, Alemaniaren kontrako joera oso indartsua izan zuen, bere alderdiak bezalaxe. Ezkerreko eseristen alderdiak, bere II Kongresuan (1918ko apirila) berriz ere Borroka Erakundea berpiztu zuen, baina momentuz soilik alemaniarren aurka ekiteko, eta Kakhovskaiak bat egin zuen (gainera, kongresu horretan ezkerreko eseristen Komite Zentralerako aukeratu zuten). 1918ko udan, Ukrainara joan zen; han Ukrainako alemaniar tropen komandante eta gobernadore zibil Eichhorn jenerala hiltzeko atentatua prestatu zuen Eichhornekin batera Pavlo Skoropadski Ukrainako Estatuko (alemaniarren peko Estatu-satelitea) liderra hiltzea ere helburu zuen Irina Kakhovskaiak. Ekain osoan Eichhorn eta Skoropadski zelatatu ostean, uztailaren 30ean Boris Donskoi, Kakhovskaiaren kideak, Eichhorn hil zuen bonbaz (Donskoi bera ere hil zen: eseristen kosmobisio ia-erlijiosoari jarraiki, ez zuen onartu atentatua egiterik bere ere hilko ez bazen). Kakhovskaiaren asmoa honen omenezko hiletan Skoropadski hiltzea zen, baina honek uste baino arinago utzi zuen eliza eta Irina Kakhovskaia atxilotua izan zen. Hiltzera kondenatua izan zen, baina ez zen gauzatu: garaiko alemaniar legeek emakume bat exekutatzeko enperadorearen idatzizko oniritzia behar zela zioten, eta enperadorea lehenik armadarekin zegoen eta gutxira Alemaniako iraultzak eta Lehen Mundu Guda bukatzeak kargutik kendu zuen: Alemaniarrek Kievetik ospa egiterakoan, Skoropadski babesik gabe geratu zen eta nazionalistak iritsi ziren boterera, Ukrainako Errepublika Nazionala ezarriz. Alemaniarrek Ukraina utzi eta Ukrainako Errepublika Nazionala berrezarri zenean, Kakhovskaia Kieven kartzelan zegoen. Nazionalistek ahaztu egin zuten Kakhovskaia (eta hori euren lider Simon Petliura berarekin batera egon zela kartzelan), eta bi hilabete berandutu ziren hura askatzen: nazioartean bera askatzeko kanpaina bat eman zen. Azkenean 1919ko urtarrilean aske geratu zen (artean, Kakhovskaiak ez zekien exekuzioa bertan behera geratu zenik)[1].

1919an Txekak atxilotu egin zuen, hain zuen Jakov Blumkin txekakide ezkertiar eserista ohia hiltzen saiatzearren (Blumkinek 1918ko uztaileko Estatu-kolpe eseristan parte hartu zuen, eta kurioski, Errusiako alemaniar enbaxadore Mirbach –Ukrainako Eichhornen baliokidea- berak hil zuen; baina boltxebikeen aldera pasa zen gero). Hala ere, Leninen bitartekaritzarekin aske geratu zen. Aske geratzerakoan, bere helburua Armada Zuriko buru Anton Denikin hiltzea izan zen, baina kale egin zuen, plan horretako kide asko gaixotu egin baitziren. Irina Kakhovskaiak eta bere kideek zuriek kontrolatutako Rostov hirian itxaron behar izan zuten 1920an Armada Gorriak hiria askatu arte. Hurrengo urteetan, ezkerreko eseristei lotutako propaganda eta ekintza antisobietarrekin lotuta egotearren zenbait aldiz atxilotua izan zen, baina bere historia zela, Emma Goldman eta Clara Zetkin bezalakoen bitartekaritza zela eta (Parisen Spiridonova-Kakhovskaia Nazioarteko Komitea ere fundatu zuten anarkista batzuek), eta delituak oso larriak ez zirela eta, barne-deportazioa jaso zuen gehienetan (Leontiev historiagilearen arabera, 1921ean atxilotua izan ostean, ezkerreko eseristen kanpaina baten ondorioz, 1922ean Kominternek ere bere askapena eskatu zuen: osasun arazoak medio aske utzi zuten)[1].

Iraultzaren ostean

20 eta 30 hamarkaden, barne-deportazio batean, Samarkandan eta Taxkenten bere lagun eta lider ohi Spiridonovarekin egin zuen bat, ingelesezko klaseak ematen bizi zirelarik. Boris Pasternak idazle ezagunak “Siberiako Joana Arc-eko” ezizena jarri zion Kakhovskaiari. 1937an azken aldiz izan zen atxilotua eta 10 urteko kartzela-zigorra jaso zuen, baina 1939an deportazioan aske utzi zuten, basoetan lan bat topatu zuelarik. 1947an guztizko askatasuna lortu zuen berriz. 1960an hil zen[1].

Bitxikeria

Kakhovskaiaren autobiografiaren hitzaurrea Romain Rolland frantziar idazle ezagunak egin zuen[2].

Erreferentziak