Javier Milei
Javier Gerardo Milei (Buenos Aires, 1970eko urriaren 22a) Argentinako ekonomista, politikaria eta irakaslea da, La Libertad Avanza mugimendu politikoaren burua. Argentinako presidentea da 2023ko abenduaren 10etik.
Nazioarteko hedabideek eskuin muturreko politikari gisa definitzen dute[1]; Argentinako hedabideek «eskuin libertariotzat» ere deskribatzen dute.[2][3][4] Austriako eskolako ekonomialariek formulatutako postulatuen jarraitzailea da, eta bere burua honela deskribatzen du: «anarkokapitalista teorian», «liberal-libertarioa» eta «minarkista bizitza errealean». Hala ere, bere jarrera politiko batzuk kontserbadoretzat edo ultrakontserbadoretzat jo dira.[5][6]
Bere jarrera batzuek polemika eragin dute, hala nola abortuaren aurkako jarrera, baita sexu-abusu kasuetan ere[7], eskoletan sexu-heziketa integrala errefusatzea[8], armak aske eramatearen aldeko jarrera[9], marxismo kulturalari buruzko eskuin muturreko konspirazioaren teoria babestea[10], klima aldaketa ukatzea[11] eta Argentinako estatu-terrorismoa ukatzea.[12] Argentinako ekonomia dolarizatzea ere proposatu du.[13]
Politikari eta ekonomiari buruzko hainbat libururen egilea da, eta Demoliendo mitos eta Cátedra libre irratsaioen zuzendaria. Argentinako hainbat telebista-saioetan egindako eztabaidetan nolabaiteko ospea lortu zuen, aurkariak irainduz eta hizkera zabarra eta oldarkorra erabiliz bere ideiak defendatzeko.[14][15][16]
2021az geroztik, Buenos Airesko Hiri Autonomoko diputatu nazionala da. 2023ko lehendakaritza-hauteskundeei begira, hautagai gisa postulatu zen,[17] eta primarioetan boto baliodunen %29,86 lortu zuen.[18][19] Herrialde osoan boto gehien lortu zuen hautagaia izan zen.
2023ko urriaren 22an, hauteskunde presidentzialen lehen itzulian, botoen %30 lortu zuen, eta bigarren itzulira pasatu zen.[20]
Bigarren itzulia irabazi zuen botoen % 55.75ekin eta presidente kargua hartu zuen 2023ko abenduaren 10ean.