Juanito Lope

tolosar eskultore eta marrazkilaria

Juanito Lope —jaiotzako izen-deiturez, Juan Leoncio Lope Jimenez— (Tolosa, Gipuzkoa, 1917ko irailaren 12a1981eko irailaren 1a) eskultorea eta marrazkilaria izan zen. Bere jaioterriko gizarte bizitzan sendo sustraitua,[1] Juanitoren hainbat busto, eskultura eta marrazki daude Tolosan bertan (Pablo Gorosabel, Adrian Laskibar, Felipe Dugiols, baserritarra, euskal dantza, Wenceslao Maiora, Francisco de Tolosa, Ramos Azkarate, Alexander Fleming, Izaskungo ama birjina…). Tolosaldean ere gordetzen dira bere lanak, hala nola Alegian (Txintxarri elkarteko armarria), Altzon (Erraldoia), Amezketan (Fernando Amezketarra) eta Orexan (Jesukristo). Gainera, Loperen marrazkiak, bustoak eta armarriak hainbat elkarte eta tabernatan ageri dira; eta Ordizian, Beasainen, Zumarragan, Zarautzen eta Zalduondon, besteak beste, tolosarraren lanak dituzte kaleetan.[2]

Juanito Lope

Bizitza
JaiotzaTolosa1917ko irailaren 12a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1981eko irailaren 1a (63 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakeskultorea eta marrazkilaria

Marrazteko teknika berezia bezain sinplea eta esanguratsua zuen Juanitok. Oinarrizko pintzelkadaz, maisutasunez islatzen zuen pertsonaia guztien izaera. Orri soil batean garatzen zuen jorratu nahi zuen gaia, ironia eta umore finez, plano eta egoera ezberdinetan kontakizun sekuentziala eginez, komikien modura.[3]

Bizitza

1936an, Tolosako Gorriti zinemako makinista zen; eta, Walt Disneyren marrazkiak ikusita, haiek imitatzen hasi zen. Soldaduskan, zura tailatzea gustuko zuen azpeitiar batek zerbait irakatsi zion, eta horretan hasi zen Tolosako Santa Maria kaleko bere txokoan. Jose Lopetegi donostiar eskulturoreak buztina lantzen irakatsi zion Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan, eta Mariano Benlliure eskultore ospetsuak Madrila eraman zuen berekin ikastera. Hala ere, hiru hilabete besterik ez zuen iraun han. Tolosara itzulita, Aste Santuko prozesioetarako pasoak egiten hasi zen. Izena hartzen joan zen, eta enkargu ugari jaso zituen Tolosan, inguruetan eta Euskal Herri beste leku batzuetan.[2]

Tolosako Inauterien oso zalea izanik, hainbat konpartsa eta karrozatan parte hartu zuen, eta eskatzen zioten elkarte eta kuadrillei laguntzeko prest izaten zen beti. Baliabide gutxirekin eta umore askorekin, gaur egun galtzen ari den Tolosako inauteri estilo baten ordezkari ezagunenetako bat izan zen hamarkada askoan.[2]

Haren omenez

Juanito Lope buruhandia.

Hainbat omenaldi jaso ditu bere jaioterrian: 1966an pasabide bati bere izena jarri zioten, 1970ean Inauterizale kuttuna, hil zenean txarangek plaka jarri zuten bere jaiotetxean, 1982an bere eskultura erakusketa egin zen Kultur Etxean, elkarte askok omendu izan zuten. 2017. urtean, Juanito Loperen jaiotzaren 100. urteurrenean, haren jaioterri Tolosan hainbat ekitaldi antolatu zituzten, Lope omentzeko eta haren lana ezagutarazteko. Liburua argitaratu zuten, inauterietan ekitaldia egin zioten, gazteentzako marrazki lehiaketa antolatu zuten, Iñaki Moyuak, buruhandia egin zion Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren parte izango dena, plaka bere jaiotetxean...[4]

Erreferentziak

Bibliografia

  • Saizar, Joxemi-Urretabizkaia, Joseba: Juanito Lope 1917-2017. Tolosa. Xibarit argitaletxea. LG 2017.

Kanpo estekak