Latinoamerikako literatura

Latinoamerikar literatura bertako ahozko edo idatzizko literatura oro da, batez ere gaztelaniaz, portugesez eta Amerikako hizkuntza indigenez idatzitakoa. Latinoamerikako herrialdeetan frantsesez eta ingelesez idatzitakoak ere kontuan hartzekoak dira, baita deribazioak edo gurutzaketak ere (txikano delakoa esaterako). Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai, Venezuela eta Mendebaldeko Indietako zati guztiak biltzen ditu.[1][2] Literatura horrek, edo literaturak, sarritan, Latinoamerikako herrien bizitza eta ohiturak islatzen ditu, eta garrantzia ematen die eskualdeetako alderdi kulturalei eta arazo politiko eta sozialei.[2][3]

Latinoamerika mapan.

Historia

Maia zibilizazioaren glifo bat.

Kolonaurreko aldia

Espainiarrak Amerikara iritsi baino lehen, indigenek ez zuten alfabeto fonetikorik erabiltzen, baina glifoen bidezko ikusizko komunikazio-sistema bat garatuta zuten. Kultura gordetzeko zuten forma ahozkoa zen, eta konkistatzaileak kontinente berrira iritsi zirenean, espainiarrak gai izan ziren haien ondare hura idatziz erregistratzeko.[4]

Indigenen literatura maitasunaren, munduaren jatorriaren eta Jainkoen inguruko gaiekin lotutako gai mitikoei lotuta zegoen. Horren adibide dugu Popol Vuhliburua.[5]

Konkista

Konkistaren garaian, XVI. mendean, kultura indigenen eta espainiarren arteko etengabeko talka izan zen. Hezkuntza mugatua zen eta Eliza Katolikoak eragin handia zuen; beraz, literatura oso mugatua izan zen.[5] Gauzak horrela, bi agindu errealen bidez (1531 eta 1543) Espainiako Koroak debekatu egin zuen fikziozko lanak —bereziki, zaldun-liburu arrakastatsuak— Amerikako lurraldeetara esportatzea, eta erlijio-lanak besterik ez zituen onartu.[6] Hala ere, neurri horiek ez zuten eragotzi fikziozko liburuak kolonietan zabaltzea:

Garai hartan gailendu zen literatura «Mundu Berriaren» konkistarekin zerikusia zuen oro izan zen, non konkistatzaileek Amerikako bizipenak kontatzen baitzituzten. Adibidez, 1522tik aurrera argitaratu ziren Hernán Cortések Espainiako erregeari bidalitako harreman-gutunak. Gutun horietan, espainiarrak Espainia Berrira sartzean gertatzen zena zehatz-mehatz deskribatu zen, baita indigenen errituak eta zeremoniak ere.[5] Halaber, Bernal Díaz del Castillok Historia real de la conquista de la Nueva España lanaren erredakzioa amaitu zuen, 1632an hil ondoren argitaratu zena.

XVII. mendetik XIX. mendera

Juana Inés de la Cruz.

Konkistaren ondoren, Barrokoa hasi zen hedatzen Mundu Berriko kolonia askotan. Estilo horren baliabide estilistikoak eta hitz-joko zailak erabiltzen zituen. Latinoamerikan, mugimendu hori literaturan jorratu zen bereziki, tekniketan eta estiloetan berrikuntza ekarri zuena. Estilo horren ordezkari nagusiak Juana Inés de la Cruz, Juan Espinoza Medrano eta Juan Ruiz de Alarcón izan ziren.[7]

Erromantizismoa Europan sortu zen, eta XIX. mendearen erdialdean iritsi zen bere goren mailara Frantzian. Sentimendua, irudimena eta fantasiaren nagusitasuna da funtsezko ezaugarria, Neoklasizismoaren zurruntasunetik urrun. Sortzeko askatasuna eta herri-gaiekiko atxikimendua aldarrikatzen ditu.[8] Latinoamerikan, Erromantizismoak Argentinan izan zuen abiapuntua, Esteban Echeverríarekin, Elvira o la novia del Plata obraren idazlearekin hain zuzen.

XIX. mendeko literatura Latinoamerikako identitateak eraiki eta zabaltzeko arma nagusietako bat izan zen. Herrialdeetako independentziak gertatu zirenean, rol berriak transmititzeko beharra sortu zen-eta.[9]

XX. mendea

Gabriel García Márquez.

Boomaren aitzindariak

XX. mendean, Latinoamerikako literatura berria lantzen hasi ziren zenbait idazle, eta hortik sortuko zen boom latinoamerikarra:[10]

Boom latinoamerikarra

Boom latinoamerikarra esaten zaio 1960ko hamarkadan Latinoamerikako idazleen artean izan zen literatura-jardueraren bat-bateko leherketari. Ezaguna da errealismo magikoaren onarpena eta zabalkundea bultzatu zituelako.

Jatorria

1960-1970 bitartean sortu zen, Julio Cortazarren Rayuela, Mario Vargas Llosaren La ciudad y los perros, Gabriel García Márquezen Cien años de soledad eta Carlos Fuentesen La muerte de Artemio Cruz nobel gogoangarriekin.[11]

Hiru idazle hauen artean, nork bere herrialdeko gatazka sozio-politikoaren azterketa egin zuen. Esate baterako Carlos Fuentesek iraultza mexikarraren ondorioetan arreta berezia jarri zuen[12]. Beste biek ere Kolonbia eta Peruren historiari begiratu zioten, baina eskala zabalago batean, Latin-amerikako bilakaera historikoa ere bazuten ikusmiran, hala nola Vargas Llosak La guerra del fin del mundo-n Brasilgo historia aztertu zuenean.

Testuinguru historikoa

Literatura-fenomenoa errealitate sozialaren eremu berriak aztertzean sortzen da. Boomaren idazleek bi tradizio desberdinen arteko onena bateratzea lortu zuten, egokitzeko gaitasuna hobetuz. Idazleen konbinazioak lortu zuen Latinoamerikako literatura, gutxiengo bat izatetik, aukera boteretsua bihurtzea, arrakastaz biderkatzeko ez ezik, beste literatura batzuetan eragin erabakigarria izateko ere.[11][13]

Donald Shawk boomeko nobelen ezaugarrien zerrenda sistematikoa egin zuen 1981ean. Hona hemen aipagarrienak:

  • Hirugarren pertsonan aritzen zen narratzaile orojakilea kontalari anizkoitz edo anbiguoz ordezkatzeko joera
  • Denbora kronologiko lineala iraultzeko joera
  • Elementu sinboliko gehiagoren erabilpena
  • Eleberri tradizionalaren eszenatoki errealistak uzteko joera, irudimenezko espazioekin ordezkatuz
  • Fantasia sortzailea eta errealitatearen mitifikazioa erabiltzeko joera

Literatura-genero nagusiak

Eleberria: Narrazio zabala, osoagoak eginez pertsonaien deskribapenak eta narrazioaren espazio geografikoak . Obra aipagarriak: Cien años de soledad (Gabriel García Márquez), La ciudad y los perros (Mario Vargas Llosa), Pedro Páramo (Juan Rulfo).

Ipuina: fikziozko istorio bat modu sintetizatuan garatzen duen narrazio laburra. Lan aipagarriak: Chac Mool (Carlos Fuentes), Un día de estos (Gabriel García Márquez), La autopista del sur (Julio Cortázar), El Aleph (Jorge Luis Borges).

Post-booma

Mario Benedetti.

Boomaren ondorengo literaturak, batzuetan, ironiarako eta umorerako joera du ezaugarri. Post-boomak, edo Latinoamerikako literaturaren garai postmodernistak, Manuel Puig, Severo Sarduy, David Viñas eta Mario Benedetti bezalako autoreen bidez lortu zuen trantsizioa. Post-boomaren narratibaren eduka identifikagrria da, herri-kultura barneratzen duelako eta kritika edo protesta sozialera itzultzen delako.[14]

Emakumezkoen izenak ere nabarmentzen hasi ziren, boom ia erabat maskulino baten ondoren. Hauen artean nabarmentzen dia Isabel Allende txiletarra (1942: La casa de los espíritus, 1982) eta Laura Esquivel mexikarra (1950; Como agua para chocolate, 1989)[12].

Idazle nagusiak

Hauek dira Latinoamerikako idazle nagusietako batzuk historian zehar:[15]

Nobel sariak Latinoamerikako idazleei

Gabriela Mistral.

Literaturako Nobel saria Latinoamerikako idazle hauei eman zaie orain arte:[16][17][18][19]

  • 1945: Gabriela Mistral (Txile)- Literaturako Nobel saria irabazi zuen lehen emakumea
  • 1967: Miguel Ángel Asturias (Guatemala) - Aipamena: “Latinoamerikako herri indigenen ezaugarri nazionaletan eta tradizioetan sendo errotutako literatura-lorpen biziengatik”
  • 1971: Pablo Neruda (Txile)- Kritikak gehien aztertu dituen lanen artean, Residencial en la tierra eta Canto General daude. Euskaratuak: Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua (Jose Luis Padronek itz.)
  • 1982: Gabriel García Márquez (Kolonbia)- Aipamena: “Bere eleberri eta istorio laburrengatik saritua, zeinetan fantastikoa eta erreala irudimenez osatutako mundu batean nahasten diren, kontinenteko bizitzak eta gatazkak islatzen dituen mundu batean”. Euskaraz argitaratutakoak: Heriotza iragarritako baten kronika (Xalbador Garmendiak itz.), Jenerala bere laberintoan (Xabier Mendiguren Bereziartuk itz.), Koronelari ez dio inork idazten (Tomas Sarasola Arregik itz.)
  • 1990: Octavio Paz (Mexiko)- Aipamena: “Adimen sentsoriala eta osotasun humanistikoa ezaugarri dituen horizonte zabaleko idazketa sutsuagatik”.
  • 2010: Mario Vargas Llosa (Peru)- Aipamena; “Botere-egituren kartografiak eta gizabanakoaren erresistentziaren, matxinadaren eta porrotaren irudi mingarriengatik”. Euskaratuak: Pantaleon eta bisitariak (Santi Leoné-k itz.)

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak