Marguerite Durand (feminista)

kazetari, aktore, politikari eta feminista frantsesa (1864 - 1936)

Marguerite Charlotte Durand (Parisko 8. barrutia, 1864ko urtarrilaren 24a[1] - Parisko 5. barrutia, 1936ko martxoaren 16a[2]) kazetari, aktore, politikari eta feminista frantsesa izan zen. La Fronde egunkaria sortu zuen.

Marguerite Durand (feminista)

La Fronde (en) Itzuli fundatzaile

1897 -
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMarguerite Charlotte Durand
JaiotzaParisko 8. barrutia eta Paris1864ko urtarrilaren 24a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParisko 5. barrutia eta Paris1936ko martxoaren 16a (72 urte)
Hobiratze lekuaBatignolles Cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaParisko Kontserbatorioa
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, antzerki aktorea, sufragettea, liburuzaina, editorea eta idazlea
Enplegatzailea(k)Le Figaro  1896)
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaRepublican-Socialist Party (en) Itzuli

Find a Grave: 74895573 Edit the value on Wikidata

Biografia

Marguerite Duranden ama Anna-Alexandrine Caroline Durand izan zen.[2] Margueritek Parisko 9. barrutiko Henner kaleko Trinitarioen komentuan ikasi zuen.

1879an Kontserbatorioan sartu zen. Han, 1880an, komediako lehen saria lortu zuen. 1881eko irailaren 1ean Comédie Française-n sartu zen. Comédien gazte xaloaren eta aktore nagusiaren roletan espezializatu zen.[3]

1888an eszena utzi eta Georges Laguerre abokatu[oh 1] eta diputatu boulangistarekin[oh 2] ezkondu zen. Hari esker, garaiko politika- eta kazetaritza-mundua ezagutzeko aukera izan zuen. Kazetari lanean hasi zen bere lehen artikuluak La Presse-n argitaratuz, Georges Laguerrek zuzentzen zuen eta propaganda boulagista zabaltzea xede zuen egunkarian. Laster, Margueritek erabateko grina sentituko zuen kazetaritzarekiko.

1891ko irailaren 30ean Boulanger jeneralak bere buruaz beste egin ondoren, alde batera utzi zuen boulangismoa. Bestalde, senarra utzi zuen, eta 1895eko maiatzaren 9an dibortziatu egin zen. Figaron hasi zen lanean, eta han sortu zuen Courrier saila.[4]

Marguerite Durandek ume bat izan zuen Antonin Périvier-ekin Le Figaroko zuzendarietako batekin: Jacques, 1896ko abuztuaren 14an jaioa.[5] Périvier haurra jaio berritan Margueriteri kentzen saiatu zen, amak legez onartu ez zuela argudiatuz. Berak legezko laguntza eskatu zion Georges Clemenceau-ri semea berreskuratzeko.[6]

Marguerite Duranden hilobia Parisko Batignolles hilerrian.

Marguerite Durandek, Georges Harmoisekin batera, Asnièresko animalien hilerria fundatu zuen 1899an.

Parisen ehortzita dago Batignolles hilerriko 10. sailean.

Antzerkiko ibilbidea

Borroka feminista

Hastapenak

1896ko apirilean, Le Figaro egunkariak Parisko Hôtel des sociétés savantes-en egin zen Nazioarteko Kongresu Feministaren berri ematera bidali zuen. Thilda Harlor kazetariari 1935ean adierazi zionez, berak ez zuen eskatu zioten Kongresuari buruzko artikulua idatzi nahi izan[8]:

«Le Figarok, 1896an, kongresu feministari buruzko artikulu bat idazteko agindu zidan. Kongresuak jendearen arreta erakarri zuen, jasan zituen traba maltzurrak eta ikasleen isekak eta txistuak zirela medio. Beraz, Société savante-ra joan nintzen, bertan batzartu baitziren kongresua egiteko. Han harritu ninduten Maria Pognon lehendakariaren diskurtsoaren logikak, aldarrikapenen sendotasunak eta baita ekaitza menderatzeko eta eztabaidak zuzentzeko zuen maisutasunak ere. Le Figaro-rako artikulu kritikoa idazteari uko egin nion.[oh 3] Baina bururatu zitzaidan emakumeei borrokarako arma bat eskaintzea: egunkari bat. Emakumeen gaitasunak erakutsiko zituen egunkari bat; ez bakarrik zuzenean interesatzen zitzaiena, baizik eta kontu orokorrenak ere, eta horrela jardunean zegoen kazetariaren lana, eskaintzea».[9]

Kongresu hark bere bizitza aldatuko zuen, orduan erabaki baitzuen emakumearen eskubideak defendatzea.[10]

La Fronde egunkaria

La Fronde - 1898ko urtarrilaren 1.a

Le Figaro 1896an utzi eta, hurrengo urtean, La Fronde sortu zuen, Parisko, Saint-Georges kaleko 14an; lehen zenbakia 1897ko abenduaren 9an agertu zen.[11] Zuzendaritzan hasi eta erredakzioraino, tipografiatik igarota, La Fronde emakumeek bakarrik egindako egunkaria izan zen.[12] Artikuluetan, emakumeaz gain, gaurkotasuna zuen edozein gai jorratzen zuten: politika, literatura, kirola, finantzak, etab. Marguerite Durandek eta haren kolaboratzaileek Dreyfus aferaz ere askotan idatzi zuten, kapitain juduaren aldeko jarrera sendoa izan baitzuten.[13] Zenbait gertaeraren berri eman ahal izateko, La Frondeko kazetariek, batzuetan, baimen bereziak lortu behar izaten zituzten; izan ere, emakumeek debekaturik zuten zenbait lekutan sartzea, hala nola Batzar Nazionalean[14] edo Parisko Burtsan.[15][16]

Egunkariak “Le Temps en jupons” zuen izenaren osagarria, eta, Durand-en hitzetan, “beste egunkariak bezalakoa zen… ez dibertigarriagoa”. Bere edukiaren oinarria erreportajeak ziren, gertaeraren behaketa eta zuzeneko testigantza. 1903 arte egunkaria izan zen, eta gero hilabetekaria 1905 arte.[11] Kolaboratzaile asko izan zituen: Séverine, Daniel Lesueur, Pauline Kergomard, Marcelle Tinayre, Lucie Delarue-Mardrus, Clémence Royer, Jeanne Chauvin, Dorothea Klumpke, etab.[17]

Marguerite Durandek, 1903an, L'Action egunkariaren sorreran ere parte hartu zuen Henry Bérenger La Dépêche de Toulouse-ko kazetariarekin eta Victor Charbonnel La Raison astekari antiklerikalaren zuzendari eta apaiz ohiarekin batera. Esperientziak, baina, 1905era arte baino ez zuen iraun, Marguerite Durandek arazoak izan baitzituen egunkariaren gainerako buruekin adostasuna lortzeko. La Fronde egunkari berriaren hileko gehigarria izan zen 1903ko urritik 1905eko martxora arte.

Durandek 1904. urtea Kode Zibilaren mendeurrena zela aprobetxatu zuen Napoleon Bonaparteren egintza salatzeko. 1904ko azaroaren 1eko La Fronden honela azaldu zuen bere xedea:

«Ez da Kodea madarikatu behar ez duen emakumerik, aberatsa edo pobrea, dama handia edo langile xumea; bere miserian edo bere ondasunetan, bere baitan, seme-alabetan, lanean edo atsekabean, ez da Kodearen erruz sufritu ez duen edo sufritu beharko ez duen emakumerik».[18]

Beste ekimen batzuk

1907an, emakumeen lanari buruzko kongresu bat antolatu zuen[oh 4], eta horrez gain, Emakumeen Lanaren Bulegoa sortzen saiatu zen Clemenceauk 1906ko urrian lan-ministro izendatu zuen René Viviani adiskidearen laguntzarekin. Hala ere, behar adinako dirurik ez zutenez eta, gainera, CGT sindikatua proiektuaren aurka zegoenez, Bulegoak ezin izan zuen bere eginkizuna bete.[19]

1909an, Les Nouvelles egunkari berriaren sorreran parte hartu zuen. Bestalde, emakumeen sufragioaren aldeko kanpainan inplikatu zen bereziki, eta aukeratzeko eta hautatua izateko eskubidea defendatu zuen. 1910eko apirilaren 24ko hauteskunde legegileetarako emakumez osaturiko hautagai-zerrendak antolatzeko ideia plazaratu zuen, eta Parisko 9. barrutian aurkeztu zen, baina Senako prefetak ez zuen hautagaitza onartu.[20]

1914an, La Fronde berriro agertu zen, abuztuaren 17tik irailaren 3ra zenbait zenbaki argitaratu zirelarik. Bestalde, Marguerite Durandek, feminismoa eta bakezaletasuna hertsiki lotuta zeudela uste bazuen ere, gerra-ahaleginean parte hartzera bultzatu zituen emakumeak.[21] Berak uste osoa zuen frontean zeuden gizonen erantzukizunak emakumeek beren gain hartzeak eskubide berriak ekarriko zizkiela. Armistizioan, baina, bere aurrikuspenak bete ez zirela ikusirik, desengainu handia hartu zuen. Etsipena, halaber, emakumeek umeak noiz izan libreki aukeratzeko eskubidea onartu ez izanagatik: abortua eta propaganda antikontzeptiboa debekatu egin ziren 1920ko uztailaren 31ko Legean.[22] Era berean, alferrik aldarrikatu zuen emakumeentzako zerbitzu militar osagarri bat sortzea.[23]

Hélène Brionen epaiketa.

Marguerite Durandek, Louise Bodinek bezala, Hélène Brion bakezale eta feminista defendatu zuen 1918ko martxoan, egin zituen “adierazpen derrotistengatik” jasan zuen epaiketa bitartean.[24]

1922an, XIX. mendeko emakume ospetsuei buruzko erakusketa bat antolatu zuen, emakume kazetarientzako klub baten sorrera finantzatzeko dirua lortzeko, garai hartan Kazetarien Etxean sartzerik ez baitzuten. Séverine hil zenean, Pierrefonds-en etxe bat erosi zuen emakume kazetarien udako egoitza bihurtzeko.[17]

1926ko maiatzetik 1928ko uztailera, La Fronde berriz argitaratzen saiatu zen, baina jada ez zen emakumeen proiektu esklusiboa (erredakzioa mistoa zen), ezpada Durand sartu berri zen Alderdi Errepublikano Sozialistaren bozeramailea. 1927an berriz ere saiatu zen politikan sartzen, Alderdi Errepublikano Sozialistarekin udal-hauteskundeetara aurkeztuta.[25][26]

Emakumearen historiari buruzko dokumentazio-zentroa

Marguerite Durand Liburutegia

1931n, emakumeen historiari buruz jasota zuen dokumentazio guztia Parisko herriari eman zion, eta hala sortu zen Frantziako Dokumentazio Feministaren lehen Bulegoa, 1936an hil zen arte bere borondatez zuzendu zuena. Hasieran, Marguerite-Durand liburutegia (BMD) Parisko 5. barrutiko udaletxean zegoen, eta 1989tik aurrera 13. barrutiko rue National-ean. BMD liburutegian Léopold Bernstammek egindako Marguerite Duranden busto bat dago.[27]

Oharrak

Erreferentziak

Bibliografia

  • (Frantsesez) Dizier-Metz, Annie. (1992). La bibliothèque Marguerite Durand : histoire d'une femme, mémoire des femmes. Agence culturelle de Paris.
  • (Frantsesez) Rabaut, Jean. (1996). Marguerite Durand (1864-1936), La Fronde féministe ou Le Temps en jupons. L'Harmattan.
  • (Frantsesez) Metz, Annie. (1999). «La bibliothèque Marguerite Durand : les différentes étapes du passage d'une collection privée à une collection publique» Passions(s) et collections : actes du colloque (Chambéry, 21 et 22 octobre 1998) (FFCB): 101-116..
  • (Frantsesez) Coquart, Élisabeth. (2010). La frondeuse : Marguerite Durand, patronne de presse et féministe. Payot.
  • (Frantsesez) Debré, Jean-Louis; Bochenek, Valérie. (2013). Ces femmes qui ont réveillé la France. Arthème Fayard, 374 or. ISBN 978-2-213-67180-2..
  • (Frantsesez) Bosio-Valici, Sabine; Zancarini-Fournel, Michelle. (2001). Marguerite Durand, la Fronde. in: Femmes et fières de l'être : un siècle d'émancipation féminin. Larousse, 119-120 or. ISBN 2-03-505098-7..

Ikus, gainera

Kanpo estekak