Nekane Balluerka

ikertzailea (2017-2021)

Miren Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, Gipuzkoa, 1966ko abenduaren 5a) psikologoa Portaera Zientzien Metodologiaren irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitatekan. 2017tik 2021era UPV/EHUko errektorea izan zen.[1][2]

Nekane Balluerka


Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea

2017 - 2020ko azaroaren 26a
Iñaki Goirizelaia - Eva Ferreira García
Bizitza
JaiotzaOrdizia1966ko abenduaren 5a (57 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaDonostia
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea eta psikologoa
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaUdako Euskal Unibertsitatea

Inguma: nekane-balluerka-lasa

2021an Euskadi Ikerkuntza Saria jaso zuen. Ikertzaile moduan ekarpen nabarmenak egin baititu Diseinuen eta Datuen Analisiaren arloan, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak burutzeko, bai eta neurketa-tresnak (hala nola testak, galdesortak eta eskalak) kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan ere.[3][4]

Ikerlaria

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratu zuen Psikologiako lizentzia, 1989an (promozioko espediente onenaren Ezohiko Saria, bietan).[5] Lizentziatura amaitu ondoren, irakasle lanetan hasi zen Psikologia Fakultatean. 1993an eskuratu zuen doktoregoa unibertsitate berean egindako Efectos de las instrucciones en el procesamiento de textos científicos. (Azalpenen eraginak testu zientifikoen prozesaketan) tesiarekin.[6]

2009. urtetik unibertsitateko katedraduna ere bada, Portaera Zientzien Metodologian. Ikerketa lerro hauetan egin ditu ekarpen nagusiak: ebaluazio psikologikorako tresnak sortzeko eta haien kulturarteko egokitzapena gauzatzeko metodologia, gizaki-taldeen esperimentazio hiperkualitatiboa, eta maila anitzeko analisi ereduen aplikazioa fenomeno psikosozialen ikerketan. Diruz lagundutako 42 ikerketa proiektutan parte hartu du, eta ikertzaile nagusi izan da horietako bederatzitan. Qualiker taldeko ikertzaile nagusia da. Ehun artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, baita 26 liburu eta 9 liburu kapitulu. 240 ekarpen egin ditu estatuko eta nazioarteko biltzarretan.[7][8]

Hamar doktorego-tesiren zuzendari edo zuzendarikide izan da, eta horietako hiruk doktoregoko ezohiko saria jaso dute. Tesi horietako batek Eusko Jaurlaritzak ematen duen "Euskal Gizartearen Egoera” saria jaso zuen, eta beste batek accesita. Hainbat hitzaldi eman ditu gonbidatu gisa. Multietnikotasunaren alde agertu da hainbat aldiz, bere jatorri euskaldun (amaren aldetik) eta ijitoari (aitaren aldetik) aipamena eginez.

Ikertzaile bisitari gisa aritu izan da hainbat unibertsitatetan: Arizona State University (1995), University of California (2005) eta Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research (University of Manchester, 2010). Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) kidea da, eta Portaera Zientzien Metodologiako Espainiako Elkarteko (AEMCCO) eta European Association of Methodology (EAM) elkarteko kide fundatzailea. Azken elkarte horren kasuan, Methodology. European Journal of Research Methods for the Behavioral and Social Sciences izeneko aldizkari ofizialeko editorea ere izan da lau urtez (2011-2015).

Unibertsitate-kudeatzailea

Errektore-hauteskundeak EHUn, 2016ko emaitzak (Berria)

Nekanek ibilbide luze egina du unibertsitate kudeaketan. Honako kargu hauek izan ditu UPV/EHUn: Psikologia Fakultateko dekanordea (2004-2006); Ikasketa Berrikuntza eta Kalitatearen arloko errektoreordea (2006-2009); Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordeko kidea (2007-2012); Gizakiekin lotutako Irakaskuntzarako eta Ikerketarako Batzorde Etikoko kidea (2009-2012); Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea (2012-2016) eta burua (2012-2013); 2017ko urtarriletik UPV/EHUko errektorea da. Aurretik 2009tik Iñaki Goirizelaia izan zen errektorea.

UPV/EHUko lehen errektore andre hautatua da (Arantza Mendizabal "jarduneko" errektorea izan zen 1985eko maiatzaren 27tik 1986ko urtarrilaren 21era arte). 2017-2020 urteen artean errektore izan zen bitartean lau titulu berri ezarri zituen EHUk (azkenekoa, Adimen Artifizialeko Gradua), eta bi zentro berri atxiki ditugu: GOI ikastegika eta Elías Querejeta Zine Eskola.[9]

Feministatzat du bere burua eta sustatu dituen neurrien artean daude berdintasunaren aldeko politikak bultzatzea, formularioetan sexuari buruzko atalean "ez-binario" kasilla irekitzea eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berritzea.[10][11][12]

Argitalpenak

Beti psikologiaren barruan, euskarazko honako liburuen idazketan parte hartu du:[13]

  • SPSS eta R Commander. Ikerketa ez-esperimentaleko datuen analisia (2018)
  • Sentituz, izan sortzaile. Gazteen sormen emozionala sustatzeko esku-hartze programa (2017)
  • Psikopatologia (2014)
  • Facilitación de equipos de innovación (2013)
  • Nortasunaren nahasteen etiologia eta tratamendua (2011)
  • Kontzientzia fonologikoa lantzeko programa (2008)
  • Hizkuntza idatziaren didaktika Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan (2008)
  • Ikerketa metodoak eta diseinuak psikologian (2007)
  • Ikerkuntza psikologian. Ikerketa-baldintzak eta diseinuaren baliotasuna (2007, 2. argitalpena)
  • Ikerkuntza psikologian. Ikerketa-baldintzak eta diseinuaren baliotasuna (2003)
  • Diseños de investigación experimental en Psicología. Modelos y análisis de datos mediante el SPSS 10.0 (2002)
  • Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak (2001)
  • Planificación de la investigación. La validez del diseño (1999)
  • La Psicología como ciencia: Principales cambios paradigmáticos y metodológicos (1998)
  • Saiakuntza eta sasi-saiakuntza diseinuaren balidezia psikologian (1996)
  • Datu analisia eta saiakuntza diseinuak portaera zientziatan (1995)
  • Cómo mejorar el estudio y aprendizaje de textos de carácter científico (1995)
[Betiko hautsitako esteka]Uztaro aldizkariko egilekideen grafoaren zati bat (2020-10)[14]

Kirolaria

Futbolaria, nerabezaroan Gipuzkoako selekzioan aritu zen. Ikasketak zirela eta utzi zuen gero.[10] Shorinji-Kempo arte martzialean ere aritu zen.

Sariak eta errekonozimenduak

  • 2021: Euskadi Ikerkuntza Saria, meritu hauengatik: Diseinuen eta Datuen Analisiaren arlokoak, eta neurketa-tresnak (hala nola testak, galdesortak eta eskalak) kultura artean egokitzeko metodologiaren arlokoak ere. Lan zientifiko bikainaz gain, honako hauek azpimarratu ditu epaimahaiak: lidergo zientifikorako duen gaitasun bikaina, eta jokabide-zientzien metodologiari buruzko bere ikerketak Euskadin izan duen eragin handia.[4]

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Nekane Balluerka