Iñaki Goirizelaia

EHUko errektorea (2009-2017)

Joseba Iñaki Goirizelaia Ordorika (Bilbo, 1958ko maiatzaren 2a - ) Ingeniaritza Telematikoan katedraduna eta irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Komunikazioetako Ingeniaritzako sailean. 1981ean hasi zen irakasle lanetan Bilboko Goi Ingeniaritza eskolan. EHUko errektorea izan zen (2009-2017), eta lehenago Bizkaiko Campuseko errektoreorde (2005-2008) eta unibertsitate-enpresako errektoreorde ere bai (1998-2000). Jone Goirizelaia abokatua du arreba.

Iñaki Goirizelaia


Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea

2009 - 2017
Juan Ignacio Pérez - Nekane Balluerka Lasa
Bizitza
JaiotzaBilbo1958ko maiatzaren 2a (65 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
BizilekuaMungia
Familia
AmaPilar Ordorika
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
SRI International
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea eta ingeniaria telekomunikazioetana
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea

Inguma: inaki-goirizelaia-ordorika

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea (2009-2017)

2008ko abenduaren 4ko EHUren errektoretzarako hauteskundeak irabazi zituen.[1] 2009ko urtarrilaren 9an izendatu zuten errektore. 2012an, hautetsi bakarra izanik, berriro ere erretore atera zen hauteskundeetan.

Krisi ekonomikoaren urteetan aritu zen arren, ikerketa, hezkuntza eta euskararen erabileraren aldetik hobekuntza nabarmenak lortu zituen unibertsitateak urte horietan. Hala ere agintaldiko bukaera aldean EHUri finantzaketa bermatuko zion Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege berria eskatu zien agintari eta ordezkari politikoei.[2]

2014ko abenduaren 3an epaitegian deklaratu behar izan zuen unibertsitateak langile guztiei ordaindutako ordainsari batzuengatik.[3] Baina, epaitegiak ebatzi zuen EHUko errektoreak ez zuela lege hausterik egin, aurreko urtean aparteko lansarien ordainketak aurreratzea onetsi zuenean.[4]

2017ko urtarrilean, bi agintaldiz aritu eta gero, errektoretza kargua utzi zuenean hurrengo errektorea Nekane Balluerka izan zen.

2007tik Interneteko .eus domeinua lortzeko talde eragilean aritu izan zen aktiboki. .eus Fundazioko kidea da ICANN erakundeak (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) domeinua onartu zenetik, eta fundazioko lehendakari hautatu zuten 2017an errektoretza utzi eta hilabete geroago, Joan Mari Torrealdai ordezkatzeko.[5]

Plazako dantzaria izanik, ekitaldi akademiko batzuetan hitzaz gain, dantzaz ere baliatu izan da mezuak adierazteko.[2] Mungiako Amilotx Dantza Taldeko zuzendaria da.

Euskarazko tesitarako 2011ko Koldo Mitxelena sariak[6][7]

Ibilbide akademikoa

1987an doktore titulua lortu zuen "Giro industrialetako pieza partzialki ikuskorren ezaguerarako arkitektura eta algoritmo berria" izeneko tesia Bilboko Ingeniaritza Eskolan aurkeztuta.[8] Lehenago 1984an eta 1985ean Visiting Fellow moduan aritu zen 20 hilabetez Kaliforniako Stanford Research Institutuan (SRI). Bertan ikerketa-lanak egin zituen adimen artifizial eta ikusmen artifizialean. Lan horiek izan ziren bere tesirako oinarria, hain zuzen ere.

2004an sei hilabetez irakasle bisitari moduan aritu zen Massachusetts-eko Institutu Teknologikoan MediaLab laborategian. Bertan boto elektronikoa eta Internet bidezko botoa bideratzeko teknologia ikertu zituen.

2017an, Boise State University-ko (BSU) Eloise Garmendia Bieter katedraz jabetu zen, Etxepare Institutua tarteko. Boiseko egonaldian, “Nation making: Education, Science and Media” ikastaroa eta hitzaldiak eman ditu BSUn, eta euskal komunitateak antolatutako tailer eta emanaldietan parte hartzen du abuztura bitarte.[9]

Testu-liburuak

Iñaki Goirizelaia aitzindarietako bat izan zen Telekomunikazioetako Ingeniaritzan euskarazko testu-liburuak eta materialak idazten. Programazioaren oinarriak izeneko liburua argitaratu zuen 1999an. Geroago 2011n Maider Huarte Arrayago, eta Purificacion Saiz Agustin-ekin Telekomunikazio-sare eta zerbitzuak: Ariketa ebatziak eta Teoria liburuak argitaratu zituen.[10]

Ikerketa eta ezagutza-transferentzia

Bere ikerketa-ibilbidean hiru lerrotan aritu izan da: adimen artifiziala, ikusmen artifiziala eta telekomunikazioetako sareetako segurtasunean. Orain ingeniaritza telematikoko I2T ikertaldeko kidea da, Bilboko Ingeniaritza Eskolan.

Goirizelaiak sei tesi zuzendu ditu, horietako hiru euskaraz.[11] Ospe handiko nazioarteko aldizkarietan 14 artikulu argitaratu ditu, horietarik 19 estatuko aldizkarietan, 47 artikulu kongresuetan.[12][13] Gainera merkatura atera diren bi patente erregistratu ditu nazioartean eta beste bi Espainian.

1986an ADICORP, S.A. enpresa sortu zuen, ikusmen artifizialean tesian lortutako emaitzak merkaturatzeko. Enpresa hori lanean aritu zen 1993 urtera arte, langileek IKUSMEN S.L. enpresa berria sortu zutenean.

Ingeniaria eta dantzaria

«Dantza maite dut, beti egon naiz dantzaren munduan, Mungian eta Bilbon. Urte asko egin nituen Olaeta balletean. Víctor Olaeta erreferentea izan dut, 50 urte egin arte egon nintzen berarekin dantzatzen. Asko ikasi nuen berarekin. Dantza munduan, herri honek eman duen erreferenterik inportanteena da. Zalantzarik ez daukat. 1973an dantza taldea sortu genuen Mungian, eta orain bertako dantza irakaslea naiz. Koreografiak ere sortzen ditut, gure sustrai eta dantzetan oinarritu eta gauza berriak egiten ditut… Nire bizitzaren zatirik inportanteenetariko bat da dantza. Hori barik ez nintzateke neu izango.»

—Iñaki Goirizelaia.[14]


Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak