Nitroplasto

nitrogenoa finkatzen duen organulua

Nitroplastoa alga zelulabakar batzuetan aurkituriko organulua da, Braarudosphaera bigelowii espezietan batez ere. 2024an aurkitu zen eta nitrogenoaren finkapenean hartzen du parte, aurrez bakterioek eta arkeobakterioek soilik finkatzen zutela uste zen[1]. Nitroplastoaren aurkikuntzak garrantzi handiko aplikazioak ekar ditzake biologia zelularrean eta nekazaritza zientzietan.

Braarudosphaera bigelowii alga zelulabakarra.

Aurkikuntza

2012an proposatu zen aurrenekoz nitroplastoaren existentzia. Garai hartan ordea Braarudosphaera bigelowii itsas alga espeziearen eta UCYN-A bakterioaren sinbiosian oinarritu zen, uste baitzen bakterioa zela nitrogenoa finkatu eta algari amoniakoa (NH3) ematen ziona. Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitateko Jonathan Zehr itsas ekologoak egindako ikerketek erakutsi zuten ustezko bakterioa ez zela algaz aparteko izaki bat, alga barneko organulu bat baino[1].

Egitura eta funtzioa

Ohiko organuluen egitura du eta bi irizpide betetzen ditu: alde batetik zelula zatiketan zelula berri bakoitzak jasotzen du eta bestetik zelula ostalariaren proteinak erabiltzen ditu.

Ikerlariek mikrografietan ikusi zuten nola zelula zatitzen denean nitroplastoa bera ere zatitu egiten den ondorengo zelulek nitroplastoa izan dezaten. Plastidioen antzera nitroplastoak ere badu bere DNA propioa, baina finkapena lortzeko beharrezkoak dituen proteinak zelulak berak eman behar dizkio[1].

Badirudi endosinbiosi bidez garatu zela nitroplastoa, duela 50-100 milioi urte elkarturiko alga eta bakterio baten erlaziotik.

Garrantzia

Aurrez uste zen nitrogenoa finkatzeko gaitasuna organismo prokariotoek soilik zutela. Nitroplastoaren aurkikuntzak injeniaritza genetikoari ikerketa bide berri bat ireki dio. Nitrogenoaren finkapena kodetzen duten geneetaz baliatuz nekazaritzan erabiltzen diren landareek beren nitrogeno propioa finkatzea ahalbidetu lezake, ongarrien erabilera nabarmen gutxituz eta ingurugiroaren kutsadura ere nabarmen jaitsiz[1].

Erreferentziak

Kanpo estekak