PP+Cs

PP+Cs 2020ko otsailaren 21ean Alderdi Popularrak eta Herritarrak alderdiak adostutako koalizioa da, urte bereko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezteko.[1][2]

PP+Cs
BuruzagiaPablo Casado
Inés Arrimadas
BozeramaileaCarlos Iturgaiz
Sorrera2020ko otsailaren 21a
Ideologia politikoaeskuin politikoa, kontserbadurismoa, liberalismoa, espainiar unionismoa
KideakPP
Herritarrak
Eserlekuak erakundeetanEusko Legebiltzarrean
6 / 75

Osaketa

Alderdia
Alderdi Popularra (PP)
Herritarrak - Herritarron Alderdia (Cs)

Historia

Aurrekariak

2019ko apirileko hauteskunde orokorretan Alderdi Popularraren (PP) eta Herritarron alderdiaren (Cs) arteko botoak banatzeak Espainiako Langile Alderdi Sozialistak (PSOE) aise irabaztea eragin zuen. Honen aurrean PPko idazkari nagusi Pablo Casadok bi alderdien arteko aliantza osatzeko deia egin zuen.[3] Era berean, 2019ko maiatzeko hauteskunde autonomikoen eta udal hauteskundeen ondoren PP eta Cs akordioetara iritsi ziren zenbait autonomia erkidegotan zein hiriburutan batera goberntazeko. 2019ko abuztuan PPk España Suma marka (euskaraz, "Espainiak batzen du") eta autonomia erkidego bakoitzaren izeneko beste 17 marka (tartean, País Vasco Suma) erregistratu zituen, Nafarroan Nafar Herriaren Batasunarekin (UPN) batera Cs eta PPk osatutako Navarra Suma aliantza oinarri hartuz.[4][5][6] 2019ko azaroko hauteskunde orokorren harira PPk España Suma koalizioa osatzeko eskaintza egin zion Cs-i,[3][7] baina Cs-eko buruzagi Albert Riverak guztiz baztertu zuen era horretako aliantzen aukera, UPNrekin batera egindakoa salbu.[8][9] Hauteskundeen ondoren Cs-en emaitza kaskarrengatik Albert Riverak dimisioa eman ondoren, alderdiak berriz ukatu zuen koalizioa osatzeko aukera 2019ko abenduan.[10][11]

2020ko urtarrilaren 31n, Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak 2020 urtean zehar Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak aurreratuko zituela iragarri eta bi egunetara, eta Cs barnean Kataluniako "salbuespenezko egoera" zela eta PPrekin batera Cataluña Suma aliantza osatzearen aldeko iritzi aldaketen ondoren,[12] Inés Arrimadas Diputatuen Kongresuko Cs-en bozeramaileak era horretako aliantza bat Galizian zein Euskal Autonomia Erkidegoan osatzeko aukera aipatu zuen, Mejor Unidos (euskaraz, "Hobeto batera") izenpean, eta Vox eskuin muturreko alderdia balizko aliantza batetik kanpo utzi zuen.[13][14][15]

Galizia

Galiziako presidente Alberto Núñez Feijóok, 2019ko azaroko hauteskundeen aurretik jada PP-Cs aliantza bat baztertu ondoren,[16] Arrimadasek egindako eskaintza baztertu eta horren ordez Cs-eko kideak Galiziako PPren zerrendetan gehitzeko deia egin zuen.[17] PPren zuzendaritzak ere Galizian koalizioaren beharrik ez zegoela esan zuen, bertako PP "zentro-eskuineko hautesle guztiak elkartzen" zituela iritzita,[18] baina ez zuen baztertu Cs-eko kideak PPren zerrendetara batzea.[19]

Galiziako Parlamenturako hauteskundeen aurrerarapenak, 2020ko apirilaren 5erako, denbora tarte txikia utzi zien bi alderdiei euren desadostasunak bideratzeko. Cs-ek 2020an zehar hauteskundeak izango zituzten hiru herrialdeetan (Katalunia, Euskadi eta Galizia) erabateko aliantza osatu nahi zuen, baian PPk uko egin zion Galizian euren izena plataforma zabalago batean disolbatzeari.[20][21] Núñez Feijóoren ustez "41 eta 0 aulkiren arteko baturak [Galiziako Parlamentuko PP eta Cs-en aulkien batura] marka gisa aldatu edo desagertu behar garela esan nahi badu, proposamena ez da zintzoa".[22] Otsailaren 18an (koalizioa erregistratzeko epemuga baino hiru egun lehenago) Arrimadasek eta Pablo Casadok bilera egin ondoren biek aitortu zuten Galizian koalizoa osatzeko aukerak aldendu egin zirela,[23] nahiz eta Cs-ek hasierako baldintza batzuk baztertu zituen, besteak beste Mejor Unidos izena (horren ordez "PP-Cs" soilik proposatuz), eta Cs-eko hautetsiek PPrekin "kolaborazio leiala" mantenduko zutela aldarrikatu, baina euren autonomia defendatuz eta Cs-eko kideak PPren zerrendetan independente gisa gehitzeko Feijóoren proposamena ukatuz.[24]

Azken unean Arrimadas Feijóo koalizioa negoziatzeko konbentzitzen saiatu arren otsailaren 19an aukera erabat baztertu zen,[25] eta Cs-ek bere hautagaitza propioa aurkeztea erabaki zuen.[26] Arrimadasek PPri ohartarazi zion Galizian koalizioari uko egin izanak ondorioak izan zitzakeela Katalunian, Cs-ek 36 aulki eta PPk 4 soilik edukita bi alderdien egoera kontrakoa izanik.[27][28]

Euskadi

Euskadin PPko zuzendaritzak Cs-ekin aliantza negoziatzeko nahia erakutsi zuen, baita Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentearen ordez (2018ko PPren primarioetan Soraya Sáenz de Santamaríaren babesle irmoa izan ondoren Pablo Casadoren zuzendaritzaren estrategiarekin hainbat desadostasun izandakoa) beste lehendakarigai bat hautatzeko prestutasuna ere.[19][29] Balizko hautagaien artean Rosa Díez aipatu zen, Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia (UPyD) alderdiaren sortzailea.[30] Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak aurreratzeak, ordea, denbora gutxi utzi zuen bi alderdien negoziaketarako eta Alfonso Alonso ordezkatzeko.[31][32]

Galizian ez bezala, bi alderdien zuzendaritzen arteko negoziaketa "oso aurreratuta" omen zihoan Euskadirako koalizioari zegokionez,[33][23] eta otsailaren 19an PP eta Cs-en arteko koalizio-akordioa hitzartu zen, Alfonso Alonso lehendakarigai izanik.[34] Hala ere, hurrengo egunean Euskadiko PP akordioaren aurka agertu zen, komunikabideen bidez Casado eta Arrimadasek Cs-entzat Araba eta Bizkaiako zerrendetako bigarren postuak hitzartu zituztela jakin ondoren,[35][36] Cs-entzat hainbesteko ikusgarritasuna "onartezina" zela iritziz, Euskadin inolako ordezkaritza instituzionalik gabeko alderdia dela kontuan izanik.[37][38][36] Otsailaren 21ean, gauerdia koalizioa erregistratzeko epemuga zela, Alonsok uko egin zion hitzarmena sinatzeari, Euskadiko PPk alderdiaren zuzendatitzari negoziaketatik baztertu izana eta akordioari buruzko informazioa ezkutatu izana egotzi ziolarik,[39][40] baina PPren zuzendaritzak hala ere koalizioa hitzartuko zela baieztatu zuen.[41][42] Euskadiko PPren iturriek Europa Press agentziari esandakoaren arabera, iragarritako baldintzetan hitzartuz gero ez lukete koalizio akordioa "aitortuko".[43]

PP eta Cs-ek koalizio akordioaren berri eman zieten komunikabideei, Alonsoren hautagaitzari aipamenik egin gabe,[44][45] eta PPren zuzendaritzak Alonsorengan zuen konfiantza "erabat hautsirik" geratu omen zen, aliantza onartuko ez balu "alde egin beharko" zuela ohartaraziz.[46][47] Era berean Euskadiko PPren gehiengoak Alonso (ez zuela dimisioaren aukera ikusten esan zuena) babestu zuen, eta alderdiaren zuzendaritza kritikatu zuen tartean sartzeagatik zein euskal kanpaina sakrifikatzeagatik alderdiaren Espainia osorako estrategiaren mesedetan.[48] Otsailaren 23an, sortutako liskarraren harira, Pablo Casado PPko buruzagiak Alonsori ez zela lehendakarigai izango iragarri zion, haren ordez Carlos Iturgaiz hautatuz, Euskadiko PPren presidentea izandako 1996 eta 2004 bitartean. PPko idazkari nagusi Teodoro García Egeak Alonsoren hautagaitza erretiratzea "elkarrekin harturako erabakia" zela adierazi zuen, baina Euskadiko PPk (Alonso oraindik presidente zela) alderdiaren zuzendaritzaren aldebakarreko erabakia izan zela salatu zuen.[49][50] Hurrengo egunean Alonsok dimisioa eman zuen Euskadiko PPren presidente gisa, eta aurreko egunetan gertatukoarekin desadostasuna adierazi ondoren politika utziko zuela iragarri zuen.[51]

Hauteskundeetako emaitzak

Eusko Legebiltzarra

Sei legebiltzarkide lortu zituzten, hiru Arabako barrutian, bi Bizkaiakoan (bakarra behin-behineko emaitzetan)[52] eta bakarra Gipuzkoakoan.[53] Denak PPkoak izan ziren salbu eta hirugarrena Arabako barrutian, zeina Ciudadanos alderdikoa zen: horrela bihurtu zen alderdi honen lehen legebiltzarkidea José Manuel Gil Vegas donostiarra. Behin betiko emaitzen kontaketa burutu ondoren gehitu zitzaien Luis Gordillo, Bizkaiako zerrendan bigarrena eta Cs Euskadiko burua.[54]

Eusko Legebiltzarra
DataBotoak%#Aulkiak+/–LehendakarigaiaGob.
202060,650%6.775.a
6 / 75
3[a]Carlos IturgaizZehazteke

Oharrak

Erreferentziak