Patxa

Patxa Ipar Euskal Herriko gazte-kolektibo abertzale eta ezkertiarra izan zen, joera anarkistakoa, 1986an sortutakoa. Kanpainak burutu zituen arlo anitzetan: gaztetxeak, intsumisioa, feminismoa, preso politikoak, zezenketen aurka, faxismoaren aurka, etab.

Patxaren logoa

Haren egoitza Patxoki zen, gaur egun Bizi! mugimenduak kudeatzen duen eraikina, Baionako Tonneliers karrikan.

1991n Oldartzen kolektiboarekin elkarlanean hasi zen.

Patxaren afixa ezagunena (1987)

1994an desegin eta, Oldartzenekin bat eginik, Herriaren Alde eragilea sortu zuten Patxako hainbat kidek.

Haren kideetarik batzuk oso aktiboak izan ziren Gazteriak mugimenduaren sortzean.

Patxaran izeneko fanzine bat argitaratzen zuen.

Historia

1986: Patxa sortu zen.

1987: Lehen Rock Eguna, Arrangoitzen.

1991: Etxe askatuaren okupazioa.

1991-1992: Insumisioaren aldeko kanpainaren gorena.

1994: Patxa desegin zen.

Okupazioak

Patxak, gazteentzako lokalen beharrari erantzun nahian, eraikin hutsak okupatu zituen, Baionan: Pannecau karrikan, Lagréou karrikan... Gehien iraun zuen okupazioa Espainiako karrikako Etxe Askatuarena izan zen, 1991n. Poliziak hilabete pare baten buruan handik kanporatu zituen, eraikinaren atea adreiluz hetsiz.

Insumisioa

Intsumisioaren aldeko manifestazioa.

Patxako kideek Frantziako armadan soldadutza egiteari uko egiten zioten. Haietarik batzuk intsumitu eta presondegiratuak ere izan ziren. Kanpainak sustengu handia bildu zuen eta MAIA (Militarismoaren Aurka, Intsumisioaren Alde) mugimendua sortu zen eta ondoko urteetan intsumitu gehiago ekarri[1].

Beste kanpaina batzuk

Patxa bereziki aktiboa izan zen beste hainbat arlotan: feminismoa, preso politikoen sustengatzea, zezenketen aurka, faxismoaren aurka...[2]

Eragina

Literaturan

2010ean, Eneko Bidegainek gazte taldeari buruzko liburua aurkeztu zuen, Patxa: Besta bai borroka ere bai izenburupean[3].

Kazetaritzan

Enbata aldizkariko 1991ko zutabe batean, Patxaren deskribapen bat irakur daiteke (frantsesez)[4].

Zineman

Rock et Révolution dokumentalean, Patxako orduko kide bat eta orduko irudi batzuk ikus daitezke (20:00tik goiti, hamar bat minutuz).

Toponimian

2017an Patxa Plaza Kolektiboak, Baionako herriko etxearekin elkarlanean, herri galdeketa bat abiatu zuten Patxa plaza eraberritzeko[5]. 2019an, ofizialki Trinketeko plaza zena Patxa plaza bilakatu zen[6].

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak