Pepita Carpeña

Espainiar feminista eta anarkosindikalista

Josefa Carpena-Amat , Pepita Carpeña izenaz ezagunagoa (Bartzelona, 1919ko abenduaren 19a - Marsella, 2005eko ekainaren 5a), [1] feminista eta anarkosindikalista izan zen, frankismoan erbesteratua.

Pepita Carpeña

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosefa Carpena-Amat
JaiotzaBartzelona1919ko abenduaren 19a
Herrialdea Katalunia
Heriotza15th arrondissement of Marseille (en) Itzuli2005eko ekainaren 5a (85 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
Jarduerak
Jardueraksindikalista eta itzultzailea
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaMujeres Libres


Biografia

Pepita Carpeña Bartzelonan jaio zen langile familia handi batean.12 urterekin jostun lanetan hasi zen. Mugimendu libertarioa ezagutu zuen gazte-gaztetatik eta 1936ko Espainiako Iraultza Sozialean parte hartu zuen, Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuan, Federación Ibérica de Juventudes Libertarias (euskaraz: «Gazte Libertarioen Iberiar Federazioa») erakundean eta Mujeres Libres (euskaraz: «Emakume Askeak») erakundean, mugimendu feminista libertarioaren barruan. [2]

1936ko uztailaren 18an iraultzan parte hartu zuen eta uztailaren 20an ere Drassanes kuartelaren aurkako erasoan lagundu zuen. Azarotik aurrera Pedro Perez Mir-en bikotekidea izan zen, baina gizona frontean hil zen. 1937ko maiatzeko gertaeretan parte hartu zuen, eta 1937 amaieran Mujeres Libres mugimendu anarkofeministarekin bat egin zuen. Mujeres Libresen Kataluniako Eskualde Batzordeko propagandako idazkari ardura hartu zuen eta herrietan eta lehen guda-lerroetan hitzaldiak eman zituen. Han Emma Goldman ezagutu zuen. Espainiako gerra zibilean arma eta munizio fabrika batean ere lan egin zuen.

1939ko urtarrilaren 25ean (tropa frankistak Bartzelonan sartzeko bezperan) Espainiatik alde egin eta Frantziara abiatu zen. Montpellierreko mugan dagoen Clarmont d'Erauko kontzentrazio-esparruan egon zen ia urte batez. Frantziar batekin ezkondu zen, baina Marseillara iristean utziko zuen. Hiri hartan, non Espainiako errefuxiatu ugari baitzeuden, Juan Martinez Vita "Moreno" anarkistaren bidelagun bihurtu zen.

1945ean, Frantzia askatu ondoren, militatzen segitu zuen, CNTren eta Juventudes Libertarias erakundearen berreraikuntzan aktiboki parte hartuz.[3] Apirilean, Tolosan, Juventudes Libertarias erakundeak erbestean antolaturiko lehen kongresuan delegatua izan zen. Geroago "Acratia" antzerki taldean parte hartu zuen eta erbestean CNTko kidea izan zen. 1979az geroztik, CIRA - Centre International de Recherches sur l'Anarchisme (Anarkismoaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroa) elkartean kolaboratu zuen, eta 1988tik 1999ra Marsellako adarraren koordinatzailea izan zen.[4]

Marseillan hil zen 2005eko ekainaren 5ean; bere gorpua bertan erraustu zuten. [5]

Obra[4]

  • 1992ko apiriletik 1993ko ekainera bere bizipenen kontakizuna egin zuen gaztelaniaz: Toda una vida: vivencias (Bizitza oso bat: oroitzapenak). Pepitak berak egin zuen frantsesezko itzulpena (Toute une vie: mémoires), eta testua fotokopiatan banatu zen 1998an. 2000. urtean Éditions du Monde libertaire et Alternative libertaire (Brusela) argitaletxeek plazaratu zuten Graine d'ananar bilduman.

Hitzaldiak eta artikuluak

  • Bartzelonan eginiko Anarquisme: exposició internacional sinposioan parte hartu zuen (Fundació d'estudis llibertaris i anarco-sindicalistes, 1994, 592 or.) Feminismoa / Post-feminismoa eztabaidan (340-377. or.).
  • Mujeres Libres eta Luchadoras Libertarias lan historiko kolektiboan ere kolaboratu zuen (Fundación Anselmo Lorenzo, 1999, 191 p.). Han ekarpen bi egin zituen: Vivencias (Bizipenak, 73-78. or.) eta Solidaridad fraterna (Neba-arreben arteko elkartasuna, 79-82. or.).
  • Marseillako CIRAren buletinean ere aurki daitezke bere ekarpenak: 1886, 1936 et quelques autres anniversaires… (1886, 1936 eta beste urteurren batzuk... - [1986, 26-27. zk.]) eta Les anarchistes espagnols dans la tourmente (1939-1945) (Espainiako anarkistak ekaitzean - 1939-1945 - [1989, 29-30. zk.]).
  • Espainiako eta Frantziako beste argitalpen libertario batzuetan ere lagundu zuen: Cenit, CNT, Le Combat syndicaliste, Ideas-Orto, Solidaridad obrera.

Bibliografia

Literaturako pertsonaia

  • Griselda Martín Carpena ilobak, medikuntzan doktorea, zientzia irakaslea eta idazlea, "Mujeres en la sombra" (Emakumeak itzalean) nobela argitaratu zuen, Comanegra argitaletxean. Nobelaren Paula pertsonaia Pepitaren biografian oinarriturik dago.

Filmografia

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak