Munduko jaiotza-tasak 2017an: tasa baxuak tonu urdinetan, tasa altuak beste koloreetan.

Jaiotza-tasa edo jaiotza-indizea urtebetean lurralde batean jaiotzen diren umeen kopurua da eta kopuru hori mila biztanlerekiko adierazten da; hau da, ‰ zeinua erabiltzen da, eta, adibidez, esaten denean halako lurralde batek ‰ 15eko jaiotza-tasa duela, esan nahi du mila biztanleko 15 ume jaiotzen direla urte betean.

Jaiotza-tasa lurralde bateko biztanleriaren hazkundea kalkulatzeko erabiltzen da. Adierazle horri esker, biztanleria eta baliabide ekonomikoak banatzeko etorkizunean beharrezkoak izango diren politikak erabaki daitezke aurretiaz.

Nola kalkulatzen da?

Herrialde bateko jaiotza-tasa kalkulatzeko, urte betean jaiotakoen kopurua bider 1.000, eta emaitza zati herrialde horretako biztanleria osoa egiten da. Emaitza ‰ 15 baino txikiagoa bada, jaiotza-tasa baxutzat jotzen da eta ‰ 25 baino altuagoa bada, aldiz, jaiotza-tasa oso altutzat. Honako hauek dira jaiotza-tasa handiagoa edo txikiagoa azaltzen duten arrazoi nagusiak:

  • Gerrek jaiotza-tasa murrizten dute, baina ondorengo urteetan hazi egiten da.
  • Baliabide edo aberastasun eskasak izateak jaiotze-tasa igotzen dute, izan ere, seme-alabek ikasi beharrean lan egiten dutenean, diru iturri bihurtzen baitira. Horregatik, herrialde edo lurralde pobreagoetan jaiotza-tasa handiagoa izaten da herrialde edo lurralde aberatsagoetan baino.
  • Herrialde aberatsetan, biztanleen batez besteko bizi-maila altuak jaiotza-tasa txikia izatea eragiten du; izan ere, familiek nahiago izaten dute seme-alaba gutxiago izan eta beren bizi-mailari eutsi. Hori ernalkuntza eragozteko sistemak erabiltzen direlako izaten da.
  • Baliabideak eta eskura duten aberastasuna handitu dituzten baina jaiotza-tasa handiko pobrezia-egoera batetik datozen populazioek jaiotze-tasa handia mantendu ohi dute. Bigarren belaunaldiek murrizten dute jaiotze-tasa altu hori.
  • Jaiotza-tasa altuagoak dituzten herrialdeetako etorkinek bigarren herrialde horretako batez bestekoa igotzen dute. Arrazoi beragatik, etorkinak etxera itzultzeak jaiotza-tasan beherakada eragiten du.

Gure inguruko jaiotza-tasak

Hona hemen datu batzuk gure inguruko jaiotza-tasen egoera eta bilakaera ulertzeko:

  • 1975ean, Espainiako jaiotza-tasa ‰ 18,70 zen. 2020an, berriz, ‰ 7,62. Beste modu batera esanda, azken 45 urteetan erdia baino gutxiagora jaitsi da, eta munduko jaiotza-tasarik txikienetakoa da.
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jaiotza-tasa ‰ 19,1 zen 1975ean. 2019an, aldiz, ‰ 7 baino ez zen. Ondorioz, esan daiteke hiru probintzietan beherakada are handiagoa izan dela azken 45 urteetan. Denbora tarde berean, Nafarroa Garaia ‰ 17,83tik ‰ 8,23ra igaro da.
  • Frantziako jaiotza-tasa ‰ 15,00tik ‰ 11,2ra jaitsi zen 1975 eta 2019 bitartean, baina gure inguruan baino askoz gutxiago jaitsi zela ikusten dugu.
  • Afrikako zenbait herrialdek, berriz, esate baterako Nigerrek, Angolak edo Ugandak, ‰ 42 baino gehiagoko jaiotza-tasa dute gaur egun. Horrek esan nahi du herrialde horietan Euskal Herrian baino sei bider haur gehiago jaiotzen direla.