Vareia

Vareia beroien antzinako hiria izan zen, Erromak konkistatua izan zena. Gaur egungo Logroño hiriko Varea auzoan aurkitzen dira haren aztarnak[1]. 1994an Kultur Ondasuna izendatua izan zen[2].

Vareia
Vareiako aztarna erromatarrak
Datuak
Eskualde historikoHispania
Erromatar Inperioko probintziakHispania Tarraconensis
Conventus iuridicusKomentu zesaraugustoarra
Koordenatuak42°27′39″N 2°24′24″W / 42.46082°N 2.40657°W / 42.46082; -2.40657
Map
Historia
GaraiaK.a. I mendea
UzteaK.o. V mendea
KulturaBeroiak, Erromatarrak

Beroien hiriburua zen eta erromatarren garaian ibai portu garrantzitsua bihurtu zen, Ebro ibaiaren sorreratik gertuen zegoen merkatalgunea izan zen[3]. Vareiatik galtzada garrantzitsuak ateratzen ziren, iparraldeko eta goi-ordokiko hiri garrantzitsuenak Mediterraneoko hiriekin harremantzea ahalbidetuz.

Toponimia eta kokapena

"Vareia" toponimoa literatura-iturrietan eta Uarakos txanpon-etxean agertzen da. Estrabonek grezieraz Ouaría izendatu zuen eta erromatarrek Varia,​ Vareia​​ edo Vereia.[4] Beranduago Varaia edo Baregia ere aipatzen da.

Historia

Beroien hiria

Bi Vareia izan ziren: alde batetik, beroien hiria eta bestetik erromatarra. Beroien hiriaren kokapena ezezaguna da: badaude Logroñotik iparraldean dagoen Cantabria mendian zegoela esaten dutenak,[5] baina aditu gehienek La Custodian,Vianan, zegoela uste dute[6]. Erromatar hiria, berriz, zalantza barik egungo Varean zegoen[7], Logroñoko auzoa den horretan.

Tito Livio erromatar historialariak aipatzen du Sertorioren gerran Sertorio berak Vareia zeharkatu zuela eta garai hartan beroien hiri indartsuena zela[8]. Hiri benetan oparoa izan zen harik eta Kantabriar Gerren (K.a. 27-19) hasieran suak erre[8] eta hiriaren gainbehera hasi zen arte. Batzuek diote Sertorio jenerala bera izan zitekeela erretzea agindu zuena[6], izan ere Ponpeioren aliatua baitzen, Sertoriroren etsaia[2]. K.o. 39. urtean erabat hustuta gelditu zen beroien Vareia.

Erromatarren hiria

Vareia hiri erromatarraren aztarnak.

Kantabriar Gerren garaian, Iregua eta Ebro ibaiek bat egiten duten tokian erromatarrek kanpaleku militarra ezarri zuten, Legio IV Macedonicari zegokiona[6]. Hispaniako gerretarako kontrol eta logistika laguntza ezartzea zuen helburu. Tarraco hiritik Ebroren hegoaldeko ertzean galtzada luze bat eraikiz joan ziren kantabriarren lurretara eta Iregua ibaia zeharkatzeko zubia eraiki zuten K.a. 9. urtearen aldera, hasieran probisionala eta ondoren harrizkoa[6]. Bestalde Iregua ibaiaren eskuineko ertzetik beste galtzada bat eraiki zuten Numantzia hirira. Galtzada bien arteko bidegurutzea toki estrategikoa izanik kanpaleku militarra bertan ezartzea erabaki zuten[8].

Kanpaleku militarraren inguruan zerbitzuak ematen zituzten gehigarri ugari eraiki ziren; funtzionarioak, instituzioak, tenpluak, merkatariak... Beroien hiri galdutik joandako biztanleak ziren gehienak eta hirigune zibil bat sortu zen. Aurreko hiriaren izena eraman zuten beraiekin eta hiri berriak Vareia izena hartu zuen horrela[6]. K.o. I. menderako Ebro haraneko talde etnikoak erabat desagertu ziren, tartean beroiak, eta erromatarrek hirien aldeko apustua egin zuten[9].

Hurrengo mendeetan hiriaren garrantziak, hazkuntzak eta aberastasunak gora beherak izan zituen III. mendeko matxinadek eta 283. urteko Bagauden erasoaldien ondorioz. V. mendean bisigodoak iritsi ziren Erromaren aliatu gisa eta sueboen aurkako erasoak hasterakoan Ebro haran guztia ezegonkortu zen. Garai hartan hustu zen Vareia, eta nekazal eremu barreiatua bihurtu zen.

Arkeologia

Hainbat aurkikuntza arkeologiko egin dira azken urteetan:

  • Ireguaren gaineko zubia: Ibaiak Ebrorekin bat egiten duen puntutik 500 metrotara hainbat oinarri aurkitu dira, ez da ordea datazioa egiteko erabilgarria den elementurik aurkitu. Cesaraugusta-Virovesca (Zaragoza-Briviesca) galtzadaren osagaia zen eta erromatar inperioaren hasieran eraiki zela uste da.
  • Mosaikoak: Eremu horretan ugaria den kuartzoz egindako tesela geometriko asko aurkitu dira.
  • Hilarriak: Idazkiak dituzten bi hilarri aurkitu dira. Bata C. Valerius Donatus-ena (K.o. I mendea) eta bestea Tertius beteranoarena (beranduagokoa)[6].
  • Arkitektura aztarnak: diametro anitzetako hainbat zutabe beren oinarriarekin, eta kapitel joniar bat.
  • Silvanoren burua da aurkitu den eskultura bakarra.
  • Txanponak: zilarrezko bost denario, lau Segobriceskoak eta bat Turiasukoa. Horietaz gain brontzezko as bat, Marko Aurelioren garaikoa.
  • Keramika zatiak
  • Urre, zilar eta berunezko falera bat: V. mendeko pieza da eta maila oso altuko pertsonek erabiltzen zuten brotxe bat da.

Erreferentziak

Kanpo estekak