Ebro

Ebro[1][2] Espainiako iparraldean sortu (Fontibre, Reinosa, Kantabria) eta, Errioxa, Hego Euskal Herria (Araba eta Nafarroa Garaiko hegoaldea), Aragoi eta Katalunia hegoaldea zeharkatu ondoren, Ampostatik hurbil (Tarragona) Mediterraneoan itsasoratzen den ibaia da. Ahoan Ebroren Delta eratzen du.

Ebro
Datu orokorrak
MotaIbai nagusi eta ibai
Luzera910 km
Geografia
Map
Koordenatuak43°02′15″N 4°22′12″W / 43.0375°N 4.37°W / 43.0375; -4.37
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Kantabria
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera86.800 km²
Arro hidrografikoaEbroren arro hidrografikoa
Ur-emaria426 m³/s
IturburuaFontibre (Hermandad de Campoo de Suso
Q5840302 Itzuli
Kantabria
Espainia)
Bokalea
()
Mediterraneoa (Deltebre)

Iberiar penintsulako bigarren ibaia da luzeran, 910 km, Tajoren ondoren. Mediterraneoko isuri aldeko ibaien artean bigarren luzeena da, Niloren ondoren. Arro (86.100 km²) eta emari (483 m³/s Tortosan[3]) handienak dituen Espainiako ibaia da. Euskal Herriko muga naturala osatzen du hegoaldetik; 207 km betetzen ditu Euskal Herriko hego-mendebal eta hegoaldean, 100 Araban (Errioxa eta Gaztelarekiko muga) eta 107 Nafarroan[4] (Errioxa eta Aragoirekiko muga). Euskal Herriko Mediterraneo aldera jotzen duten ibai guztiek Ebron isurtzen dute ura.

Izena

Ibaiaren izena grezieraz Έβρος zen eta latinez Iberus. Askotan Hiberus forman ere ageri da idazle latindarretan, Livio, Plinio edo Julio Zesarrek horrela aipatzen dute.

Erdi aroan, Arabiarrek Abroh edo Ibro moduan aipatzen zuten. Erdi aroko kronika kristauetan, ibaiak molde ugariz idazten zen, (H)Ebro, (H)Iberum, Ibero, Iberis, Hiberim,(H)Iberi... "Ebro" forman 917an ageri da lehenengoz idatzirik, beste forma anitzen artean[5]. XII. mendean hasten da gaur egungo forma zabaltzen.

Izenaren jatorria ez da batere argia. Baztertu ez diren hipotesiak honakoak dira, besteak beste:

  • Jatorri zeltarra: Iberiar penintsulan zeltak aspalditik ibili dira, eta zelterazko ber- ('ur jario' edo 'korronte') elementuarekin lotzen dute.
  • Euskal jatorriaː euskarazko ibar edo ibai hitzekin lotura duela uste da.
  • Jatori iberiarra: vaika ('ibar') hitzaren eratorritzat har daiteke, zeina vai (ibai) hitzaren eratorri den. Antzinako euskararekin lotura izan dezake.
  • Jatorri aurre-indoeuroparra: ibaiaren arroan zehar hazten ziren landareei egingo lieke erreferentzia ber- horrek.

Geografia

Ebro ibaia Fontibren.
Mendabian (Nafarroa Garaia).
Miraveten (Tarragona).
Ebroren Delta.

Ibilbidea

Ebroren iturburua Hermandad de Campoo de Suso udalerrian (Kantabria) dagoen Fontibre (latinez: Fontes Hiberis, «Ebroren iturria») zela uste zen; gaur egun, ordea, sorburua Hijar ibaian kokatzen da, 1.980 metrora. Goi ibilguan estua da, eta bertan egin da Ebroko urtegia (450 milioi m³). Gero Burgosko lurretan zabaldu egiten da, Zaragozaraino. Ondoren, Behe-Aragoiko ordoki idorrak gainditzen ditu eta Kataluniako kostaldeko mendien artetik barneratu ondoren, estutu egiten da berriro, Fayon eta Tortosa artean. Ampostatik aurrera, zenbait beso ireki eta ibai delta zabal bat osatzen du (320 km²ko azalera, 30 km luze). Tarragonako itsasertzean dagoen delta honek bi isuri nagusi ditu: Gola del Norte eta Gola del Sur deiturikoak, eta bien erdian dago Buda uhartea. Bertan daude Espainiako arroz-sail handienak. 1983. urtetik natura parkea da.

Fontibretik aurrera, ezker aldetik jasotzen du, Kantauriar mendikatean, Euskal Herriko mendietan eta Pirinioetan sorturiko adarren ura (Híjar, Nela eta Oca, Kantabrian eta Gaztelan; Omezillo, Baias, Zadorra eta Jugalez, Araban; Linares-Odrón, Ega eta Arga-Aragoi, Nafarroan; Gállego eta Segre-Cinca sistema, Aragoin), eta Iberiar sisteman jaiotako adarrena eskuin aldetik (Najerilla, Iregua eta Tirón, Errioxan; Alhama eta Queiles, Nafarroan; Jalon, Huerva, Martín, Guadalope eta Matarraña, Aragoin).

Kantabria, Gaztela-Leon, Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Nafarroa Garaia, Aragoi eta Katalunia zeharkatzen ditu. Araba eta Burgos artean, muga naturala da. Zeharkatzen dituen hiri nagusiak Reinosa, Miranda Ebro, Haro, Logroño, Calahorra, Alfaro, Tutera, Alagón, Zaragoza, Caspe, Mequinenza, Riba-roja d'Ebre, Tortosa, Amposta, Sant Jaume d'Enveja eta Deltebre dira.

Ebro itsasoratzean delta bat sortzen du, eta bertan korrontea bi adar nagusitan banatzen da, itsasora heldu aurretik. Delta horren zati bat Ebroren Deltako natur Parkearen barnean da eta babesgune naturala da. Gainontzekoa nekazaritza eta herriguneak dira.

Ebro ibaiaren batez besteko emaria 483 m³/segundokoa bada ere, ur kopuru horrek gorabehera handiak izan ohi ditu, zeharkatzen dituen lurraldeetako idorteak handiak direlako. Ebro ibaiaren ura lurrak ureztatzeko (Tausteko ubidea, Tutera-Cabanillas eta Zaragoza artean, 19,8 km Nafarroan barrena; Aragoiko Ubide Inperiala, Tuterako Bokalea eta Pina de Ebro artean, 90 km guztira, 18,5 km Nafarroan barrena) eta energia elektrikoaren ustiakuntzarako (Ebro, Mequinenza eta Ribarrojako urtegiak) erabiltzen da.

Ibaiadar nagusiak

Ezkerretik

Eskuinetik

Hidrometria

Ebroren emaria 1912-1993 bitartean neurtua izan zen Tortosan (itsasoratu baino 70 km lehenago)[3]. Gune horretan, drainatutako eremuak 82.841 km² ditu, arro osoaren % 96,2. Urteko batez besteko emaria 483 m³ segundokoa da. Emari handiena martxoan du (738,8 m³/s), eta txikiena abuztuan (147,6 m³/s). Beti ere, 1960ko hamarkadatik aurrera eraiki ziren urtegiek erabat aldatu dute emarien erregimena.

Ebroren batez besteko emariak (/s), Tortosan neurtuak
Datuak: 1912 eta 1993 artean

Ibai emaritsua da, baina gorabehera handiak izaten ditu urtean zehar. Udan, lehorte gogorrak direla eta, haren emaria oso urria izaten da; udaberrian, berriz, Pirinioetako elurren urtzea dela eta, haren emariak puntu gorena izaten du, horren adibidea, lehorte garaian Tortosan (Ebroren Deltan) 32 m³/sko emaria dugu, eta uholde garaian, berriz, 10.000 m³/s baino gehiago.

Hauek dira Zaragozan, XIX. mende amaieratik aurrera, izan diren uholde handienak[6]:

Emariaren aldaketa aldakorraz gain, aipatu beharrekoa da ibaiaren emaria jeisten ari dela hamarkadaz hamarkada. Urtegien erabilerak ura nekazaritzarako gehiago erabiltzeko aukera eman du, baina, jakina, ibaiaren berezko emaria apaldu du.

  • 1960ko hamarkadan 18 286,7 hm³/urtean.
  • 1970ko hamarkadan 15 507,7 hm³/urtean.
  • 1980ko hamarkadan 9574,1 hm³/urtean.
  • 1990ko hamarkadan 8253,8 hm³/urtean[7].

Horrek kezka eragin du ibaiaren emari ekologikoa betetzen ote den. Gaur egungoa emariaren muga 3150 hm³/urte da, baina 9600 hm³/urteko emarira igotzea proposatu dute[8].

Historia

Sorrera

Duela 37 milioi urte inguru, ebro inguruko urak atlantikora zihoazen. Iberiar plaka eurasiaren kontra lotu zenean, Pirinioak eta horrekin batera kantauriar kostaldeko mendiak sortu ziren iparraldean (Euskal Herriko arkua eta kantauriar mendikatea), eta Iberiar sistema hegoaldean. Hori gertatzean urek ez zuten aterabiderik topatu, eta denbora luzez laku eta aintzira gune izan zen gaur ebroko bailara deitzen duguna, miozenoan zehar. Gaur egun ere ikus daitezke garai horretako aztarnak, Ebroren haranean dauden gatzagetan, edo Bardean.

Metatutako sedimentuek erakusten dutenez, miozenoaren bukaeran lakuek ekialderantz egin zuten gainezka, eta erosioak bere lana egin zuen, Ebroko arroa sortuz. Itsasora iristean, ibaiak zekartzan sedimentuek Ebroren delta sorrarazi zuten.

Gizakia Ebron

Paleolitiko erdialdetik (duela 80.000-30.000 urte) gizatalde nomadak Ebro inguruan bizi zirela salatzen dute aztarna arkeologikoek. Neolitikoan aztarnak ugaritu egiten dira, sedentarizazioaren agerpenarekin.

Ebroko lurrak ez dira bereziki aberatsak izan nekazaritzarako, baina uraren presentziak eta ibaiak eskaintzen zituen garraio aukerak jendea erakarri du bertan kokatzera. Badirudi duela milioi bat urte jadanik gizakiak zebiltzala Ebro inguruetan. Feniziarrak eta gero erromatarrak penintsulara heldu zirenean, hamaikatxo talde zeuden Ebro haranean finkaturik: baskoiak, autrigoiak, zeltak, zeltiberiarrak eta iberiarrak.

VI. mendeko Avieno historialari latinoaren arabera, Ebro (latinez: Hiberus) baskoien lurralde barneko ibaia zen[oh 1]. Haren ertzetan zeuden Calahorra, Vareia, Alfaro eta Cascante, hiri baskoiak garai hartan. Avieno eta Plinioren arabera, Ebro ibaian kargaontziak ibiltzen ziren Tortosatik Tuteraraino. Badakigu XIII., XIV. eta XV. mendeetan nabigagarria zela ibaia[9] eta bere horretan iraun zuen ibaiak Erdi Aroan, ura lurretan erabiltzeko xedean han eta hemen urtegiak eraikitzen hasi ziren arte.

Mendeetan zehar, euskaldunen lurraldeak Ebrotik hegoalderantz zabaldu baziren ere, XIII.-XIV. mendetik aurrera, Ebro ibaia bihurtu zen, oro har, Arabaren eta Nafarroaren hegoaldeko muga. Historian zehar, Ebro ibaiaz beheiti bideratu zuen Nafarroa ekialdeko (Erronkariko almadiak) eta hegoaldeko (Erriberako ubideak) jendeak Aragoirekiko eta, batez ere, Zaragozarekiko garraioa.

XVIII. mendetik aurrera, Ebro ibaia Kantauri itsasoarekin lotzeko hainbat proiektu aurkeztu zen Euskal Herrian, euskal eremuko hegoaldea eta iparraldearen arteko harremanak estutzearren. Proiektu horien eduki politikoak, Euskal Herria batzeak alegia, susmoak sortu zituen, Madrilgo gortean batez ere, eta ez ziren inoiz onik atera.

XIX. mendean gertaturiko kolera izurriteak bereziki kolpatu zuen Ebroko harana.

XX. mendearen hasieran Ebroko gudua izan zen historiako puntu nabarmenetako bat, gerra zibilean zehar. Guda honetan Errepublikarren galerek alde nazionalaren garaipena finkatu zuen. Bestalde, XX. mendean zehar Ebroko urak ustiatzeko hainbat urtegi egin ziren. Azken urteetan eztabaida piztu da Ebroko uren erabilerari buruz, bertako urak beste tokietara mugitu eta erabiltzeko planak direla eta. Ura baliabide preziatua izateaz gain, kezka ekologikoak sortu ditu, uraren ustiapenak bertako fauna eta floran eragin kaltegarria duelakoan. Gainera, uraren erabilera dela eta sedimentu kopurua gutxitzen ari da, eta Ebroren delta murrizten.

Azpiegiturak

Urtegiak

Ebron hainbat urtegi daude horietako asko 1950eko eta 1960ko hamarkadetan eraikiak. Garrantzitsuenak honakoak dira:

  • Mequinenzako urtegia: 1.530 hm³ (1965). Urtegi handiena Zaragozan dago, elektrizitatea sortzeko erabiltzen da, batez ere.
  • Ebroko urtegia: 541 hm³ (1952). Kantabrian dago. Sakonera gutxi du eta beraz oso zabala da.
  • Ribarrojako urtegia: 209,56 hm³ (1969). Zaragoza eta Tarragona artean.
  • Sobróngo urtegia: 20 hm³ (1961). Burgosen.
  • Flix-eko urtegia: 4,171 hm³ (1948). Tarragonan.

Aipatutakoez gain badira ekoizpen hidroelektrikorako eta ureztatzeko erabiltzen diren hainbat urtegi txiki, 1 hm³ inguruko edukiera dutenak.

Ebron ez badaude ere, bere arroan badira beste urtegi handi batzuk, ibai hauetan banaturik:

  • Canelleseko urtegia: 678 hm³ (Noguera Ribagorçana, 1960)
  • Esako urtegia: 447 hm³ (Aragoi, 1959)
  • Medianoko urtegia: 428 hm³ (Cinca, 1960)
  • Itoizko urtegia: 410 hm³ (Irati, 2008)
  • Rialb-eko urtegia: 400 hm³ (Segre, 2000)
  • El Grado I urtegia: 400 hm³ (Cinca, 1969)

Ubideak

Ebron badira kanal edo ubideetan aipagarri zenbait, Aragoiko ubide inperiala, Aragoi eta Kataluniako ubidea eta Urgelleko ubidea, adibidez.

Bestalde, urak beste ibaietara eramateko sistemak ere badaude, haietako batzuk nahiko polemikoak izan direnak.

Ekoizpen elektrikoa

Ebro ibarrean 457 jauzi hidroelektriko daude, eta instalatutako potentzia 3.894,5 MWkoa da. Denen artean 38.000 hm³ ur erabiltzen dute urtean, 9.400 GWh inguruko ekoizpena lortzeko. Indarretxe garrantzitsuenak ezkerraldeko ibaiadarretan -batez ere, Segren eta honen adarretan (Cinca, Ésera, Noguera Pallaresa eta Noguera Ribagorçana)- eta Ebro Behereko urtegi-sisteman (Mequinenza–Ribarroja–Flix) daude[10].

Oharrak

Erreferentziak

Kanpo estekak