Xanti Iparragirre

euskaltzalea, bertsolaria eta bertso-eskola sortzailea

Xanti Iparragirre Perurena (Errenteria, 1934ko uztailaren 25a - Eskoriatza, 2022 urtarrilaren 2a) euskaltzale, herrigintzan ekintzaile eta bertsolari zein bertsozalea izan zen. Lehen bertso-eskolaren sortzailea izan zen Leintzen (Eskoriatzako Almen ikastolan), Patxi Goikolearekin eta Joanito Akizurekin batera. Hain justu ere, bertsolaritza haur eta gazteengana hurbiltzeko egindako ahaleginean nabarmendu zen.[1]

Xanti Iparragirre

Xanti Iparragirre, 1987an. Ondoan ditu, besteak beste, Jon Sarasua eta Arantzazu Loidi
Bizitza
JaiotzaErrenteria1934ko uztailaren 25a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaEskoriatza2022ko urtarrilaren 2a (87 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Bizitza

Errenteriako Añarbe baserrian jaio zen 1934an, gerora izen bereko urtegiaren eraikuntzak estali zuena. Hamasei urtera arte etxean lan egin zuen, gero basomutil aritzeko. Eraikuntzan ere aritu zen.

1958an ezkondu eta Eskoriatzara joan zen bizitzera, 25 urterekin, eta bost seme-alabaren aita izan zen. Kooperatibetan aritu zen lanean. 1981ean iheslari politiko bilakatu zen eta 22 urtez Ipar Euskal Herrian bizi izan zen errefuxiatu gisa. Marixol Iparragirre presoaren aita zen. Ipar Euskal Herrian ere bertso irakasle aritu zen urte luzez. 2003an itzuli zen berriro Eskoriatzara.[2]

Bizitza gogorra egokitu arren, aitzindaria izan zen bertsolaritza eskolara sartzen eta berak ere bertsoa baliatu zuen barrua husteko baliabide gisa, "Biziaren azala" liburuan ageri den legez.[3][4]

Bertso eskolen sortzable

Aitzindari izango zen haurrentzako Almeneko bertso-eskola sortu zuten 1974an, Eskoriatzako, Almen ikastolan. Patxi Goikolearekin eta Joanito Akizurekin batera.

Talde giroa egitea izan zuten helburu, bertsoaren bidez euskara eta euskal kultura lantzea. Almen ikastolan larunbat goizetan ematen zuten bertsolaritza, eta Eskolarteko Txapelketak prestatzeko garaia iristen zenean, Apotzaga auzoko elkartean afariak antolatzen zituzten, ikasle gaztetxoak lehenik pilotan arituz, ondoren elkarrekin afalduz eta afalostean bertsotan jarriz.

Leintz bailarako ikasleak biltzen ziren bertan, eta bertsolari on askoak atera zituzten irakasle hauek. Bertso eskola honetako ikasle izan ziren, besteak beste: Aitor, Iñaki eta Jon Sarasua, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Saioa Arando, Ainhoa Agirreazaldegi... Gainera, urte guzti horietan jasotako esperientziak 'Biziaren Azala'[4] liburuan ere jaso zituen.

Iparraldean bertso irakasle

1981ean Iparraldera errefuxiatu behar izan zen, bertan 22 urte pasa zituen. Bertan ere aritu zen bertso irakasle moduan.

Oholtza gainean bertsolari

Ez da oso ezaguna bere bat-bateko bertsogintza. Ordizian, 1961-62an egin zuen jendaurreko lehena,  22 bertsolarik parte hartu zuten txapelketa batean.

Txapelketeta hauetan parte hartu zuen:

- 1962ko Gipuzkoako Txapelketan.

- 1964ko Gipuzkoako Txapelketan.

- 1966ko Gipuzkoako Txapelketan.

- 1969ko Loiolako Herri Irratia Sarian.

- 1981ean Leintz bailarako txapelketan.

- 1985eko Euskal Herrikoan.

- 2002ko Iparraldeko Bertsu Ligan.

Azken agurra

Azken agurra[5] urtarrilaren 4an eman zioten, Eskoriatzako San Pedro elizan. Ostean udal pilotalekuan egin zioten omenaldia. Aurreskua, Danel Goikolea, Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolariak eta Marisol Iparragirreren bikotekide Mikel Albisu interbentzioa izan zituen, besteak beste, ekitaldiak. Marisol Iparragirrek kartzelatik bere aitari idatzitako hitzak ere izan ziren entzungai.

Erreferentziak

Kanpo estekak