Zenbat Gara

Zenbat Gara elkartea Bilbon sortu zuten 1990eko hamarkada hasieran Abando auzoan, hiri honetan euskal hiztunen komunitatea sendotzeko asmoarekin. Nagusiki Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko irakasle talde batek bultzatu du hasieratik egitasmoa.

Izaera

Ekolinguistika

Hastapenetan, Bizi+Hitza Fundazioa sortu zuten, Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx"en teoria ekolinguistikoekin bat eginez. "Un futuro para nuestro pasado" (1987) liburua eta "Euskara Bilbon" (1991) azterketa soziolinguistikoa abiapuntuak izan ziren eta, urte batzuk geroago, Jon Sarasuak "Biziaren hizkuntzaz. Txepetxekin solasean" (1997) argitaratu zuen.

Aurrerago, Juan Carlos Etxegoien "Xamar"ek segitu du ildo honexetatik. Bere argitalpenen artean, azpimarratzekoa da "Orekan: Herri eta Hizkuntzen ekologiaz" liburua (Pamiela, 2001), non jasotzen ditu ekolinguistika planteamendu hauek.

Bestela, Jose Angel Irigaray idazlea eta kulturgilea izan da planteamendu hauen guztien bideratzailea elkarterako.

Unibertsaltasuna

Bizkaiko hiriburuan sortu arren, elkarteak hasieratik ez dio tokian tokiko ezaugarriari bakarrik eutsi, baizik eta unibertsaltasunari ere bai, "hemen eta munduan" filosofiari jarraituz. Izan ere, munduko beste hizkuntza gutxituen eta herri txikien testigantzaren berri ematen ahalegintzen dira.

Halaber, nabarmentzekoa da elkartea alderdi politikoen eraginetik kanpo mantentzen saiatu dela beti. Euskararen mundua erakargarri egin eta, hizkuntza irakasteaz gain, euskaraz egunerokotasunean komunikatzeko uneak eta guneak sortuz Bilbon euskaraz bizitzea posible egitea du helburu euskara elkarteen Topaguneko kide den elkarte honek.

Izena

Pentsa daiteke elkartearen izena hautatu zutenek Benito Lertxundiren abesti zahar bati erreferentzia egiten ziotela, Ez Dok Amairu garaietako, "Zenbat gera?" abestiari.

Gabriel Aresti euskaltegia

Gabriel Aresti euskaltegia 1978an sortu zen, Bilboko Kale Nagusiko 24. zenbakian. 1986tik aurrera kooperatiba bihurtu eta bertako irakasleak eskolez kanpoko ekintzak antolatzen hasi zen, Bilbo hiriburu nagusiki erdaldunean, klase akademikoez gain, ikasleek harremanak euskaraz era natural batean egin ahal izateko aukerak behar zituztela konturatuta. Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx"en planteamendu soziolinguistikoek oinarri teorikoa eman zieten euskaltegiko irakasleen ordura arteko gogoetei. Txepetxek elkar elikatzen zuten hiru faktore aipatzen zituen, pertsona batek hizkuntza ikasteko: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Horregatik, aurrerantzean, eskolak emateaz gain, euskara erakargarri egin eta erabiltzeko uneak eta guneak sortzeari ekin zion euskaltegiko irakasle talde batek, Zenbat Gara elkartea eratuta. Gaur egun Euskal Herriko euskaltegirik handiena da Gabriel Aresti, ikasle kopuruari dagokionez, urte osoan denetara 2000 ikasle inguru matrikulatzen baitira bertan. Kale Nagusiko egoitza mantendu da, baina egungo egoitza nagusia eta bulegoa Done Bikendi kaleko 2. zenbakian dago, Kafe Antzokia dagoen eraikin berean.

Kafe Antzokia

Kafe Antzokia elkartearen etxe nagusia da hasieratik, San Bizente elizaren zinema izandakoan kokatutakoa, Abando auzoan.

Gaur egun Euskal Herriko kultur erreferente nagusietakoa da, kontzertuak, antzezlanak, hitzaldiak eta bestelako emankizunak eskaintzen dituena. Euren eredua Bilbotik kanpo ere zabaldu dira, Ondarroako Kafe Antzokia lehenik eta geroago eragina edukiz beste elkarte batzuetan, Elgetako eta Durangoko Kafe Antzokietan adibidez.

Erreferentzial bihurtu da beste hizkuntza gutxituen komunitate batzuentzat ere.

Bilbo Hiria Irratia

Bilbo Hiria Irratia katea euskaraz eta Bilbo Handiako eskualdean emititzen duen garrantzitsuena da. Zenbat Gara elkarteak sortu zuen 1997an.

Algara konpartsa

Algara konpartsak Bilboko Aste Nagusian txosna paratzeaz gain, urtean zehar beste jai batzuetan ere parte hartzen du, beti ere euskal kulturaren ingurukoak.

Argitalpenak

Badira zenbait urte sortzen ari ziren irakaskuntza eredurako ikasmaterialak argitaratzeari ekin ziotela. Berriketan zein Berbetan izenburupean ugari dira ikasle zein irakasleentzat landu dituzten liburuak, lehen urratsetik hasi eta EGAraino. Baina Gara argitaletxearen zeregina ez da horretara murriztu, euskalduntze prozesuaren urrats ezberdinei egokitutako irakur liburu mailakatuak ere kaleratu baitira.

Horrez gain, pentsamendu eta dibulgazio alorreko lanak ere argitaratu dituzte. Horra hor, adibide gisa, Jon Sarasuak idatzitakoa: "Txepetxekin solasean, Biziaren hizkuntzaz" (Bilbo, 1997) edo Zenbat Gara aldizkaria.

2011ko abenduan Atoan argitaletxea aurkeztu zuen Zenbat Garak, "Euskara errazean" bildumako lau liburu plazaratuz. Goiburuak dioen moduan, bilduma horretako liburuak euskara errazean daude idatzita, euskara ikasten ari direnei zuzenduta. 2012an, hala ere, Erroa argitaletxea izena hartu zuen, hori baitzen hasierako asmoa.

2012an, Xamar idazlearen "Euskara jendea: Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza" liburuan oinarritutako Euskara Jendea dokumentalaren ekoizpenean kolaboratu du Ibaizabal Telebista izeneko web telebistarekin.

Aisialdiko guneak

Ikus, gainera

Kanpo estekak