Zona zirkunestelar bizigarri

ur likidoa iraunarazi dezakeen izarraren inguruko esparrua

Astronomian eta astrobiologian, zona zirkunestelar bizigarria,[1] zona zirkunestelar habitagarria[1] edo laburtuta gune bizigarria, izar baten inguruko orbita tarte bat da, non aski presio atmosferiko duten gorputzek ur likidoa izateko moduko tenperaturak dituzten. Hartarako gorputzak 0,5 eta 10 M artean eduki behar ditu eta 6,1 mbar baino presio atmosferiko altuagoa.[2][3][4] Goian aipatutako bi aldagaiez gain beste hainbat ere aintzat hartu behar dira gorputz bat izar baten gune bizigarrian dagoela esan nahi bada, hala nola, eszentrikotasun orbitala, gorputzaren errotazioa, ezaugarri atmosferikoak edo aparteko bero-iturriak, errotazio sinkronoa adibidez.[5]

55 Cancri f-ren orbita 55 Cancri izarraren inguruan. Berdez margotutako lerro lodia gune bizigarria da eta planeta hori gune horretan dagoela ikus daiteke.

Egilearen arabera gune bizigarriaren mugak aldatu egiten dira, baina gure eguzki-sistemakoaren mugak Eguzkiarekiko 0,84 eta 1,67 UAra daudela onartu ohi da.[6] Lurra gune bizigarritik at egongo balitz bizia, ezagutzen dugun moduan, ezinezko litzateke; Eguzkiarekiko hurbilegi egonda Artizarrekoaren antzeko prozesua abiaraziko litzateke, hau da, kontrolik gabeko negutegi-efektua eta aldiz, urrunago egongo balitz gainazaleko ur guztia izoztu egingo litzateke.[7]

Exoplaneta harritsuak euren izarrarekiko gune bizigarrian aurkitu izanak gune horren inguruko interesa areagotu du astronomoengan.[8] Kepler teleskopioak eginiko aurkikuntzek iraultza ekarri dute astrobiologia, exoplanetologia eta astrofisikara, besteak beste.[5][9]

Historia

Kontzeptu honi egin zitzaion lehen erreferentzia 1853koa da eta William Whewell astronomoaren eskutik etorri zen, zeinak «eguzki-sistemako gune epela» izendatzeko erabili zuen.[10] Mende baten ostean, 1953an, Harlow Shapley eta Hubertus Strughold astronomoek kontzeptua zehazteko lan egin zuten eta bizia garatu zedin ur likidoak zuen garrantzia oso aintzakotzat hartu zuten, hori dela eta, «ur likidoaren gerriko» izenarekin egiten zioten erreferentzia gaur egun gune bizigarri gisa ezagutzen dugunari.[11] 1959an Su-Shu Huang are gehiago murgildu zen gune bizigarriaren kontzeptuan eta gune hori zehazteko ur likidoa egoteko baldintzez gain, izarraren eboluzioa, planeta-sistemaren mugaketa dinamikoak eta plano galaktikoarekiko gorputzak zuen orbita ere kontuan hartu behar zirela adierazi zuen.[10] 1964an Stephen H. Dolek Esne Bidean gune bizigarrian kokaturik zeuden planeta ugari zeudela adierazi zuen, aurrez pentsatzen zenaren kontrara.[12] Handik hamarkada batzuetara, 1993an, Kasting, Whitmire eta Reynolds astronomoek egun onartuena den gune bizigarriaren azalpena eman zuten. Azalpen horretan eredu klimatikoek garrantzia dute eta CO2-aren atzeraelikadura prozesuak (atmosferan dagoen kopuruaren arabera, negutegi-efektua sor lezake, kontuan hartu beharrekoa) ere bai, horrela zehaztu zituzten gune bizigarriaren kanpo eta barne mugak.[13]

Eskualdeak

Gune bizigarriaren eskualdeak erakusten dituen eskema. Bertan ageri diren planetak gaur arte Lurrarekin antz handiena dutenak dira.[14]

Gune bizigarrian kokatzen den gorputz orotan, beharrezko baldintzak betetzen baditu (osaera atmosferikoa, eszentrikotasuna, errotazioa, etab.), ura egoera likidoan aurki daiteke gainazalean.[5] Gakoa aipatutako baldintzak dira, adibidez, gorputz batek masa gutxi eta berotegi-efektua eragiten duten gasen kontzentrazio apala badu, orbitatzen dabilen izarraren gune bizigarriaren barnealdean kokatu beharko litzateke gainazalean ur likidoa edukitzeko, bestela ur hori urtze-puntuaren pean geratuko litzatekeelako, hau da, izoztuta. Kontrako kasuan, masa handiko eta berotegi-efektuko gasen kontzentrazio handiko gorputz bat gune bizigarriaren kanpoaldean kokatu beharko litzateke ura egoera likidoan edukitzeko, bestela Artizarrak bezala bukatuko lukeelako, berotegi-efektu ikaragarri batekin eta gainazalean ehunka graduko tenperaturarekin.[15]

Puerto Ricoko Areciboko Unibertsitatean kokatzen den Bizigarritasun Planetarioaren Laborategiak (PHL ingelesezko siglengatik) gorputz bat bere izarraren gune bizigarrian kokatuta badago zein posiziotan dagoen erakusten duen eskala bat sortu du, Habitable Zone Distance (HZD) izenekoa eta bertan, -1 eta +1 balioen artean dagoen planeta oro gune bizigarrian kokatuta dago, baina -1 baliotik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta hurbilago egongo da gunearen barnealdeko mugatik eta alderantziz +1 baliora hurbiltzen bada gorputza.[16] Izan ere, gune bizigarria hiru eskualdetan banatzen da: barne muturra, erdigunea eta kanpo muturra. Eskualde horien zabalera eta kokapena izarraren ezaugarrien (distira, tenperatura, masa, aldakortasuna, etab.) araberakoak dira.[17][18]

Barne muturra

Gune bizigarriaren barne muturra berau osatzen duten eskualdetako bat da, izarrarengandik hurbilen dagoena eta HZD eskalan -1 baliotik -0,5 baliora hedatzen dena, gutxi gorabehera.[16] Beste eskualdeekin gertatzen den bezala, zientzialariek ez dira jartzen ados haren mugen inguruan. Zenbaiten esanetan gure eguzki-sisteman eskualde hau Artizarraren orbitan hasten da eta Lurrarenean bukatu,[16] besteek bukaera hori 0,95 UAra edo 0,99ra kokatzen dute (Lurraren orbita 1 UAra dago).[19] Gorputzen bat eskualde honen muga baino hurbilago egongo balitz izarretik, ezingo litzateke haren gainazalean ur likidorik atzeman, izarrarengandik erradiazio handiegia jaso eta gainazaleko tenperatura altuegia izango litzatekeelako.[20] Zenbait adituren arabera, alabaina, baliteke barne muturraren muga izarretik hurbilago egotea planeta lehorretan, ur lurruna berotegi-efektua eragin dezakeen gas bat baita eta hortaz, planeta hezeetan errazagoa izan litekeelako Artizarrean gertatu denaren antzeko prozesua jazotzea.[7]

Lurra gune bizigarriaren barne muturraren eta erdigunearen artean kokatzen da, beraz, ziur aski Eguzkiaren antzeko izar bat orbitatzen diharduen eta Lurraren masaren antzekoa duen edozein planetak, osaera atmosferiko berdintsua badu, gure planeta kokatzen den eremu orbital berean kokatu beharko du haren izarrarekiko ur likidoa izango badu gainazalean.[17][21]

Izarretik hurbilago dagoen barne muturraren mugan kokatzen den gorputz orok eguzki-erradiazio altua jasaten du eta uraren fotolisia eragin lezake horrek, edo hidrogenoaren galera isuri hidrodinamikoaren bidez (kontrolik gabeko berotegi-efektu baten hasiera izan daitekeena). Gainera, errotazio sinkronoa izan lezake gorputzak izarrarekiko harengandik hain hurbil kokatzeagatik, hori horrela, gorputzaren alde batek beti izarrari begiratuko lioke besteak inoiz begiratuko ez liokeen bitartean (beti eguna, beti gaua, tenperatura oso altuak edo oso baxuak, hurrenez hurren, atmosfera sendorik izan ezean).[22][23] Ezin ahaztu izarrek haien distira handitzen dutela denboraren poderioz, hala, muga horretan kokaturiko edozein gorputz azkarrago irtengo litzateke gune bizigarritik beste edozein baino.[24][13]

Bizigarriak izan daitezkeen egiaztatutako exoplaneten artean ez dira gutxi barne muturrean kokatzen direnak, gaur egungo baliabideek izarrarengandik hurbilen dauden gorputzak errazago atzematen baitituzte.[25] Horien artean daude Kepler-438b, Kepler-296e eta Gliese 667 Cc; egiaztatutako exoplaneten artean Lurrarekiko antzik handiena duten hirurak, hain zuzen.[21]

Erdigunea

Gune bizigarriaren erdialdea haren erdialde zehatza eta bere inguruak barne hartzen dituen eskualdea da, HZD eskalan, gutxi gorabehera, -0.5etik +0.5era.[16] Lurra gune bizigarriaren erdialdeko eskualdearen barne mugan kokatzen denez, zenbait adituren arabera gunearen baitan are erdiratuago kokatutako planeta bat Lurra baino egokiagoa izango litzateke bizia garatzeko eta hortaz, «superbizigarria».[17] Haatik, bere izarretik Lurra baino urrunago kokaturiko edozein exoplanetak argi gutxiago jasoko luke izarretik eta beraz, Lurraren ezaugarri fisiko berak edukiko balitu, tenperaturak baxuagoak lirateke. Planeta zenbait ezaugarritan Lurrarekiko desberdina balitz (berotegi-efektuko gasen kontzentrazio altuagoa, atmosfera dentsoagoa, satelite batek edo bere izarrak itsasaldi bidez emandako bero gehigarria, etab.) arazo hori saihestuko luke, ordea.[26]

Gune bizigarriaren erdigunean kokaturiko egiaztaturiko exoplaneten gainazaleko tenperatura ez da 0 °C baino altuagoa izan ohi (tenperatura hori exoplanetak Lurraren antzeko ezaugarriak dituela suposatuz kalkulatzen da) eta PHLk emaniko izenak jarraituz, psikroplanetak edo hipopsikroplanetak izan ohi dira.[21] Laster, hemendik urte gutxitara, instrumentu berriei esker eskualde honetan kokaturiko planeten osaera atmosferikoa eta batez besteko tenperatura zehaztuko direla ziurtzat jotzen da, gorputzak euren izarrarekiko igarotzeak egitean Rayleighen sakabanaketa behatuz. Kepler 442-b da gune bizigarriaren erdigunean kokatzen den exoplanetetako bat.[27]

Kanpo muturra

Kepler-186f exoplaneta Kepler-186 izarraren gune bizigarrian orbitatzen dabil, gure planeta bezalaxe.Alabaina, exoplaneta bere izarraren gune bizigarriaren kanpo muturrean kokatuta dago.

Gune bizigarriaren kanpo muturrak kanpoaldeko muga ezartzen dio guneari, HZD eskalan +0.5etik +1era hedatzen delarik.[16] Planeta edo gorputz bat berotzea eragin dezaketen eragile ugari daudenez, eskualde hau da hiruretan zabalena eta horregatik, zenbait zientzialarik kikildu barik gune hau are handiagoa izan daitekeela esan dute, hala, zenbait eredutan laugarren eskualde bat sortu dute, «gune bizigarri baikorra» izenekoa.[28] Hainbat adituren arabera, kanpo muturraren muga karbono dioxidoaren kondentsazio-puntuak zehazten du, hau da, planeta baten tenperatura karbono dioxidoa kondentsatzeko bezain hotza bada, gas hori lainoak eratzen hasiko litzateke (albedoa handiagotuz) eta horrek berotegi-efektuaren eraginkortasuna gutxituko luke, betiereko izozte globala ekarriko lukeen prozesuari hasiera emanez.[29]

Gaur arte aurkitu diren egiaztatutako exoplanetei dagokienean, hauek Lurrarenaren antzeko ezaugarri fisikoak dituztela suposatuz, kanpo muturrean kokaturiko exoplanetek -30 °C-ko edo gutxiagoko batez besteko tenperatura dute. Exoplaneta horien artean dago Kepler-186f.[21]

Adierazpen matematikoa

Gune bizigarriaren barne eta kanpo mugak izarraren distirarekiko zuzenki proportzionalak dira, hau da, distira zenbat eta handiagoa izan, orduan eta urrunago egongo da harengandik gune bizigarriaren barne muga eta alderantziz.[30] Zorroztasunez aztertu den gune bizigarri bakarra gure eguzki-sistemakoa da eta horregatik, beste izarrei egokitzen zaizkienak erabat teorikoak dira, aditu askoren arteko eztabaiden abiapuntu.[31][18] Aditu batzuen arabera beste planeta-sistemetan gune bizigarria zabalagoa izan daiteke barnealdera[32][33] edo kanpoaldera[28] begira, beste aditu batzuek estuagoa izan daitekeela irizten dute ordea.[28]

PHLaren arabera, David R. Underwood (2003) eta Franck Selsis (2007) ikerlarien ikerketetan oinarrituta, «arestiko Artizarra» eta «Marte primitiboa» ertz gordezaleak kontuan hartuta, gure eguzki-sistemako gune bizigarriaren kalkulua ondorengo adierazpenaren arabera kalkulatzen da:[16][oh 1]

Non barne muturreko barnealdeko mugaren eta izarraren arteko distantzia den UAtan neurtuta, izarra eta kanpo muturraren arteko distantzia, izarraren distira eguzki-unitatetan, izarraren tenperatura eraginkorra kelvin gradutan, Ts=5700 K, ai=2,7619×10-5, bi=3,8095×10-9, ao=1,3786×10-4, bo=1,4286×10-9, ris=0,72 eta ros=1,77.

Bestalde, planeta batek HZD eskalan duen balioa kalkulatzeko honako formula baliatzen da:

Non izarraren eta planetaren arteko distantzia den UAtan eta zein planeta-sistemaren gune bizigarriaren mugak kalkulatzerakoan eskuratzen diren. Goiko bi formuletan, alegia.[16]

Emaitzak

Goiko adierazpen matematikoak azpiko hamar exoplanetetan aplikatu dira, zeinak Lurrarekin antzekotasun handiena dutenak diren:[21][34]

#IzenaIzar motaBarne muturraKanpo muturraDistantziaHZDTenperatura (ºC)Ainguratuta
0LurraG0.84 UA1.67 UA1 UA–0.514 ℃Ez
1Kepler-438bK0,159 UA0,407 UA0,17 UA–0,9437,45 ℃Bai
2Kepler-296eM0,134 UA0,347 UA0,15 UA–0,8733,45 ℃Bai
3Gliese 667 CcM1.5V0,096 UA0,251 UA0,12 UA–0,6213,25 ℃Bai
4Kepler-442bK0,274 UA0,681 UA0,41 UA–0,34–2,65 ℃Ez
5Kepler-62eK2V0,353 UA0,857 UA0,43 UA–0,7028,45 ℃Ez
6Kepler-452bG20,828 UA1,95 UA1,05 UA–0,6129,35 ℃Ez
7Gliese 832 cM1.50,132 UA0,343 UA0,16 UA–0,7221,55 ℃Bai
8K2-3 dM0.20,207 UA0,527 UA0,21 UA-1,0048,95 ℃Bai
9Kepler-283cK0,260 UA0,646 UA0,34 UA–0,5817,95 ℃Bai
10Tau Ceti eG8.5V0,522 UA1,250 UA0,55 UA–0,9249,75 ℃Ez

Izar motak

Irudian agertzen den sistemak izar mota desberdinen gune bizigarriak alderatzen ditu, izarren distiran oinarrituta. Halakoak erabiltzen dituzte astronomoek. Planeten tamainak, izarrarena, orbiten luzera eta gune bizigarriaren zabalera ez daude eskalan.

Gune bizigarriaren zabalera eta ezaugarriak zehazten dituen faktore nagusia izarraren distira da, zeina hein handi batean izar motaren eta haren bizi-zikloaren araberakoa den, izan ere, izarra zenbat eta distiratsuagoa izan orduan eta zabalagoa izango da gune bizigarria.[9] Alabaina, izar ahulek (Eguzkia baino ahulagoek, M eta K motakoak) badituzte eruren abantailak, euren bizialdia askoz luzeagoa baita eta beraz, haien gune bizigarri estuak ez ditu aldaketarik pairatzen bilioika urtetan. Eguzkia baino masiboagoak diren izarretan aldiz, F, A, B eta O motakoak, gune bizigarriak askoz zabalagoak dira, baina aldakorragoak izaten dira izar hauen bizialdi laburragoa dela eta.[35]

M eta K berantiarrak

Nano gorri baten inguruan biratzen dabilen planeta, bere satelitearekin batera, erakusten duen irudikapen artistikoa.

Nano gorri gisa ezagunagoak diren izar hauek sekuentzia nagusiko txikienak eta ugarienak dira, Esne Bideko izar-biztanleriaren %75 inguru ordezkatzen dute.[36] Izar baten bizi-itxaropena haren masarekiko alderantziz proportzionala denez, nano gorriak bizialdirik luzeenak dituzten izarrak dira, hamar bilioi urte ere iraun ditzakete sekuentzia nagusian, Eguzkiak soilik hamar mila milioi iraun ditzakeen bitartean.[37]

Gune bizigarriaren zabaltasuna izarraren araberakoa da, hein handi batean.

Haatik, nano gorrien bizigarritasuna zalantzan jarri duten zientzialari ugarik, zenbait oztopo aipagarri ipintzen baitizkiete euren gune bizigarria orbitatzen diharduten planeta orori.[38] Izar hauek gaztetan, lehen milaka milioi urtetan, oso aktiboak dira eta euren erradiazio ultramore igorpenak hamar mila aldiz areagotu ditzakete epe oso labur batez, bat-batean eta aldi ugaritan.[38] Adibidez, Proxima Centauri nano gorri ñirñirkariak bere ohiko distira hainbat alditan biderkatu dezake bat-batean egun lurtar batez, eta gero lehenera itzuli. Areagotze horiek eguzki-sugar ikaragarriak jareginez egiten dituzte.[38] Zenbait ereduren arabera, Lurra bezalako planeta bat halako izar baten gune bizigarrian orbitatzen egongo balitz, aldian-aldian atmosfera galtzen joango litzateke, bere magnetosfera Lurrarenaren antzekoa izango balitz ere.[39]

Nano gorriek oso argi gutxi igortzen dutenez, euren gune bizigarriak oso eskualde estuak izan ohi dira eta izarrarengandik hurbil egoten dira beste izarrekin alderatuz gero.[16] Hurbiltasun horrek izarrak gune bizigarriko planetei eragin grabitazional handia egitea dakar, eta oso arrunta izango litzateke planeta horiek orbita sinkronoa ezartzea izarrarekiko (orbita sinkronoaren atalasea gune bizigarria baino urrunago egongo litzateke izarretik, hau da, planetek ezingo lukete errotazio periodo autonomo bat ezarri eta aurpegi berarekin begiratuko liokete beti izarrari).[38] Errotazio autonomoa ez izateak planetaren eremu magnetikoa gogor kaltetu dezake eta hortaz, zaurgarriagoa bihur dezake izarraren igorpenekiko.[38]

Erantzun gisa, zenbait adituk nano gorriek igorritako argiak planetaren albedoaren areagotzeak eragindako izotzaren atzeraelikadura murriztu dezakeela diote, hau da, nano gorrien gune bizigarriaren kanpo muturreko gorputzek errazago saihets dezaketela betiereko glaziazio global bat beste izarretako baldintza bereko gorputzekin alderatuz. Aditu hauen arabera, aipatutako zuzena balitz, kanpo muturra %10 eta %30 artean zabalagoa litzateke.[40] Hori gutxi balitz bezala, azken ikerketen arabera, izar hauek igorritako argi desberdinak ez du eragiten fotosintesian eta hortaz, bizi zelulanitzaren oinarrietako bat dena posible da halako planeta-sistemetan ere.[41]

K, G eta F motako izarrak

HD 70642 nano laranja, ustez bizia iraunarazteko egokienak diren izarrak, Eguzkia bera baino onagoak.

Zientzialari gehienen ustez kolore laranja-horixkakoetatik kolore hori-zurixkara bitartekoa duten izarrak dira bizia iraunarazteko egokienak, euren egonkortasuna, bizialdia eta gune bizigarria kokatuta dagoen distantzia dela eta.[35] Mota hauetako izarrak azkar eratzen dira, Eguzkia bezalako izar bat lehen bostehun milioi urtetan zehar oso aktibo eta bortitza izango da, gaztea izaki, baina ondoren ia erabat egonkortuko da. M motako izar batek 2000 eta 3000 milioi urte behar ditu eratzeko, aldiz. Ezin da ahaztu Eguzkiaren antzeko izarretan gune bizigarria nano gorrietan baino askoz urrunago kokatzen dela eta horrek zaildu egiten diela planetei izarraren gaztaroan zehar atmosfera galtzea.[38] Gainera, orbita sinkronoaren atalasea izar horien gune bizigarriaren barne-mugan kokatzen da zehazki eta beraz, oso zaila da inguru horretan orbitatzen dabilen planeta bat ainguratuta egotea. Horrek planetei errotazio autonomo bat izaten uzten die eta horri esker eremu magnetikoak eta atmosferak ez dituzte nano gorrietan bezala eraso jarraituak pairatuko.[21]

Alabaina, hiru izar mota hauek ustez bizia iraunarazteko egokienak badira ere, euren artean desberdintasun ugari dituzte.[42] Zenbat eta gorago egin sekuentzia nagusian, izarrak igorritako erradiazio ultramorea areagotu egiten da eta horrek zaildu egin dezake biziaren garapena. Lurraren antzeko planeta batek ozono geruzarik gabe garatu dezake bizia nano laranja baten inguruan orbitatzen badabil, F motako izar baten inguruan aldiz, ozonosfera dentso bat beharko luke bizi ez-urtarra azal zedin.[41][43] Horregatik hartzen dira nano laranjak (K motakoak) bizia iraunarazteko egokienak, eta horien inguruan egongo lirateke orbitatzen planeta "superbizigarri" hipotetikoak, Lurra baino egokiagoak bizia aurrera ateratzeko.[44]

A, B eta O motako izarrak

Sirius A izarra, A motakoa, eta bere Sirius B alboan duela. Irudikapen artistikoa da.

Sekuentzia nagusiko izarren artean, A, B eta O motakoak dira distiratsu eta masiboenak eta horrek eraginda erregaia azkarren xahutzen dutenak ere badira (dozenaka edo ehunka milioi urtetan).[42] Morgan-Keenan sailkapenean O eta B motakoak diren izarrek eguzki haize eta erradiazio ultramorearen igorpen erraldoiak askatzen dituzte eta horrek ezinezko egiten du haien inguruan planetak eratzea, baita ere haiengandik 0,1 argi-urtera dauden izarretan.[45] Horregatik jasotzen dute izar hauek erraldoi urdin izena eta O motakoak dira indartsuenak. Hori horrela, izarrok gune bizigarri zabalena izan arren, oso zaila da gune horretan planeta batek eratzea lortzea, disko protoplanetarioa izarrarteko espaziora kanporatu aurretik.[18]

A motako izarretan aldiz posible da planeten eraketa bere gune bizigarriaren inguruan, nahiz eta haien igorpen indartsuek eta bizialdi laburrak zaildu egiten duen biziak aurrera egitea. Zenbait adituren hitzetan F-goiztiar motako izarretan ere erradiazio ultramoreak nahikoa indar luke DNA molekulak (karbonoaren biokimikan derrigorrezkoak) eraldatzeko edo txarrenean, deuseztatzeko.[46] Horretaz gain, A motako izar baten gune bizigarriak laster egiten du atzera izarraren bizialdi motzak eraginda eta horrek biziari garatzeko denbora murrizten dio, baliteke konplexutasuna ezinezko egiteraino.[18][46]

Beste gune bizigarriak

Ur likidoa aintzat hartzen duen gune bizigarriaz gain, badira beste hainbat beste irizpideak aintzat hartzen dituztenak eta beste hauek ere esanguratsuak dira planeta batek bizia iraunarazteko izan lezakeen gaitasuna zehazterakoan.

Gune bizigarri ultramorea

Gune bizigarri honek DNAk iraun dezan behar duen erradiazio ultramore kopurua hartzen du aintzat.[47] Gune bizigarri ultramorearen barne mugatik barrura kokaturik planetek erradiazio ultramore gehiegi jasotzen dute DNA molekulentzat eta horiek kaltetu edo deuseztatzeko aukera handia da, bereziki gainazalean. Bestalde, gune bizigarri ultramorearen kanpo mugatik kanpoaldera kokaturiko planetek ez dute nahikoa erradiazio ultramore jasotzen organismoek euren prozesu biogenikoak garatu ditzaten.[48]

Adituen arabera, DNAk gehienez jasan dezakeen erradiazio ultramore kopurua Lurrak azken 3800 milioi urtetan espaziotik jasotakoaren bikoitza da, beraz, gure eguzki-sistemako gune bizigarria Eguzkitik 0,71 eta 1,9 UA artean kokatzen da.[47] Ikerketen arabera, gune bizigarri ultramorea gune bizigarria baino askoz gertuago egon ohi da izarretik oro har eta are hurbilago izar ez oso distiratsuetan. Hori horrela, ikerketa horiek jarraituz, planeta-sistemen %60tan gune bizigarria eta gune bizigarri ultramorea ez datoz bat.[47] Eguzkia baino masiboagoak diren izarretan aldiz, F motakoetan, gune bizigarri ultramorea gune bizigarriaren barne muturra baino askoz haratago kokatzen da izarretik eta hortaz, gune bizigarriaren barnealdeko eskualde zabal batean erradiazio ultramore gehiegi jasango lukete planetek bizia garatzeko.[47]

Gune bizigarri galaktikoa

Esne Bidearen gune bizigarri galaktikoa, Eguzkia puntu hori txikiak adierazitako tokian kokaturik dago.

Peter Ward eta Donald E. Brownlee idazleek idatzitako Rare Earth: Why Complex Life Is Uncommon in the Universe (2000) liburuan Lur arraroaren hipotesia justifikatu zen, zeinak unibertsoan bizia oso ezohikoa dela babesten duen, kasualitate oso ezohiko ugari gertatu behar direlako hura sortzeko. Kasualitate horietako bat gorputza gune galaktiko bizigarrian kokatu behar dela adierazi zuten.[49] Goiko bi idazleen azterlanak ordea, argitaratu zen garaian aldekotasun asko piztu bazituen ere, gaur egun bere oinarri gehienak ezeztatu egin dituzte azken behaketa eta ikerketek, hala nola, planeta batek bizia edukitzeko planeta-sistema beran Jupiterren tamainako gasezko erraldoi baten beharra talka astronomikoak[50] ekiditeko eta ardatz planetarioa orekatzeko eta plaken tektonika eragiteko satelite handi baten beharra.[51] Alabaina, oinarrietako batzuk ezeztatuak izan ordez, urteen poderioz egiaztatuak izan dira eta horietako bat da planeta gune bizigarri galaktikoan kokatzeko beharra.[52]

Gune bizigarri galaktikoa eraztun baten antzekoa da, gure galaxiaren kasuan Esne Bidearen erdigunetik 4 kpc-tik 10 kpc-ra bitartera hedatzen dena.[49] Eraztun formako eskualde hartan soilik garatu daiteke bizia, izan ere, eraztunaren kanpo mugatik haratago izarren metaltasuna baxuegia da Lurraren tamainako planeta harritsuak sor daitezen uzteko eta eraztunaren barne mugatik aurrera jarraituz gero aldiz, galaxiaren erdigunetik hurbilegi kokatuko litzateke planeta-sistema eta gertakari oso energetikoek erasateko arriskua ikaragarria izango litzateke, bizia ezinezko egiteraino. Gertakari horien artean aipagarri dira supernobak, zeinak igortzen dituen erradiazioak jasanezinak diren bizi forma ezagun ororentzat.[52]

Bizigarritasuna

Sakontzeko, irakurri: «Bizigarritasun planetario»
Baliteke karbonoan oinarritutako biziarentzat gure planeta baino planeta askoz egokiagoak existitzea, planeta superbizigarriak. Irudikapen artistiko honetan kontinenteetako kolore gorrixka landarediaren koloreari dagokio.

Hasieran «gune bizigarri» terminoa bizia planeta baten gainazalean garatu zitekeen planeta-sistemako eskualdeari zegokion.[30] Alabaina, urteak pasa ahala terminoa kamusten joan da eta gaur egun soilik planeta baten gainazalean ur likidoa iraunarazi daitekeen planeta-sistemako eskualdeari egiten dio erreferentzia termino hark.[5] Izan ere, gaur egun bizia gune bizigarritik at gara daitekeenaren aukera aintzat hartzen da eta baita ere gure planetarekin zerikusirik ez duen beste batean ere.[53][54] Bestalde, oso kontuan hartzen da unibertsorik bizigarrienean egonda ere ziur aski planeta-sistema gehienen gune bizigarrian ez litzatekeela bizirik izango.[5][55]

Entzeladoko izotzezko gainazalaren peko ozeanoan baliteke bizia egotea, nahiz eta satelitea gune bizigarriaren kanpo mugatik urrun kokatu.

Demagun bizia gune bizigarritik at garatu daitekeela, zer motako planeta edo argizagitan izango luke aukera garatzeko? Galdera luze eta zaila da erantzuten, baina gaur egun nahiko argi ikusten da gasezko erraldoi baten satelite ertain izoztu batek bizia edukitzearen aukera, bere izotzezko estalki mardularen pean kokatuko litzatekeen ozeanoan. Ozeano hori likido mantenduko litzateke orbitatuko lukeen planetak eragindako itsasaldiaren indarrengatik, edota satelitearen baitako aktibotasun geologikoagatik. Bizia edukitzeko hautagai diren satelite horiek gure eguzki-sisteman ere baditugu, hala nola, Europa (Jupiter) eta Entzelado (Saturno). Bestalde, komunitate zientifikoan eztabaida kartsuak piztu ditu bizia metanoa iturri nagusitzat hartuta existitzeko aukera, hau da, uraren zikloaren ordez metanoarena duten planetetan, hidrokarburo hori oinarritzat hartuta.[53] Bizi mota hipotetiko hori aurkitzeko saiakeran, Titan Saturnoren satelitea jarri da jomugan, bertan metanoan aberatsak diren inguruneak dauden. Bizi hau existituko balitz, eurentzat aparteko gune bizigarri bat hartuko beharko litzateke aintzat, «metanoaren gune bizigarria» hain zuzen ere, zeina gune bizigarri arrunta baino askoz urrutiago egongo litzatekeen izarretik.[53]

Bestetik, ezin da ahaztu gorputz batek bere izarrarekiko duen posizioa bizigarritasunaren faktore soil bat baino ez dela.[56] Hau da, argizagi bat izarraren gune bizigarrian kokatzeak ez du esan nahi bizia edukiko duenik, izan ere, baliteke gasezko erraldoi bat izatea edo atmosfera bat iraunarazteko gorputz txikiegia.[57] HARPS-N ikertaldeak eginiko ikerketek adierazi dute gorputz batek 1,6 lur erradio eta/edo 6 lur masa baditu, gorputz horrek bere inguruan hidrogeno eta helio kopuru handiak metatzeko aukerak asko handitzen direla eta hortaz, oso litekeena dela gasezko erraldoi izateko bidea hartzea, edo tartean geratzea «minineptuno» izeneko argizagia eratuz.[58] Badira kontuan eduki behar diren beste hainbat faktore, hala nola, gorputzaren atmosferaren osaera, gorputzaren orbita mota (oso eszentrikoa bada baliteke tarteren batean gune bizigarritik irtetea), bere izarraren ezaugarriak, planeta-sistemaren kokapena galaxian, gorputzaren errotazioa, gorputzaren eremu magnetikoaren intentsitatea, gorputza kokatzen den sistemaren adina, etab.[56][26]

Goikoagatik ematen du zaila dela planeta bizigarri bat aurkitzea, baina unibertsoaren zabaltasun irudikaezinak mirariak egiten ditu. Gaur arte aurkitu diren exoplanetetatik abiatuz, zientzialariek kalkulatu dute Esne Bidea bakarrik gure planetaren antzeko masa duten eta gune bizigarrian kokatzen diren berrogei mila milioi planeta daudela eta horietatik hamaika mila milioi Eguzkiaren antzeko izarrak orbitatzen egon daitezke, gutxi gorabehera.[55][59] Datu horiek erreparatuz, exoplaneta bizigarririk hurbilena Lurretik hamabi argi-urtera egongo litzatekeela ondorioztatu daiteke eta hortaz, baikortasunez begira diezaiokegu astrobiologiaren etorkizunari, nahiko argi dago eta unibertsoa oso aberatsa dela bizian.[60]

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Astronomia

Kanpo estekak