2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena

2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena Ekialde Hurbileko krisi politiko-militar bat da, 2023ko urriaren 7an hasi Israel-Palestina gerraren ondorioz jazoa. Gerra luzatu ahala, Israel eta Palestinako lurralde mugakideetara zabaldu zen tentsioa, lehenik eta behin Gazatik Israel eta Zisjordaniara bertara eta, berehala, Libanoko hegoaldeko mugara, Hezbola mugimendu islamistarekin dauden fronteetara eta horien erretagoardiara. Luze gabe, aliantza sistemak nazioarteko potentzien arteko jokaleku bero bihurtu zuen lurralde osoa, interes geopolitiko eta ekonomikoen erdigune, atzean zirela nagusiki AEB eta Iran, baita Europar Batasuneko herrialdeak eta Errusia ere. Gerra Ekialde Hurbil osora zabaltzeko aukera kezka nagusi bat bihurtu zen Mendebaldeko eta, oro har, nazioarteko hainbat agintarirentzat.

Israel

Israelgo palestinarrek askotariko zigor eta ondorioak jasan dituzte, hala nola lan kaleratzeak, jazarpenak eta atxiloketak. Palestinarren kontrako oldarra Nakba errepikatzeko arriskua benetako bihurtu du, krisi hau hasi baino lehenagotik zetozen neurriak gauzatuz edo areagotuz.[1] Gazaren aldeko elkartasun adierazpenak txikienak gogor jazarri dira, (etsaiak) «hauspotzea» leporatuz. Horregatik atxiloturik suertatuz geroz, lanpostutik edo unibertsitatetik bota ditzakete gatibu hartutakoak. Urriaren 19an, Israelgo polizia buruak Israelgo palestinarrak Gazara deportatzeko mehatxua eman zuen, haiekin identifikatzen zirelakoan.[2]

Zisjordania

PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatzen du Zisjordania, eta lur palestinarra da, berez. Hala ere, urteotan gero eta kokagune judu gehiago eraiki dituzte Zisjordanian, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dute.[3] Hamasen urriaren 7ko erasoen ondoren, arreta guztia Gazara bideratzen zen bezala, aldi berean israeldar indarrek 31 palestinar hil zituzten bakarrik astebetean.[4] Gainera, NBEk 2024ko martxo hasieran azaldu zuenez, Zisjordaniako israeldarrek palestinarrei tratu iraingarria eta giza legearen kontrakoa, sexu jazarpena eta bortxaketa mehatxuak egin zizkieten beren operazioetan.[5] Urriaren 25ean, israeldar indarrek Nabluseko alde zaharra bonbardatu zuten eta, gero, soldaduek eraso egin zuten, droneak lagun zituztela. Ilargi Gorria erakundeak 25 palestinar artatu zituen; hiru hilik suertatu ziren, eta bost larri zauriturik. Israelek aipatu zuen Lehoiaren ezkutalekua daraman talde armatu bat israeldarrei erasoak egiten ari zitzaiela. PAN Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei eskatu zien «berehala» esku hartzeko Palestinan, «okupazio indarrak herritarren aurka misilekin eta droneekin egiten ari diren erasoak geldiarazteko».[6]

Azaroaren 27an, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek iragarri zuen aurrekontuen zati handiago bat bideratuko zutela Zisjordanian kokagune juduen eraikuntza sustatzera. PANek erabaki hori salatu zuen: «Bi estaturen konponbidearen aurkako urrats bat gehiago da hori».[3] Azaroaren amaieran Gazako lehendabiziko pausa humanitarioa gertatu arren, Zisjordanian israeldar erasoek, sarekadek eta hilketek bere horretan jarraitu zuten. Azaroaren 27an bertan, Israelek 56 palestinar eraman zituen atxilo.[3] Urtarrilaren 30ean, komando israeldar bat, emakumez eta ospitaleko uniformez jantzia, tiroka sartu zen Jeningo ospitale batera, eta bertan artatuak ziren hiru miliziano hil.[7] Urtarril hondarrerako, Zisjordaniako ekonomia itolarrian zen, % 30eko beheraldiaz. Palestinako Agintaritza Nazionala bere burua ezin finantzatuz zebilen. Izan ere, Israelek jasotzen zituen tributu guztiak, eta gero zati bat palestinarrei ematen; Israelek, ordea, hori eten egin zuen guztiz.[8]

Hala 2023ko azaroan nola 2024ko otsailean, Amnistia Internazionalak israeldar indarrek eragindako giza eskubideen urraketa larriak salatu zituzten, tortura kasu oso ohikoak eta indarkeria hilgarriaren erabilera neurrigabea eta legez kanpokoa. Aipatu kasu larrien artean, aipatu zuen jada zauriturik edo hilzorian zetzatenen laguntzan inor sokorri joatea eragoztea edo laguntzaile horiei, tartean zirela medikuak, eraso egitea.[9][10]

2024ko otsailaren 27an, Zisjordanian oinarritutako Palestinako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Palestinak bizi zuen ataka jasanezina zela eta. Nazioarteak onartzen duen aginte bakarra zen Zisjordanian gobernatzen zuen Palestinako Aginte Nazionala –PAN–. Gobernuko kide guztien izenean, Mohammed Shtayyeh lehen ministroak jakinarazi zuen kargua utziko zutela: "Dimisioa ematea erabaki dugu Zisjordanian eta Jerusalemen inoiz ikusi ez den indarkeria gorakada bizitzen ari garelako, eta Gazako Zerrendan egun bizi den gerra, genozidio eta gosetea medio".[11]

Libano

Zerrendatik harago, Israelgo armadak beste fronte bat du Libanoko mugan. Fronte horretan, tentsioa handitu egin zen, eta Hezbola talde politiko-militar indartsuarekin tiroketak eta su erasoak trukatu ziren hilabete batez.[12] Urriaren 30ean, Israelek hegazkinez eraso egin zion Libanori eta Siriako Hezbolari, bertako kohete-jaurtigailuak neutralizatzeko, adierazi zuenez. Astetan, Israelek zein AEBk hainbat aire eraso egin zituzten Siria gainean.[13]

Abenduaren 8tik 9ra, Israelek areagotu egin zituen Hezbola talde miliziaren aurkako aire erasoak, nahiz eta une horretan ez zen inor hil. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeeren arabera, miliziaren egoitza nagusiari egin zioten eraso. Bien arteko borroken ondorioz, 120 pertsonatik gora hil ziren ordu arte urriaren 7tik —horietatik hamazazpi, zibilak—.[14] Dena den, azaroaren 3an, Hezbolako buruzagi Hassan Nasrallahk adierazi zuen gerran egonagatik ez zuela asmorik ordu arteko Israelen kontrako gerra zabaltzeko.[15]

Nolanahi ere, tentsioa berriz igo zen 2024ko otsailaren hondarrean, Israelek Libanon hainbat jomugari eraso egitean. Hezbolak, berriz, Israel barnealdera hainbat kohete botaz erantzun zuen, 40 Israelen arabera, eta Israelen hegazkinek berriz astindu zituzten Hezbolaren azpiegitura, guneak eta hainbat herri, iturri israeldarren arabera.[16] Israelen kontrako apirilaren 13-14ko Iranen aire erasoak kalteak ekarri zituen berriz ere Libanora, Israelek Libano ekialdea jo-puntuan jarri zuenean, eta Hezbolaren eraikin oso bat suntsitu, ustez armak fabrikatzeko erabilia, Israelgo iturriek adierazi zutenez. Ordu arte, krisi honetan, 364 pertsona hil zituzten gutxienez frontearen Libanoko aldean, gehienetan Hezbolako militanteak, baina baita 70 zibil inguru ere, AFP agentziaren arabera.[17]

Yemen eta huthien erantzuna

Huthien Itsaso Gorriko erasoen mapa (2023ko azaro-abendua)
Sakontzeko, irakurri: «Itsaso Gorriko krisia»

AEBk Itsaso Gorrian gerraontziak zabaltzeari erantzunez,[18] Yemengo matxino huthiek mehatxu hau egin zuten abendu erdialdean: Itsaso Gorria zeharkatzen zutela eta Israel helmuga duten ontzi guztiei eraso egingo zietela, baldin eta Israelek «berehala» laguntza humanitarioa, hala nola elikagaiak eta osasun baliabideak, Gazara sartzen uzten ez bazuen. Huthien bozeramaile militar Yahya Sareak eman zuen erabakiaren berri, eta irmo berretsi zuen: «Edozein nazionalitate duen ontziri egingo diogu eraso». Hain justu, azaro hondarrean eta abendu hasieran Itsaso Gorria zeharkatzen ari ziren pare bat ontziri —Israelenak eta AEBenak— egin zieten eraso Yemengo matxino huthiek.[14] Huthiek Iranen babesa dute, eta Itsaso Gorrikoa munduko itsas ibilbide komertzial aktiboenetako bat da.[18] Erantzuna

Abenduaren erdialderako, AP Moller-Maersk, bidalketen eta logistiken danimarkar konpainia handiak, eta Hapag-Lloyd-ek, bidalketen eta edukiontzi garraioarenak, erabaki zuten bertan behera uztea Itsaso Gorriko beren ohiko ibilbidea, trukean Afrika ingurukoa hartuz. Ordurako, huthiek zortzi itsasontziri egin zieten eraso Yemengo Bab el-Mandeb itsasartean. Ondorioz, petrolioaren prezioek goranzko joera hartu zuten.[19] Abenduaren 19an, Estatu Batuetako idazkari Lloyd Austinek nazioarteko koalizio bat eratu zutela iragarri zuen, hamar estatuk osatua, huthien Itsaso Gorriko erasoei aurre egiteko eta itsas trafikoa segurtatzeko, tartean zela Frantzia,[20] baita Espainia ere.[21] Abenduaren 28an, zamaontzien erdiek Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote, huthien erasoengatik.[22]

2024ko urtarrilaren 11-12an, AEBk eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatzea erabaki zuten huthien kontra, eta fronte berri bat ireki.[23] Hilaren 13an, AEBk berriz eraso egin zion Yemeni, oraingoan bakarrik.[24] Joe Bidenek huthiak terrorista izendatzeko asmoa agertu zuen, nazioarteko erakundeen ustez, Yemenekiko harremanak moztuko lituzkeena eta krisia areagotu.[25] Huthiek Israelekin lotura zuten itsasontziei soilik eraso egitetik AEBren eta Erresuma Batuaren itsasontziei eraso egitera pasa ziren, herrialde horiek Yemeni eraso egin ondoren.[26] Otsailaren 3tik 4ra, AEBren eta Erresuma Batuaren indarrek, beste sei herrialde aliatuk babesturik, dozenaka eraso egin zituzten huthien kontrolpeko Yemengo lurraldean, 36 posizio guztira, tartean zela Sana hiriburua. Gerra hegazkinak eta gerraontzietako misilak, Tomahawk motakoak, baliatu zituzten horretarako.

Siria

Siriako Gerra Zibilak iraun bitartean, Israelek ehunka eraso egin zizkion Siriari, baina urriaren 7tik areagotu egin zituen, batez ere Iranen babespeko indarren eta Siriako armadaren kontra. Izan ere, Hezbolak presentzia handia du Sirian.[27] Abenduan, Israelen aire eraso batek Irango Zaindari Iraultzaileen jeneral goren bat hil zuen. Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin ahala, 2024ko urtarrilean, Israelek aire eraso bat jo zuen Damaskon, eta 5 pertsona hil eraikin batean bilduta zeudela. Israelek adierazi zuenez, Iranekin lerrokatu buruzagiak ziren.[28]

2024ko otsailaren 2an, Estatu Batuek Siriako eta Irakeko dozenaka punturi egin zioten eraso, Jordanian egun batzuk lehenago soldadu batzuk hiltzearen ordainetan. Ondorioz, Iranen aldeko ustezko hemezortzi miliziano hil ziren. Pentagonoak adierazitakoaren arabera, milizianoez gain, operazio, logistika eta inteligentzia zentroak eta suziri, misil eta drone biltegiak jarri zituzten jomugan. Siriako Gobernuak adierazi zuen eraso horiek asko larrituko zutela Ekialde Hurbileko gatazka.[29] Haatik, Al Jazeerako berriemaileak adierazi zuenez, israeldar erasoak ia etengabeak ziren aldi horretan. 2024ko martxoaren 29an, Gazako ataka militarra eta Israel-Libanoko borrokak Hezbolarekin gaiztotu ahala, Israelen aire erasoek berriz astindu zuten herrialdea iparraldean, zehazki Alepo hirian, eta Alepoko Nazioarteko Aireportu aldameneko armategiari eragin zioten gogorren. Hilak 40tik gora izan ziren, gehienak soldaduak, tartean zirela Hezbolako sei militante.[30]

Tentsioa apirileko lehen egunetan areagotu zen, Israelek Siriako hiriburuko Iranen kontsulatuari aire erasoa egin eta suntsitu zuen, eta Muhammad Reza Zahedi Iranen guardia iraultzailearen buruzagi nagusietako bat eta hainbat pertsona hil, beste bi militar ere tartean. Israelek lehendabiziko aldiz jarri zuen jopuntuan Iranen egoitza diplomatiko bat, eta Iranek «erantzun erabakigarri» bat hartuko zuela agindu zuen. Gerra Ekialde Hurbil osora zabaltzeko kezka puri-purian jarri zen. Faisal Mekdad Siriako kanpo ministroak «atentatu terroristatzat» jo zuen.[31] Iranen erantzuna luze gabe heldu zen, apirilaren 13-14ko gauean, eta Irango Guardia Iraultzaileak berak eman zuen gertatutakoaren berri, Israelgo armadak berretsia: 170 drone, 120 misil balistiko eta 30 gurutzaldi misil bota zituen Israelera. Israelgo iturrien arabera, lurra jo aurretik suntsitu zituzten gehienak.[32] Aire eraso hori Irak, Siria eta Yemengo Iranen aliatuek egin zituzten, eta Hezbolak ere parte hartu zuen, Libanotik, gauean Golan Gainetara dozenaka katiuska koheteak jaurtiz.[33] Mendebaldeko potentziek bat egin zuten Israelekin.[32] Iranek, «defentsibotzat» jo zuen erasoa,[34] eta Iranek Israeli eraso egindako lehendabiziko aldia izan zen 1979tik.[35]

Irak

Abendu erdialde arte, milizia palestinarrez gain, Hezbolak soilik egin zuen Israelen aurka. Hori bai, bi hilabeteotan erasoak egin zizkien AEBk Ekialde Hurbilean dituzten hainbat enbaxadari eta egoitza militarri, hala nola abenduaren 7an. Gutxienez bost misil jaurti zituzten AEBk Bagdaden zuen enbaxadaren aurka. Erasoaren harira, Irakeko lehen ministro Xia al-Sudanik bere gobernuaren baimenik gabe «ez erantzuteko» eskatu zion AEBri. Hasieran, ez zuen inork erasoa bere gain hartu.[14]

2024ko otsailaren 2an, AEBren eraso militarrak jazo ziren Irak eta Siria arteko mugan. Irakeko Armadako ordezkariek gaitzetsi egin zituzten, eta ohartarazi Ekialde Hurbileko gatazkari ondorio kaltegarriak zekarzkiotela.[29] Otsailaren 7an, Estatu Batuen drone batek Kataib Hezbola taldeko buruzagi nagusi bat hil zuen Bagdad ekialdean, Iranen babespekoa; Pentagonoak egun batzuk lehenago Jordaniako AEBko hiru soldadu hiltzea leporatzen zion.[36] Ondorioz, Irakeko agintariek adierazi zuten AEB buru duen koalizioa gatazka eta «desegonkortasun faktore» bat bihurtzen ari zela Ekialde Hurbilean, eta koalizio horren Irakeko misioa etetera bultzatzen ari zela Irakeko gobernua.[37]

Iran

Israelek Damaskoko Iranen egoitza diplomatiko bati erasori egin eta Iranek errepresalian hainbat misil eta drone jaurti ondoren, Israelek Libanori eraso egin zion apirilaren 14an, Hezbolaren instalazioak jopuntuan jarriz (ikus goian). Herrialde industrializatuenen G7 taldeko atzerri ministroak Capri uhartean (Italia) elkartu ziren hurrengo egunetan, eta eskatu alderdi inplikatuei tentsiorik ez areagotzeko.[38] 2024ko apirilaren 19an, Israelek aire eraso mugatu bat egin zuen Iranen kontra, Isfahan probintzian, Iranen programa nuklearraren erdigunea. Hala ere, NBEko Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi zuen instalazio nuklear batek ere ez zuela kalterik jaso. Irango agintariek eta AEBk adierazi zuten irandarrek hiru israeldar drone suntsitu zituztela.[38][39]

Erreferentziak

Ikus, gainera