Alfaro

Errioxako udalerria

Alfaro Errioxako ekialdean dagoen udalerria da, 2020. urtean 9.611 biztanle zituena. Errioxan bosgarren hiri handiena da, baina azalera handiena duen udalerria, 200 km2 ingurukoa. 3.000 urte inguru dituen herria da, erromatarren garaian garrantzi handia izan zuena.

Alfaro
municipality of La Rioja (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Errioxa
Hirugarren mailako herrialde azpibanaketaErrioxa Beherea
Errioxako eskualdeakAlfaroko eskualdea
AlkateaMaria Yolanda Preciado Moreno (en) Itzuli
Izen ofizialaAlfaro
Posta kodea26540
INEk ezarritako kodea26011
HerriburuaAlfaro
Geografia
Koordenatuak42°10′42″N 1°44′51″W / 42.178333333333°N 1.7475°W / 42.178333333333; -1.7475
Map
Azalera194.23 km²
Altuera310 m
MugakideakAldeanueva de Ebro, Autol, Castejón, Korella, Fitero, Grávalos, Rincón de Soto, Valtierra, Cervera del Río Alhama, Milagro eta Cadreita
Demografia
Biztanleria9.823 (2023)
96 (2022)
alt_left 4.725 (%48,1) (%48,4) 4.751 alt_right
Dentsitatea50,57 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakAureilhan
MatrikulaLO
alfaro.es

Alfaron zikoina zuriaren hiri barneko koloniarik handiena dago, 120 habia baino gehiagokoa. Mundu mailan eraikin bakarrean dagoen zikoina kolonia handiena osatzen du[1].

Izena

Beroiek Ilurcis herria sortu zuen eta erromatarrek Gracurris deitu zioten, asentamendu berria Tiberio Sempronio Gracok fundatu baitzuen.

Arabiar jatorrikoa da gaur egungo izena. Arabieraz Al-faruh izan zen, "faroa" edo "talaia" esan nahi du[2]. Inoiz esan izan da arabierazko al-fahhar-etik etor litekeela, "eltzegilea".

Geografia

Errioxako ekialdeko puntan kokaturik dago, Alfaroko eskualdean, eta Nafarroak inguratzen du iparraldetik, ekialdetik eta hegoaldetik. Alhama ibaiak Ebro ibaiarekin bat egiten du bertan[3].

Yerga mendia (1.101m) da udalerriko punturik altuena[4]. Aipatzekoa da Tambarría mendia (374m) ere, La Plana ezizenaz ezagutzen dena. Herria 302 metrotako altueran kokaturik dago[3].

Historia

Antzinaroa

Eras de San Martín aztarnategian Burdin Aroko (K.a. VIII. mendea) populazioaren aztarnak aurkitu dira. Bigarren Burdin Aroko asentamendua beroiekin eta arebakoekin lotu izan da eta Ilurcis izena izan zuen[5]. Izenaren aipamen bakarra erromatarrek Gracurris sortu zutenekoa da.

«Gracchuris urbs Hiberæ regionis, dicta a Graccho Sempronio, quæ antea Ilurcis nominabatur
"Gracchuri, Ebro eskualdeko hiria, Grako Sempronioren omenez hala deitua, lehen Ilurci izena zuena"
»

De verborum significatione


Graccurris

Sakontzeko, irakurri: «Graccurris»

K.a. 179. urtean Tiberio Sempronio Gracok konkistatu zuen eta Graccurris izena eman zion. Asentamendu berria egin zuen, erromatarrek Ebro harana okupatzeko zuten estrategiaren barnean[5]. Sertorioren gerran (K.a.81-72) baskoiek Ponpeioren alde egin zuten eta Calagurris hiriak aldiz Sertorioren alde. Ponpeio nagusitu zenez Calagurris Cascantum eta Graccurris hiriak baskoien esku gelditu ziren[6]. Tiberio enperadorearen garaian hiria bihurtu zen eta Graccurriseko txanpon-etxea asak eta brontzezko semisak ekoiztu ziren.

Erdi Aroa

Musulmanek hiria konkistatu zutenean tokiz aldatu eta izen berria eman zioten, Alfaro. 1126. urtean Alfontso Borrokalariak (Iruñeko eta Aragoiko erregea) hiria eskuratu eta harresiak eraiki zizkion[7]. 1253. urtean Alfontso X.a Gaztelakoak villa eskutitza eman zion eta hurrengo erregeek pribilejioak gehitu zizkioten.

Aro modernoa

Filipe IV.ak eman zion hiri titulua 1629. urtean 40.000 marabediren truke[2]. XVII eta XVIII. mendeetan garapen handia izan zuen eta familia ilustreen etxe ugari daude herrian. XIX mendearen hasieran Soriako probintziaren parte zen eta 1833an Logroñoko probintziara aldatu zen[2].

Espainiako Gerra Zibilean bando nazionalari aurre egin zion Errioxako hiri bakarra izan zen, baina 1936ko uztailaren 21ean hiria hartu zuten.

Ekonomia

Alfaroko enpresen gehiengoak zerbitzu sektorean egiten du lan. Nekazaritzan biztanleriaren %11k baino jarduten ez duen arren 3.900 hektaera hartzen dituzte mahastiek eta Errioxako ardoaren ekoizle nagusietakoa da, Errioxa Beherea azpieskualdean.

Industriari dagokionez jarduera aipagarrienak aulkigintza eta teila eta adreilugintza dira[3].

Biztanleriaren bilakaera

Garraio

Alfaroko tren geltokian helmuga anitzeko linea ugarikegiten dute bat, horien artean Logroño edo Zaragoza nabarmentzen direlarik.

Alfaroko autobus geltokian helmuga anitzeko linea ugarikegiten dute bat, horien artean Soria edo Iruña nabarmentzen direlarik.

Ondasun nabarmenak

San Migel Goiaingeruaren kolegiata.
  • San Migel Goiaingeruaren kolegiata: Errioxa osoko tenplurik handiena da eta Monumentu Nazional izendatu zuten 1976an. XVI eta XVII mendeen artean eraiki zen.
  • Burgoko Andre Mariaren eliza (XVII. mendea)
  • San Francisco eliza
  • San Roke baseliza
  • Alfaroko udaletxea
  • Abadearen eliza
  • Sáenz de Heredia jauregia
  • Ninfeo erromatarra: I. mendeko iturria
  • Eras de San Martineko aztarnategia
  • Sotos del Ebroko erreserba naturala (Interpretazio zentrua udaletxean dago)[8]

Kultura

Jaialdiak

  • Aste Santua eta Judasen erreketa.[9]
  • Maiatzeko jaiak (maiatzaren 15aren inguruan)
  • San Roke eta San Ezekiel Moreno jaiak (abuztuan)
  • Burgoko Amabirjinaren jaiak (irailaren 8-10 artean)

Zikoinak

Zikoinen habiak kolegiataren teilatuan.

San Migel Goiaingeruaren kolegiata gainean zikoinen 140 habi daude, guztira 400 zikoinatik gora izaten dira kumatze garaian[1]. Habia bakoitzak 500 kg-ko pisua har dezake. Urtero handitzen doan kolonia izanik mundu mailan eraikin bakarrean dagoen zikoina kolonia handiena osatzen du[1].

Gastronomia

Los Rusos de Alfaro ("Alfaroko errusiarrak") Alfaroko pastel tradizionalak dira. Zuriak direlako daukate errusiar ezizena[10].

Kirolak

Hiriko kirol taldea Club Deportivo Alfaro da. 1933an sortu zen eta futbol taldeak La Molineta futbol zelaian jokatzen du[11]. 2001 eta 2009 artean 6 denboraldi egin zituen 2. B mailan eta emaitzarik onena 2004ko 9. postua izan zuen[12].

Alfarotar ezagunak

Erreferentziak

Kanpo estekak