Arabako Foru Aldundia

erakunde publikoa

Arabako Foru Aldundia —sigletan idatzita, AFA— (ofizialki Diputación Foral de Álava-Arabako Foru Aldundia) Arabako gobernu organoa da. Espainiako beste diputazio batzuekin alderatuta lurralde historiko bat izateak ekartzen dituen konpetentziak ditu, hala nola, ogasuna, errepideak, mugikortasuna eta gizarte gaiak.

Arabako Foru Aldundia
Datuak
MotaForu Aldundia eta gobernua
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
SorreraXV. mendea
Jasotako sariak
Necktie of the Civil Order of Alfonso X the Wise Necktie of the Civil Order of Alfonso X the Wise  (1956)
Konstituzio Merituaren Ordenaren ohorezko plaka  (2003)
webgune ofiziala
Inguma: arabako-foru-aldundia

Arabako Foru Aldundiaren egoitzan Arabako Batzar Nagusien bilkurak ere garatzen dira.

Historia

Arabako Diputazio Nagusia 1476. urtean sortu zen, erakunde eragile gisa. Beste herrialdeetan ez bezala, Diputatu Nagusiak berak jasotzen zuen aginte hori, hiru urterako. Koadrilek aukeraturiko zazpi ahaldunek hautatzen zuten Diputatu Nagusia, eta Batzar Nagusiek gehiengo absolutuz onartu behar izaten zuten izendapena. Diputatu Nagusiak aholku gisa bil zitzakeen Batzar bereziak eta Kontadoreak. Batzar Nagusiek izendatu edota kentzen zituzten Diputatu Nagusiaren agindupean zeuden enplegatu guztiak: Gobernu Idazkaria, Kontadore Nagusia, Artxibozaina, Diruzaina, Tabako eta Gatz Administraria, Arkitektoa, Miñoien Komandantea eta Inprimatzailea. 1877ko azaroaren 21ean desegin zen Arabako antzinako Foru Diputazioa. Egun Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren eta Lurralde Historikoen Legearen arabera zuzentzen dira Arabako Batzar Nagusiak eta Diputazioa.[1]

Ahaldun nagusia

Foru Aldundiaren buru ahaldun nagusia da, gainerako ahaldunek aukeratua. Gaur egun Ramiro Gonzalez da Arabako ahaldun nagusia.

2011an ahaldun nagusia aukeratzeko prozesua

2011ko hauteskundeetako emaitzen ondoren, Bildu alderdiak esan zuen EAJren hautagaiari emango ziola botoa inbestidura saioan.[2] Bestalde, PSE-EEk PPren hautagaiari emango ziola botoa adierazi zuen.[3]

Arabako Foru Aldundiaren jauregia

Ahaldun nagusia hautatzeko lehian, beraz, EB-B taldearen bi ahaldunen botoak erabakigarri ziren. Talde honek bere oinarriko afiliatuei galdetu zien zer egin: EAJren aldeko botoa eman, ahaldun nagusi berriro Xabier Agirre Lopez izan zedin, ala bere hautagai propioaren alde bozkatu, horrela ahaldun nagusiaren postua PPko Javier de Andrések eskuratuko zuelarik. Galdeketaren ondoren, bigarren aukera hobetsi zuten,[4] eta Javier de Andrés atera zen garaile.

Inbestidura saioan, Xabier Agirrek EB-Bko bi ahaldunei leporatu zien aurreko egunetan bi alderdiek hitzarmena lortzeko egin zituzten negoziazioetan EB-Bko ahaldunek trukean dirua eta haien alderdiko zenbait militanterentzako lanpostu finkoak eskatu zituztela.[5] Hurrengo egunean, EB-B alderdiko Kontxi Bilbaok onartu zuen bere alderdiko norbaitek eskaera hori egin zuela, baina ez talde negoziatzaileak, eta EAJrengandik horren berri jakin bezain laster negoziazio mahaitik kendu zutela.[6]. EB-Bko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak Javier Madrazo koordinatzaile nagusi ohia eta Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta Arabako batzarkideak kanporatu zituen alderditik.

Arabako ahaldun nagusien zerrenda

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Arabako ahaldun nagusiak»
LegegintzaldiaLehendakariaAlderdia
I. (1979-1983)Emilio Gebara SaletaEAJ
II. (1983-1987)Juan María Ollora Otxoa de AspuruEAJ
III. (1987-1991)Fernando Buesa BlancoPSE
IV. (1991-1995)Alberto Antsola MaiztegiEAJ
V. (1995-1999)Félix Ormazabal AskasíbarEAJ
VI. (1999-2003)Ramón Rabanera RivacobaPP
VII. (2003-2007)Ramón Rabanera RivacobaPP
VIII. (2007-2011)Xabier Agirre LopezEAJ
IX. (2011-2015)Javier de Andrés GuerraPP
X. (2015-2019)Ramiro González VicenteEAJ
XI. (2019-2022)Ramiro González VicenteEAJ

Sailak eta foru diputatuak

Arabako Foru Aldundiaren organigrama:[7]

LegegintzaldiaAhaldun Nagusiaren SailaEkonomia, Garapena eta LurraldeaEnplegua, Merkataritza eta TurismoaOgasun, Finantza eta AurrekontuakGizarte ZerbitzuakNekazaritzaBide Azpiegiturak eta MugikortasunaEuskara, Kultura eta KirolaIngurumen eta Hirigintza
X. (2015-2019)Ramiro González VicenteMaría Pilar García de Salazar OlanoCristina González CalvarJosé Luis Cimiano RuizBeatriz Artolazabal AlbenizEduardo Aguinaco López de SusoJesús María López UbiernaIgone Martínez de Luna UnanueJosé Antonio Galera Carrillo
XI. (2019-2022)Ramiro González VicenteMaría Pilar García de Salazar OlanoCristina González CalvarItziar Gonzalo de ZuazoEmilio Sola BallojeraEduardo Aguinaco López de SusoBlanca de la Peña BernalAna del Val SanchoJosé Antonio Galera Carrillo

Entitate publikoak

Arabako Foru Aldundiaren entitate publikoak dira:[8]

  • Araba Garapen Agentzia (AAD, gaztelaniazko siglak), Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Sailari atxikitako foru sozietate publikoa.
  • ARABAT - Arabako Bideak, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari atxikitako foru sozietate publikoa.
  • Arabako Foru Suhiltzaileak, Lurralde Orekaren Sailari atxikitako foru sozietate publikoa.
  • Arabako Kalkulu Gunea, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailari atxikitako foru sozietate publikoa.
  • ENARGI. Arabako energia berriztagarriak, Ingurmen eta Hirigintza Sailari atxikitako foru sozietate publikoa.
  • Arabako Artium Fundazioa, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako fundazio publikoa.
  • Santa María Katedrala Fundazioa, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako fundazio publikoa.
  • Kirolaraba Fundazioa, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako fundazio publikoa.
  • Añanako Gatz Harana Fundazioa, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako fundazio publikoa.
  • Indesa 2010 S.L.. Gizarte Politikak Sailari atxikitako fundazio publikoa.
  • Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, Gizarte Politikaka Sailari atxikitako foru erakunde publikoa.
  • Gazteriaren Foru Erakundea, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako fundazio publikoa.
  • Naturgolf, Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Sailari atxikitako foru sozietate publikoa.
  • Urbide Arabako Ur Partzuergoa, Ingurumena eta HIrigintza Sailari atxikitako erakunde publikoa.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak