Edwin Hubble

astronomo estatubatuarra

 Edwin Hubble (Marshfield, Missouri, 1889ko azaroaren 20aSan Marino, Kalifornia, 1953ko irailaren 28a)[1] XX. mendeko astronomo estatubatuar garrantzitsuenetako bat izan zen, famatua batez ere galaxien mugimendua neurtuz, unibertsoen hedapena frogatzeagatik. Hubble kosmologiaren aita bezala hartzen da, nahiz eta bere lanak astronomia eta astrofisikako beste hainbat eremu jorratzen dituen. Funtsezkoa izan zen galaxiaz kanpoko astronomia eta behaketazko kosmologiaren eremuak ezartzeko.[2][3]

Edwin Hubble

Bizitza
JaiotzaMarshfield (Missouri)1889ko azaroaren 20a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaSan Marino (Kalifornia)1953ko irailaren 28a (63 urte)
Hobiratze lekuaezezaguna
Heriotza moduaberezko heriotza: silent stroke (en) Itzuli
istripu zerebrobaskularra
Familia
Ezkontidea(k)Grace Lillian Burke (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaChicagoko Unibertsitatea
The Queen's College (en) Itzuli
Wheaton Warrenville South High School (en) Itzuli
Hezkuntza-mailaDoctor in Engineering (en) Itzuli
Tesi zuzendariaEdwin Brant Frost
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Forest Ray Moulton (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakastronomoa, astrofisikaria eta kosmologoa
Enplegatzailea(k)Yerkes Observatory (en) Itzuli
Mount Wilson Behatokia
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAmerikako Sozietate Filosofikoa
Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionala
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakLehen Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerra

IMDB: nm1202965 Find a Grave: 8570369 Edit the value on Wikidata

Ordura arte nebulosa bezala katalogatutako hauts eta gas hodei asko Esne Bidetik haratagoko galaxiak zirela frogatu zuen Hubblek.[4] Zefeida izar aldakor baten argitasun eta pultsazio periodoaren arteko erlazio zuzena[5][6] (1908an Henrietta Swan Leavittek aurkitutakoa[7]) erabili zuen distantzia galaktikoak eta estragalaktikoak neurtzeko.[8][9]

Hubblek frogatu zuenez, galaxia baten aldentze abiadura handitu egiten da Lurretik duen distantziarekin, orain Hubbleren legea esaten zaion fenomenoa, nahiz eta Georges Lemaîtrek bi urte lehenago proposatu zuen.[10] Hubbleren legeak unibertsoa hedatzen ari dela inplikatzen du.[11] Hamarkada bat lehenago, Vesto Slipher astronomo estatubatuarrak nebulosa hauetako askoren argiak gorriranzko lerrakuntza handia zuela erakutsi zuen, hau aldentze abiadura handien adierazle izanik.[12][13]

Hubbleren izena ezaguna da bere omenez Hubble espazio teleskopioa izendatu zutelako. Bere jaioterrian, Marshfielden, teleskopioaren modelo bat dute erakusgai.

Gaztaroa eta hezkuntza

Bere gurasoak Virginia Lee Hubble (jaiotzez Virginia Lee James) eta John Powell Hubble izan ziren. Gaztetan, trebetasun intelektualagatik baino atletismoan zuen trebetasunagatik izan zen nabaria, baina kalifikazio onak lortu zituen ikasgai guztietan, ortografian izan ezik. Edwin kirolari trebea zen; beisbola eta futbola jokatzen zituen, eta atletismo pistan aritu zen, bai bigarren hezkuntzan eta bai unibertsitatean.

Graduko ikasketak

Hubblek Chicagoko Unibertsitatean egin zituen ikasketak matematikan, astronomian eta filosofian, 1910ean zientzietako lizentziatura lortuz. Urte batez, Robert Millikan fisikariaren laborategiko laguntzailea izan zen, Nobel saridun izango zena.[14] Hiru urte eman zituen Oxforden, jurisprudentzia ikasten, zientzien ordez (aita hilzorian zegoela horrela zin egin baitzion)[15], eta gero literatura eta gaztelania ikasketak ere burutuz zituen, azkenean bere maisutza lortuz.[15][16]

1909an, Hubbleren aitak familia Shelbyvillera eraman zuen, Kentuckyn, hiri txiki batean bizi ahal izan zitezen, eta azkenean hurbileko Louisville hirian finkatu ziren. Aita 1913ko neguan hil zen, Edwin Ingalaterran zegoen bitartean. Hurrengo udan, etxera itzuli zen ama, bi ahizpa eta anaia txikia zaintzeko, William bere beste anaiak lagunduta. [17]

Hubble seme arduratsua zen; haurtzarotik astronomiarekiko interes handia izan arren, aitak eskatuta zuzenbidea ikasi baitzuen, lehenik Chicagoko Unibertsitatean eta gero Oxforden. Denbora horretan, matematika eta zientzia ikasketa batzuk ere egin zituen. Aita 1913an hil ondoren, AEBetara itzuli zen Edwin, baina ez zuen zuzenbidean lan egiteko motibaziorik. Hortaz, New Albanyko (Indiana) New Albany High Schoolen gaztelania, fisika eta matematika irakasteari ekin zion, bai eta mutilen saskibaloi-taldea entrenatzeari ere. Irakasle lanetan urte bat eman ondoren, graduondoko eskolan sartu zen, Chicagoko Unibertsitateko bere irakasle ohiaren laguntzarekin, unibertsitateko Yerkes Behatokian astronomia ikasteko. Bertan 1917an doktoratu zen. Tesiaren izenburua Photographic Investigations of Faint Nebulae izan zen.[18] Yerkesen, munduko teleskopio ahaltsuenetako baterako sarbidea zuen, 24 hazbeteko (61 cm) islatzaile berritzailea zuena.[14]

Doktoretza-ikasketak

Estatu Batuetako Indar Espedizionarioetako Hubbleren nortasun-agiria.

Estatu Batuek 1917an Alemaniari gerra deklaratu ziotenean, Hubblek tesia berehala amaitu zuen, armadan sartu ahal izateko. Estatu Batuetako Armadan boluntario izan zen Hubble, eta sortu berria zen 86. Dibisioa esleitu zioten. Han maior mailara igotzea lortu zun, eta atzerrian zerbitzatzeko gai aurkitu zuten 1918ko uztailaren 9an, baina bere dibisioak ez zuen inoiz borrokan parte hartu.[erreferentzia behar] Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren, Hubblek urtebete eman zuen Cambridgeko Unibertsitatean, eta han astronomia ikasketak berritu zituen.[19]

Karrera

1919an, Hubbleri lanpostua eskaini zion Carnegie Institution for Sciencen Mount Wilson behatokian, Pasadenatik (Kalifornia) gertu, George Ellery Hale behatokiaren sortzaile eta zuzendariareak. Hubble Mount Wilsoneko langile izan zen 1953an hil zen arte. Hil baino lehentxeago, Hubble izan zen 200 hazbeteko (5,1 m) Hale teleskopioa erabili zuen lehen astronomoa, Kaliforniako San Diegotik gertu dagoen Palomar behatokian.

Bigarren Mundu Gerran, Aberdeen Proving Grounden (Maryland) armadarentzat zibil gisa lan egin zuen Hubblek, Balistika Ikerketa Laborategiko Kanpoko Balistika Adarreko buru gisa. Ikerketa-bolumen handia zuzendu zuen kanpo-balistikan, eta bonba eta jaurtigaien potentzia eraginkorra handitu zituen haien bitartez. Hainbat tresna ere garatu zituen han, nabargarriena abiadura handiko kamera bat izanik. Honi esker lehergailuen eta abidaura txikiko jaurtigaien hegaldien ezaugarriak aztertu zitezkeen. Ikerketa eta garapen hauei esker, bonba eta suzirien diseinu, jarduera eta eraginkortasun militarra era nabarian hobetu ziren. Han egindako lanagatik, Merituaren Legioaren saria jaso zuen.[20]

Aurkikuntzak

Unibertsoa Esne Bidea galaxiatik haratago doa

100 hazbeteko (2,5 m) Hooker teleskopioa Mount Wilson behatokian. Hubblek galaxietarako distantziak neurtzeko eta unibertsoaren hedapen abiaduraren balio bat lortzeko erabili zuen.

Edwin Hubble Mount Wilson behatokira iritsi zenean, 1919an, 100 hazbeteko (2,5 m) Hooker teleskopioa amaitu berria zen, garaian munduko handiena. Orduko ustea zen Esne Bidea galaxia unibertso osoa zela, eta ez zegola beste ezer haratago.

Hooker teleskopioa erabiliz, zefeida aldakorrak identifikatu zituen Hubblek, Henrietta Leavittek aurkitutako kandela estandarrak.[7] Itxurazko magnitudea argitasun intrintsekoarekin alderatuz, Lurrarekiko distantzia kalkulatu daiteke.[21][22] Hubblek zenbait nebulosatan aurkitu zituen zefeida, Andromeda nebulosan eta Triangeluko nebulosan besteak beste. 1924an egindako behaketek argi eta garbi erakutsi zuten nebulosa horiek urrunegiak zirela Esne Bidearen parte izateko, eta hortaz, guretik kanpoko galaxia osoak zirela; gaur egun ez dira nebulosatzat hartzen.

Oposizioa gorabehera, Hubblek The New York Timesen argitaratu zituen bere aurkikuntzak lehen aldiz 1924ko azaroaren 23an,[23] eta gero beste astronomoei aurkeztu zizkien 1925eko urtarrilaren 1eko Elkarte Astronomiko Amerikarraren bileran.[24] Andromeda inguruko Hubbleren emaitzak ez ziren formalki argitaratu aldizkari zientifiko batean 1929ra arte .[25]

Hubble-ren sailkapen-eskema galaxientzat


Hubblek galaxiak sailkatzeko sistemarik erabiliena ere asmatu zuen, irudi fotografikoetan duten itxuraren arabera bilduz. Galaxia-taldeak Hubbleren sekuentzia deritzonean antolatu zituen .[26]

Gorritanzako lerrakuntza handitu egiten da distantziarekin

Hubblek 24 nebulosa estragalaktikoetarako distantziak neurtu zituen, hainbat metodo erabiliz. 1929an, distantzia horien eta gorriranzko lerrakuntza bidez zehaztutako abiadura erradialen arteko erlazioa aztertu zuen. Badakigu kalkulatutako distantzia guztiak txikiegiak direla, 7 inguruko faktoreraz. Zenbait faktorek eragin zuten hori, hala nola bi zefeida mota egoteak edo gas distiratsuko hodeiak izar distiratsuekin nahasteak.[27] Hala ere, distantzia horiek benetako distantziekiko proportzionalak ziren gutxi gorabehera, eta bere distantziak Vesto Slipherrek egindako gorriranzko lerrakuntzaren neurketekin konbinatuz, erlazio lineal bat aurkitu zuen galaxien distantzien eta haien abiadura erradialen artean; aurkikuntza hori Hubbleren legea bezala ezagutu zen geroago.[11]

Horrek esan nahi du zenbat eta handiagoa izan bi galaxien arteko distantzia, orduan eta handiagoa izango dela bien arteko aldentze abiadura erlatiboa. Horrela interpretatzen bada, Hubblek 46 galaxiatan egindako neurketek 500 km/s/Mpc-ko balioa ematen zuten Hubbleren konstantearentzat, balio hori gaur egun onartutako 74 km/s/Mpc-ko (distantzia kosmikoen eskailera metodoa)[28][29] edo 68 km/s/Mpc-ko (CMB metodoa)[30][31] balioak askoz handiagoa da, distantzien kalibraketetan akatsak izateagatik.

Hala ere, gorriranzko lerrakuntzaren arrazoia ez zegoen argi. Georges Lemaîtrek, Einsteinen erlatibitate orokor ekuazioetan oinarritutarik, gorriranzko lerrakuntzaren eta distantziaren arteko erlazioa iragarri zuen, eta hau erakusten zuten behaketekin batera argitaratu zituen emaitzak, Hubbleren legea aurkitu baino bi urte lehenago.[32] "Abiadura" terminoa erabili zuen arren (eta "itxurazko abiadura erradialak" sarreran), geroago zalantzak agertu zituen abiadura erreal gisa interpretatzeari buruz.

Gaur egun, "itxurazko abiadurak" unibertsoa hedatzearen ondorioz emandako distantzia propioaren handitzetzat hartzen dira. Hedatzen ari den metrika batean zehar higitzen den argiak Hubble motako gorriranzko lerrakuntza izango du, Doppler efektuaz bestelako mekanismo bat (nahiz eta bi mekanismoak deskribapen baliokide bihurtzen diren hurbileko galaxietarako, koordenatua aldaketa bat dela medio).

30eko hamarkadan, Hubble galaxien banaketa eta espazioaren kurbadura zehazten parte hartu zuen. Neurketek adierazten zuten unibertsoa laua eta homogeneoa zela, baina gorriranzko lerrakuntza handietan, kurbadura lauarekiko desbideraketa bat ikus zitekeen.

Desbideraketa hau erakusten zuten neurketek arazo metodologikoak zituzten. Bereziki, metodoak ez zituen galaxien eboluzioak eragindako argitasun aldaketak kontuan hartzen. Aurretik, 1917an, Albert Einsteinek aurkitu zuen bere erlatibitate orokorraren teoria berriak unibertsoa zabaltzen edo uzkurtzen ari zela adierazten zuela. Einsteinek ezin zuen sinetsi bere ekuazioek ziotena, eta konstante kosmologiko bat sartu zuen ekuazioetan "arazo" hori saihesteko. Einsteinek Hubbleren zuzenketen berri izan zuenean, berehala ohartu zuen erlatibitate orokorrak aurreikusitako hedapena benetakoa izan behar zela, eta aurrerago onartu zuen ekuazioak aldatzea bere bizitzako akatsik handiena izan zela. Hain zuzen, badirudi Einsteinek Hubble bisitatu zuela eta unibertsoa hedatzen ari zela konbentzitzen saiatu zela.[33]

Hubblek 1373 Cincinnati asteroidea ere aurkitu zuen 1935eko abuztuaren 30ean. 1936an, Kosmologiaren Behaketa-Ikuspegia eta Nebulosen Erresuma idatzi zituen, astronomia estragalaktikoaren bere hurbilketa eta honenn historiari buruz zuen ikuspegia azaltzeko.

1941eko abenduan, Hubblek Zientziaren Aurrerapenerako Amerikako Elkarteari jakinarazi zion sei urtez Mt. Wilsoneko teskopioarekin egindako ikerketa baten emaitzak ez zetozela bat unibertsoaren zabalkuntzaren hipotesiarekin. Hubbleren iruzkinen berri eman zuen Los Angeles Timesen artikuluaren arabera, "Nebulosak ezin dira modu uniformean banaturik egon, teleskopioak erakusten duen bezala, eta aldi berean eztandaren ideiarekin bat etorri. Teleskopio handiak ikusten duena saihesten saiatzen diren azalpenak ezin direla eutsi dio [Hubblek]. Eztandak, adibidez, lurra sortu ondoren gertatu beharko zuen, eta agian baita bizitza lehen aldiz agertu ondoren ere".[34][35](Hubblek egindako Hubbleren konstantearen zenbatespenak Big Banga duela 2 mila milioi urte kokatzen zuen).

Bizitza pertsonala

Hubble Grace Lilliane Burkekin (1889–1980) ezkondu zen, John Patrick eta Luella Kepforden alaba, 1924ko otsailaren 26an.

Hubble kristau protestante hezi zen, baina haren ondorengo adierazpen batzuek ziurgabetasuna iradokitzen dute bere fedearen inguruan.[36][37][38]

Osasun arazoak eta heriotza

Hubblek bihotzekoa izan zuen 1949ko uztailean Coloradon oporretan zegoela. Emazteak zainduta zuen, dieta eta lan ordutegia aldatuta jarraitu zuen ikertzen. Garuneko tronbosiaz (odol-koagulu bat bere garunean) hil zen 1953ko irailaren 28an, San Marinon (Kalifornia). Ez zen bere omenezko hiletarik egin, eta emazteak ez zuen inoiz bere hilobiaren kokapena ezagutarazi.[39][40][41]

Eztabaidak

Lemaîtreren lehentasunari buruzko salaketak

2011n, Nature aldizkariak Lemaîtreren 1927ko artikuluaren itzulpenean aurki daitezkeen zati garrantzitsuen zentsuran Hubblek parte hartu zuela iradokitu zuen. zan ere, artikulu horrek orain Hubbleren lege bezala ezagutzen duguna aurkezten zuen, eta hau defendatzeko behaketen ebidentzia ere ematen zuen. Naturen artikuluan aipatutako historialariak eszeptikoak ziren Hubblek lehentasuna izango zuela ziurtatzeko kanpaina baten zati izateari buruz. Hala ere, Sidney van den Bergh astronomo behatzaileak artikulu bat argitaratu zuen, aldaketak itzultzaile batek eginak bazien ere, nahita eginda egon zitezkeela iradokituz.[42]

2011ko azaroan, Mario Livio astronomoak Naturen jakinarazi zuen Lemaîtreren artxiboko dokumentuek erakusten zutela omisioa Lemaîtrek berak egindako zela, antza denez ez baitzuen zentzuzkoa ikusten dagoeneko Hubblek argitaratutako informazioa zientifikoa sartzea artikuluan.[32] Hala ere, horrek ez du kontuan hartzen Lemaîtrek frantsesez argitaratu zuela inongo omisiorik gabe Hubblek baino bi urte lehenago.[43]

Nobel Saria lortzeko saiakera

Garai horretan, Fisikako Nobel Sariak ez zituen astronomian egindako lanak saritzen. Hubblek bere karreraren amaierako zati handi bat eman zuen astronomia fisikaren eremutzat onar zedin saiatuz, bere zientzia propioa izan beharrean. Neurri handi batean, Nobel Sariaren Batzordeak astronomoak —bera barne— astrofisikari egindako ekarpen baliotsuengatik onar zitzan egin zuen. Kanpaina horrek ez zuen arrakastarik izan Hubbleren bizitzan, baina hil eta gutxira, Nobel Sariaren Batzordeak erabaki zuen lan astronomikoa fisikako sarirako hautagai izango zela.[44]Hala ere, saria ezin da hil ostean irabazi, beranduegi zen beraz Hubblentzat.

Ohoreak

Sariak

  • Newcomb Cleveland saria 1924an;[45]
  • 1938ko Bruce Domina;[46]
  • Franklin domina, 1939an;[47]
  • Royal Astronomical Societyaren Urrezko Domina 1940an;[48]
  • Merituaren Legioa, 1946an ikerketa balistikoari egindako ekarpen nabarmenagatik.[49]

Bere omenez izendatutakoak

Zigilua

2008ko martxoaren 6an, Estatu Batuetako Posta Zerbitzuak 41 zentimoko zigilua kaleratu zuen Hubblen omenez, Victor Stabin artistak diseinatutako "Zientzialari estatubatuarrak" izeneko bilduman.[40] Honela dio aipuak:[51]

«Askotan "urruneko izarren aurrendari" deitua, Edwin Hubble (1889-1935) astronomoak unibertsoaren izaera konplexu eta zabala argitzen paper garrantzitsua jokatu zuen. Nebulosa kiribilen inguruko bere ikerketa zorrotzek gureaz kanpoko galaxien existentzia frogatu zuten. 1953an ustekabean hil izango ez balitz, urte horretako Fisikako Nobel sariaren irabazle izango zen.»

(Kontuan izan 1953. urtean Nobel Saria irabazi izango zuenaren baieztapena faltsua izango zela ziur aski, baina egia da urte horretan sarirako izendatu zutela).[52]

"Zientzialari estatubatuarrak" bildumako beste zientzialari batzuk Gerty Cori biokimikaria, Linus Pauling kimikaria eta John Bardeen fisikaria dira.

Herri-kulturan

1980ko Carl Saganen Cosmos: A Personal Voyage dokumentalean, Hubbleren bizitza eta lana erakusten dira 10. kapituluan, "The Edge of Forever" izenpean.

Cornell Hasan Padamsee fisikariak idatzitako Creation's Birthday antzezlanak Hubbleren bizitzaren historia kontatzen du.[53]

Erreferentziak

Kanpo estekak