Emakumeak zientzian

Zientziaren alorrean emakumeek egin duten ekarpenari buruzko artikulua

Historian, handia da emakumeek zientziei egindako ekarpena, baina gizonen ohiko jardueraren aldean, ezaugarri berezi batzuk ditu generoaren faktorea dela eta. Egungo ikasketa historiko, kritiko eta soziologikoek ikerketa-lerro garrantzitsua bilakatu dute fenomeno hau.

«Emakumeak geometria irakasten». Euklidesen Elementuak obraren sarrerari (K.a 1310. urtean) dagokion ilustrazioetako bat

Ikasketa historiko, soziologiko eta kritikoak

Genero eta zientziaren auzia aztergai duten historialariek, hala nola Margaret W. Rossiterrek, Londa Schiebingerrek, Éric Sartorik edo Yaël Nazék, bilatzen dute emakumeek euren lanak akademian onar zitezen historian egindako esfortzu zientifiko, oztopo eta estrategiei erreparatzea.

Matilda efektua-ren azalpena (Matilda Joslyn Gage-ren teoria oinarri)

Rossiter-ek, AEBko historialari batek, segregazio historiko eta territoriala gauzatzeko faktoreen gaineko teorizazioa burutu du.[1] Estatu Batuetan, esaterako, estatistikek erakutsi bezala, Mendebaldeko etnia duten emakumeen %60a erizaintza, haurtzaindegietan edota oinarrizko irakaskuntza esparruetan aritzen da.[2] 1993an, Rossiterrek Matilda efektuaren gaineko hainbat ikerketa lerrori hastapena eman zien, zeinen arabera emakumeek zientzia esparruan egiten dituzten ekarpenak gutxietsiak edota euren gizonezko kideei egotziak direla frogatzen den. Fenomeno hori, Matilda Joslyn Gagek ikertu zuen XIX. mendean. Honakoa Matthieu efektuaren aldaera gisa gauzatutako fenomenoa da, gizarte pribilegioaren betikotzearen gaineko teoria gisa. Hona hemen Matilda efektua aztergai izan duten hiru autore esanguratsu: Lise Meitner, Rosalind Franklin eta Marietta Blau.

Rossiter autoreak sortutako beste fenomeno ezagun bat, harem efektua da[3][4]. Harvard Computers dugu honen adibide. Edward Charles Pickeringek, Hardvard College Observatory-ko zuzendariak, gizonak baino emakume kopuru handiagoa kontratatzen zituen, emakumeek soldata baxuagoa jasotzen zutenez gero.[5]

Garai honetan, Hardvard-ko behatoki honetan lan egiten zuten emakume astronomoek, 0,25 $-ko soldata jasotzen zuten orduko, unibertsitate horretako idazkari emakumezko batek jasotzen zuen ordainketa baino kopuru nabarmenki baxuagoa, alegia.[6]

Hala ere, unibertsitate horretan astronomiaren esparruan nabarmenak izan diren emakumezkoen figurak hainbat dira, hala nola Annie Jump Cannon estatubatuarra.[7]

2008an, 40 herrialdeetako 300.000 nerabeek burututako matematika test batek erakutsi bezala, gizon eta emakumeen arteko errendimendu arrailak, emakumeen emantzipazio indizearekin du harreman, hezkuntza eta kultura faktoreez gain (autoestima eta genero estereotipoen eraginez, kasu)[8]. Mota honetako ikerketek, determinismo biologikoa desafiatu eta ideologia zioei heltzen diete (azalpen konstruktibistei, alegia) emakumeek zientzietan pairatzen duten errekonozimendu eza azaltzeko.

Mendebaldeko gizarteen historia

Historiaurrea

Gaur egunera arte antropologo gehientsuek garrantzia eman diote gizon ehiztarien trebetasunei[9], baina alboratu egin dituzte historiaurreko emakumeek egindako ekarpenak zientzia eta teknologiari[10]. Baina antropologoek ekarpen horiek alboratu izanak ez du esan nahi emakumeek ekarpenik egin ez zutenik. Emakumeak izan ziren, hain zuzen ere, lehen biltzaileak[11]. Horri esker landareen laborantza eta hazkuntza egiten ikasteaz gain, landareak jasotzen, klasifikatzen, nahasten eta lehortzen ikasi zuten. Hori horrela, esan daiteke emakumeak izan zirela lehen botanikariak.

Landareekin askotariko ekintzak egiten ikasi zuten, besteak beste, landareekin janaria kontserbatzen edota gaixotasunak sendatzen. Beraz, emakumeak izan ziren lehen sendalariak, zirujauak eta sortzainak.

Historiaurrean emakumeek egindako asmakuntzei dagokienez, honakoak dira aipagarrienak: ogia, likorea, motrailua, haziak xehatzeko errota, jostorratza etab.

Antzinaroa

John William Godward. Atenas. (1908)

Hainbat antzinaroko zibilizazioek Emakumearen presentzia nabarmendu zuten, medikuntzaren alorrean esaterako. Egipton, Merit-Ptah (K.a 2700), "mediku nagusi" ezizenez bataiatua, zientzien historian esplizituki zuzenean aipatua izan den lehendabiziko emakumea dela uste da.[12]

Bestalde, Agameda (grekoz, Ἀγαμήδη) Homero idazleak hainbatetan aipatutako figura dugu, Troiako Gerran sendalari eta azti gisa aritzeagatik (K.a 1194-1184. urteen inguruan). Grezian medikuntzaren esparruan legalki garatu zen lehendabiziko emakumea, Agnodize dugu, Atenasen, K.a 350. urtean zehazkiago. Hala ere, medikuntza klaseak hartu eta mediku-lana burutzeko gizon gisa janztera behartua ikusi zuen bere burua, ikasle eta ginekologa esanguratsu izan arren, bere emakume identitatea argitu ezinik. Paziente kopuru handiak beregana jo ondoren eta bere fama atenastar polisean nabarmendu ahala, bere kide batzuek zabaldutako zurrumurru bati aurre egin behar izan zion, ezkondutako emakumeak limurtzea leporatua. Horrela, polemikari aurre egiteko, emakume gisa aurkeztera behartuta ikusi zuen bere burua, ondorioz, atenastar legea apurtzeaz leporatua izateaz gain, kondena latz bat jasotzera arriskatuz.

Hala ere, epaiketan, bere defentsaren alde, interes pertsonal eta kolektiboen izenean, hainbat hiritar esanguratsuk postulatu zuten, emakumeek mediku gizon batengana jo baino lehen, heriotza nahiago zutela argudiatuz. Horrela, magistratuek Agnodize absolbitu eta bere ogibidearekin jarraitzen utzi zioten.

Hurrengo urtean, emakumeek medikuntza ikasi ahal izateko lege bat kaleratu zen.

Antzinaroko Grezian, Emakumeak onartua zuen filosofia naturalaren esparruan aritzea. Ondorioz, hainbat dira filosofia naturalaren esparruan aritutako figura-emakumezkoak, hala nola Aglaonize (astronomo gisa, eklipseen gaineko teoria zabaltzea zor zaiona) eta Teano, matematikari eta mediku gisa aritu zen dizipulu pitagoriko gisa (iturri batzuek bere maitaletzat jotzen dutelarik). Crotone polisean Pitagorasek zabaldutako eskola batek, esanguratsuak izan diren emakumeen figura kopuru nabarmen bat hartu zituen bere gain, eruditu edota irakasle gisa adibidez[13]. Eskola horretako kideek, komunitarismoa zuten bizi antolamendu hizpide eta euren lanak Pitagorasen izen kolektiboaren pean kaleratzen zituzten, lan batzuen egiletza nori egoztea afera zaila bilakatzen dutelarik (hala ere, badaude Teanoaren izenpeko diren hainbat testu apokrifo).[13]

Marie Bouliard. Aspasia-ren autoerretratua. (1794)

Gainera, alkimiaren protozientzia garatzeari begira, emakumearen presentzia ere zeharo nabarmena izango da Alexandrian batez ere, non tradizio gnostikoak emakumeek burututako ekarpen onartuago batzuk bermatu zituen, batzuk biziki baliotsutzat joz. Emakumerik ezagunena, Maria Hebrearra dugu kimika gailu abarrak asmatzeagatik, alkitara, edo Maria bainua kasu. Maria Hebrearra, alkimiaren ama-ponteetako bat da, aro helenistikoan burutu zuena bere peripezia, K.a III. eta II. mendeetan zehatzago.

Hipatia Alexandriakoa (K.a 350-415) Theonen alaba, Alexandriako liburutegiko zuzendari eta jakintsu dugu. Bere ekoizpen filosofikoa zeharo zabal eta heterogeneoa dela esan beharra dago, astronomia, geometria eta aljebra bezalako ikerketa-eremuak lantzeaz gain, hidrometroa, astrolabioa eta uraren destilazioa gauzatzeko gailu baten asmakuntza zor zaizkiolarik.

Bestalde, Hetera-k (grekoz, ἑταῖραι) Antzinako Greziako prostitutak ziren, aristokrata eta elite sozialei zerbitzu sexualak eskaintzea xede zutenak. Oro har, garaiko klima intelektual eta pentsamendu eztabaidetan (συμπόσιον, simposion) burututako jarduna zeharo aipagarri zaie emakume hauei, Arte eta Filosofia diziplinen inguruko prestakuntzak ahalbidetua (garaiko emakumeen gehiengoari, sozial eta juridikoki ukatua). Hainbat dira hetairen tradizio intelektualari ekarpenak burututako emakumeen izenak, hala nola, Aspasia Miletokoa, Frine, Targelia, Lais Hikarakoa... Emakume intelektual eta kortesanoaren irudiak oihartzun nabarmena izan du historian zehar, etimologikoki ere bai, Lacassagne, Le Blond eta Lucas antropologo fisikoek adierazi bezala:

«Duela bi mila ehun eta berrogeita hemezortzi urte, Corinton gudu suntsitzaile bat gertatu zen, honek erromatarrek Grezia konkistatzeari ateak ireki zizkion eta greziar emakume asko esklabo sexual bihurtu ziren. Konkistatzaileak jabetu ziren emakume horiek larrua jotzen jakiteaz gain, zenbait ezagutza zientifiko ere bazituztela eta dudarik gabe, pentsatzen bazkeitela (latinez: putare), beraz, puta hitzarekin deitzen hasi ziren.»
Lacassagne, Le Blond eta LucasGaztelaniazko testua, bertatik egin da euskararako itzulpena:

Dos mil ciento cincuenta y ocho años atrás, aconteció la devastadora batalla de Corinto, que abrió puertas a la conquista romana de Grecia y a la esclavización de muchas griegas como prostitutas, hasta que los invasores se percataron de que además de fornicar, aquellas mujeres tenían ciertos conocimientos científicos y sin duda sabían pensar (en latín: putare), por lo que comenzaron a llamarlas putas.</ref>[14]

Erdi Aroa

Maria Hebrearraren grabatua, Michael Maier-ren Symbola Aurea Mensae Duodecim Nationum obran. (1617)

Erdi Aro europarreko lehendabiziko mendeak, Mendebaldeko Inperio Erromatarraren endekak karakterizatutakoa da. Zibilizazio greko-erromatarraren eremu geografiko latin-mendebaldekoek hainbat arazo politiko, sozial eta militar sakonei aurre egin behar izan zizkieten, bertako ekoizpen intelektuala galaraziko zutena. Nahiz eta Natura beti arrazoiaren bidez ulertu zitekeen sistema gisa ulertu, garai honetan iniziatiba edota berrikuntza zientifikoranzko joera minimoa da oso[15]. Hala ere, 1000. urtearen ondorengo mendeetan populazioaren hazkunde azkar batek aurrerakuntza nabarmena piztu zuen ekoizpen zientifikoari dagokionez.

Epe historiko honetan, nahiz eta hainbat emakumek zientzien esparruan arrakasta lortu, garaiko estatus kultural erlijiosoak hezkuntzan, formakuntza intelektualean eta zientziarekiko partaidetzan eragina sakona izan zuen. Esaterako, Tomas Akinokoak, pentsalari eta idazle kristauak, honakoa idatzi zuen emakumearen inguruan:

«Emakumeak ez dira gai mentalki autoritate estatus bat edukitzeko.»
Tomas Akinokoa[16]

Erdi Aroaren akaberan, emakumeak eskulan eta artisau esparrutik kanporatuak izan ziren gutxinaka, eurek sortutako lehiakortasunarengatik, batik bat. Ondoren, bi mende geroago, 1688an, Adrian Beier bezalako figurek, emakumeak artisau-lanak burutzea debekatzeko lege bat sortu eta bultzatu zuten, lehiakortasun honen aurkako neurri koertzitibo gisa.[17]

Hezkuntza

Mendebaldeko Europako mendebaldean, bertutea, aintza eta ahalkea bezalako balio moral kristauak ziren garaiko emakumeei erakusten zitzaizkienak, besteen artean, Geoffroi de la Tour Landry noblearen Livre pour l'enseignement de ses filles tratatu didaktikoan, bere alaben hezkuntzari zuzendua zegoen ekoizpen gisa (XIV. mendean zehar).

Komentuak

Hildegarda Bingengoa

Erdi Aroan zehar, komentuak emakumeen hezkuntzarako epizentro bilakatu ziren, emakumeak ikerkuntza zientifikoan murgiltzea hein batean ahalbidetuz. Honen adibide, Hildegarda Bingengoa abade alemaniarra dugu, zeinaren ekoizpena prolifikotzat jotzen den erabat, zeharo abarrak diren esparru zientifikoen gaineko tratatuak burutzeagatik, hala nola medikuntza, botanika edota historia naturalaren ingurukoak[18]. Komentuen esparruan bere ekoizpena burutu zuen beste emakume esanguratsu bat, Landsbergeko Herrade dugu, Hortus deliciarum (euskaraz, Gozamenaren baratza) obraren autore eta ilustratzaile izateari zor diona bere fama, honakoa 1169 eta 1175 urteen artean ekoiztutako obra delarik. Ekoizpen hau, emakume batek eskuz idatzitako lehendabiziko entziklopediatzat jo daiteke, bokazio esentzialki didaktiko bati erantzuten diona.

XI. mendean, instituzio unibertsitarioaren hazkundearekin batera, emakumeak ere bertatik baztertuak izan ziren, nahiz eta historikoki salbuespen batzuk lokalizatu diren, Boloniako unibertsitatearen kasuan esaterako, bere inauguraziotik emakumeen presentzia onartu zuen unibertsitatea denez gero, 1088. urteaz geroztik.[16]

Emakume mediku italiarrak

Nahiz eta zientzietan emakumeak gizonarekiko zapalkuntza egoeran jarraitu, Italian mendebaldeko beste lurraldeekin alderatuz nolabaiteko abantaila zuen emakumeak. Esaterako, XI. mendean, Salernoko Trotulak, Salernoko mediku-eskolan katedra bat eskuratu zuela uste da, non italiar emakumezko nobleei zuzendutako medikuntza-ezagutzak eskaintzen zituen, bere ikasleek "Salernoko damak" goitizena jaso zutelarik. Trotulari eragin nabarmeneko hainbat testu egotzi zaizkio, medikuntza femeninoak besarkatzen dituen auzien inguruan batez ere, hala nola, ginekologia eta obstetrizia esparruen inguruan.

Bestalde, Dorotea Bocchik, beste emakume mediku italiar batek, Filosofia eta Medikuntza katedra bat eskuratu zuen Bolognako unibertsitatean 1390tik aurrera, 40 bat urte iraun zuena. Garaiko beste hainbat emakumezko italiarrek ere medikuntza esparruari ekarpen nabarmen eskeini dizkiote, esaterako: Abella, Jacqueline Félicie Almaniakoa, Alessandra Giliani, Guarnako Rebecca, Margarita, Merkuriade (XIV mendean), Constance Calenda (XIV mendean), Calrice di Durisio (XV. mendean), Constanza (XV. mendean), Maria Incarnata (XV. mendean) eta Thomasia de Mattio-k (XV. mendean).[19][20][21][22][23]

XVI eta XVII. mendeetako Iraultza Zientifikoa

Jacques-Louis David. Marie-Anne-Pierrette Paulze (Mme de Lavoisier) eta bere senarra. (1788)

Margaret Cavendish XVII. mendeko aristokrata ingelesa dugu, bere garai historikoko hainbat eztabaida zientifikoetan present zegoen figura bezala. Hala ere, ez zuten Royal Society elkartean onartu, nahiz eta gizonezko kideek bilera batzuetara entzule gisa etortzea utzi. Gai zientifiko oso abarren gaineko idazkiak zor zaizkio, hala nola, Observations upon Experimental Philosophy eta Grounds of Natural Philosophy, azken honetan bereziki kritiko agertuz, gizakiak naturaren zerbitzari zirenaren uste zabalduaren aurka.

XX. mendera arte, Londreseko Royal Society-ra ez zen emakume bakar bat ere gonbidatua izan, ezta Zientzien Akademiara ere ez, XVII. mendeko gizartean "emakumeei egotziak ziren etxeko-lanak erudizio ororen aurkako betebehar zirela" ustea zabaldua zenez gero.

1673. urtean, garaiko estatus kulturalaren aurkako erantzun gisa, François Poullain de la Barre pentsalari eta matematikariak De l'egalité des deux sexes, discours physique et moral où l'on voit l'importance de se défaire des préjugez obra idatzi zuen, zeinetan emakumeei zuzendutako jarreren aurkako salaketa bat burutu zuen, zapalduak ziren emakumeen konpromiso zientifikoa azpimarratuz eta gizonei eskuragarri zitzaien hezkuntza sistema eurei zabaltzearen aldeko deialdia eginez, izpirituak sexurik ez zuela adieraziz, "l'esprit n'a point de sexe".

XVIII. mendea

XVIII. mendean, emakumearen gaineko hiru ikuspegi dibergente nagusitu ziren: emakumeak gizonaren azpitik zeudela gaitasun mental eta fisikoei dagokienez, gaitasun antzekoak zituztela baina ezberdinak zirela eta potentzialki emakume eta gizonek gaitasun berdintsuak zituztela, ondorioz, gizarteari ekarpen berdintsuak egiteko gai zirela azpimarratuz. Nahiz eta mende honetan generoaren araberako rolak oso definituak egon, emakumeek zientziaren garapen sakona ezagutu zuten garaia dugu hau.

Testuinguru ilustratu frantsesean eta baita Alemaniako XVII eta XIX. mende bitarteko erromantizismoan, emakumeek esparru artisauean burututako partaidetzak, hainbat behaketen bidez esparru zientifikoetan aritzea ahalbidetu zuela uste da, astronomian nagusiki. 1650 eta 1710. urteen artean emakumeek astronomo alemaniarren %14a osatzen zuten.[24]

Alemaniako astronomo ezagunena Maria Winkelmann dugu, Berlingo Akademiarekin hainbat arazo pairatu zituena, jarduera zientifikoa "esparru esklusiboki maskulino" bat zela, garaiko gizartean errotutako uste zabaldua zenez gero.[25]

Garai honetan ere, Émilie du Châtelet autoreak Newtonek arestian konfekzionatutako Principia obra komentatu eta itzuli zuen, Voltaire autoreak bultzatua. Itzulpen hau Parisen 1756. urtean kaleratu zen, Principes mathématiques de la philosophie naturelle izenburupean.[26] Hertsiki, historian zehar gizonen jardun gisa zedarritua izan den esparru honetan autoritate bilakatu zen du Châtelet, bere idatzizko obra gehiena kontserbatzen den lehendabiziko emakume zientzialarietakoa delarik.

1762. urtean, Rousseauk emakumeei Botanikaren gaineko ikasketak gauzatzea aholkatu zien formalki, izpiritu "femeninoa" elikatzen zuen diziplina akademiko bakarra zelakoan, bere hitzetan:

«Egia espekulatibo eta abstraktuen bilaketa, printzipioena, zientzien gaineko axiomen bilaketa... Alegia, ideiak orokortzean funtsatzen den jarduera intelektual oro, ez da emakumearen esparrua; ezagutza praktikoetara mugatu behar dute honakoek, gizonak jada aurre-ezarri eta topatu dituen printzipioen aplikazio eta iruzkintzera.»
Jean-Jacques Rousseau (Émile obran)

Erakundeetan

Nahiz eta oztopoak eduki, hainbat gizonek agertu zuten emakumearen jardunarekiko babes publikoa, zientziagintzan burututako ekarpenen errekonozimendua hizpide.[27] Horrela, euren garaiko instituzio zientifikoaren uztarripean lan egin zuten bi emakume, Laura Bassi eta Catherine Dachkov ditugu. Bassi, bere doktoregoa Bolognako unibertsitatean jasotako fisikaria dugu, 1732. bere irakasle postua lortu zuena. Dachkov ordea, 1738. urtean Errusiako akademia inperialaren zuzendari bilakatu zen, historian estreinakoz akademia batek emakume baten gidaritza jasoz. Kattalin Handia tsarinarekin ere harreman estua eduki zuen.

XVIII. mendeko Italian, bi emakume izan ziren irakasle izenpetuak argien mende katolikoan: Laura Bassi bera eta ondoren Maria Gaetana Agnesi matematikaria.

Suediari dagokionez, Eva Ekeblad Suediako erret akademian onartutako lehendabiziko emakume zientzialaria dugu, patatatik fekula eta alkohola ekoiztearen asmatzaile 1764. urtean. Bere jardunari esker, patata, suediar nekazari eremuan biralizatu zen barazkia dugu, nutrizio eza nabarmenki murriztuz (bere ikerketa baino lehen aristokraziari soilik eskuragarri zitzaion elikagaia zen honakoa). Bidenabar, zerealetatik alkohola ekoizteak, (gari eta zekale gehienbat) ogi ekoizpenera zuzendutako zereal ekoizpenak ahalbidetu zituen. Zientzialari honek ere, xaboia erabiliz jantziak zuritzeko metodo bat asmatu zuen, eta baita osasunerako kaltegarriak ziren hainbat emakumezko kosmetikoen alternatiba plazaratu ere.

Erakundeetatik at

Esne Bidearen irudikapena Caroline Herschel-en teoriaren arabera

Orokorrean, zientziaren esparruan jardundako emakumeek aita edota senar baten babesarekin burutzen zituzten bere ikerketak. Esaterako, Caroline Herschelek bere astronomia bideari, bere anai zen William Herschel laguntzeko eman zion hastapen. Bere obra nagusia Index to Flemsteed's Observations of the Fixed Stars da, 1798an argitaratua (zeinetan zortzi kometa berrien inguruko aurkikuntzetaz aritzen zen). Kimikaren aldetik, Marie-Anne Pierrette Paulze emakumeak bere senar zen Antoine Lavoisierren lanak itzultzen burutu zuen bere ekarpen zientifikoa. Hala ere, beranduago bere senarraren arrakasta zientifikoaren zio izan ziren hainbat tesien asmatzaile zela frogatu zen, hala nola Traité élementaire de chimie obran plazaratutakoak (1789an).

Bestalde, beste hainbat emakumezko aritu ziren garaiko obra zientifikoak itzultzen eta ilustratzen. Jada aipatutako Du Châtelet-ek burututako Newton-en tesien gaineko itzulpen frankofonoa, honen adibide dugu, fisika matematiko europarrarentzat aurrerakuntza nabarmena suposatu zuena.

Horrela, Journal des savats egunkariak, bi artikulu oso eskaini zizkion Institutions de Physique obrari, Du Châtelet-i hitz hauek eskainiz[28]:

«Zer nolako ausardia zientziak lantzen dituztenentzat, emakume bat ikustea, zeinak erregutzea aukera bezala eduki arren, bere burua instruitzea jubilatzea baino nahiago eduki izan duen, plazerrak masei eskeintzen zaizkien Aroan, bere akats propioa nahiago izan duena zoriontasun ezaren goxotasunaz, Egiaren bilaketa etengabea mingarria izan arren, indarrez izpiritu eta gorputzaren graziak bere egin dituena, zientzia abstraktuena izan arren.»
Journal des savats egunkaria[29]

Voltairrek, Du Châtelet-en heriotzak hunkiturik, 1749an Prusiako erregeari hitz hauek zuzendu zizkion:

«Hogeita bost urteko lagun bat galdu dut, gizon handi bat, emakume izatea beste akatsik ez zuena, Paris guztiak faltan bota eta ohoreak zuzentzen dizkionak.»
Voltaire[30]

Historia Naturalari dagokionez, Françoise Basseporte frantsesa, erret baratz botanikoetako ilustratu gisa kontratatua izan zen. Ingalaterran, Mary Delany-k metodo ilustratu bat garatu zuen, botanikaren esparruan ere bai. Bestalde, Mary Somerset eta Margaret Harley bezalako aristokratek euren baratz propioa erein eta kudeatzeari ekin zioten, 1766ean Rousseau-ren errekonozimendua jasoz.

Mary Delany eta Margaret Harley ingelesak ere Blue Stockings Society-ko kideak izan ziren, bas-bleuismea-ri lotuta. (letretako emakume ilustratu gisa, beranduago Molière-rrek gogorki kriminalizatuko zituenak, goitizen honen pean).

XIX mendea

XIX. mendeko lehendabiziko urteetan zehar, zientzia lanbide amateur gisa ulertu zen. Emakumeek burututako ekarpen zientifikoa mugatua zen erabat, eta ezagutza zientifiko formal orotik baztertuak izaten jarraitu zuten, nahiz eta urteak pasa ahala, club ezberdinetan onartuagoak izaten hasi ziren.

Frantzian

Julie-Victoire Daubié 1861an, ikasle izandako lehendabiziko emakume frantsesa da.

Matematikak

1816an, Sophie Germain, matematikari eta filosofo paristarra (bertako familia burges antzinako esanguratsu bateko kide) Zientzien Akademiak kudeatutako lehiaketan garaile atera zen, azalera elastikoen gaineko teoria matematikoa eskaini eta esperientziarekin alderatzeagatik. Horrela, garaiko emakumeei debekatua zitzaien Akademiako seminarioetara joatea onartu zitzaion. Gauss-ek aholkaturik, Göttingen-go unibertsitateak 1830ean ohorezko titulu bat eskaini zion, Germain ordea, saria jaso baino lehenago zendu zen.

Jean Béraud. Madeleine Brès-en teoria. (1875).

Germain-ren lan kopuru baxuak, garaiko bizitza zientifikoan presente zen arraila azalduko luke. XIX. mendearen hasieran, emakumeak inkonpetente edo ezgai gisa izenpetuak ziren lan zientifikoen ulerkerari zegokionez; ezagutza eskuratzea afera zaila zitzaien erabat, aurrerakuntza zientifikoaren noranzkoa, dibulgazio liburu eta azaleko eztabaiden bidez susmatzera mugatuz. Sophie German-en figura, zeharo azpimarragarria da bere garaiko antolakuntza kultural eta zientifiko patrilinealari aurre egiteagatik.[31]

Medikuntza

1868an, emakume gazteei medikuntza irakastea onartu zitzaien. Madeleine Brès ospitale batean mediku gisa izen emandako lehendabiziko emakumea dugu, Emma Chenu zientzietan lizentziatura lortu zuen lehendabiziko emakumea delarik. Brès, charrette-ak ekoizten aritzen zen gizon baten alaba dugu, 15 urterekin ezkondua. Ondorioz, diploma lortzeko bere senarraren baiezkoa inposatu zitzaion, garaiko zuzenbide frantsesak, emakume ezkonduak eskubidedun, autonomo eta arduradun gisa jotzen ez zituenez gero, subjektu juridiko, alegia. Medikuntza fakultatean izena emateak garaiko logika sexista desafiatzearen sinonimo zen, honakoa burutzeko Eugénie enperadorearen eta instrukzio publikoko ministro zen Victor Duruy-ren baimena behar izan zuelarik. Higiene irakasle bezala ere aritu zen eta baita Pariseko amatasun eskolako zuzendarien irakasle gisa bere jarduna burutu ere. Hygiène de la femme et de l'enfant argitalpenaren zuzendari gisa aritu zen, puerikultura eta zaintzaren gaineko hainbat obra kaleratzeaz gain. Hala ere, ez zen diploma lortu zuen lehendabiziko emakumea, bost urte lehenago Elizabeth Garrett Anderson-ek estreinakoz lortu zuenez gero.

1862ko abenduaren 10an, azkeneko honek Julie-Victoire Daubié-rri gutun bat zuzendu zion, Frantziako emakumeek goi mailako ikasketak jasotzea legeztatzea xede zuen kanpaina baten buruzagitzan ibili zenez gero:[32]

«Emakumeen rol pioneroari jarraiki, nire ikasketak Britania Handian jasotzea lortuko dut, kanpokoak edo amerikarrak diren unibertsitateetara jo ordez.»
Elizabeth Garrett Anderson[33]

Bere saiakerek hasiera batean hainbat oztopo eta ezezkoekin topatu behar izan zuten unibertsitateko azterketak burutzeko, Londreseko Unibertsitatean eta Royal College of Physicians and Surgeons elkartean ere bai, nahiz eta azkenean 1865an Academy of Pharmacy-k bere lizentzia eskuratzeko eskubidea aitortu. Horrela, Medikuen Ordenean izena emandako lehendabiziko emakumea bilakatu zen, Elizabeth Blackwell-ekin batera.

Ingalaterra

Hezkuntza
Rebecca Solomon. Gobernantea. (1854)

Emakumeei zuzendutako hezkuntzari dagokionez, gizonari klasikoki zuzendutako instrukzio zientifiko eta komertziala eskaintzea ez zen beharrezkotzat jotzen epe historiko honetan. Horrela, emakumeei zuzendutako ezagutzak, amatasun rola, etxeko-lanen afera eta gai oso zehatzak zituen hizpide, Historia, Geografia eta Literatura, kasu, euren haur eta senarrei baliogarriak zitzaizkien edukiak zirelakoan. Bestalde, grekoa eta latinaren tankerako ikasketak alferrikakotzat jotzen ziren emakumeen ikasketa prozesuan. Azken finean, Zuzenbidea, Fisika, Ingeniaritza, Zientziak edo Arteak ikasi nahi zituzten emakumeek garaiko gizartearen iseka eta sarkasmoa pairatu behar izaten zuten. Ikasketa unibertsitarioak antzutzat jotzen ziren emakumeei zegokienez, ikastea euren naturarekin bat ez datorren tasun bat zelakoan, gaixotzeko arriskua sorrarazten ziena. Emakumeei nolabaiteko gizarte rol ornamentala esleitzen zitzaion epe historiko honetan, obedientzia eta sumisio edo menpekotasunak emakumeari ainguratutako tasun femenino ezinbesteko gisa joz.

Bestalde, Viktoriar Aroaren hastapenean, emakume gazteei zuzendutako irakaskuntza, ezkontza eta accomplishments-en bereganatzean aurkitzen zuen bere funtsa, bere garaiko logikarekin bat eginez, akuarela, joskintza, frantsesaren ezagutza eta kantua bezalako gaitasunak eskuratuz.

1883ean, Kadambini Ganguly eta Chandramukhi Basu emakume indiarrek, Britainiar Inperioaren baitako unibertsitate batean diplomatutako lehendabiziko bi emakumeak izan ziren, Sengupta, Subodh Chandra eta Bose-ren ustez[34]. Bestalde, Oxforden esaterako, 1879. urtera arte ez zen emakumeen presentzia onartu, Kalkutako Unibertsitateak onartu baino urte bat beranduago[35]. Bestalde, matematikaren gaineko ikaskuntza-deialdiak emakumeei 1841an zabaldu zitzaizkien.[36]

Hala ere, Kanadar Entziklopediaren arabera, Grace Annie Lockhart emakume kanadarra izan zen 1875. urtean lehendabiziko diplomadun emakumea, Inperio Britaniarraren baitako batxilergo unibertsitario baten lehendabiziko titularra izateaz gain.[37]

Ogibide ezberdinak
Florence Nightingale, Erizaintzaren diziplinaren pioneroetako bat eta zaintza-ogibideetan estatistikaren erabilpena txertatzearen aldeko.
Ada Lovelace-ren akuarelazko erretratua, Byron poetaren alaba eta historiako lehendabiziko informatiko eta programatzaileetakoa kontsideratua

Bere irakaskuntza gauzatzeko lanbide-esparruak urriak ziren oso emakumearentzat, idazle, eskola-andereño edota gobernari gisa, kasu.

Gainera, XIX: mendean zehar emakumeari hiru ogibide mediko zuzendu zitzaizkion: erizaintza, haurdunaldien esparruan eta sendagile gisa (nahiz eta eremu honetan bere presentzia askoz urriagoa izan). Hala ere, emakume erizainak oztoporik gabe gizarteak onartuak izan arren, gizonezko mediku baten gidaritza eta autoritatearen pean egin behar zuten beti lan, eta euren jarduna, ez zen publikoegia egiten. Viktoriar aroan, medikuntza bereziki gizonen esparrua zela pentsatzen zen, eta Jainko bidezko izendapena behar zenez gero, emakumeek lekua egitea zail edo ezinezko zuten esparrua zela pentsatzen zen, azken hauek rol zeharo subalterno bat garatzera amilduz. De facto, jendarte britaniarrak, ez zituen emakumezko mediku edota kirurgialariak onartzen, emakumea erizaintzaren esparrura lotuz. Ogibide honetan, Florence Nightingale (1820-1910) XIX. mendeko figura zeharo esanguratsua dugu, erizain eredugarriaren figura birmodelatzearen aldeko lan sakona burutu zuenez gero, autokonfiantza, ausardia eta asertibitatea agertzea xede zuena.[38] Nightingale gainera osasunaren esparruan estatistika txertatu zuen lehenengoetako emakumea dugu.

Nightingale-ren ekarpenaren adibide bat (Ekialdean dagoen armadako kideen heriotza-tasa kausen gaineko diagrama). (1855)

James Barry, lehendabiziko gizon transgenero britaniarra dugu.[39] Nahiz eta emakume zisgenero gisa jaio, bere burua gizon gisa identifikatzea erabaki zuen, irakaskuntza eta medikuntzaren esparruan bide egitearren. Sarritan, Elizabeth Garrett Anderson Britania Handiko lehendabiziko emakume mediku gisa aitortua izan ohi da.

XIX. mendeko erdialdeari begira, Informatikaren bilakaera Ada Lovelace-k bultzatua da hein handi batean. Horrela, Federico Luigiren homenez, Menabrea makina analitikoaren inguruan darabil, Charles Babbagerentzat, Bernoulliren izenak kalkulatzeko metodo detailatu bat eskainiz, makina honen bidez. Gainera, Historian zehar, lehendabiziko programa informatikoaren sortzailetzat jotzen den egilea dugu Lovelace.

1835an, Royal Astronomical Society-ko lehendabiziko emakumezko ohorezko kide izendatu zen: Caroline Herschel.[40] Herschel, astronomo britaniarra dugu, nahiz eta jatorriz germaniarra izan, bertan bere anai zen Sir William Herschel-ekin batera lan eginez.[41] 1886ean, Isis Pogson, ofizialki Society-ra batu zen lehendabiziko emakumea dugu, nahiz eta abokatu talde bat ekintza hau legez kanpokotzat jotzen saiatu zen.[42][43]

Estatu Batuak

XIX. mendearen amaieran, AEBn emakumezkoen eskolek berebiziko garrantzia hartu zuten, emakume zientzilarien ogibidea garatzeko erdigune eta instrukziorako eremu gisa. Garai honetan, beste eskola eta unibertsitateek emakumeen onarpenari ekin zioten, 1875an esaterako, 30 000 emakume bere gain hartuz, 1900ean ordea, 20 000.[44]

Medikuntza
Elizabeth Blackwell

Adibide bat Elizabeth Blackwell dugu, lehendabiziko emakume zertifikatua AEB-n, 1849. urtean diplomatua, Hobart and William Smith College-en.[45]

Blackwell medikuntza karrera egitera bere lagun bat erail zuen gaixotasunak bultzatu zuen: utero minbizia. Lagun honen desira emakumezko mediku baten arreta edukitzearen ingurukoa zen, bere tratamenduan zehar erosoago sentitzearren. Horrela, Blackwell emakumezkoen gaitasunak medikuntza-ogibidean aritzeko aproposak zirela jabetu zen,[46] eta medikuntza ezkontide bizitzatik at independentzia lortzeko tresna gisa ikusi zuen.[47][48]

Blackwellek, prestigiorik gabeko eskolak alde batera utziz, azkenean New Yorkeko Hobart and William Smith College eskolan onartua izan zen, eta 1849ko urtarrilaren 23an eskuratu zuen bere ziurtagiri akademikoa; era horretan, medikuntza diploma eskuratu zuen lehendabiziko emakume estatubatuarra bihurtu zen.

Ospitale gehienetan baztertua, 1857an New York Infirmary for Indigent Women and Children-en bere medikuntza bideari hastapen ematea lortu zion, ondoren amerikar guda zibilaren testuinguruan aurrean erizain gisa ibiliz eta 1868an emakume medikuei formakuntza eskaintzeko ospitale bat zabalduz.

1869an, Emily haren ahizpa utzi zuen College honen gidaritzapean, eta Ingalaterrara bueltatu zen. Bertan, Florence Nightingalerekin batera, London School of Medicine for Women eskola sortu zuen, Britania Handiko mediku-zerrendetan erroldatuta egon zen lehendabiziko emakumea izanik. Erretiroa 86 urterekin hartu zuen, eta medikuntzaren arloan egindako eraldaketak bi obra nagusietan bildu zituen: The Moral Education of the Young (Ingalaterran plazaratutako obra) eta Pioneer Work in Opening the Medical Profession to Women 1895. urtean argitaratutako autobiografia.

Ingeniaritza zibila

Heimick House eta l'Arrowmont School of Arts and Crafts bezalako eraikinak Wilson ahizpek diseinatu zituzten.

1876an, Elizabeth Bragg (1858-1929) lehendabiziko emakume amerikarra dugu ingeniaritza zibilaren esparruan diplomatua, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatearen eskutik.[49] Dena den, nahiz eta ingeniaritzaren baitako diplomatura bere egin, ikasketa ezberdinak jaso zituen, Elmina T. eta Alda H. Wilson ahizpak bere osotasunean ingeniaritza zibila burutu zuten lehendabziiko bi emakume estatubatuarrak bihurtuz, 1892an Iowako Unibertsitatearen eskutik.[50] Elmina Wilson maestrantza lortu zuen lehendabiziko emakume estatubatuarra ere badugu, 1894an, ondoren bere domeinuari zegokion irakasle postu bat eskuratuz.

Encyclopædia Britannica-ren arabera, Nora Stanton Blatch Barney izan zen ingeniaritza titulua eskuratu zuen lehendabiziko emakumea, 1905an, Cornellgo Unibertsitateari esker, urte berean, American Society of Civil Engineers-en onartua izanik.[51]

Kimika

Ellen Richards dugu XIX. mendeko kimikari bikainenetako bat.

1856. urtean, Eunice Newton Foote zientzilarien artean lehendabizikoa izan zen "zerra efektua" identifikatzen, fenomeno hau CO2 eta airearen berokuntzaren arteko erlazioaren produktu gisa aurkeztuz.[52]

Errusia

Anna Volkova (Анна Фёдоровна Волкова, 1800-1876) kimikari errusiar bat izan zen, lehendabizikoa errusiar kimika elkartean onartua.

Bere naturaren gaineko lana burutzeko, Erdialdeko Asiako kideen bizitza eta baita bertako basoen gaineko azterketak Aleksandra Potaninari zientzia eta geografiaren gaineko ekarpen mardul bat gauzatzea ahalbidetu zion, Errusiako elkarte geografikoan atxikitu zen lehendabiziko emakumea bilakatuz.[53] 1887. urtean, Aleksandra Potanina-k bere Bouriatie lanarengatik Errusiako Elkarte Geografikoak urrezko domina eskeini zizkion.

Sofia Kovalevskaïa

Alemania

Göttingengo unibertsitatean jatorri errusiar ijitoa zuen Sofia Kovalevskaïa matematikariak deribatu partzialen ekuazioen gaineko lan sakon bat aurkeztu zuen, Cauchy Kowalevskiren teorema zuzendu eta hobetuz. Gainera, integral abelianoen gaineko hainbat memoria idatzi zituen, eta baita Saturnoren eraztunen gaineko hirugarren memoria bat ere bai. Memoria hauengatik, emakume honek Göttingen-go unibertsitatean doktore titulu bat eskuratu zuen 1847an, titulu hau zuen Alemaniako lehendabiziko emakume bilakatuz, (munduko bigarrena Maria Gaetana Agnesiren ondoren). Weierstrassen hitzetan hiru memorietako bakoitza nahikoa izango litzateke tesi berdina garatzeko. Tesiak in absentia zuen oinarri. Bere senarrarekin batera, Kovalevskaïak, Darwinen itzultzailea errusiarra, Ingalaterrara jo zuen, bertan Herbert Spencer eta George Eliot ezagutu zituen.

Mendebaldeko historiatik at

Aintzinaroa

Ekialde Hurbileko antzinaroa

Sumeriar zibilizazioak bere baitan hartu zituen lehendabiziko emakume astronomoak historian, izarrak eta euren posizioa konstelazioetan aztertzeaz gain, bere jarduna, berdintasunean gizarte grekoarengandik onartua suertatu zelarik.[54] K.a 2000. urteko emakumeen jarduera zientifikoari dagokionez, astronomo sumeriarrak ezagutza-tenplu bereziki esanguratsuak zuzendu zituzten, poesia eta literatura ere jarduera zientifikoan txertatzeaz gain.[8] Hala nola, Enheduanna dugu aipagarri, olerkilari eta astronomo sumeriarra izateagatik (K.a 2285-2250). Tapputi-Belatekallim lehendabiziko kimikaritzat jo zen[55], K.a 1200-55. urteen artean lurringile jardunean aritu zena (kuneiformez zeuden taula babiloniatarretan aipatua, alambikearen antzeko tramankulu batekin).[56]

Aintzinaroko India

Sarasvatī, ezagutza, jakinduria, elokuentzia eta Artearen jainkosa

Aintzinaroko Indiari dagokionez, Gargi Vachaknavi dugu lehendabiziko emakumezko filosofo esanguratsuenetarikoa, filosofia naturalean aditua zena, Bṛhadāraṇyaka Upaniṣad-en seigarren eta zortzigarren Brahmana-n (brahmayajna) aipatua dena.[57] Bestalde, Janaka de Videha-ko kongresu filosofiko batean, Gargi Vachaknavi ,Yājñavalkya-aren kontrako ikuskeren aurka postulatu zuela adierazi zen, atman-aren (jabe edota buruzagiaren nozioa hinduismoan) berpentsaketa bati bide emanez.[58][59]

Txina

Leizu (嫘祖) emakumezko enperadore txinatarra, herrialde horretako buruzagi goraipagarrienetako bat da, K.a XXVII. mendean zeta eta zeta ekoizteko makinen asmatzaile.

Beste figura nabarmen bat, Huang Daopo (黃道婆) dugu, Yuan dinastian burutu zuena bere jardun zientifikoa, josteko teknika berrien garatzaile gisa, Ekialde Hurbileko ehun-industria sendo bati hastapen ematea ahalbidetu zuena.

Nahiz eta emakumeak irakaskuntza prozesutik at geratu, euren famili edota klanaren baitan ikastea onartua zitzaien, horrela, Ming dinastiaren amaieran, emakume medikuen erudizio eta tratatuak eredu bilakatu zirela.[60]

India

Chandramukhi Basu, Kadambini Ganguly eta Anandi Gopal Josh diploma unibertsitarioak lortu zituzten lehendabiziko emakumeak dira. 1883ean, Kadambini Ganguly eta Chandramukhi Basu, Bethune College-n diplomatuak Imperio Britaniarrean graduatutako lehendabiziko emakumeak ditugu.[35] Emakumeak, onartuak izan ziren Oxfordeko unibertsitateko ikasle gisa, 1879. urtean, urte bat geroago Calcuttako unibertsitatean onartuak izanik.[36]

XX mendea

1902. urtean, Britania Handian, asmatzaile, ingenialari eta matematikari Hertha Ayrton lehendabiziko emakumezko kide bezala izan zen proposatua Royal Society-n, nahiz eta azkenean Society-ko abokatuek juridikoki emakume batek kide izateko ezinezkotasuna justifikatu zuten. Sex Disqualification (Removal) Act 1919 eta Privy Council-ek 1929. urtean emakumeen praktika zientifiko berdintsua bermatzeko legedia bultzatu zen, Royal Society-ren argudioak arkaikotzat joz. Hala ere, Jack Haldenek Daily Worker-ren artikulu zientifiko bat 1943. urtean kaleratu arte, nolabaiteko berdintasun hau ez zen efektibo bilakatu. Hori dela medio, 1945. urtean bozkaketa faborable bat burutu zen non Royal Society-ko kide gehienak emakumeen onarpenaren alde bozka egin zuten, Marjory Stephenson eta Kathleen Lonsdale elkartean onartuz.[61]

Gainera, mende horren hasieran, Marie Curie fisika saria jaso zuen lehendabiziko emakumea izan zen[62]. 1911. urtean, bi disziplinetan Nobel-a jaso zituen bigarren pertsona historian bilakatu zen. 2013. jada bi emakumeek jaso zuten fisika Nobel saria, 1903. urtean Curiek eta Maria Goeppert-Mayer 1963. urtean.

Weimarreko Errepublikan, soilik %1ko ikasle unibertsitarioak ziren emakumezkoak. 1937. urteko Ekainaren 8an, dekretu batek aginduta, ikaslegoa soilik gizonek konformatu zezaketeela agindu zen. Hala ere, 1938ko Otsailaren 21an, "salbuespen gisa", Reichsfrauenführerin lobby-aren testuinguruan, alderdi naziaren sekzio femeninoko buruak, Gertrud Scholtz-Klink[63] Margarete Gussow-ri astronomia katedra bat eskeini zion.[64]

Gerraren ondoren

Sobietar kosmonautak. Valentina Terechkova bere gizonezko kideekin. (60. hamarkada)

1963an, Valentina Terexkova espaziora joan zen lehendabiziko emakumea izan zen. Horrela, Vostok 6. ontzian lurraren orbitari 48 bira eman zizkion, 70 ordu eta 41 minutuetan, 1963ko Ekainaren 16ko 12:30tatik, Ekainaren 19ko 11:11etara, zehazkiago. Hegaldiaren iraute osoak bi egun, 22 ordu eta 41 minutu hartu zituen bere gain, garaiko astronauta amerikarrek burututako hegaldiak baino nabarmenki luzeagoa suertatu zena.

Terexkovak bere jardun zientifikoari bide eman zion bitartean, Maria Goeppert-Mayerri fisikako Nobel saria eskeini zioten urte berean, nahiz eta hedabide amerikarretan bere sariari iseka nabarmen egin:

«Eskola batzuk berari lana ematera ausartzen dira baina ordainsaririk eskaini gabe, eta eskaintzen zaizkion lan esparruak nabarmenki "femeninoak" dira, hala nola koloreen kausa determinatzea. Chicago-ko Unibertsitateak behingoz zegokion pisua egotzi eta fisika irakasle bihurtu zuten. Nahiz eta berak bere ofizina propioa lortu, departamentuak ez zion ezer ordaindu. 1963. urtean, Suediako akademiak Maria Goeppert-Mayer bere profesioari distintzioa eskeini ziola estimatu bitartean, San Diego egunkariak bere jarduna laudatu zuen, honako goiburuak zuzenduz "SD Mother Wins Nobel Prize", alegia, "San Diegoko emakume batek Nobel saria irabazi du.»
Estatu Batuetako hedabideak[65]

Bere senarra, Joseph Edward Mayer, 1937. urtean langabetua izan zen, Goeppert-Mayer eta zientzia fisikoen dekanoaren misoginia zegokion eztabaida baten ondorioz. Horrela, Columbiako Unibertsitatean lan berri bat lortu zuen.[66] Fisikako departamentuko dekanoak, George Pegram Goeppert-Mayer-rek bulego bat eskuratzearen aldeko agertu zen, baina inolako soldatarik jaso gabe. Horrela, Goeppert-Mayer, Harold Urey eta Enrico Fermi -ren lagun estu bilakatu zen, Columbiako unibertsitatera 1939an iritsi zena. Fermik, Goeppert-Mayer-ri elementu trantsuraniko ezezagunen balentziaren inguruan elkarrekin ikertzeko eskatu zion, emakumeak, Thomas-Fermiren eredua hizpide, lur arraroen antzeko serie bat lortuko zutela aurreikusi zuen, ikerketa-ondorioen ostean, zuzena suertatu zen hipotesi gisa.[67]

Shirley Ann Jackson, fisikari estatubatuar bat da, materia kondentsatu eta opto-elektronikoetan aditua. Bera, lehendabiziko emakume afro-amerikarra da MIT-aren doktorego bat lortzen fisika nuklearraren esparruan.

MIT-era 1964an iritsita, bere peripezia eskolar eta akademikoan zehar ostrazismo, irain eta bulliying biktima dugu Shirley Ann Jackson, tratu eskolar arrazista baten pairatzaile.[68] Horrela, bere gelako emakume beltz bakar bezala (43 emakume barnebiltzen zituena, zeinetatik 20 bat razializatuak zeuden) isolatua pasa zuen bere ikasketa prozesu gehiena, emakumeen elkarteko kide egin arte (beltzak, nagusiki), ondoren sororitate honetako bozeramaile kargua bere eginez, MIT-eko ikasketak amaitu ondoren.[69]

Bestalde, zientzilari honek beti salatu izan du bere kideen errespetua lortzea afera zaila izan dela, klima zientifiko klasikoki txuri eta maskulinizatu batean, bereziki.[70]

Jacksonek, talde eta enpresa handien hainbat administrazio kontseiluetan lan egin izan ohi du, instituzio unibertsitario amerikarretako kide heterogeneoetako bat bilakatuz. Bere ibilgu akademikoari dagokionez, Shirley Ann Jackson ere AEB-ko arautze nuklearraren komisio-buru izana da (NRC-arena). Horrela, bere marko akademiko eta militante anti-diskriminatoriotik, Jacksonek, National Society of Black Physicists elkartean ere kargu bat egin zuen bere. Bestalde, d'AT&T Bell laborategietan burututako lanari dagokionez, Jackson minorien promozioarekin konpromezu nabarmena utzi du agerian, emakumeen presentzia sakonki bultzatuz, National Academy of Sciences, American Association for the Advancement of Science eta National Science Foundation-ean batez ere.

XXI. mendea

Estatistikak

2013an, Nature aldizkarian, zientzian bi sexuen artean dagoen amildegiaren gaineko hausnarketa bat kaleratu zen. Alde batetik, emakumezkoak diren fisika eta astronomia unibertsitateko irakasleak, gizonek baino seme-alaba gutxiago zituzten, 1,2 zehazkiago, gizonek zituzten 1,5 haurrekin alderatuz. Ildo berdinari jarraiki, biologia, fisika eta kimika emakumezko ikasleek etorkizunean bere gizonezko kideek baino soldata baxuagoa jasoko zutenaren jakitun ziren, urtero 3730 $ gutxiago jasoz, gizonen soldataren baino %40 gutxiago, alegia (Estatu Batuei dagokionez).

Estatu Batuetan, 2001ean, doktoregoa zuten emakume zientzilari gehienak hezkuntzaren esparruan aritzen zirela argi utzi zuten hainbat estatistikek, merkataritza edota industrian presentzia nabarmenki eskasago bat agertuz (gizonak monopolizatutako esparruak zirenez gero).

Bestalde, 2014ean, Fondation L'Oréal elkarteak, 14 herrialde ezberdinetako hezkuntza sistemaren gainean kaleratutako inkesta batzuen arabera, Frantzia, Alemania, Estatu Batuetan, Txina eta Japonian, emakumeen presentziaren gutxitzeak zientziari dagokionez, etapa unibertsitarioan lekutuko litzateke nagusiki. Horrela, lehendabiziko kurtsoan, matrikulatutako emakumeek %32a suposatzen zuten, bigarren kurtsoan izena eman zutenek ordea %30a, eta azkeneko kurtsokoek %25a.

2015ko Azaroan, Elsevier ikerketak erakutsi bezala, Alemanian nahiz eta emakumezko ikertzaileen kopuruak gora egin, %15a suposatzen dute matematikak edota informatikari dagokionez, psikologia eta beterinia-esparruetan %55a direlarik. 2015 ere, Ingeniaritza Kontseilu kanadiarrak Kanadako emakume-ingenieroen kopurua %12ra iristen ez zela salatu zuen.

Globalizazioa, genero auzia, Zientzia eta Islama

Anousheh Ansari

Gizarte garaikideetan, Farzana Aslam-ek, prestigiodun emakume astronomo gisa, Pakistango emakumeak euren gizarteetan ekarpen ekonomiko eta kultural sakonak egiteko gai direla azpimarratzen du, Ekialde Hurbileko errealitate politikoa hobesteko xedez, eduki zientifikoak, islamikoak eta genero auzia-ren militantzia uztartuz.

XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran, hainbat emakumezko astronauta musulmanen izenek izan dute ohiartzuna, Anousheh Ansari SSI-arekin batera lan egin zuen lehendabiziko emakume izanik, (espazioa bisitatzen zuen laugarren turista emakumezkoa).

Oro har, Iranen Zientzien esparruei dagokionez, goi-mailako ikasketak burutzen dituzten emakumezko ikasleen kopuruak gizonena gainditzen du nabarmenki, nahiz eta tradizionalki eta gizarte guztietan zehar bezalaxe, emakumeei galarazitako esparrua izan.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak