Julio Goien
Julio Goien Aguado (Beire, Nafarroa Garaia, 1941eko irailaren 4a - San Rafael, Mendoza, 1999ko azaroaren 7a)[1] Argentinako espeleologiaren aintzindarietako bat izan zen.
Julio Goien | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Beire, 1941eko irailaren 4a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | San Rafael (en) , 1999ko azaroaren 7a (58 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | historialaria eta espeleologoa |
Bizitza pertsonala
Erlijio mormoikoa, espeleologiaz gain historia, arkeologia, opera, eta ufologia arloak landu zituen.[2]
1960ko hamarkadan Buenos Aireseko Liburutegi Nazionalean aritzen zen, Euskal Herriko historia ikertzeko. Han Florencio de Basalduaren lanak ezagutu zituen, eta bere kontinenteen arteko migrazioei buruzko lanak interesatu zitzaizkion bereziki; mormoien teoriekin bat zetozenak (haien aintzindariak Ameriketara heldu zirenekoak). Han Juan Móricz hungariar-argentinarra ezagutu zuen, eta honek Ekuadorrera planeatzen ari zen espedizio antropologikoarendako babes bila hasi zen.[3]
1980ko hamarkadan Euskal Herriari buruzko ikerketan sakondu zuen.[1] 1978-80 artean[4] La Baskonia aldizkari argentinar historikoa berrargitaratu zuen,[5] eta hogei urtez Florencio Constantino tenore bizkaitar-argentinarraren biografia bildu zuen, hari buruzko liburua argitaratuz.[6]
Espeleologia
Moriczekin Ekuadorreko Los Tayos kobazulora eginiko espedizioetan parte hartu zuen: besteak beste, 1968an hango "Ganbera Sekretuak" ezagutu zituen, eta 1976an espedizio ekuatoriar-britainiar handian (ehundaka zientzialari eta militar) parte hartuko zuen,[3] kobazulora beste lau lagunekin (haietako bat Neil Armstrong) sartuta.[7] Julio Goienek paper garrantzitsua jokatu zuen Los Tayos kobaren esplorazioan, non Juan Móriczek kobazuloan aintzinako zibilizazio baten aztarnaren aurkikuntza polemikoa aldarrikatu zuen.[2]
1970ean Centro Argentino de Espeleologiaren sortzaileetako bat izan zen, 1981ean izaera ofiziala hartu zuena, eta hil arte zuzendu zuena.[1] Hor espeleologiaren dibulgazioa landu zuen.[8] Ekuador, Kolonbia eta Peruko oihanetan esplorazioan aritu zen.[9] Llullaillaco sumendira zenbait espedizio zuzendu zituen altuera handian aztarnategi inka bat aurkituz.[7] Guztira 500 kobazulotik gora ikertu zituen, eta Argentinako Gendarmeria Nazionalaren eta Nazio Batuen Erakundearen aholkularia izan zen arlo horretan.[10]
Heriotza ostekoak
1999an trafiko istripuz hil zen, beste lau lagunekin batera Tunuyán eskualdeko kobazuloetara eginiko espedizio geologiko batean zihoala.[10]
2006 urtean "Lírico y profundo" liburua argitaratu zen, Julio Goienen bizitzari buruz.[11]