Katalina Erauso

espainiar errege armada kolonialeko buruzagi militar eta idazle euskalduna, generoz emakume jaioa eta gizon hila

Katalina Erauso Perez de GalarragaMoja alfereza deitua— (Donostia, Gipuzkoa, 1585 - Cuitlaxtla, Mexiko, 1650) abenturazalea, moja eta soldadua izan zen.

Katalina Erauso

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakKatalina Erauso Perez de Galarraga
JaiotzaDonostia1592ko otsailaren 10a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaCotaxtla, 1650 (57/58 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, militarra, moja eta oroitzapen-idazlea
Izengoitia(k)Alonso Díaz, Alonso Ramírez Díaz de Guzmán eta Antonio de Erauso
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAraucoko Gerra

Bizitza

Historialari gehienek 1585an kokatzen dute haren jaiotza Donostian[oh. 1]. Migel Erausoren eta Maria Perez de Galarragaren alaba zen. Lau urte zituela Antiguako domingotar mojen komentuan sartu zuten, baina izaera ez zuen hartarako oso egokia, eta, beste moja bat astindu ondoren, 1603. urtean Gasteiza ihes egin zuen, baserritar gizonezko jantzita, Francisco de Loyola izenarekin. Donostia hiribildu euskaldunean jaio arren (salbu eta gaskoiz mintzatzen zirenak), dirudienez gurasoek ez zioten euskara irakatsi, baina komentuan ikasi zuen.[1]

Handik aurrera gizonezko jantziak erabili zituen beti. Urte hartan berean Ameriketara jo zuen, Panama aldera, eta handik Perura. Txilera joanda, bere neba hil zuen ezpata borroka baten ondoren (hil eta gero konturatu zen bere neba zela), eta Argentinara jo zuen, Ande mendietan barrena, justiziari itzuri. Perura jo zuen berriz ere, Bolivian zehar, eta Cuscon liskar batean gizon bat hil zuela eta, Guanamangako apezpikuaren etxean babestu zen, larri zaurituta. Hil zorian zegoela, emakume zela aitortu zion apezpikuari, eta berria Espainiako koroaren mendeko lurralde guztietara zabaldu zen.

Komentu batean egon zen ondoren. 1620. urtean Europara itzuli zen, eta Espainian Filipe IV.a erregeak egin zion harrera. Erromara jo zuen gero, eta Urbano VIII.a aita santuak hartu zuen han. 1624an hasi zen bere autobiografia idazten, eta hurrengo urtean eman zuen liburua argitara. 1630ean Ameriketara jo zuen berriro, eta Mexikoko Veracruz hirian itzaintzan jardun zuen hil zen arte, Antonio de Erauso izenaz.

Europan eta Ameriketan ospetsu

Katalina Erausok ospe handia izan zuen Europan eta Ameriketan. Itzal horretaz baliaturik, Juan Pérez de Montalván espainiar idazleak Comedia famosa de la monja Alférez antzezlana plazaratu zuen 1625ean.

Idazlanak

Katalina Erausoren idatzi autobiografikoak apokrifotzat jo izan dira batzuetan. Ez dirudi hala denik, 1625ean argitaratu zen Relación verdadera de las grandes hazañas y valerosos hechos que una mujer hizo en 24 años que sirvió en el reino de Chile y otras partes al rey nuestro señor idazki bildumari dagokionez behintzat. Katalina Erausoren beste bi idazki sail argitaratu ziren Sevillan eta Mexikon.

Katalina Erausoren omenezko monumenua Domostiako Miramar jauregiaren parkean.

Sexu-joera

Katalina Erausoren orientazio sexuala aspaldi eztabaidatua izan da. Laburbilduz, hiru hipotesi hauek darabiltzate ikerlariek:

  1. Erausok berak neskekin izandako zirri eta harremanak aitortu zituenez, homosexuala zela.[2] Ondorioz, lesbiana askoren ikur bihurtu zen.
  2. Erausok lesbianismoa bere gizonezko bizitza ezkutatzeko edo disimulatzeko erabili zuela. Hau da, hipotesi honen arabera, Katalina ez zen izatez lesbiana, baizik eta bere gizon itxurari indarra emateko erabiltzen zuen beste engainu bat. Hala, bada, ikerlari horien ustez, egoera oso berezian bizi izan zen neska heterosexuala izan zen. Iritzi hau izan zen orain-berriki arte onartuena eta zabalduena.
CABELLO/CARCELLER. "AHOTS BAT ERAUSORENTZAT. TRANS GARAI BATERAKO EPILOGOA"

3. Azken urteotan, lehen pentsaezina zen hirugarren hipotesi batek indarra hartu du: Erauso transexuala zela. Hipotesi hau aldezten duten ikerlarien iritzira, Katalina emakume gorputzeko gizona zen.[3][4][5] Soka horretatik tiraka, 2022an Bilboko Azkuna Zentroan “Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” erakusketa antolatu zen; Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller) kolektibo artistikoaren lana eta komisarioa Paul B. Preciado: [6][7]

Gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu "trans" har daiteke" nahiz eta nozio hori anakronikoa izan, XVIII. mendera arte ez baita existitzen. Baina, argitzen duenez, Erauso, bere erretratua bezala, itzalak dituen irudi bat da.[8]

Maite Arroitajauregi "Mursego"-ren ahotsa zen Erausorena, erakusketako 28 minutuko bideoinstalazioan.[9]

Bideoa- CABELLO/CARCELLER. "AHOTS BAT ERAUSORENTZAT. TRANS GARAI BATERAKO EPILOGOA"

Oharrak

Erreferentziak

Kanpo estekak