Lizarrate

eraikitako euskal ondare nabaria

Lizarrate[1][2] edo —herriko euskaran— Sandratiko tunela, gaur egun San Adriango tunela izenaz ere ezaguna, Aizkorri-Arazko natura parkean dagoen pasabide zaharra da, 70 bat metro luze dena. Uraren higadurak haitzulo karstikoa sortu zuen, eta duela mende asko gizakiak haitzuloa areago zabaldu eta bere probetxurako egokitu zuen.[3] Araba eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia hortik igarotzen zen, eta ordainsari garestia zuen. Gaur egun ere, Aizkorriko galtzadaren aztarnak oso nabariak ditu oraindik. Antzinako bide horrek Arlabango bidea egin arte garrantzi handia izan zuen, izan ere.

Lizarrate
San Adriango tunela
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Lizarrateko sarrera, ekialdetik
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaZegama
Koordenatuak42°56′07″N 2°18′55″W / 42.9353°N 2.3153°W / 42.9353; -2.3153
Map
Arkitektura
Azalera2,53 ha
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669bis-017
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
1

Geografiari dagokionez, ekialde-mendebalde norabidea du tunelak. Ekialdean du Zegamaranzko bidea, eta mendebaldean Araiaranzkoa (Asparrena); bi herri horiek lotuz egiten zuen bere bide eginkizuna. Iparraldean Aizkorri mendia dago, eta hegoaldean Aratz. Lizarrateko pasabidea itsas mailatik 1.035 metro gorago dago.[4] Bertaratzeko abiapuntu egoki edo erabiliena San Adriango mendi-aterpea da.

Izena

Tunelaren izen ezagunik zaharrena Leizarrate da (segur aski, leize arrate etimologia izango du); izen horrekin aipatu zuen Lope Martinez de Isasti gipuzkoar historialariak, 1615ean.[5] Erromesek, bestetik, Infernuaren ahoa bezala ezagutzen zuten.[6] Gero, izen hori Lizarrate bilakatu zen, eta, XX. mendean, tunela dagoen haitzaren izena zen batez ere; tunelari, berriz, San Adriango tunela esaten zitzaion. Gaur egun, ordea, tunelari berriz ere jatorrizko izena esleitzeko joera gailentzen ari da euskara zainduan.[1][4][7]

San Adrian izena, dirudienez, erdaldun hutsek Sandrati euskal izenari (Zegama aldeko euskaldunek gaur egun ere badarabiltena) emandako interpretazio okerretik dator. Alabaina, Sandrati horrek, berez, Sancta Trinitate (Hirutasun Santua) latin izena du jatorri.[8] Jaso diren datuen arabera, inguru horretan Hirutasun Santua gurtzen zen; hartara, Nikolas IV.a aita santuak, 1290. urtean, bekatuen barkamena eman zien urte hartako Hirutasun Santuaren egunean Lizarrateko ospitale-elizara joandako erromes, bidezko eta txiroei. Eta, gaur egun ere, San Adriango baselizako erromeria Hirutasun Santuaren egunean edo hurrengo igandean egiten da.[9]

Gizakiaren aztarnak eta eraikinak

Lizarrateren ekialdeko sarrera

2008an egin zen lehengo kanpaina eta Alfredo Moraza Barearen gidaritzapean aritu dira Jexux Tapia Sagarna eta, Manu Zeberio Rodríguez. Hauek dokumentatu duten aldi zaharrena, Goi Paleolitoko Madeleine aldia da. Sarrerako atearen oinarrietatik behera, 8 metroko potentzia arkeologikoa induskatu da, hau da, 8 metro behera arte, aztarnak daude.

Goian XVIII. mendeko aztarnak daude, Brontze arokoekin nahastuta. Beheko geruzetan, duela 14.000 urte artekoa[10], fauna basatia eta giza okupazioak daude. Baherago buztina dago, arkeologikoki antzua, baina ikerlariek uste dute horren azpian ere aurki lezaketela berriz okupazioa.

Brontze Aroko geruzaz gainera, zundaketan beste hiru geruzak agertu dira. Zaharrenetik berrienera: Madelein aldia, Burdin Arokoa; erromatarren garaikoa; eta Erdi Arokoa, X. mendetik hasita.

Paleolitoa

San Adrianen ezagutzen dugun gizakien okupazio zaharrena Paleolitokoa da. Landa-lan arkeologikoan hainbat maila identifikatu dira eta horien artean, aipagarria da bat, ikatz ugari duelako. Okupazio hauetan aurkitutako hezur eta suharrizko zati ugariak azken Madeleine eta lehen Azil aldikoak dira, C14aren arabera duela 14.000 eta 13.000 urte bitartekoak[11].

Brontze Aroko zeramika zatiak

2009an duela 3.500 urte ingurukoa zeramika zatiak aurkitu dituzte[12] tunelean bertan, baselizaren atzealdean hiru metroko zundaketa eginda. Brontze Aroko horrelako okupazio mailarik ez da Gipuzkoan aurrez topatu. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta Lizarrateko arkeologia indusketen zuzendari Alfredo Morazak dioenez, «bizitzeko baldintza onak zituen haitzuloak; babesa eta ura zituen, eta badirudi jende mugimendu handia ibili zela inguruan».[4]

Erromatar garaia

2016an duela 2.000 urteko txanpon indigena aurkitu zuten, erromatarrentzat mertzenario moduan borrokatzen zirenei ordaintzen zieten motatakoa. Galtzadaren ezkerrean agertu zen, baina argitu behar da orain ikusten den galtzada ez da erromatarra, XVIII. mendekoa, baizik, eta azpian XVI. mendekoa egongo dela uste dute.

Erdi Aroko galtzada eta gaztelua

Aizkorriko galtzada, Lizarraten, Araiarantz

Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketen arabera, tunelaren ekialdeko zatian —Zegamaranzko aldean— gaztelua eraiki zuten XII. mendearen inguruan; XIV. mendeko idatzietan aipatu zuten lehen aldiz, eta XVI. menderaino behintzat egin zuen bere babes lana. Garai hartan, tunela orain baino askoz handiagoa zen altueraren aldetik (geroztik, zoruan harriak eta hondakinak pilatuz joan dira, eta tunela txikiagotuz). Harrizko zimendu baten gainean, zurezkoa zen gazteluaren egitura, 4-7 metro garai; 300 bat lagunentzako tokia zuen. Gaztelu hartatik, arrasto gutxiren batzuk baizik ez dira geratu. Aukikuntza hauetan, bete batzuren artean, zeramika eta eraztun bat agertu dira. Gazteluarekin batera, han herrixka bat zegoen, tunelaren alde bietan: zalditegiak, ostatua, hilerria, biltegia, baseliza, ur andela eta abar.[1][13]

Hortik pasatzen den Aizkorriko galtzada ezaguna ere Erdi Arokoa da. Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bereganatu zituenean (1200. urtea) hartu zuen bideak inoizko indarrik handiena. Nafarroa saihestu nahi bazen, ez zegoen beste biderik Gaztelaren eta Frantziaren artean. Aldi hartan, Lizarrateko pasabidea ez zen, ez, samurra, iritsi zaizkigun lekukotasunek diotenez: lapurrak, aldapa gogorrak, urtearen egun gehientsuenetan elurra, ostatu garestia...

Aro Modernoa

Lizarrateri eta inguruei martxoaren bukaeran ateratako argazki hau ikusita, ez da zaila Erdi Aroan hortik igarotzeko izango zituzten zailtasunak imajinatzea
Lizarrate, 1900 inguruan. Mikeleteen kuartela ikus daiteke atzean.

Komunikabide hura kontrolatu eta defendatzeko sortu zen gaztelua eta haren inguruko multzo osoa. XVI. mendearen amaiera arte, garrantzi handiko errege galtzada izan zen Lizarratetik igarotzen zena.[4] Mende hartan, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenez, tokiak garrantzi militarra galdu zuen (beraz, gaztelua desagertu zen) eta beste bide batzuk ireki ziren Gaztela eta Frantzia artean[1]. 1597-1601 artean Izurri Atlantikoak eragin nabarmena izan zuen, lehenengo Gipuzkoan eta, ondoren, Araban. Gipuzkoak ez zuen bere biztanleria elikatzeko gari nahiko, Gaztelatik eta Arabatik zetorren gariaren dependentzia zuen, hein handi batean Lizarratetik pasatzen zena. Egoera ikusita, Arabak gariarekin espekulatzea erabaki zuen eta guardiak ezarri zituen Lizarraten zein Aizkorrin. Garia Segurara iristea lortzen zutenek egoera ankerra izaten zuten, kargaren lapurretak eta bahiketak, gosetearen erakusgarri. Gainera, 1600 inguruan Lizarrateko alkatea eta bere familia, eta inguruan bizi ziren ikazkin batzuk hil ziren, izurriak jota[14].

Hala ere, XVIII. menderaino, Gasteiz eta Donostia arteko igarobide nagusia izaten jarraitu zuen. Mende hartan, aldapei, elurrari eta arriskuei ihesi, Arlabango bidea ireki zuten eta Lizarratekoa bigarren mailako bidetzat geratu zen.[1] Pasabide nagusia izan zen bitartean, bidesaria kobratzen zen tunela zeharkatzeagatik; bidesaria ordaindu nahi ez edo ezin zuenak, mendian goraxeago igotzen den beste bide zailago bat erabili behar zuen. Gipuzkoako aldetik begiratuta tunelaren eskuinaldera dauden bi mailak, harkaitzean landuak, beste igarobide horren arrastoak dira, usadioak dioenez.[13]

Gazteluak bi dorre zituen: bata, tunelaren barruan; bestea —dorre nagusia—, ondoko leize batean. Haitzaren lekurik garaienean ere beste eraikinen bat izatea litekeena da. Gainera, tunelaren inguruan oholesiak zeuden; arestian aipatu dugunez, harrizko oinarriaren gainean ezarritako zurezko egiturarekin eginak. Gotorlekuak babesa eta aterpea emango zien erromes eta bidaiariei, garai haietan bidelapurrez eta gaizkile zelatariz josirik zeuden bideetan barrena zihoazela. Leizetik Araba aldera ateraz gero, Historiaurreko tumulu bat dago. Han, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile Alfredo Morazak dioenez, piko edo zigorleku bat zegoen. Gaizkileak hiltzeko eta haien gorpuak luzaroan erakusgai izateko erabiltzen omen zuten, gainerako gaizkileak ohartarazteko asmoz.[13]

Tunelean azaldu diren arrastorik gehienak ostatuarenak dira. Ez zuen batere fama onik: garestia eta txarra omen zen. Bide luzea egin behar zen, ordea, beste ostatu batera joan nahi izanez gero: joan-etorri handiko bide garrantzitsu hartan, zerbitzugune bakarra zen Araia eta Zegama artean.

Aro Garaikidea

XIX. mendearen erdialdean, ostatuari eraikin bat erantsi zioten: mikeleteen kuartela. Sute batek biak suntsitu zituen 1911. urtean.[1][7]

Baselizak

Lekuari izen berriena eman dion San Adriango baseliza Erdi Aroan eraiki zuten lehen aldiz, baina gaur egungoa aski berria da, 1893an ermita zaharra eraitsi eta gaur egungoa egin baitzuten. Erdi Arokoaren aurrealdean egin zuten, eta hura baino handiagoa da.[13]

Tuneletik 500 bat metrora, Zegama alderantz, Sancti Spiritus baseliza dago, galtzada zaharraren aldamenean, Erdi Aroan tenplarioen komentu izan omen zena.[2]

Fikzioan

Leku misteriotsu hau elezahar askoren sorburu izan da, eta berriki marrazki bizidunetako film bat inspiratu du: Barriola, San Adriango azeria (2009), Juanba Berasategik zuzendua.

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak