Lunnastingeko harria

Lunnastingeko harria (ingelesez: Lunnasting stone) Shetland uharteetako Lunnasting herrian aurkitutako ogam idazkundun harria da, 1876an Edinburgheko Eskoziako museori eman ziotena.

Lunnastingeko harria
Jatorria
Ezaugarriak
Kokapena
Estatu burujabe Erresuma Batua
Herrialdea Eskozia
UhartediShetlandak
Koordenatuak60°21′59″N 1°10′04″W / 60.36637°N 1.16789°W / 60.36637; -1.16789
Map

Aurkikuntza

Harriaren margolana.

1876ko apirilean J.C. Roger agurgarriak basetxe batean aurkitu zuen. Honek zohikatz batetik atera eta azaletik 1,5 metrotara zegoela esan zuen[1].

Arbelezko harriak 1,1 metroko luzera, 33 zentimetroko zabalera eta 2,5 zentimetroko sakonera ditu. Azal lauan idazkuna du. Erdiguneko lerroan dauden ogam letrez gain, goialdetik gertu seinale kruziforme txikia du, erruniar letra edo gurutze kristaua izan daitekeena. Ezezaguna da seinalea eta ogam garaikideak diren ala bietako bat jadanik zutik zegoen harriari gehitu zioten[1][2]

Idazkuna eta data

Piktoerazko idazkunak honela dio:

«ttocuhetts: ahehhttmnnn: hccvvevv: nehhton[3]»


edo beste hau:

«ettecuhetts: ahehhttannn: hccvvevv: nehhtons[1]»


Litekeena da idazkunak "Nechton" izena izatea. Hori dela eta Diackek 1925ean azken hitz biak “Nehtonnen basailuak“ esan nahi duena zioen[4]. Hala ere esanahia interpretazioaren arabera ezberdina izan daiteke, Forsythen ustetan, adibidez, Ahehhttannn izena ere bada[1].

Hitzen arteko puntuak eskandinavieraren eraginaren seinalea da batzuen ustez, horrela bada harria bikingoek Shetland uharteak VIII. edo IX. mendeetan okupatu zituzten garaietakoa izango litzateke[1].

Beste teoriak

Idazkunari esanahi argia emateko zailtasunek hainbat teoria ezberdinak sortu ditu, zein baino zein bitxiagoa.

1896an Vincentek "irlandar monje misiolariek eraiki zutela 580 baino geroago" adierazi eta "aditu" baten itzulpena erantsi zuen:

«eattuicheatts maheadttannn hccffstff ncdtons[5]»

1975ean Lockwoodek "azken hitza Nechton izen arruntetik datorrela argia da, baina bestea, ogam alfabetoan hautazkoan kontsonanteak bikoizten zituztela onartzen bada ere, hain da exotikoa ezen filologoek piktoera indoeuropar philumetik kanpo eta seniderik ez zuen hizkuntza zela ondorioztatu baitzuten" idatzi zuen.[6] Teoria hori Orkadetan aurkitutako ogam idazkundun Buckquoyko ardatz-harria azaltzeko ere erabili zuten, harik eta 1995ean irlandera zaharra zela jakin arte.[7]

Baina bitxietan bitxiena idazkuna euskara zelaren teoriarena da. Adituen esanetan, honela dio idazkunak:

«etxekoez aiekoan nahigabe ba nengoen[8]»

Teoria 1968an Henri Guiterrek proposatu bazuen ere, hasieratik ez zen akademikoen artean onartua[9]. Larry Trask euskaltzale eta hizkuntzalariaren esanetan, Guiterren saiakera "iragarpen hunkigarri gehienak bezala, mundu osoaren arbuioa lortu du. Piktoerazko adituak iturburutik errefusatu eta euskaltzaleak ez ditu bete". Kritika Ogam letren hautazko irakurmenatik datorkio, horrela aitzineuskara baino XX. mendeko euskara lortuz, sintaxiari jaramonik egin gabe eta apetazko itzulpena eginez[10].

Erreferentziak

Kanpo estekak