Victoriano Sánchez Barcáiztegui

Victoriano Sánchez Barcáiztegui (Ferrol, A Coruña, 1826ko apirilaren 23-Mutriku, 1875eko maiatzaren 26a) itsas-militar espainiarra izan zen. Karlisten aurkako borrokan hil zen, itsasoan, Mutriku parean. Espainiako Itsas Armadaren ontzi batzuk eta Mardrilgo zein Ferroleko kale batzuk haren izena daramate. Haren familia jatorri euskalduna zuen: Migel Barkaiztegi osaba Donostiako alkatea izan zen.[1]

Victoriano Sánchez Barcáiztegui

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakVictoriano Sánchez Barcáiztegui
JaiotzaFerrol1826ko apirilaren 23a
Herrialdea Espainia
Heriotza1875eko maiatzaren 26a (49 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmarinela
Graduakontralmirante
Sánchez Barcáiztegui eskainitako eskultura Ferrolen.
Suárez Llanosek egin zion erretratua.

Biografia

Armadan oso gazte hasi zen: 13 urtez guardiamarina zen. Hispano-hegoamerikar Gerran, Ozeano Barean borrokatu zuen, Casto Méndez Núñezen ontzidian, "Almansa" fragataren kapitaina izanik. Callaoko borrokan balore handia erakutsi omen zuen eta lehen mailako ontzi-kapitain izendatu zuten 1868an. Ondoren, Ferroleko Itsas Eskolaren burua izendatu zuten.

Bigarren Karlistaldian Kantauriko Itsas Armadako buru izendatu zuten. Hasiera batean, "Cadiz" baporea, "Consuelo" korbeta, hiru goleta, lau bapore txiki eta beste ontzi txiki batzuk izan ziren haren indarrak. Erantsitako elementuen artean, Bizkaiko bi merkantzia-ontzi ere bazeuden, "Cuatro Amigos" eta "Bilbao", zeinak militarizatu egin baitzituzten «abisu» gisa. Ontzi horiei beste batzuk gehituko zitzaizkien denboraren poderioz.

Bilboko itsasadarra utzi ondoren, eskuadra kostako posizio karlistak bonbardatzen aritu zen, armadari laguntzeko Bilboko setioa altxatzeko ahaleginetan. Sánchez Barcáizteguiren eskuadrak Saltacaballoko posizioen aurkako erasoa babestu zuen 1874ko otsailaren 16an, Portugalete, Algorta, Areeta, Zierbena eta Somorrostroko mendiak kanoitu zituen 1874ko otsailaren 21etik 25era bitartean, eta Areetan lehorreratze bat egiten saiatu zen, baina bertan behera utzi behar izan zuten, 1874ko martxoaren 20an eguraldi txarra egin zuelako.

Tropa karlistak Portugaletetik erretiratu zirenean, eskuadrak kateak moztu eta itsasadarrean sartu zen berriro. Handik aurrera, itsasadarrean noizbehinkako borrokak baino ez ziren izango, hala nola 1875eko apirilaren 12an Axpeko gotorlekuko karlistek hartu zutena, "Buenabentura"k bonbardatu zuena, okupatzaileak hurrengo egunean erretiratu ziren arte.

1875eko apirilean Nerbioi ibaira Somorrostro klaseko hiru kanoiontzi egin berri bidali ziren, "Arlanza", "Turia" eta "Segura", eta abuztuan "Puigcerda" monitore korazatua. Gerraren azken hilabeteetan, gobernuko indarren eta karlisten arteko liskarrak izan ziren, itsasadarreko zirkulazioa berriro eten ez zedin.

Maiatzaren 12an, 1873tik Getaria blokeatuta zuten tropa karlistak Garate mendian kokatutako artilleriarekin bonbardatzen hasi ziren. Hurrengo egunean, Sanchez Barcaizegui etorri zitzaion laguntzera "Africa" eta "Consuelo" korbetekin, "Segura" kanoiontziarekin eta "Gaditano" eta "Nieves" baporeekin. Bateria karlistekin kanoikada gogor erasotu zuen baina ez zuen bertatik alde egitea lortu.

1875eko maiatzaren 24an, Mutrikun kokatutako bateria karlista batek tiro batzuk bota zituen "Ferrolano" gurpil-lurrunaren aurka. Sanchez Barcaizeguik bateria aurkitzeko azterketa egitea erabaki zuen eta "Colon" eta "Ferrolano" ontziekin eta "Africa" korbetarekin atera zen. Mutriku eta Deba parera iristean, karlisten bateriek su egin zioten, "Ferrolano" eta "Colón" harrapatuz. Sanchez Barcaizegui bertan hil zen metrailak harrapatuta. Gertaera oihartzun handia izan zuen garaiko prentsa espainiarrean.

Bere gorpuzkiak San Fernandoko Marinel Ilustreen Panteoiara eraman ziren, 1875eko ekainaren 15ean.[2][3]

Erretratua

Ignacio Suárez Llanos margolariak (1830-1881) erretratu ezaguna egin zion. Lana Pontevedrako Itsas Museoan ikus daiteke. [4]

Erreferentziak

Kanpo estekak