1983an ezagutu zuen Patricio Apey txiletar tenis-jokalari eta entrenatzailea, baina urtebete baino ez ziren ibili elkarrekin, Sabatiniren ustez hark ematen zion prestakuntza teknikoa ez baitzen egokia. Hurrengo entrenatzailea Ángel Jiménez izan zuen. 1986an, Argentinako Irekia irabazi zuen Arantxa Sánchez Vicarioren kontra. Urte horretan bertan, Roland Garroseko finala galdu zuen Steffi Grafen kontra. 1987an, hainbat txapelketatan parte hartu zuen, hala nola Frantzia, Britainia Handia eta Estatu Batuetako irekietan. Finalerdietara iritsi zen Frantziako Irekian. Urte horretan bertan, Grafen bikotekide zela, Frantziako Irekiko finalera iritsi zen. Martina Navratilova ere izan zuen bikotekide, eta Italiako Irekia irabazi zuen harekin. 1988an, hemezortzi urte zituela, Olinpiar Jokoetako zilarrezko domina eta Emakumezkoen Mastersa irabazi zituen. 1990ean, Estatu Batuetako Irekia irabazi zuen Steffi Grafen kontra, eta 1992an, Italiako Irekia. 1994an, Masterrean berriz nagusitu zen, Lindsay Davenporten kontra, New YorkekoMadison Square Gardenen.