Lieja[1][2] (frantsesez: Liège, ljɛʒ ahoskatua; nederlanderaz: Luik, lœyk ahoskatua; valonieraz: Lidje; alemanez: Lüttich; latinez: Leodium; limburgeraz: Luuk; luxenburgeraz: Léck) Belgikako hego-ekialdeko hiria eta ibai-portua da, Valonian, herrialde osoko bosgarren populatuena dena eta izen bereko herrialdeko hiriburua. Ourthe eta Mosa ibaien bilgunean dago. Oso industriagune garrantzitsua da: altzairugintza, metal eta kimika industria, armagintza, automobilgintza eta beiragintza.
VII. mendean sortu zuen hiria Lanberto santuak eta 710. urtean apezpiku bat finkatu zen bertan. Ondoko mendean apezpiku hiri guztiz indartsua osatu zen eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barnean zegoen arren, gatazka handiak izan ziren luzaroan Liejako apezpiku-printzeen eta enperadoreen artean. Flandrian bezala, XIII. eta XIV. mendeetan liskar handiak gertatu ziren Liejan burgesiaren eta gremioetako langileen artean. XIV. mendean Burgundiako etxea nagusitu zen, baina gudu ugari izan zen ondoko bi mendeetan, burgundiarren eta Frantziako koroaren laguntza zuten liejatarren artean.
1485eanMaximiliano Austriakoak zapaldu zuen Liejako Guillaume de La Marckek Karlos Burgundiako dukearen aurka bultzatu zuen matxinada eta, zapalkuntza latza izan zen arren, hiri burujabetzat onartu zuen Lieja. Ondoren Bavariako etxea jabetu zen apezpiku-printze tituluaz eta Liejako biztanleek horren kontra borrokan segitu zuten. XV. mendetik aurrera industria zabaldu zen Lieja aldean eta bertako armagintzaren arrakastak hazkunde nabarmena erakarri zuen.
Liejako hiriak iraganeko monumentu asko gorde ditu: Saint Lambert plazako etxeak, XVI. mendeko Printze-Apezpikuen jauregia, X. mendeko Sainte Croix eliza (XIII-XIV. mendeetan berritua), Saint-Martin basilika (X. mendean eraikia eta XVI. mendearen hasieran berritua), San Joan Ebanjelista eliza karolingiarra, kanpandorre erromanikodun Saint-Jacques eliza, Saint-Paul katedrala eta bertako museoa. Erdi Aroaz geroztik, garrantzi handiko kulturagunea da Lieja: Arte Ederretako museoa eta akademia ditu, unibertsitatea eta musikako errege kontserbatorioa.