Allande Sokarros

zuberoar kazetari, itzultzaile, idazle, militante abertzale eta hautetsia

Allande Sokarros Estekondo[1] (Etxebarre, Zuberoa, 1957ko uztailaren 12a - Maule-Lextarre, 2021eko abenduaren 9a), kazetari, itzultzaile, idazle, militante abertzale eta hautetsia zen.[2][3]

Allande Sokarros

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakArnaud Socarros
JaiotzaEtxebarre1957ko uztailaren 12a
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
HeriotzaMaule-Lextarre2021eko abenduaren 9a (64 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, itzultzailea eta idazlea
KidetzaIparretarrak

Inguma: allande-sokarros

Biografia

Bere buruaren jabe egin zenez geroztik, euskarari eta Euskal Herriari emana zela esan izan zuen. Kontzientzia politikoa 1978-79 inguruan etorri zitzaion, Hego Euskal Herriko egoeraren eraginez, bereziki 1978ko San Fermineko istiluetan izan zelarik; 1979an Gladys del Estal eta 1980ean Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrakeko (IK) kideak hil zirenean ere (lehergailu bat ezartzen ari zirelarik) biziki hunkitua izan zen.[4]

Bedaroa elkartearen eskutik, kultur asteak antolatzen hasi ziren Zuberoan, euskal kontzientzia asko piztu zutenak. Talde horretan Jean-Louis Davant eta Ttittika Rekalt bezalako ekintzaileekin bat eginez.

1980 inguruan militantzia politikoarekin hasi zen, Mixel Labeguerieren eskutik. Gero IK-en sartu zen; Popo Larreren desagerpena bizi izan zuen. Erakundearen atal politikoan engaiatu zen, baina 1989an atxilotu zuten, poliziak paper bat atzeman ziolarik.[5] 1991an auzipetua izan zen lehen aldiz baina La Santeko espetxean sei hilabete igaro ondoren libre atera zen. 1993an berriro ere atxilotu zuten, Parisera eraman eta han libre utzi zuten, gainean ez armarik ezta ere dokumenturik zuelako.[6]

Bestalde, Zuberoako Herri Elkargoko presidenteordea izan zen, "Sü Azia" elkarteko kidea zen,[7] Euskararen Erakunde Publikoan itzultzaile gisa aritzen zen,[8] eta 2018ko uztailean euskalzain urgazle izendatua izan zen,[1] Euskalkien, Euskara Batuaren Eskuliburuaren eta Euskara Eskuz Esku egitasmoaren lan taldeetan parte hartzen zuen.[9]

Kazetaritza

Kolaborazioak Zeruko Argian hasi zituen, eta harrezkero komunikabide askotan aritu zen: Euskaldunon Egunkarian, nazioarteko sailean bereziki, Argian, Jakinen,[10] Xiberoko Botzean.[11] 2016etik aurrera "Hitza Pitz" blogean argitaratzen zituen bere gogoetak, frantsesez.[12]

Euskaltzain urgazlea

Zuberoako lexikoa landu zuen hiztegi txikietan (Hiztegi Ttipia Euskara Batua - Züberera).[4][13][14][15] Lau batzordetan lan egin zuen: Euskara Batuaren Eskuliburua idazteko lanetan ari den batzordean, batetik (2017-2021), euskalkien batzordean, bestetik (2017- 2021). Onomastika batzordea, (2019-2021). Euskara batuan azken 30 urtean izan diren lerratze, okerrera joate edo duda batzuk zuzendu edo argitzeko lan egin zuen Euskara Eskuz Esku egitasmoan (2018-2021).[16][17]

Argitalpenak

Liburuak

  • Züberoa Herria. Pais de Sola Elkarlanean, 2013. Jean-Louis Davantekin batera idatzita. ISBN:978-84-9027-126-1
  • Armanak askara edo Ziberouko Egunaria (Ziberoko Egunaria Sü Azia, 2017.
  • Ziberouko egunaria.[4]
  • "Xiberoko Xendak. 36 ebilaldi Eüskal Herrian".[18]
  • Hiztegi Ttipia Euskara Batua - Züberera / Züberera - Euskara Batua. 2017[15][4]

Artikuluak

  • "Agosti Xaho, laiko eta ezkertiarra, kristaudemokratek eta eskuindarrek omendua!", Jakin, 139.zk, 2003. 59-63 or.
  • "Ipar Euskal Herrian, euskararentzako erronka berriak". Euskaltzaindia, 2018. Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa. Euskaltzaindiaren XXI. Jagon Jardunaldia. (Jean-Baptiste Coyos prestatailea).[19]
  • "Zuberoa: mitoan ezaguna, errealitatean ezazeguna". Mendebalde, 2007.[20]

Bestelakoak

  • "Ziunta", Zuberoako galdera-erantzunen mahai jolasa. Euskara zuzentzaile eta itzultzaile.[21]

Erreferentziak

Kanpo estekak