Andoni Sagarna

euskaltzain, hizkuntza-teknologo eta idazle

Andoni Sagarna Izagirre (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko uztailaren 11) ingeniaria eta euskaltzaina da.[1] Euskara modernizatzeko eta hainbat arlotara zabaltzeko asmoz XX. mendearen bukaeran bizi izan zen prozesuan aitzindari izan da, bai terminologiaren aldetik, bai hizkuntzaren teknologiaren aldetik. Erretiroa hartuta Elkar enpresa taldeko I+G+b arloko zuzendaria izatetik.[2]

Andoni Sagarna

Bizitza
JaiotzaDonostia1947ko uztailaren 11 (76 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaNafarroako Unibertsitatea
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, teknologoa eta idazlea
Enplegatzailea(k)UZEI
Elkar
Plazagunea
Nafarroako Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaElhuyar Fundazioa
Elhuyar aldizkaria
Euskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea
Eusko Ikaskuntza
Aranzadi Zientzia Elkartea
Euskera

andonisagarna.blogspot.com.es
Inguma: andoni-sagarna-izagirre

Euskararen aldeko hamaika lanetan jardun du bere ibilbidean zehar: euskara irakasten eta euskarazko materiala sortzen, besteak beste (hiztegiak, entziklopediak, ikastoletarako materiala...). Zientzia eta euskara uztartu ditu. Elhuyar taldearen sortzaileetako bat izan zen eta UZEIn jardun zuen lanean. Euskaltzaindian ere hainbat ardura izan ditu; 80ko hamarkadatik euskaltzain urgazlea da eta euskaltzain osoa 2006tik.[3]

Bizialdia

Donostian jaioa, Aldakonea kalean. Aita donostiarra zuen eta ama Lazkaokoa, 14 urterekin hiriburura lanera joandakoa. Seme bakarra da Andoni. Jesuitetan ikasi zuen, gaztelaniaz, baina umetatik ezagutu zuen euskal giroa etxean: gurasoek eta aitona-amonek (beraiekin bizi ziren) euskaraz hitz egin zioten beti (aitak kamustuta zeukan euskara berreskuratu zuen, emaztearekin eta semearekin erabiltzeko). Auzoan bertan ere harreman dezente zituzten euskaraz: bizilagunekin, okinarekin, harakinarekin, esne saltzailearekin... Donostiako giroa oro har erdalduna izanagatik. Mari Karmen Aranbururekin ezkondu zen (ikastolako andereño izandakoa) eta hiru alaba izan zituzten. Urteak daramatzate Usurbilen bizi izaten.[3]

Ikasketak

Goi-mailako industri ingeniaritza ikasi zuen elektrizitate-elektronika espezialitatean (Nafarroako Unibertsitatea, 1971). Gainera, 1988an letretako doktoretza ere eskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, lexikoa modernizatzeko bideak aztertzen zuen tesia aurkeztuta.[4]

Euskararen normalizazioa eta terminologia

Euskara batuaren oinarriak 1966an sortu eta gero, euskara batu horrekin unibertsitate mailako hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatibo sortu behar izan zenean, Andoni Sagarna erronka hori gainditzeko sortu ziren aitzindari arrakastatsuetako bat izan zen (Jose Ramon Etxebarria, Mikel Zalbide, Luis Bandres, Joseba Intxausti, Klaudio Harluxet, Jose Antonio Aduriz, Martxel Aizpurua, Lore Azkarate, Andres Urrutia...).[5] Gainera, euskaraz idazten trebakuntza lortzeko hainbat ikastaro eman zituenez, Sagarna euskararen normalizazioko maisuen maisu izan zela esan daiteke.

Horrela, hasieran, 1972an, Elhuyar Kultur Elkartea sortu zuen taldeko kidea izan zen, besteak beste Mikel Zalbide eta Luis Bandresekin. Garai horretan euskarazko irakaskuntza orokorreko irakas materialaren falta handia zegoen. Langintza horretan abiatzeko bidea Elhuyar taldearen aldetik lankidetzan zabaldu zuten Hiazinto Fernandorena eta Jose Ramon Etxebarriarekin. Talde-lanean idatzi zuten Haizeak, euria eta klima izeneko liburua, irakaskuntza orokorreko prestaturiko lehenengo irakasmaterialetako bat.[6] Egileen artean zeuden, besteak beste, hauek: Luis Mari Bandres, Iñaki Azkune, Andoni Sagarna, Pedro Miguel Etxenike, eta Mikel Zalbide.[7]

Elhuyar taldea 1974an.(Jose Ramon Etxebarria, Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldiaren barruan. Gasteiz, 2018-06-21).[7]

Geroago 1985tik 1994ra bitarte elkartearen burua izan zen. Elhuyar Fundazioaren sortzaileetako bat ere izan zen geroago 2002an. Paraleloan UZEIko zuzendari teknikoa izan zen, Klaudio Harluxetekin lan egin zuen hiztegi-lanen informatizazioan, eta bertan zuzeneko esku hartzea izan zuen hainbat hiztegi berriren sorkuntzan: Fisika (1980), Kimika (1980), Kirol-arloko Kirolkidea (1982), Banka (1983), Teknologia mekanikoa (1985, arduradun nagusia izan zen Sagarna), Kirola/1: futbola (1985), eta Glotodidaktika (1987).[5] Garai hartan, 1987an, Sagarnaren zuzendaritzapean sortu zuen UZEIk EuskalTerm aplikazioa eredugarri izan zen Europa mailan.[8]

Andoni Sagarna eta Joseba Intxausti (Argia, 1993-12-12)[9]

Geroago, euskal kulturak hiztegigintzatik entziklopediagintzara pasatzeko urratsa egin ahal izan zuenean, 1992-1999 tartean Eusenor enpresan hurrengo urteetan funtsezko erreferentzia-lanak izango ziren argitalpen hauek sortu zituen: Gazteen Entziklopedia,[10][9]Hiztegi entziklopedikoa, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa (8 tomo), eta Entzikloklik CD-ROMa.

Paraleloan, irakasle izan da Euskara Zientifikoa irakasgaian Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Industrialeko Goi-mailako Eskola Teknikoan, baita Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen Hiznet Hizkuntza Plangintzako ikastaroan ere 2004tik.

Normalizazio-kontuetan aditua izanik, 1987tik aritu izan da Euskaltzaindian, eta 1989tik 1993ra EAEko Euskararen Aholku Batzordeko kide izateko deitu zioten Eusko Jaurlaritzatik.

Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargoak omenaldia egin zion Donostian 1992an, euskararen alde egindako lanagatik.

Ikertzailea hizkuntzaren teknologian

Andoni Sagarna (2017)[5]

Ikerketa alor honetan erabiltzaile, ikertzaile eta dibulgatzailea da. Joseba Intxaustiren enkarguz UZEIren hiztegiak errazago kudeatzeko Klaudio Harluxetek garatu zuen aplikazio informatikoaren erabiltzaile aurreratua izan zen Andoni Sagarna. 1987an Udako Euskal Unibertsitatean eman zuen sarrera hitzaldian gai horri ekin zion Terminologi bankuak izeneko aurkezpen batekin; terminologia orokor eta teknikoaren arteko desberdintasunak aipatu ondoren, terminologi bankuen beharraz eta egituraz mintzatu zen.[11]

Lexikoaren behatokia corpusa kontsultatzeko pantaila bat

XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa sortzeko sustatzaile nagusia izan zen Sagarna.[12][13] Berak metodo oso zehatzak definitu zituen orduan, batetik hizkuntzaren erabileraren inbentarioa lortzeko, eta bestetik testu guzti horien "argazki ona" izan beharko zen lagin estatistikoa definitzeko. Ildo horretatik jarraituta bera da Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia egitasmoaren burua gaur egun. Lexikoaren Behatokia proiektua Euskaltzaindiaren ekimenez abiatu zen, 2007an, Hiztegi Batuko Lantaldeak egindako proposamen bati erantzunez, eta lankidetzan Ixa Taldearekin, UZEIrekin eta Elhuyarrekin. Proiektuko lankide nagusiak hauek dira: Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Xabier Artola, Nerea Ezeiza eta Antton Gurrutxaga. Proiektuaren emaitza da izen bera duen corpusa, zeina web bidez kontsultatu baitaiteke. 60 milioi hitzeko testu-corpus bat eratu du 2017ra arte. Corpusa automatikoki prozesatuta dago, eta linguistikoki etiketatuta, eta hizkuntza-corpusek ohikoa duten kontsulta-funtzionalitatea eskaintzen dio erabiltzaileari.[14][15]

1999tik 2004ra bitarte Plazagunea enpresan informatika arloko proiektuen arduraduna izan zen. Hor, besteak beste, Jalgi bilatzailearen sorkuntzan parte-hartze zuzena izan zuen. 2004tik erretiratu zen arte, aisia eta kulturako produktuen sorkuntzan jardun zuen Elkar enpresa-taldean. Talde horretako I+G+b arloko zuzendaria izan zenez beti ibili da erne hizkuntzaren teknologiako azken ekarpenen zain, eta horien berri zabaldu ditu Iparrorratza blogean.[16]

Euskaltzaina

Andoni Sagarna euskaltzaina corpusgintzari buruzko aurkezpen batean Xavier Gómez eta Mirian Urkiarekin

Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1987an, eta Euskaltzaindiaren barruan Hiztegi Batuko lan taldean dihardu ordudanik. LEF (Lexiko "Erizpideen" Finkapena) batzordearen kide eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) batzordearen idazkari-arduradun izan zen. Euskaltzain osoa da[17] 2006ko abenduaren 22tik eta Iker sailaren burua 2008ko azaroaren 28tik. Euskera agerkariaren Idazketa Kontseiluko kidea izan da, eta 2007tik Lexikoaren Behatokia proiektuko burua.[2]

Azpimarratzekoa da Euskaltzaindian egin duen ekarpena, batez ere corpusgintzan, hiztegigintzan eta akademiaren modernizazioan teknologia integratuz.

Argitalpenak

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, Andoni Sagarnak idatzitako 90 lan baino gehiago bildu direla.[18] Sagarnaren argitalpenak hainbat alorretakoak dira.

Liburuak

Hauek dira nabarmenenak:

Hiztegiak

UZEI hiztegi batzuk

Hiztegi hauen sorkuntzan parte hartu zuen: Fisika (1980), Kimika (1980), Kirol-arloko Kirolkidea (1982), Banka (1983), Teknologia mekanikoa (1985, arduradun nagusia izan zen Sagarna), Kirola/1: futbola (1985), eta Glotodidaktika (1987).[5]

Zientziaren dibulgazioa

Sare sozialetan ere parte hartze handia izan du, eta dibulgazioko artikulu ugari ere idatzi ditu.[19]

Itzulpenak

  • Koldo Saratxaga: Harreman-estilo berri bat, (Andoni Sagarnak ES > EU itzulpena), Elkar, 2007. ISBN: 84-9783-542-5
  • Yuval Noah Harari. Sapiens. Gizadiaren historia labur bat. Itzultzaileak: Xabier Kintana eta Andoni Sagarna.[10] Elkar. 2019.

Errekonozimenduak

  • 2022: CAF-Elhuyar Merezimenduzko saria Elhuyar Taldea sortu zuten kideei: Iñaki Azkune, Felix Azpiroz, Juanjo Gabiña, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Mikel Zalbide, eta Luis Mari Bandres.[20]
  • 2006: Euskaltzain osoa izendatu zuten.
  • 1992: Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargoaren omenaldia, euskararen alde egindako lanagatik.
  • 1987: Udako Euskal Unibertsitateko sarrera-hitzaldia eman zuen, Terminologi bankuei buruz.

Erreferentziak

Kanpo estekak