Dorre

Dorre bat zabala baino garaiagoa den egitura edo eraikina da, gehienetan alde handiarekin, itxura luze eta meharra[2] ematen diona. Dorreek askotariko funtzioak izan ditzakete, betiere haien garaiera handiari lotuak, baina historikoki militarrak eta erlijiosoak izan dira, edo babesgarri edo talaia funtzioarekin[2], baina estetika jakin bat bilatzeko ere erabili izan dira. Gaur egun dorreek hainbat funtzio berri bereganatu dute, hala nola garaiera handiko etxebizitza edo bulego eraikinak (etxe-orratzak) edo telekomunikazio azpiegitura bezala.

San Gimignano herriko Erdi Aroko dorreak (XIII-XIV. mendekoak), Gizateriaren Ondare.
Eiffel dorrea, 324 m garai eta 10.000 tona, 1889 eta 1930 artean munduko eraikuntza garaiena izandakoa.
Iberdrola dorrea (Bilbo), Euskal Herriko eraikin garaiena (165 metro[1]).

Dorreen gaitasun gogorarazleei esker, artean sarritan erabiltzen dira, bai arte bisualetan nola literaturan (adibidez J. R. R. Tolkien-en Bi dorreak eleberria, Eraztunen Jauna sailean), non sinbolizatzen duen arketipoak ia beti isolamendua edo bakarraldia adierazten duen: bolizko dorrea positiboa bada, edo opresioa eta espetxea, batez ere historian zehar dorrek izan duten zapalkuntza betekizunagatik (Londresko dorrea, Bastilla eta abar).

Euskal Herriko dorre garaiena Iberdrola dorrea da (Bilbo, 165 metro[1]).

Hitza

Euskarazko dorre eta torre latinezko turris hitzaren jarraitzaileak dira, bokalismo erromanikoa erakutsiz[3]. Badirudi, forma zaharragoa, latinezko u duena, toponimo batzuetan ageri dela, hala nola, Albiztur, Lastur eta Uzturre[3].

Hasierako d- eta t- erabili izan dira euskal idazkietan: mendebaldean t- bakarrik, gipuzkeraz t- eta d- aldizkatuz (batzuetan autore berak), lapurtera-nafarreran d- bakarrik eta zubereran t(h)-[3]. Hiztegi Batuan dorre agertzen da, eta torre euskara batuan ez erabiltzea gomendatzen du.

Latinezko turris eta grezierazko τύρσις badirudi aurreindoeuropar hizkuntza batetik datozela biak, Βου-δοργίς iliriar toponimoarekin zerikusia duena.

Historia

Samarrako minarete kiribila (51m) 851ean eraikia, egungo Iraken.

Dorreak historiaurretik erabili izan ditu gizakiak. Ezagutzen den zaharrena agian Jerikoko harresietako harrizko dorre biribila da (K.a. 8000). Zaharrenetako batzuk ziguratak ziren, sumeriar arkitekturan erabiliak K.a. 4. milurtekotik. Zigurat ezagunen artean daude Urko zigurata, K.a. 3. milurtekoan eraikia, eta Etemenanki zelakoa, Babiloniako eraikin ezaguna K.a. 2. milurtekoan eraikia. Hau jotzen da Antzinaroko dorre garaientzat eta askorentzat Babelgo dorrearen mitoaren jatorritzat.

Zutik dirauten dorre zaharrenen artean daude broch delakoak: Burdin Aroan (duela 2500-3000 urte) eraikitako gotorleku biribilak Eskozia eta Orkadetan. Hauek eta beste adibide batzuk, bereziki feniziar eta erromatar kulturetakoak, dorreen babes eta zaintza funtzioak azpimarratu zituen. Adibidez, Marokoko Mogador hiriaren izena, fenizierazko 'migdol' hitzetik dator, talaia edo zaintza-dorrea esan nahi duena. Erromatarrek dorre laukiak erabili zituzten Serviar Harresietan (K.a. IV. mendea) eta oktogonalak Dioklezianoren jauregia babesteko[4] (K.o. 300). Txinatarrek dorreak erabili zituzten Harresi Handia osatzeko K.a. 210ean Qin dinastian.

Dorreen ikusgarritasunak arkitektura erlijiosoan eragin handia izan zuen mundu guztian, eliza kristauetako kanpandorreekin esaterako. Mundu islamikoan, meskitak ere minaretea izaten du alboan, forma askotakoak, Samarrako minarete kiribila esaterako[5]. Indian estupak eraiki ziren, fraideen erlikiak gordetzeko dorre budistak. Estupen ondoren garatu ziren pagodak, oin karratu edo oktogonalekoak, solairu askotako dorreak non bakoitzak teilatu bat duen. Dorre mota hau Asia osora hedatu zen jatorrizko hilobi funtzioa utziz, eta hainbat itxura hartuz[5].

Ezaugarriak

Nahiz eta zentzu hertsian etxe-orratzak "dorreak" ez izan, hauetako asko horrela deitzen dira, hala nola New Yorkeko Dorre Bikiak edo Kuala Lumpurreko Petronas dorreak, antzeko itxura dutelako.

Dorreek duten garaiera handia dela-eta, abantaila ugari dituzte: estrategikoa, energiaren erabilera, komunikazioa erraztearena eta abar.

Abantaila estrategikoa

Historian zehar, dorreek ikuspuntu goratua eskaini diete erabiltzaileei, abantaila emanez inguruak zaintzeko eta ikuspegi hobea babeserako. Horrela, askotan harresi eta gotorleku gainean eraiki ziren, edo jomugatik hurbilera eraman (setioan erabilitako dorre mugikorretan esaterako). Egun ere, erabilera estrategikoko dorreak erabiltzen dira espetxe, eremu militar eta babes perimetroetan (muga lerroetan eta abarretan).

Energia potentziala

Grabitatea eta honek eragindako energia potentziala erabiliz, dorreak ondasunak edo likidoak gordetzeko erabiltzen dira, hala nola silo eta ur-dorreetan, edo lurra zulatzeko. Eski-jauzi dorreek ere ideia bera darabilte eta, mendi malda naturala ez badago, gizakiak egindakoa izan daitezke.

Komunikazioa hobetzea

Historian zehar, dorre bakunak erabili izan dira informazioa garraiatzeko distantzia handietan. Erabilera hau izan dute itsasargiek, kanpandorreeak, erloju-dorreek, dorre telegrafikoek eta minareteek. Adibidez, Igeldoko dorrea, Donostiar itsasertzean eraiki zen itsasargia zen, itsas mailatik 180 metrora kokatua[6], 9 legoako helmena izateko[6], garai harten paregabea. Berrikiago, telekomunikazio dorreek (irrati, telebista edo telefoniakoak) uhinak hedatzen dituzte garaiera handietatik, bai transmititzen bai errepikatzen.

Garraiobideen euskarria

Dorreak zubien euskarri ere izan daitezke, eta eraikuntza garaienen lehian sar daitezke. Gehien bat zubi esekietan eta antzekoetan erabiltzen dira. Adibidez, Millauko biaduktua munduko garaiena da eta bertako dorre batek 343 m ditu[7], Eiffel dorreak baino 19 m gehiago.

Beste batzuk

Dorre militarrak

Dorreak funtsezko elementuak dira arkitektura militarrerako, bai zirkuitu gotortu baten zati gisa, bai isolatu gisa.

Dorre isolatuak

Erromatar eraikuntza militarren terminologian, castrum hitzak erromatar kanpamentuak izendatzen ditu, oholesi batez inguratzen zirenak eta dorreekin indartzen zirenak (egonkor egiten zirenean, eraikuntza elementuak harriz egin zitezkeen); turris eta burgus hitzek, berriz, dorre isolatuak izendatzen dituzte, limes zaintzen zituztenak bezala (Inperioaren kanpoko muga). Antzeko tipologia izan zuten gerora kastral motako dorreek eta dorretxeek. Europatik kanpo, eta formazko desberdintasunak alde batera utzita, gaztelu japoniarraren oinarrizko tipologia antzekoa da.

Dorre-jagoleak

Dorre zelataria, zaintza-dorrea edo talaia lehen erabilera militarra duen gotorleku mota da. Oro har, egitura isolatuak dira. Bere helburu nagusia toki altu eta segurua eskaintzea da bertatik zaintza eta behaketa militarrak egin ahal izateko. Kasu batzuetan, erabilera militarrekoak ez diren beste dorre batzuk, erlijiosoak adibidez, talaia gisa erabili izan dira. Kartzelako esparruek, kontzentrazio-esparruek eta beste instalazio batzuek ere zaintza-dorreak erabiltzen dituzte, barrualdea eta kanpoaldea behatzeko.

Kostaldea zaintzeko dorreak

Kostaldea zaintzeko dorreak XVI. mendean eraiki ziren Espainiako Mediterraneoko kostaldean pirata berbereen erasoetatik babesteko. Alacanteko probintzian, Murtziako Eskualdean, Almerian, Granadan eta Malagan daude batez ere, eta Andaluziako isurialde atlantikoan, Cadizen eta Huelvan. Dorre horietako gehienak XIX. mendera arte erabili ziren.

Gazteluen eta harresien dorreak

Gazteluen eta harresien dorreek (oro har, mota guztietako gotorlekuetakoak) forma eta funtzio desberdinak dituzte. Zirkularrak direnean, kuboak[9] deitzen zaie. Tamaina handikoak direnean, berriz, dorreak[10]. Zaintzaile bat gordetzeko egokiak diren eraikin txikiei zaintzale-etxola edo garita esaten zaie.

Harresi-dorrerik zaharrena, aztarna arkeologikoak dituena, Jerikoko dorrea izango da seguruenik[11], metro eta erdiko altuera duena, Jerikoko harresien egituretako bat, K.a. VIII. milurtekoa[12].

Dorre albarranoa

Dorre albarranoa, komunikatuta dagoen barruti gotortu baten parte da, baina, normalean, harresitik salbuetsita dago, eta arku edo zubi txiki baten bidez lotzen da harresira. Dorrea etsaiaren eskuetan eroriz gero, erraz suntsi daiteke. Gotorleku handi gisa ere atxiki daiteke, baina, kasu horretan, besteak baino handiagoa da.

Talaia edo zaintza-dorre gisa balio du, baina baita harresia inguratzen edo gainditzen saiatzen den etsaiari erasotzeko ere.

Dorre albarranoen adibideak izan daitezke Sevillako Urrearen Dorrea, Kordobako Malmuertakoa edo Badajozeko Espantaperroseko Dorrea (honen altzoak dorre horien hainbat adibide ditu), guztiak Espainian, nahiz eta Yorkshireko (Erresuma Batua) Pontefract gazteluko Swillington dorrea eraikuntza mota horren adibide dela uste den[13].

Gatariako talaia (Bidarte, Lapurdi), baleak iksukatzeko eraikuntza.

Euskal Herrian, Getariako (Bidarte, Lapurdi) talaia aurki dezakegu, bere garaian baleak ikuskatzeko erabiltzen zena.

Omenaldiaren dorrea

Omenaldiaren dorrea Erdi Aroko gazteluaren egitura nagusia da (donjon gaztelu frantsesetan, bergfried alemanetan, mastio edo maschio italiarretan, keep ingelesetan). Dorre nabarmena da, harresia baino altuagoa, eta, normalean, gotorlekuaren gainerakotik isolatu zitekeen. Dorre nagusia da, jaunaren bizileku dena eta gazteluaren funtzio garrantzitsuenak betetzen dituena; gela nagusiak eta, batzuetan, janari-biltegiak hartzen ditu bere barnean. Kanpoko balizko eraso bati dagokionez, posiziorik babestuenean dago; horrela, gainerako defentsak eroriko balira, dorre horrek azken babesleku bat emango luke.

Setio-dorrea

Setio-dorreak zurezko armazoi garraiagarri bat ziren, prisma edo piramide-enbor altu baten itxurakoa, eta Antzinaroan eta Erdi Aroan erabiltzen ziren etsaien harresiei aurre egiteko eta haiek erasotzeko garaierara iritsiz. Haien hurbilketak arrakasta izanez gero, eskalak baino errazago sartzen uzten zieten zenbait gizon armaturi haiek har zitzaten. Erdi Aroko setio-arma guztiak bezala, dorrea ere zaharkituta geratu zen XV. mendetik aurrera kanoia orokortu zenean.

Dorre garaienak

Dorre garaienen hurrengo zerrenda garaiera absolutuaren arabera ordenatuta dago. Dorre sailkapenaren barnean sartzen dira eraikin diren guztiak (adibidez etxe-orratzak eta telekomunikazio dorreak), baina ez antena egitura bakarrik direnak (adibidez telebista antena tenkatuak). Izan ofizialak dorre hitza badu, zerrenda honetan ageri da. Dorre garaienak zeintzuk diren erabakitzeko, Munduko Dorre Handien Federazioak (WFGT) urtean behin erakunde horretako ordezkariek bilera bat egiten dute[14][15].

Hurrengo zerrendak 20 garaienak baino ez ditu azaltzen:
SailkapenaEgituraGaraiera
(m)
KokapenaEstatuaEraikitze­urtea
1Burj Khalifa (lehen Burj Dubai)830
[16]
Dubai  Arabiar Emirerri Batuak2010
2Tōkyō Sky Tree634Tokio  Japonia2012
3Shanghai Tower632Shanghai  Txina2014
4Abraj Al Bait Dorreak601Meka  Saudi Arabia2012
5Canton Dorrea600Guangzhou  Txina2010
6Ping An International Finance Center599Shenzhen  Txina2017
7Lotte World Tower555Seul  Hego Korea2017
8CN Dorrea553Toronto  Kanada1976
9One World Trade Center (lehen Freedom Tower)541New York  AEB2014
10Ostankino dorrea537Mosku  Errusia1967
11Chow Tai Fook Centre530Guangzhou  Txina2016
12Willis Tower (lehen Sears Tower)527Chicago  AEB1974
World Trade Center[17]New York1972
eraitsia
2001
[17]
13Taipei 101508Taipei  Taiwan2004
14Shanghai World Financial Center492Shanghai  Txina2008
15International Commerce Centre484Hong Kong  Hong Kong2010
16Central Park Tower472New York  AEB2019[18]
17Oriental Pearl Tower468Shanghai  Txina1994
18Lakhta Center462San Petersburgo  Errusia2018
19John Hancock Center457Chicago  AEB1969
20Petronas Dorreak452Kuala Lumpur  Malaysia1998

Dorre ezagunak

Euskal Herrian

Irudiak

Erreferentziak

Ikus, gainera


Kanpo estekak