Euken Ostolaza

Euken Mirena Ostolaza Zamora (Igeldo, Donostia, 1961eko apirilaren 27aParis, 2023ko urtarrilaren 27a)[1] abeslari tenor bat izan zen, ibilaldi profesionala ia osorik Frantzian egindakoa.

Euken Ostolaza
Bizitza
JaiotzaIgeldo1961eko apirilaren 27a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaParis2023ko urtarrilaren 27a (61 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakopera abeslaria
Ahots motatenor (en) Itzuli
kontratenorra
Musika instrumentuaahotsa
harpa
txistua
IMDB: nm5915680 Edit the value on Wikidata

Jatorria eta ikasketak

Igeldoko Leku Eder etxean[2] jaio zen Ostolaza, 1961eko apirilaren 27an. Haurtzaroa Igeldon eta Donostiako Antigua auzoan eman zuen, lehen ikasketak bi auzo eskoletan eginda.[3]

Musika modu profesionalean lantzen hasi aurretik, bulegoko mandatari zereginetan lan egin zuen, 1981etik 1988ra bitarte, Gipuzkoako Foru Aldundian.[3]

Solfeoa eta lehen musika ikasketak Igeldon egin zituen, haurretan, Martzelino Arrazola eta Paben Loidi apaizekin.[4] Kresala dantza taldean txistulari hasi zen 1979an, Jose Ignazio Ansorenarekin tresna jotzen ikasita; taldean egon zen 1987ra bitarte.[5] Txistulari gisa aritu zen Igeldon, Izpi Berri dantza taldean, Frantziara joan zen arte.[4]

Ikasketa musikalak Donostiako Orfeoiaren eskolan egin zituen, Donostian, 1982tik aurrera, nahiz lehenagotik Artzain Onaren katedraleko abesbatzan kantatzen hasia zen.[5]

Gipuzkoako Foru Aldundian zeukan lanbidea utzita 1988an, Frantziara jo zuen musika ikasketak sakontzera, lehenik Lyongo Musika Kontserbatorioan (1988-1991) eta, geroago, Versailleseko Centre de Musique Baroque ikastetxean (1991-1995), kontratenor gisa.[6] Azken horretan ohorezko saria bereganatu zuen ikasketen amaieran.[7] Handik aitzina, tenor erregistroan egin zuen bere ibilbide musikal osoa.

Musika ibilbidea

Estrasburgon, Opéra national du Rhin[8] operaren abesbatzako kide izan zen bi urtez, 1997ra bitarte.[4] Gero, Parisko Operaren abesbatzan (Choeur de l'Opera de Paris) onartu zuten, aho batez;[5] bertan ia hiru urte egin zituen, baina uztea erabaki zuen, 2000. urtean, lanerako «askatasun faltagatik».[5][3] Parisen bizi izan zen denboran, Euskal Etxearen laguntzaile izan zen.[9]

Era berean Donostiako Musika Hamabostaldian eta Bastillako Antzokian ere parte hartu izan zuen. 2000. urtetik aurrera Le Choeur de Radio Francen kantatu zuen.[4]

Ostolazak tenor ahotsa zeukan eta era horretan garatu zuen bere kantu ibilbide profesionala, nahiz zenbait urtez kontratenor gisa kantatu zuen, Estrasburgora joan arte, hain zuzen.[3] Ahotsarekin musika egiteaz gain, harpa jotzen zuen.[10]

Antzerkian eta telebistan

1989an, Tanttaka Teatroa antzerki konpainiarekin Flaminio opera bufoan parte hartu zuen, tenor gisa.[11] Taldearekin zenbait emanaldi eskaini zituen, Euskal Herrian baita beste herrialdeetan ere,1991ra bitarte.[12]

2005ean, Mi querido Klikowsky telesaileko atal batean parte hartu zuen.[13]

Hedabideetan

Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioaren kolaboratzaile izan zen 2015az geroztik, udako saioetan. Abesti bat hautatuta, azterketa poetiko-musikal bat eskaintzen zuen, 20 minutuko saiotan. Alabaina, irratiko kolaboratzaile izan arren, maiz adierazi zuen jendaurrean bere ezinegona, ETB1en «euskararen kalitate kaxkarragatik».[4]

Ikusmolde sozial eta politikoa

Ostolaza euskal izatasunaren eta kulturaren alde agertu zen sarritan, hedabideetan iritzia eskatu izan zioten guztietan. Besteak beste, Euskal Herria «ultra-kolonizatuta» zegoela uste zuen, eta «gure kulturarekiko zabartasuna» salatzen zuen, dei eginda «jatorkeria (euskaraz dena balekoa da!)» eta «konformismoa edo duintasunik eza» alde batera uztera.[4] Euskalduntasuna aldarrikatzen zuen: «Ez naiz harrokeriaz ari, harrotasunaz baizik. Zentsurarik txarrena autozentsura da, zentsurarik bortitzena, perbertsoena, pentsamendu kritikoa ere galarazten diguna. Euskal Herria maite dudala ere ezin esan!».[3]

Oro har, ikusmolde abertzalea agertzen bazuen ere, Ostolaza ez zen inoiz nabarmendu iritzi politiko jakin baten alde; hil ostean, baina, EAJk «alderdikidetzat» hartu zuen, Donostiako egunkari batean argitaratutako hil mezu batean.[14]

Heriotza

Gaixotasun larri batez[15] hil zen Parisen, 2023ko urtarrilaren 27an.[7][16]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak