Euskaldunon Egunkariaren itxiera

Euskaldunon Egunkariaren itxiera 2003ko otsailaren 20an izan zen, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria eta haren interneterako bertsioa itxi zituenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz.

Egunkariaren itxiera eta bost urtera euskal blogosferan zehar argitaratutako aldarrikapen-irudia

Euskaldunon Egunkaria

Euskaldunon Egunkaria astean sei egunetan —astearte eta igande bitartean— kaleratzen zen euskara hutsezko hedabide idatzi bakarra zen. 1990eko abenduaren 6an atera zen estreinakoz, Euskal Herri osoko irakurle euskaldunei zuzendua. Hasi zenekoan 32 orrialde biltzen zituen; zarratu zutenean 60 inguru ziren, aparteko eranskinak kontuan hartu barik. Gainontzeko egunkarien moduko egituraketa zuen: Iritzi saila, Euskal Herriko politika eta gizartea, Nazioartekoa, Ekonomia, Kirolak, Kultura...

Itxiera

2003ko otsailaren 20an, goizean goiz, 300 Guardia Zibilek Euskaldunon Egunkariak Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkean zuen egoitza hartu zuten, eta baita Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko ordezkaritzak ere. Bulego haietan guztietan, Espainiako erakunde militarrak dokumentazio ugari konfiskatu zuen: idatzizko langaiak, ordenagailuak, softwarea... Horretaz gain, Ikastolen Konfederazioaren, Jakin eta Argia aldizkarien eta Euskalgintza Elkarlanean fundazioaren dokumentazioa ere atxiki zuten.[1]

Lehenago ere, 1998ko uztailaren 14an, argudio berak erabiliz, Egin egunkaria eta irratia itxi zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epaile instruktorearen aginduz.[1]

Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Barne Arazoetako Ministerioak, inongo aurrekaririk gabe, elkarrekin idatzitako prentsa oharra kaleratu zuten, operazioak ETA zuela jomugatzat azalduz.[1]

Hamar atxilotu

Hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak goiz hartan:

Bost eguneko inkomunikazioa ezarri zieten, terrorismoaren aurkako legedia aplikatuta. Bost egun horiek pasatuta, hamar lagun horietako bederatzi Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera bertaratu zituzten; Pello Zubiria ospitalean zen. Txema Auzmendik ez zuen onartu abokatua ezin aukeratzea eta uko egin zion deklaratzeari. Atxilotuetako askok salatu zuten inkomunikazio garaian guardia zibilek torturatu zituztela: Iñaki Uriak, Xabier Oleagak, Martxelo Otamendik, Xabier Alegriak eta Txema Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean.[2] Espainiako Barne Arazoetako ministroak kereila jarri zuen tortura salaketak egin zituztenen kontra, horrela jokatzea ETArekin kolaboratzea zela egotzita. Iñaki Uriarena izan ezik, auzipetuen tortura salaketak artxibatu egin zituzten. Martxelo Otamendiren salaketaren helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jasota dauka, baina ez dago inongo berririk horren gainean. Uriaren salaketa Donostiako Auzitegiko epaile batek bere gain hartu bazuen ere, 2008an salaketa Madrilgo epaitegi batera eraman zuten. Martxelo Otamendik, adibidez, ETBko kameren aurrean salatu zituen torturak espetxetik atera eta berehala.[3]

Bost eguneko inkomunikazioa amaituta, epaileak Torrealdai, Uria, Auzmendi, Oleaga, Zubiria eta Alegria espetxeratzeko agindua eman zuen. Otamendi, Lazkano, Gomila eta Goia aske utzi zituen.

Erantzuna

Egunero egunkaria (2003-02-21 --- 2003-06-20)

Otsailaren 21ean, Egunero egunkaria kalean zen, itxieraren gainean informazioa eman zuen 16 orrialdeko monografikoa hain zuzen. Ale guztiak (50.000) saldu ziren. Eusko Legebiltzarrean EAk, EAJk, EB-IUk eta SAk itxiera salatu zuten, Egunero eskuan.

Kontseiluak deituta, otsailaren 22an Donostian inoiz izan den manifestazio jendetsuenak Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatu zuen. AB, Aralar, AEK, AuB, Batasuna, Demoak, EA, EAJ, EB-IU, STEE-EILAS, ELA, Elkarri, ESAIT eta LABk bat egin zuten deialdiarekin eta han izan ziren kultura eta euskararen ordezkarien parean.

Egunkariaren auzi ekonomikoaren kronologia

Egunkaria auziak honelako garapena izan zuen:[4][5]

2003-02-20: Guardia Zibila Martin Ugalde Kultur Parkean sartu, erredakzioa itxi, eta Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Luis Goya, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi atxilotu zituen.

Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatzeko manifestazio jendetsua, 2003ko otsailaren 22an.

2003-02-22: Milaka pertsonak manifestazio ikaragarri jendetsua egin zuten Donostian, «Egunkaria aurrera, Euskarari bai!» lelopean.

2003-02-25: Atxiloalditik irten berritan, Otamendik, malko artean, atxilotuek jasandako torturak eta tratu txarrak salatu zituen kameren aurrean.

2003-03-10: Ángel Acebes Barne ministro espainolak Otamendiren kontrako kereila aurkeztuko zuela adierazi zuen, tortura ukatu nahian.

2003-10-16: Auziko bigarren operazioa izan zen. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkariaren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxemari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.

2003-10-20: Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten, Etxeberria epaitegian zegoela.



2003-10-21: Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.



2006-12-14: Fiskaltzak ordura arteko jarrera aldatu, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen, froga eza argudiatuz.

2007-03-29: Egunkariako hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten.

2007-05-07: Auzitegi Nazionalak auziarekin jarraitzea erabaki zuen, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia taldeak akusazio bakartzat hartuaz.

2007-11-28: Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.

2009-05-13: Hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren —Torrealdai, Uria eta Auzmendiri—, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.

2009-12-15: Epaiketaren hasiera. Bost lagun eseri ziren, azkenik, aulkian.

2009-12-19: 25.000 bat pertsonak gelditzen diren bost akusatuen absoluzioa eskatu zuten manifestazio baten bidez.

2010-04-12: Auzitegi Nazionalak Otamendi, Uria, Torrealdai, Auzmendi eta Oleaga errugabe direla onartu zuen, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta ETArekiko lotura ukatuz. Baina auzi ekonomikoak aurrera segitzen du.

2010-05-05: José María Vázquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak jakinarazi zuen auzitegi horrek ez zuela auzi ekonomikoaren epaiketa egingo, eta Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vázquez Honrubiak ebatzi zuen auzian “delitu terroristaren” zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, “ohiko delitua”.



2011-12-26: Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen auzitegiak.


2013-02-20: Euskaldunon Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrenaren harira, Berriako atarian ekitaldia egin zuten langile, auzipetu, kazetari eta gonbidatuen presentziarekin.

2014-04-07: Egunkariaren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostian, Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Aldiz, zigor eskaerei eutsi zien Fiskaltzak, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.

2014-04-08: Aurretiazko saioa ospatu zuten Donostian eta Fiskaltzak ahozko epaiketa hastearen alde egin zuen. Zortzi auzipetuen kontrako zigor eskaerak mantendu zituen, defentsak absoluzioa galdegin zuen bitartean.

2014-06-04: Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostian, Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Aldiz, zigor eskaerei eutsi zien Fiskaltzak, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.

2014-06-17: Auzi ekonomikoa preskribatuta ez zegoelakoan, Gipuzkoako Fiskaltzak kasua ixtearen aurkako helegitea aurkeztu zuen ekainaren 11n. Auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratuko zen. Defentsak helegitea inpugnatzeko aukera izango zuen.

2014-10-14: Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak itxi egin zuen Egunkariako auzi ekonomikoa, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epailearen erabakia berretsita. Bukatu zen, beraz, Egunkaria auzia –aurrez, 2010ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak itxiera kasuko epaiketan absoluzioa eman zuen—.[6]

Dokumentalak

Gutxienez dokumental hauek egin dira Euskaldunon Egunkariaren itxieraz: [7]

  • 2003: Egunkaria libre! izenburupean, erreportaje labur bat, zazpi minutu eta erdikoa, Itxieraz egin ziren lehen lanetako bat da hori.[8]
  • 2013: 'Egunkaria 10 urte geroago' (Maite Ibañez, K2000).[9] 2013an estreinatu zuen ETBk. 2003. eta 2013. urteen artean hartutako irudiak eta hitzak bildu zituzten dokumentalean. 2008an, hainbat elkarrizketa egin zituzten epaiketa egin aurretik: kazetari ugari ageri dira hizketan, tartean Antonio Franco, David Bassa, Luis Maria Anson, Josu Juaristi, Pablo Muñoz, Pedro Ontoso eta Txetxo Yoldi. Ikuspuntu juridikoari ere heltzen dio dokumentalak, eta, horretarako, zuzenbide arloko hainbat lagun elkarrizketatu zituzten. Auzipetuen 2008ko hitzak jasotzen ditu lanak, sufritu zituzten torturak barne.
  • 2016: 'Gaur irekiko ditu ateak' (Eriz Zapirainen ) Docs Barcelona jaialdian estreinatu zuten, eta, bertan, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuten hainbat langileren ilusioa jasotzen du dokumentalak.[10]
  • 2018: 'Egunkaria 15 urte' (Irati Sarasua, ETB). Itxieraren gauean atxilotuen etxeetan gertatu zena jaso zuten batetik, eta euskal hedabideen egoeraz aritu ziren bestetik. Baleuko ekoiztetxearen lan horretan, Joan Mari Torrealdai zenaren seme-alabak ageri dira 2003ko otsailaren 20ko goizaldean Guardia Zibila etxean nola sartu zitzaien kontatzen. Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria ere mintzo dira: inkomunikazio egunak nola pasatu zituzten kontatzen dute. Euskal Herriko komunikabideen egoeraz ari dira, bestalde, Nerea Azurmendi, Iñaki Soto (Gara), eta Argia-ko Xabier Letona, Estitxu Eizagirre eta Bego Zuza.
  • 2019: 'Egunkaria-ren itxieraren 15. urteurrena' (Lander Garro, Berria[11]
  • 2021: 'Paperezko hegoak'. (Josu Martinez eta Samara Velte, Tentazioa Produkzioak).[12] Tentazioa konpainiak Sisiforen paperak antzezlana egin zuen lehenbizi, eta, horrekin batera, ikus-entzunezko lan bat egin nahi zuen. ETBk dokumental bat egitea onartu zuen. Horiek horrela, Josu Martinez zinemagileari egin zioten enkargua dokumentala egiteko, eta hark Samara Velte BERRIAko kazetari ohi eta EHUko irakaslearekin batera zuzendu zuen Paperezko hegoak. Gertatutakoaren zergatien ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen lekukotzak biltzen ditu dokumentalak. Lortu zuten Guardia Zibilaren koronel batekin eta Javier Gomez Bermudez epailearekin hitz egitea (hura izan zen auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko presidentea). Adur Larreak animazio batzuk egin zituen Torrealdairen itzala irudikatzeko.

Bibliografia

Erreferentziak

Kanpo estekak