Grand Départ Pays Basque 2023

Tourraren EAEko 2023ko irteera

Grand Départ Pays Basque 2023 delakoa Frantziako Tourraren 2023ko edizioaren Grand Départ ekitaldia izan zen, osorik Euskal Herrian garatua, zehazki Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, aurkezpen ofizialez gain hiru etapa bertan korritu baitziren. EAEko erakundeekin adostu zuen Tourreko Amaury Sport Organisation (ASO) antolakuntzak ekitaldia, eta Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta Bilbo, Gasteiz eta Domostiako udalek parte hartu zuten antolakuntzan.[1]

Grand Départ Pays Basque 2023
Irudia
MotaGrand Départ
Honen parte daTour de France 2023 (en) Itzuli
Denbora-tarte2023ko uztailaren 1a - 2023ko uztailaren 3a
HerrialdeaEuskal Autonomia Erkidegoa
AntolatzaileaAmaury Sport Organisation, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Gasteizko Udala eta Donostiako Udala
Aurrekontu12.000.000 €

Webguneletour.euskadi.eus

Ibilbidea

Lehenengo etapa Bilbon hasi eta amaitu zen. Bigarren etapa, uztailaren 2an, Gasteiz-Foronda aireportuan hasi zen eta Donostian amaitu. 3. etapa Zornotzan hasi zen, eta Euskal Herriko kostaren zati handi bat igarota Baionan bukatu zen.

Euskal Herritik egingo dituen etapen mapa.

Grand Departetik aparte, 5. etapa ere Zuberoatik barrena aritu zen, Pauen hasi eta Laruntzen amaitu zen etapa.

Euskal Herrian amaitutako etapetan atzerriko garaileak izan ziren; Adam Yates lehenengoan (eta maillot horiarekin jarraitu zuen Grand Départ osoan), Victor Lafay bigarrenean, eta Jasper Philipsen hirugarrenean.

Hirugarren etapa Baionan bukatu zelarik, EAEko antolakuntza eremutik kanpo geratu zen, baina ASOk eta Baionako herri kontseiluak adostuta helmugan animatzaile euskalduna aritu zen esatari ofizialarekin batera, eta seinaleak eta komunikazio euskarrriak frantsesez eta euskaraz idatzi zituzten.[2]

Tourrean aurrerago, ordea, 10. eta 12. etapak irabazi zituzten Pello Bilbao eta Ion Izagirre euskal txirrindulariek. Grand Departaren antolakuntzak bi garaipen hauek nabarmendu zituen, ekitaldiak euskal txirrindularitzari distira eman ziolakoan.[3] Anekdota ere izan zen Bilbaok irabazi zuenean, Tourrak garailearen herrialdeko bandera jarri ohi zuenez Twitterren irabazke bakoitza zorionduz, kasu honetan Espainiako bandera barik ikurrina jarri zutelako.[4]

Tourra azkenean Jonas Vingegaard daniarrak irabazi zuen, bere bigarren Tourra erreskadan, 2022koaren ondoren.

Polemikak

Tourra hasi baino aurreko asteetan, Ertzaintzaren sindikatu batzuk eta ordezkariak polemika bizian aritu ziren Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailarekin, lan baldintza hobeak eskatzen. Agerpen batzuetan mehatxu ere egin zuten boikota egingo zutela Tourraren segurtasun beharrei muzin einez. "Hitzarmen duinik gabe, ez dago Tourrik", aldarrikatu zuten espreski.[5]

Segurtasun Sailak ez zuen publikoki amore eman, eta boikot agerikorik ere ez zen egon azkenean. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetako langileak zoriondu zituen Grand Depart igarotakoan.[6]

Lasterketan eta errepideetan, lehen etapan boikot saiakera bat zapuztu zuela jakinarazi zuen Segurtasun sailak. Morgako gainean eragotzi zen delao ekintza, eta Ertzaintzak 19 lagun identifikatu zituen bertan, eta horietatik 11 inputatu. Josu Erkorekaren arabera, Jarki antolakundeari lotutakoak ziren. 2. eta 3. etapetan toki batean baino gehiagotan txintxetak agertu ziren, eta txirrindulari askok zulatuak izan zituzten. Ekintza horien egiletza ez zen argitu.[7]

Gastuak

Euskal erakundeek 12 milioi euro inbertitu zuten antolakuntzan, zeinetarik 7.72 milioi ASOrentzat izan ziren.[8] Beste gastu nabarmen batzuk izan ziren Guggenheim Museoko Tourraren aurkezpen ofiziala (ekainaren 29an izan zen, Xabier Usabiagak eta Marion Hérault-Garnierrek hizkuntza desberdinetan aurkeztua)[9], 491.00 euro Innevento enpresarentzat; etapetako babes elementuen antolakuntza (660.000 euro M&M enpresarentzat), prentsa aretoa eta ASOrentzat bulegoak antolatzea BECen (345.000 euro); komunikazio gabinetea (143.900 euro, Sormen enpresarentzat); 178.000 sormen eta proiekzioan (Dimension enpresa); dinamizazioa (Euskadi Fundazioarentzako partida, 118.000 euro), edo Guggenheim Museoko ekainaren 30eko afari ofiziala, 40.000 kostatu zena eta 150 gonbidatu izan zituena.[10]

Gastu horiei erakundeek egindako ekarpenak izan ziren: Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak 2.3 milioi euro bakoitzak; Bizkaiko Foru Aldundiak 2.4 milioi, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.1 milioi, Donostiako Udalak 850.000 euro, Arabako Foru Aldundiak 525.000 euro, eta Gasteizko Udalak beste 525.000 euro.[11]

12 milioi horietatik beste gainkostu batzuk izan zirela salatu zuen El Salto agerkariak: 2.3 milioi eurokoak izan zirela argitaratu zuten.[11]

Balantzea

Euskal agintariek eta antolakuntza balantze baikorra egin zuten Grand Departarena. Emandako datuen arabera, hiru etapetan ikusle 840.000 lagun inguru bildu zituzten, Bilboko aurkezpenean 30.000 pertsona izan ziren, eta Bilbon antolatu zen Fan Park delakoan 106.300 lagun ere bai.[3]

Ekitaldiaren balantze politikorik ere egin zen. Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko politikariaren iritziz, Espainiako hedabideek nahita isilarazi zuten ahal bezainbeste Tourraren hasiera, ikurrin saldo batek erakutsitako nazio izaeraz gain, Espainiako Gobernuaren inolako partehartzerik gabe antolatu zelako guztia.[12] Gure Esku erakundeko bozeramaile batek ere azpimarratu zuen Tourraren hasierak Euskal Herriaren herri izaera eta harrotasuna erakusteko balio izan zutela.[7]

Erreferentziak

Kanpo estekak