Katamotz

ugaztunen generoa

Katamotza (Lynx) Felidae familiako ugaztun karniboro genero bat da.[1][2]

Katamotz
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaFelidae
SubfamiliaFelinae
Generoa Lynx
Banaketa mapa

Taxonomia

Generoaren izena (Lynx) ingeles ertainean eratu zen, grezierako λύγξ (lýnx) hitza latin bidez eskuraturik:[3][4] leuk- ('argia', 'argitasuna', 'zuria') erro indo-europarretik eratorria da eta katamotzen begi argi-islatzaileen ondoriozko luminiszentziari erreferentzia egiten dio.[5][6]

Espezieak

Hibridazioa

Blynx a

Blynxa edo lynxcata katamotzaren (Lynx gn.) espezie ezberdinen arteko hibridoei ematen zaien izena da, zehazki katamotz gorriaren (Lynx rufus) eta beste espezieen artean sortzen direnak. Sortzen diren ondorengoen itxura gurutzaturiko espezieen araberakoa da: ipar-katamotzek (Lynx lynx) orban gehiago dituzte, baina kanadar katamotza (Lynx canadensis) lauso eta argiagoa da.[9]

Hibridook gehienbat gatibutasunean eratu dira, baina naturan ere ager daitezke, katamotz gorriak bere espezieko bikoterik aurkitu ezean. Hibrido haietatik ez da aurkitu katamotz ar eta katamotz gorri emeen bikoteen ondorengorik. Denbora luzez uste izan zen blynxak, mandoen antzera, antzuak zirela; baina banako eme baten jarraipena egin ostean, ondorengo ugalkorrak direla ikusi zen.[10][11]

Katamotz gorria × oihan katua

Oihan katamotza katamotz gorriaren (Lynx rufus) eta oihan katuaren (Felis chaus) arteko gurutzapenaren ondorioa da, etxe-animalia exotikoa izateko sortua. Hurrego ondorengo belaunaldietan hainbat etxe-katurekin (savannah, mau egiptoarra, serengeti edo pixie-bob) zein karakalekin gurutza daitezke.[12]

Katamotz gorria × ozelotea

Ocelynx edo Ocebob izenekoa ozelote (Leopardus pardalis) eta katamotz gorriaren (Lynx rufus) arteko hibridoak sortu dira gatibutasunean. Izan ere, naturan espezie horien elkartea neketza litzateke, ingurune ezberdinak nahiago baitituzte: katamotzak arboladi, desertu eta zingiretan bizi dira, baina ozeloteak baso dentsoetan dira.

Antzeko tamainako espeziek izanik eta biak orbandunak, ondorengoak antzekotasun handia dute guraso-espezieekin. Desberdintasun nagusia katamotzekiko buztanaren luzera da, ozelotearen antzera, luzea baita.[9][13]

Saiaturiko hibridazioak

Probaturiko eta emaitza edo bideragarritasun eskaseko gurutzapenak dira; oro har, gurutzaturiko generoen arteko dibergentzia genetikoaren ondorioz.

  • Etxe-katua (Felis catus) × kanadar katamotza (Lynx canadensis).
  • Etxe-katua (Felis catus) × katamotz gorria (Lynx rufus). Katuen eta katamotzen arteko hibridazioen berri izan den arren, gertaera puntualak izan dira eta froga anekdotikoek alderatuak. Pixie-bob izenaz ezagutzen den katu arraza katamotz baten hibridazioaren ondorio dela pentsatzen da, baina froga genetikoek kontrakoa adierazten dute.[14] Hala, gurutzapen horien ugalkortasuna ez dago zientifikoki frogatua.[15]

Eboluzioa

Ezagutzen diren katamotzaren (Lynx generoaren) lau espezieak Lynx issiodorensis espeziearen ondorengoak direla uste da.[16][17] Espezie horren arrastoak XIX. mendean aurkitu ziren Frantziako Perrier mendian.[18] Antzinako katamotz hori Afrikan sortu omen zen Pliozeno berantiarrean, eta Europa, Amerika zein Afrikan bizi zen geroztik Pleistozeno goiztiarreko Azken glaziazioa arte.[16] Asian espezie horren sinonimotzat harturiko espezimen bat aurkitu zen 1945ean.[19] Issoireko katamotzak zuen tamaina eta formagatik (gorputz-adar mortz eta sendoagoak), etxeko-katu baten antzekoagoa izango litzateke.[17]

Issoireko katamotzaren arrastoak: garezurra eta masailezurrak. Florentziako Historia Naturaleko Museoan, Italia.

Hori dela eta, espezie hori egungo katamotzekin erlazionatzerako orduan hainbat hipotesi proposatu dira: horietako batek tarteko espezieak aurkezten ditu. Hipotesi horren arabera, hiru leinuren arteko (Lynx pardinus, Lynx lynx, eta Lynx rufus) dibergentzia argia dago, laugarren espeziea (Lynx canadensis) Lynx lynx-en ondorengoa da.[20]

Hala, Iberiar katamotzaren (Lynx pardinus) lehen formak Issoireko katamotzaren (Lynx issiodorensis) aztarnek adierazitakoen antzekoak izango lirake. Kobako katamotza (Lynx pardinus speleus edo Lynx spelaea), Pleistozenoan biziriko ustezko Iberiar katamotzaren azpiespeziea zen.[21] Horrek ipar-katamotzaren (Lynx lynx) eta iberiar katamotzaren arteko ezaugarri morfologikoak izanik, proposatu da Issoireko katamotza Kobako katamotzean bilakatu zela, eta ondoren, Kobako katamotza Iberiar katamotzean eboluzionatu zela.[22]

Hipotesi berak aipatzen du ipar-katamotza, Issoireko katamotza eta egungo gainontzeko espezieak baino handiagoa izanik, eta hortzeria desberdina aurkeztuz, Europa zein Asian zehar zabaldu zela Iberiar katamotza penintsulara mugatuz.[20][22]

Azkenik, katamotz gorriaren garapena Issoireko katamotzak duela 5 eta 2 milioi urte artean eginiko migrazioaren ondorio bezala proposatzen du, Bering itsasartea Pleistozenoko glaziazioan zeharkatuz Ipar Amerikarantz. Hipotesi horren alde, duela 2,5 eta 2,4 milioi urte arteko arrasto fosilak aurkitu ziren Texasen.[23][24]

Anatomia eta fisiologia

Tamaina

Katamotzen tamaina espeziearen arabera aldatzen da, proportzioak manteduz. Lau espezieetatik txikienak amerikarrak dira (katamotz gorria eta kanadiar katamotza),[25][26] eta handiena ipar-katamotza da.[27] Tamaina eragiten duen beste faktorea sexua da, dimorfismo sexual ageria erakusten baitute. Izan ere, batazbeste arrak emeak baino laurden bat handiagoak dira.[20][28][29]

Katamotzen ezaugarri fisikoak[30]
EspezieaSexuaPisuaLuzeraAltuera (sorbalda mailan)
Ipar-katamotza[27]Arra (♂)18 - 30 kg81 - 129 cm70 cm
Emea (♀)18 kg
Kanadiar katamotza[31]Biak8 - 14 kg90 cm48 - 56 cm
Iberiar katamotza[25][32]Arra (♂)12.9 kg85 - 110 cm60 - 70 cm
Emea (♀)9.4 kg
Katamotz-gorria[26]Arra (♂)7.3 - 14 kg71 - 100 cm51 - 61 cm

Gorputza

Katamotzaren gorputz-forma oso bereizgarria da, felinoen artean parekoasuna duen genero bakarra karakala izanik (desertuko katamotza edo Afrikako katamotza[33] izenez ere ezaguna). Atzeko gorputz-adarrak oso garatuak dituzte, muskulu indartsuenak gune lunbarrean, sorbaldetan eta lepoan egonik.[34] Hala, pausu zabukatuarekin ibiltzen dira. Katamotzak digitigradoak dira: oinak gainontzeko gorputzaren noranzkoan dituzte, modu eraginkorragoan salto egiteko eta abiadura handiz mugitzeko eskuraturiko moldapena dena.[35][36][37] Bost behatz dituzte aurreko hanketan eta lau atzekoetan.[38] Haien urrats arrastoak zuzenak izaten dira, bereziki bizkor ibiltzean.[20] Aldiz, felino gehienek indarra gorputzaren aurrealdean izaten dute.[39]

Hankak, oro har, luzeak eta oin handiak dituzte gainontzeko gorputzarekin alderatuta; elurrean ibiltzeko moldaerak dira, hanka luzeak elur pakete lodietatk errazagoa ateratzeko, eta etxe-katuaren (Felis catus) antzera, oin zabalak elurretan ez hondoratzeko.[20][30] Gainera, oin azpiko kuxinak oinatzen soinua isilarazten du, ibilera mutua bermatuz. Beste haragijaleekin alderatzean, katamotzek hankekin eragiten duten lurrazal gaineko presioa askoz baxuagoa da; esaterako, basakatuak (Felis silvestris) eragiten duena baino hiru aldiz baxuagoa, eta koioteak (Canis latrans) eragindakoaren erdia.[20] Buztana motza da, 20 eta 25 cm artekoa.[39]

Katamotzek erpe atzeragarriak dituzte, normalean ezkutuan daudenak behatz arteko azal bereizituan. Erpeak erakustea erabakitzen dutenean, behatzen muskulu flexore luzea (Musculus flexor digitorum longus) uzkurtzen dute eta erpea behatzartetik proiektatzen da.[40] Horregatik, erpeak zorrotzak mantentzen dituzte behar denean mugitzen, zuhaitzak eskalatzen edo ehizatzen laguntzeko.[41]

Ilaje eta kolorazioa

Katamotz gorria, klima beroagoetako espezie izanik ilaje gorrizka eta orban ilun ugari erakusten. Espezie guztiek amankomunean duten hanken barnealdeko ilaje zurixkagoarekin batera.

Gorputz guztia ilez estalia dute: horri ilaje esaten zaio. Masail inguruan ile luzeagoak dituzte, 'belarrondoko bizar' izenaz ezagutzen direnak eta aurpegiari itxura zabala ematen dietenak.[42] Ile horiek, bigotearekin (vibrissae) batera, ispilu paraboliko bat eratzen dute soinuen harrera finagoa eskuratzeko eta soinu-kokapen hobea izateko.[43]

Katamotzen ilaje-kolorea marroitik, urrekara eta zurira alda daiteke: batzuetan orban ilun marroiak aurkezten dituzte gorputz-adarretan. Kolorazio hori, ilajearen luzerarekin batera, klimaren arabera aldatzen da; Estatu Batuetako hegomendebaldeko katamotzek ile motza, iluna eta tamaina txikia dute, baina klima hotzagoetako populazioek ilaje lodiagoa (9.000 ile/cm2),[20] kolore argiagoa eta elurrera moldaturiko atzaparrak dituzte. [39]

Orban kantitatea ere latitudearekin aldatzen da, eta lau motatan bereizten da: orbandunak, marradunak, lausoak eta rosetak.[20][44][45] Orbanen banaketa eta morfologia banakoen arabera aldatzen den arren, espezie bakoitzak badu morfologia ohikoa: iberiar katamotzak orban ugariko ilajea aurkezten du, eta kanadar katamotzak orban gutxi ditu edo bat ere ez.[39][46][47][48]

Ilajearen kolorazioa aldakorra den arren, papar, tripa eta hanka barnealdean espezie guztiek ilaje zurixka bera dute.[49] Kasu askotan ikusi ezin den iduneko beltza ere izaten dute, tximileta-begizta baten antzekoa.[50] Horrez gain, masailetan, kokotsean eta begi inguruan krema kolorreko ilea dute, eta kolore beltzeko ile-xorlak belarrien puntetan.[6][51]

Burua

Buruak forma biribila du eta lepo bereizgarri motz batez eusten da. Garunak, oro har, eta bereziki jokaerarekin zer ikusi duten hemisferio zerebralak handiak dira,[52] felido txikiengan eta espezie gautarrengan bezala.[53]

Belarriek hiruki luze forma dute eta puntetan ile-xorla beltz batzuk dituzte, katamotz espezie guztietan, karakalek, oihaneko katuek eta etxe-katu arraza batzuek bezala. Ikerlariek ez dakite zer funtzio zehatz duten, baina entzumenaren hobekuntzarekin edo haizearen noranzkoa jakitearekin lotuta egon kitezke.[6][39][51]

Begiak handiak dira, felino espezie gautarren antzera,[53] eta buruaren aurrealdean daude. Kokapen horri ikusmen binokularra deritzo eta ohikoa da harraparien artean, distantzien neurketa ahalbidetzen baitu, harrapakinak ehizatzeko. Aldi berean, ikusmen mota horrek inguru giro osoa ikustea oztopatzen du, soilik 220º inguru begizta baitezakete.

Felinoen begi egituraren sekzioa, tapetum luciduma (TL) markatuz erretinaren atzealdeko ehuna bezala.

Begien egituraketan tapetum lucidum deituriko ehuna dute.[6][54] Ehuna koroidearen parte bezala eta erretinaren atzean dago. Egitura horrek funtzio katropikoa betetzen du, argia islatuz fotoerrezeptoreek argi gehiago xurga dezaten. Gauean edo argi txikia dagoenean ibiltzen diren animalia ugariren moldapena da.[55][56] Katuen eta gainontzeko karniboroen kasuan, Choroidal tapetum cellulosum edo tapetum cellulosuma dago.[57][58] Tapetum mota hori lerroetan erregularki kokaturiko (2-300 nm-ko distantziarekin) zuntz formako 6-12 zelulak osatzen dute. Zelula horien lodiera eta kolorea ezberdina da. Gainera, zelulen zitoplasman material islatzaile osmiofilikoa (zink zisteina edo taurina) aurkitzen da.[58] Ehun hori edukitzearen ondorioz, ingurune ilunetan katamotzen begiak argiztatzean (linterna, argazki kameren flashaz, eta abar) begiek argia islatu eta pupilek disdiratzen dutela dirudi.

Tenperatura nabitzen duten errezeptoreak dauzkate mingainean.[53] Izan ere, ile-apaintzearen bidez termoerregulatzeko, mingaina erabil dezakete. Mingainaz gorputz guztia listuz bustitzen dute eta listua ebaporatutakoan, gorputz tenperatura jaitsi egiten da: barne gorputzaren eta ilajearen tenperaturen arteko desberdintasuna 1,1ºC-koa izatera hel daiteke. Frogatu denez, felinoak beren gorputzeko ur-galera ebaporatiboaren herena ilajeko listu bidez gertatzen da.[59][60]

Mingainak dastamen papilak ditu, zaporeak detektatzeko, baina, haiez gain, 'arantza papilak' (filiform papillae) ditu; janaria heltzeko, haragiaren ehunak deformatzeko, hezurretatik kentzeko eta haien burua garbitzeko erabiltzen direnak.[59][61] Ehundaka papila horiek felinoek aurkezten dituzte mingainaren erdialdean, keratinaz osaturiko arantza kurbatu horiek punta hutsak dituzte eta bertatik listua helaraz dezakete gorputzeko azalera ilajea zeharkatuz.[59][62]

Hortzeria

Animala haragijaleen antzera, katamotzen hortzek forma konikoa dute.[63] Baina gainontzeko felinoek ez bezala (30 hortz dituzte, 3.1.3.13.1.2.1), haien hortzeriak 28 pieza ditu: haien arteko distantzia 2-3 cm-koa da.[64] Hortzeri formula 3.1.2.13.1.2.1 da, felinoek duten 3. goi-aurre haginetatik bana galdurik.[65][66] Kasu batzuetan katamotzek (bereziki kanadar espeziekoek) gainezkako hortzeria gara dezakete, ebolutiboki galduriko bi aurreko haginak berreskuratuz.[42]

Haien funtzioari dagokioez, elikatze prozesua ebakortzek munta txikia dute, inoiz erabiltzen baitira gorputz baten haragia karraskatzeko. Letaginak hortz nagusiak dira, ehizatzeko eta harrapakina hiltzeko erabiltzen baitira. Ostera, haginak daude, elikatzeko erabiliak; goi eta behe-aurre hagin handiak dituzte (hagin harakinak deituak), haragia moztu eta mastekatu gabe irentsi ahal izateko.[67][68][69]

Esne hortzeriak ez du haginik, hortzeri formula 3.1.23.1.2 da. Lehenik esnezko letaginak agertzen dira, ostera ebakortzak eta azkenik aurreko aginak. 5-6 hilabetetara behin behineko hortzak garatzen dituzte,[70] lehenik ebakortzak ordezkatuz, ondoren letaginak, aurreko haginak eta azkenik haginak eskuratuz.[20] Katamotzen hortzeriaren beste ezaugarri bat, 13 eta 18 hilabete artean sustraien kanala edo kanal erradikularra ixten dela da;[71][72] beraz, ezaugarri honen presentzia hortzeri motarekin batera erabili daiteke katamotz gazteek urtebete baino gutxiago edo gehiago duten bereizteko.[73]

Barailak gainontzeko felinoekin alderatuta murrizpen proportzionala jasan du, hozkadaren indarra areagotuz.[50]

Zentzumenak

Dastamena

Dastamenaren organo nagusia mihia da, dastamen-papilaz betea. Ikerketa genetikoen arabera, zapore batzuekiko sentiberagoak dira besteekiko baino; barazkietan aurkitu daitezkeen azukreen zapore gozoak oso detektagarriak ez diren bitartean, zapore mingotsekiko sentiberak dira. Bestalde, fruitak bezalako jaki zaporeak jaten dituztela ikusi da, nahiz eta lehorte garaian likidoak berreskuratzeko dela uste den. Gainera, beren dieta hiperharagijalearen ondorioz, haragiko proteinen zaporeekiko oso sentiberak dira, erabilgarria dena haragiaren freskotasuna detektatzeko.[53]

Ukimena

Ugaztun gehienen antzera ukimen errezeptoreak edo mekanorrezeptoreak dituze gorputz guztian zehar, baina konzentrazio handienean aurkitu daitezke oinen atzaparretan eta bigotean, baita xorlatan masail, begi-gain, kokots eta hanketan. [30][39]

Bigotea edo vibrissak goi-ezpainaren gainean lerroetan kokaturiko errezeptoreak dira. Ile arruntak baino lodiagoak dira eta sustraiak hiru aldiz sakonago dauzkate: nerbio-amaiera ugari dituzte eta haien bidez jasotako informazioa prozesatzen duen garunaren zatia (sistema somatosentsorialeko barrika kortexa)[74] kortex bisualaren antzekoa da, ukimenaren bidez jasotako informazioarekin ingurunearen hiru dimentsioko mapa bat eratzea ahalbidetuz, ikusmen zehatza izateko beharrik gabe. Bigote bidez, gainera, distantzia gertuan (hor ez dute ikusmen onik) edo dagoeneko harrapatu dutenean harrapakinaren mugimenduei buruzko informazioa jaso dezakete.[30][39]

Entzumena

Felidoek entzumen tarte zabala (55-200 Hz) dute, kasu batzuetan 78 kHz-rainokoa. Katamotza bezalako harrapakari txikien kasuan, harrapakin txikiek emitituriko soinuak (20 kHz) edo inguruko frekuentzia oso baxuetako soinuak (500 Hz) distantzia luzera entzuteko eboluzionatu dute. Ahalmen zabal horrez gain, belarrietan mobilitate handiak soinuen jatorria zehazten laguntzen die. Hainbat kasutan erabilgarria da: aurkariak lurraldean detektatzeko, bikoteen kokalekua zehazteko edo ikusmen baxuko ingurumenetan harrapakinak nabaritzeko.[53]

Ikusmena

Begien kokapen binokularra izateaz gain, ikusmen dikromikoa dute. Halaber, bi koloretan soilik ikusten dute. Beren erretinan fotoerrezeptore gehienak makila-zelulak dira:kono-zelula gutxiago dituztenez (soilik OPN1LW eta OPN1SW), ez dezakete kolore gorria antzeman. Dikromismoa ugaztun gehienen kasua da.[75][76] Ezaugarri horrek arazo gutxi dakartza, gauez zein egunez ehizatzen dutenez, mugimendua nabaritzeko gaitasuna nagusi da eta koloreak desberdintzearen funtsa, txikiagoa. Gainera, ehizan laguntzeko pupilek pitzadura bertikal eta forma biribila dute,[53] pupilaren forma argiaren eskuragarritasunaren arabera gehiago eraldatzea ahalbidetuz; hala, argi txikiarekin pupila askoz gehiago zabaltzen zaie, ikusmena zuhurtu, eta ingurune ilunetan ehizatzeko gai dira. Argi murritzeko inguruneetan hobeto ikusteko, tapetum lucidumak laguntzen du, eskura dagoen argi kopururik handiena erabiltzen dela bermatuz.[6][53][54][55][77]

Usaimena

Katamotzek rhinariuma edo 'sudur hezea' dute, animalia askok aurkezten dute sudur zuloen irekidura inguruko azal gunea da, espezie batzuetan hezea mantentzen dena. Bertatik feromona eta beste molekula kimiorrezeptoreak barneratzen dira eta organo bomeronasalaean dagoen usaimen-epitelioko nerbio-amaierekin kontaktuan jartzean, horiek informazioa garunera garraiatzen dute. Felino batzuen kasuan, garuneko usaimen-erraboilak beste karniboroenak baino txikiagoak dira eta usaimen-neuronen kantitatea ere txikiagoa da (Canidae familiako kideen erdia, baina gizakion bikoitza), ez baitu berebiziko garrantzia haien biziraupenerako.[53]

Felino batzuek usain arrastoak erabiltzen dituzten arren harrapakinak ehizatzeko; baina funtzio nagusia intraespezifikoa izaten da, emeek araldian sorturiko hormonen detekziorako erabilia.[30][39] Emeen gernua zein organo sexualak miazkatzean, katamotz arrek hauen hormona (estrogeno) eta feromona maila detektatu dezakete, araldian dauden eta ugalketarako 'errezeptiboak' izango diren jakiteko. Hala den kasuetan, arrek burua altsatu eta flehmen erreflexua egingo dute; ahoko uzkurtze berezia da, non ahoa ireki eta ezpainak atzera eramaten dituzten, imintzio bat eginez. Keinu horrekin organo bomeronasala erakutsi eta produktu kimiko usaintsuen molekulen transferentzia errazten da. Erreflexu horren ostean, arra emearengana hurreratu eta estalketa hasten da.[53]

Komunikazioa

Katamotzak soinu bidez komunikatzen dira espezie banakoen artean eta beste espezieekin, ; hainbat soinu eratzeko gai dira: ozen urrumatzeko,[78] txistatzeko, karraskatzeko eta marmartzeko;[79] baina ez dira orro egiteko gai.[50][53][79] Izan ere, orro egin ahal izateko laringe eta ahots-korda handiak behar dira, frekuentzia baxuko soinuak durundatzeko. Gainera, ahots-kordek forma laukia izan behar dute, eta ez triangularra (katamotzen kasuan bezala), biriketan presio gutxirekin soinu ozenak eratzeko. Azkenik, laringeko erresonantzia-kutxa handitzeko gaitasuna eduki behar da, laringea lepo baserantz (eta faringe zein ahotik urrun) bultzatuz; horretarako, hioide hezurraren hasierako zatia fibroelastikoa eta zabalgarria izan behar da (ez dena posible katamotzean, hioide hezurra erabat osifikaturik dagoelako). [53][80][81]

Halaber, katamotzak urrumatzeko gai dira;[78][79] ahots-muskulua (Musclus vocalis) edo muskulu tiroaritenoidearen (Musculus thyroarytenoideus) parte sakonena azkar uzkurtzean,[82] muskuluaren bibrazioek ahots-korden dardara azkarra eragiten dute. Horren ondorioz, guk urruma gisan detektatzen dugun 'r' soinu baxua (25 Hz) eratzen da.[53][83] Urruma eratzeko beharrezko muskuluen morfologia (erraz bibratzeko gai diren ahots-kordak) dela eta, orroak eratzeko gai diren espezieak, ez dira gai urruma sortzeko.[53]

Eskubian, Felinae subfamiliako animalia urrumaria. Ezkerrean, Panterinae subfamiliako animalia orrolaria. Gorriz, hioide hezurraren zati osifikatua (urrumarietan) edo kartilaginotsua (orrolarietan). Gezi gorriz, erresonantzia-kutxaren kokapena.[81]

Gaixotasunak

Katamotz espezie guztiek edo bakarren baten eragiten dituzten gaixotasunak:[84][85][86]

- Leuzemia Felino A birusa (Feline leukemia virus (FeLV) A).[87]

- Borna gaixotasuna.[88]

- Aujeszky gaixotasuna.[89]

- Behi-tuberkulosia.[85]

- Immunodefizientzia Birus Felinoa (Feline immunodeficiency virus, FIV).[85]

- Ehrlikiosia (Ehrlichia spp.).[85][90]

- Leptospirosia.[85]

- Toxoplasmosia.[85]

- Parvovirus felinoa (Feline, parvovirus, FPV).[90]

- Izurrite beltza (Yersinia pestis).[91]

Estresa

Estresa organismo baten ongizate orokorrarentzat kaltegarria izan daiteke, horregatik katamotzen kasuan estresak ugalketan, hazkuntzan eta sistema immunologikoan eduki dezakeen eragin kaltegarria aztertu da. Horretarako, entzima bidezko analisi immunologikoak (Enzyme ImmunoAssays, EIA) egin dira, organismo baten material organiko jakinaren (ilea, uzkia, gorotzak, etb.) hormona mailak aztertzen dituen froga. Katamotzen egoera babestua dela eta, proba ez-inbasiboak egin dira egoera adrenala aztertzeko, gorotzen metabolito glukokortikoideak (faecal Glucocorticoid Metabolites, fGM) monitor ),[92] hormona adrenokortikotropikoa (AdrenoCorticoTrophin Hormone, ACTH) zein kortisola ilean neurtuz.[93][94]

Bizi-zikloa

Katamotzaren bizi-zikloan ugalketa sasoikoa izaten da, baina estuki erlazionatuta dago bizi den inguruneko baldintza klimatikoetara.[95] Katamotz emeek beren lehen urtean araldia dute, baina ez dira ugaltzen.[1] Katamotz emeek lehen katmotz kumaldia bi urterekin edukitzen dute, ikusi delarik lehen urtean katamotz oso gutxik kumeak dituztelarik. Izan ere, emeek heldutasun sexuala 1,5 urterekin eskuratzen dute, hauen obarioen egituraren (Graaf folikulu eta CL kantitate)[96] eta banakoen pisuaren arabera determinatu daitekeena.[2] Arren kasuan, testikuluen pisuak eta esperma produkzioak adierazten dute heldutasun sexuala eta estaziotasuna;[96] normalean, beren bigarren urtean bilakatzen direlarik ugalkorrak.[1][2]

Felidoen familiak bi berezitasun ditu bere ugalketa-biologian: obulazio induzitua eta pseudo-haurdunaldiak. Ezaugarriok katamotzengan ere nabari daitezke.[96] Baina horrez gain, ugalketari dagokionez, katamotzek beste berezitasun bat dute: obarioetako gorputz luteoak (Corpus luteum, CL) makroskopikoki ikusgarriak direla, progesterona hormonaren eraginpean, eta hormona horren kopurua altu mantentzen da urteetan zehar:[96][97][98][99] gorputz luteoak obarioetan mantentzen dira, aurreko zikloetako gorputz luteo (Luteal Bodies of Previous Cycles, LBPC) izenaz ezagunak. Ikusi da CL garaikidea LBPCekiko morfologikoki desberdina dela, bat datorrena urtean behin haurdun geratzen direlaren ezagutzarekin.[100] Gorputz luteoak (CL) urteetan zehar mantentzeak ugaltze-ziklo mono-estrala eragiten du katamotzengan.

Katamotzaren ziklo menstruala.[96]

Ziklo menstrual hori bereizia eta etxe-katuenarekin parekatuta desberdina da (aurretiaz eredu gisan erabiltzen zena felino guztietantzat).[96][101] Hor, espontaneoki (batez ere harrpakin dentsitatea altuagoa denean, kumeen biziraupena altuagoa izan dadin)[102] obulatzen hasten dira.[96] Esteroide sexualek eta prostaglandinek, batez ere progesteronak definitzen du katamotzen hileroko zikloa.[103] Espezieek ziklo mestrual bera dute, oro har, kasu batzuetan izan ezik: adibidez, katamotz gorriak ziklo poliestrala erakusten duenean.[96] Horrez gain, ikerketak egin dira naturan eta gatibutasunean gertatzen diren desberdintasunen artean. Gehienbat ikusi da gatibutasunean ugalketa murrizten dela eta, aldi berean, estres-hormonen (edo hormona adrenalen) balio altuak daudela. Hormonen balio altu horiek energia erregulazio zein gatibutasunaren estresante fisiologikoen ondorio izan litezkeela proposatu da.[104]

Katamotz-ama eta kumea.

Orohar animalia bakartiak izan arren, eme eta arren arteko bikoteak eratzen dira estalketa-denboraldian, non arrak emea bere desplazamenduetan jarraitzen duen.[30] Estalketa normalean negu amaieran (martxoa eta apirila) ematen da. [20] Emeek urtebeteko ziklo monoestrala dutenez, urtean behin geratzen dira haurdun.

Arrak beren kabuz bizitzera bueltatzen diren bitartean, emeak batazbesteko 70 eguneko haurdunaldiaren ostean,[105] sedentarioago bilakatu eta gordeleku bat bilatzen dute.[95] Hala, uda hasieran (maiatza eta ekaina) erditzea ematen da.[106] Kumaldiak 1-4 kume artekoak dira, kantitate ohikoena 2 edo 3 izanik.[107][108] Ikusi denez, haurdunaldi erratioa baxuagoa izaten da 2 urteko emeetan (% 54.5), 3-7 urteko banakoetan baino (% 95.6), eta balio tartekoak eskuratuz 8-13 urte artean (% 75).[100]

Lehen 6-9 asteak amarekin gordelekuan igaro ondoren,[109] bertatik atera eta kume gazteak amarekin bizi dira hurrengo negua arte (10 hilabete). Amarekin dauden bitartean ehizatzen ikasten dute eta hurrengo estalketa sasoiaren aurretik emantzipatuko dira, dagoeneko okupaturik dauden guneengandik gertu lurralde propioa eratuz.[20]

Katamotz (Lynx gn.) espezieen ugaltze-estatistikak[39]
Ipar-katamotzaKanadar katamotzaIberiar katamotzaKatamotz gorria
Haurdunaldia63 - 68 egun63 - 70 egun63 - 68 egun50 - 70 egun
Kumaldi tamaina1 - 4 kume1 - 8 kume1 - 5 kume1 - 8 kume
Emantzipazio adina10 hilabete[110][107]10 hilabete7 - 10 hilabete12 hilabete
Heldutasun sexual adina♂: 30 hilabete

♀: 20 - 24 hilabete

♂: 24 hilabete

♀: 22 - 23 hilabete

♂: 33 hilabete

♀: 21 hilabete

♂: 18 hilabete

♀: 9 - 12 hilabete

Harrapari natural gutxi dituztenez (hartzak, otsoak, pumak eta azkonar jatunak) gizakiaz gain,[42] bizitza-luzera naturan 15 urte ingurukoa dute, eta gatibutzan, 30 urte ingurukoa.[39]

Ekologia

Portaera

Katamotzak lurraldekoiak eta bakartiak dira.[42] Defendaturiko lurraldeen tamaina (4 eta 2800 km2 artekoa, espezie eta habitataren arabera)[111] harrapakinen dentsitataearen, sexuaren eta katamotz espeziearen araberakoa da.[30][111] Lurraldea definitzen duten markak usainkorrak (gernu latsak) edo ikuskorrak (urradura markak) izaten dira, normalean azalera edo gune ikusgarrien gain.[112] Marka hauen dentsitatea lurraldearen erdialdan handiagoa izaten da periferian baino.[20] Hala, lurraldeen periferian 'gune neutro' deritzen zonaldeak eratzen dira, non sexu ezberdinetako banakoak aurkitu daitezkeen inolako gatazkarik eratu gabe.

Ordea, lurralde barnean sexuen arteko gatazkak era daitezke beste banakoen barneratzea ematen bada. Normalean ar bakoitzak azalera jakineko lurraldea defendatzen du, aldi berean eme baten edo gehiagoren bizitoki independienteak barne dituelarik. Emeen artean ere hain arteko bizitokiarekiko zelotasuna mantentzen da.[30][113] Batez ere emeek giza-populazio edo jarduerak dituzten lurraldeak ekiditen dituzte, emeen artean kumedunak izanik gutxien hurbiltzen direnak giza-aktibitatedun guneetara.[114]

Katamotzen aktibitatea gehienbat ilunabarrean, egunsentian eta hauen artean (gauez) ematen da.[115][116] Egunsentiko edo ilunabarreko aktibitate maila sasoiekin aldatzen da. Orohar, ilunabarreko aktibitatea egunsentikoa baino altuagoa izan arren, udaberri eta udan (enperatura altuagoekin) ilunsentiko aktibitatea murrizten da, gehienbat tenperatura altuagoak ekidinez;[117][118] eta neguan ordea, aktibitatea ilunsentian nagusitzen da.[116][119]

Ehiza

Katamotz kumea untxia ehizatzen.

Normalean bakarka bizi diren arren, batzuetan talde txikietan biltzen dira migratzeko zein ehizatzeko. Taldekako ehizak bereziki arrakastatsuak izaten dira emeen kasuan (saiakeren % 60-70), askotan kumeekin ehizatzen dutenak txikiei erakusteko; ar eta gazteek taldeka ehizatzean arrakasta portzentaia askoz baxuagoa da (% 40-60 inguru ar helduen kasuan, eta % 10-20 gazteenean).[42]

Harrapakinen bila markaturiko lurraldean zehar hainbat kilometro egin ditzazkete, normalean bi edo hiru egunero harrapakin bat eskuratuz, nahiz eta tasa hau banakoaren arabera asko alda daitekeen.[30] Ehiza gehienbat lurrean emanten da, baina zuhaitzak igotzeko eta ibaiak igerian zeharkatzeko gai dira.[20][30][120]

Katamotzek segada bidez ehizatzen dute, erasoen % 1-5 artean harrapakina jazartzen dutelarik 200 metro baino gehiagoz. Hala, heriotza eragingo duten erasoak 20 metro baino distantzia motzagotik egiten dituzte. Beste felino askoren antzera, harrapakinak eskura daudenean lepoan (eztarri eta trakea) hagikada indartsu bidez asfixiatzen dituzte. Arraroa den arren, lepoa hortzez heltzeko gai ez direnean, zango eta atzaparrak ere erabili ditzazkete harrapakina lepo atzealdetik eusteko.[121]

Ehizatu ostean, harrpakin freskoez elikatzen dira, deskonposizio maila garatuagoetan dauden organismo edo arrastoak baztertuz. Horregatik normalean ez dute ehizaturiko denbora luzez gordetzen, akaso partzialki tapatuz denbora tarte txikian. Behin bakarrik daudenean (batzuetan zuhaitzpera aldenduz) jaten hasten dira. Zarataren bat badago gelditu eta harrapakina abandonatu dezakete. Gainontzeko haragijaleen antzera, harrapakinaren parte bigun guztiez elikatu daitezke, baina haien hortzeria eta garezurraren egitura dela eta, ez dira hezurrak hausteko gai. Beraz, izter eta sorbaldak jaten hasten dira, enborraren zati handi bat (burua, lepoaren goialdea, kutxa torazikoa eta tripak) baztertuz.[121] Harrapakinen azala, ilea edo lumak pixkanaka isurtzen dira jan ahala, jan gabe utziriko gorputz zatiekin batera biltzen direlarik.[20]

Dieta

Animalia ugariz elikatzen dira: harrapakin handiagoetatik (orein buztanzuria, elur-oreina, orkatza, orein arrunta, sarrioa), ohikoagoak diren harrapakin txikiagoetara (erbi amerikarra, arrainak, azeriak, ardiak, katagorriak, arratoiak, lursaguak, indioiloak eta beste hegaztiak).[122][123][124] Katamotz batzuk, biz baldintzen arabera, ganadua jatera espezializatu dira (batez ere ardiak).[20]

Katamotz kanadiar eta erbi amerikarraren arteko populazio zikloak.[125]

Ostera, katamotz espezie bakoitzaren harrapakin aukera eta lehentasuna aldatzen doa bizi diren ekosistemaren baldintzen arabera. Iberiar katamotzak gehienbat untxi basatiak ehizatzen ditu, ahate, orein gazte eta eperrez gain (untxien dentsitatea baxua denean).[126][127]

Ipar katamotzak animalia apatxdunak ehizatzen ditu (orkatza, orein musketaduna, sarrioa),[128] erbi, karraskari, hegazti eta hauen arrautzez gain.[127]

Kanadiar katamotzak ordea, erbi amerikarra nahiago du, baina arratoi, katagorri eta hegaztiak ere harrapatzen ditu. Katmotz handienek oreinak eta harrapkin handiagoak ere ehizatzen dituzte. Baina erbi amerikarrarengan duten dependentzia handia dela eta, hauen populazioak periodikoki aldatzen dira, hamar urteroko beherakada handia jasanez.[125][129]

Habitata

Katamotzaren habitat guneak: ipar-katamotza laranjaz; Kanadiar katamotza morez; Iberiar katamotza gorriz eta katamotz gorria berdez.

Katamotzak gehienbat taigatan eta baso kaduziofolio mixtoetan bizi dira, zuhaixkaz, ihiz eta belar altuz beteak, orohar altitude handietan.[130] Espeziearen arabera inguruneak aldatzen dira.

Katamotz gorriak eta kanadar katamotzak Ipar Amerikako klima epeleko guneetan dira. Katamotz gorriak gainontzeko espezieek baino habitat gehiago okupatzen ditu; basoak nahiago ditu eta elur gutxiko mendi, gune semi-desertiko zein bahia hezeetan ere bizitzeko ahalmena du.[131] Hala, Kanada Hegoaldetik, Estatu Batuetan zehar eta Mexiko erdialdeko sastrakadietara zabaltzen da.[131][132][48]

Kanadar katamotza, ordea, Kanadako erdialdean eta Alaskako baso borealetan soilik bizi da,[133] erbi amerikarraren (Lepus americanus) habitatarekin gainjartzen den guneetan.[48][134] Defendaturiko lurraldeen azalera 4 eta 25/70 km2 artekoa izan daiteke (sexuaren arabera, arrek zabalera handiagoa izanik).[48] Aintzinan Kanadako baso-mugatik, Estatu Batuetako 24 estatutara eta Mendi Harritsuetako hego mugara zabaltzen zen, egun, kanadar hegoalderaino mugatzen den arren.[135] Halabaina, 2019tik Coloradoko estatuan populazio baten berrinsertzioa eskuratu den.[136]

Ipar-katamotza, Asian eta Europan agertzen da, gunearen arabera estepa-harritsu, baso mixtoan, taigan zein mendi ekosistematan aurkitu daiteke. Kasu askotan, otsoen (Canis lupus) kohabitazioa saihesten dute, harrapariak izan daitezkeelako.[16] Asian, Himalaiaren iparraldeko isurialdean, sastrakadi itxietan eta basoen mugatik gorako trokarteetan eta hegoaldeko isurialdean, Nepalgo Dhaulagiri eskualdeko tundra alpetarrean. Tibeteko goi-ordoki osoan, erdialdeko Asiako basamortuetako mendietan eta muinoetan ere aurkitu daiteke. Antzinan Europa osoan bizi zen;[137] baina egun, desagertuta dago Europa mendebalde eta erdialdeko leku gehienetan, nahiz eta Eskandinavian[138], Herbehere eta Belgikan,[139] Alpeetan[140] zein Pirinioetan aleren batzuk geratzen direla dirudien.[141]

Iberiar katamotzak artzaintza irekiko guneak nahiago ditu, zuhaixka (gurbitza, legeltxorra edo ipurua) eta zuhaitz (artea edo artelatza) sarriekin. Orain, gune menditsuetara mugatua dago, altitude gutxiko baso eta maki guxi batzuetan, zein ur-korronteei loturiko landaredi mediterraneoetan ere aurki daiteke.[142][143] Pinu zein eukalipto landa-guneak saihesten ditu. Iberiar penintsulan zonalde gutxi batzuetan da; Doñanako naturgune babestuan (Andaluzian) [144] eta Guadianako Parke Naturalean zein Malcata mendilerroko natura erreserban (Portugalen).[145]

Katamotza Euskal Herrian

Euskal Herrian historikoki ipar-katamotza (Lynx lynx) aurkitu izan da. Ipar-katamotzari buruz Iberiar penintsularen iparraldeko isurialdean buruz izandako aurkikuntza arkeologiko gehienak Euskal Herrikoak dira. Aipatzekoak dira Pagolusietako leizean (Gorbeia) aurkitutako arrastoak, Neolito garaikoak (K. a. 3.500. urtea).[146] Baita Mezkirizko Zerpenteko Leizean (Erroibar), Rascaño, Santimamiñeko harpean eta Urratxan aurkiturikoak.[147]

Katamotzari buruzko testigantza eta datu historiko ugari aurkitu daitezke Euskal Herrian XVI. mendetik XIX. mendera. Agirietan katamotza tiguere, pantera, leopardo, tigre, gato cerval zein onza izenez agertzen da.[148] 1936an ehizatu zen azken katamotza Euskal Herrian, Nafarroako Alaitz mendi-multzoan.

Hala ere, badirudi oraindik Euskal Herriko Pirinioetan, Nafarroan zein Zuberoan aleak geratzen omen direla, azken urteetan arrasto-behaketak eta behaketa zuzenak aipatu baitira Iratin, Santa Grazin eta Pirinioetako beste hainbat lekutan.[141] 2000. urtean Pirineoetan ikerketa ugari egin ziren ipar-katamotzaren inguruan; ikusketen bilketa eta filtrazioak eginez, argazki-tranpak kokatuz, artaldeen erasoei jarraituz eta hondakin fekalen analisi genetikoak eginez. Hala, 43 ikustaldi egin ziren, haietako hamar, fidagarriak hiru, ziurrak: ikustaldiok beste frogarik berresten ez dutenez, ez dago frogaturik egun katamotza euskal Pirinioetan bizi denik.[149]

Kontserbazioa

Katamotzen kontserbazioko arrisku nagusiak jarduera antropomorfikoen ondoriozko ingune-galera eta ehiza dira.[150] Horregatik, hainbat erakundeek genero honen espezieen kontserbazio egoera aztertu dute. Haien artean nagusiena Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundea (International Union for Conservation of Nature and Natural Resources, IUCN) da.

Erakunde horren katamotzen kontserbazio egoeraren inguruko analisien ostean, iberiar katamotza (Lynx pardinus) 1986. urtean arriskuan zegoen espezie moduan sailkatu zen. 2002. urtean arrisku maila handiagoa duen arrisku larri bezalako sailkapenera aldatu zen. Hortik aurrera, urteetako kontserbazio lanei esker bere kopurua egonkortu eta poliki-poliki berreskuratzen joan da.[151] 2015. urtean, iberiar katamotza arrisku larriko sailkapenetik arrisku deritzon sailkapenera aldatu zen.[152]

Gainontzeko katamotz espezieak (ipar-katamotza, kanadako katamotza eta katamotz gorria) kezka txikiko egoeran agertzen dira.[153][154][155] Baina hainbat populazio eta azpiespezie arriskuan daude.[156]

Galzoriko Flora eta Fauna Espezie Basatien Nazioarteko Merkataritza Konbentzioa (The Convention on International Trade in Endangered Species of Wild Fauna and Flora, CITES)[157] Iberiar katamotza zerrendako I. eranskinean dago.[158]

Estatus legala

Katamotz espezieen estatus legala dagozkien lurraldeetan;[159][160][161]

Kontserbazio esfortzuak

Nazioarteko komunitatean katamotzaren babes eta kontserbazio esfortzuak beharrezkoak direlako kontsentsu bat dagoen arren, hainbat erakunderen babes legalpean aurkitzen direlarik, kontserbazio esfortzuen eraginkortasuna herrialde bakoitzaren ardurapean erortzen dira.

  • Alemanian, 100 urteko falta ostean ipar-katamotzaren birsartze bidez populazioen errekuperaketa eman da Alemania eta Txekiako mugan.[187][188]
  • Erresuma Batuan, katamotza ia 500 urtez galdurik egon ostean erreinu ezberdinetako gobernuek reinsertsio esfortzuak proposatu dituzte. Eskozian, 2015 planteatu da katamotzaren itzulera ekosistemara, eta 2021. urtean zehar 'Lynx to Scotland' erakundeak ikerketa bat aurrera eraman du Cairngorms National Park eta Argyll-eko komunitateen perspektiba kontuan izanik. Ikerketaren ostean, berrinsertzio proiektua onarpen zain dago. [189][190][191] Galesen, gobernuak lurjabeei diru laguntzak eskaini dizkie, haien jabetzan dituzten lurretan katamotzen berrinsertzioa bultzatzen badute.[192]
  • Espainian, Iberiar katamotzaren kontserbazio esfortzuak 70.hamarkadatik eman dira, katamtz espezie honek jasaten duen galzori-arrisku larriagatik. Gobernuak bultzaturiko kontserbazio proiektu ezberdinen artean nagusiena Doñanako Parke Naturalaren barnean 2003 eramanikoa izan zen; hala, parkeak sistema ezberdinak plazaratu zituen iberiar katamotzaren harrapakin nagusiaren (untx edo erbiak) populazioko zenbakiak katamotzaren biziraupenerako haina mantentzeko. Horrez gain, ziurtatu zen herrialdean barrena jaio eta aurkituriko edozein espezimen berrinsertatuko zela, eta hauen ehiza erabat debekaturik zegoela. Esfortzu hauei esker, gaur egun (2022) iberiar katamotzaren populazioko aktiboek zenbaki egonkorrak aurkezten dituzte.[193] Horrez gain, 'LinxExSitu' proiektua eratu da.[194]
  • Kanada, Estatu Batu eta Mexikon, non Katamotz kanadiarra eta Katamotz gorria nagusi diren, espezimen asko zoologikoetan aurkitzen dira. Katamotz kanadiarraren kasuan, hauen historia genealogikoa ezagutzeko intentzioarekin europar proiektu batek zoologikoetan dauden banako guztien zuhaitz genealogikoa eratzea proposatu du. Espezimen hauek zoologikoetan helburu didaktikoekin eta kulturalekin (zoologikoetara doan jendearen faborea eskuratzeko espeziearekiko) mantentzen dira.[50]

Herri kulturan

Katamotza kultura askotan aurkitu daiteke,

Literaturan

- Astoa eta katamotza (1896), Ramon Artola.[195]

- Pais Dinogad kunbrikoz edo gales zaharrez idatziriko sehaska-kantan katamotzaren aipamena egiten da.[196][197] Abestiak gizon baten ehiza-trebeziari egiten dio errefrentzia, ehizaturiko harrapakinak izendatuz. Urte askoan llewn hitzaren esanahiari buruz eztabaida egon da, animalai basati bati erreferentzia egiten ziolakoan, amaieran animalia hori katamotza zela adostu zen. Izenaren etimologia, Lugh eguzki-jainkoarekin erlazionatuta dagoela dirudi, bi hitzek erro bera baitute; ustez, harreman hau katamotzen begiek dute islapen ezaugarriarekin erlazionatuta egongo litzateke.[198]

Peis Dinogat (galesera zaharrez)[198]Dinogad's Smock (ingelesez)[198]Dinogaden brusa (euskaraz)
or sawl yt gyrhaedei dy dat ty ae gicwein

o wythwch a llewyn a llwyuein,

nyt anghei oll ny uei oradein.

whatever your father reached with his lance

from wild pig and lynx and fox,

nothing escape unless they had mighty wings.

zure aitak bere lantzarekin eskuratu zuen edozer

basurdetik katamotz eta azerira,

ezerk ez du ihes egingo hegorik ez badu.

Atsotitzetan

- «Avoir des yeux de lynx» frantsesez, «Tener ojos de lince» gaztelaniaz, «Luchsaugen haben» alemanieraz edo «Lynx-eyed» ingelesez. 'Katamotzaren begiak edukitzea' esan nahi du euskaraz, ikusmen ona izateari erreferentzia eginez.[199][200][201]

- «jemandem etwas abluchsen» alemanieraz edo «To wangle something out of someone» ingelesez. 'Norbaiti zerbait kentzea' esan nahi duena, katamotza oso azkarra eta ehiztari ona delari egiten dio erreferentzia.[202]

Mitologian

Katamotzaren irudia herrialde eta komunitate ezberdinetako mitologian agertzen da.

Greziako mitologia

XIII. mendeko bestiario bat; katamotz baten gernua harribitxi (lyngurium) bilakatzen.

Teofrasto (ca. K.a. 371 – ca. K.a. 287) filosofo peripatetikoak lapis lyncurius edo lyngurium deituriko harribitxi mitikoa deskribatu zuen. Harri hau katamotzaren gernua gogortzean sortzen omen zen, anbar horiaren antzera ezaugarri sendagarriak (urolitiasia sendatzea adibidez) zituen, beste objektuak (metalak, esaterako) erakartzeko ahalmenaz gain. Harriaren kalitatea hobea zen gernua aske bizi zen katamotz ar batetik eskuratzean.[203]

XVII. mendea arte harribitxi-liburu eta bestiario guztietan agertzen zen, bereziki Erdi Aroan zehar. Gaur egun, badakigu Lyngurium-a deitzen zena anbar, turmalina, hiazinto, safiro edo belemnite fosilak zirela. Katamotzekin eginiko lotura, ustez fosilak erretzean sortzen den katu-gernu usainagatik eman zen.[204][205]

Ovidio (K.a. 47 - K.o. 17/18) olerkilari erromatarraren Metamorphoseon olerkian, Demeter jainkosak Triptolemeo munduan zehar bidaitzera eta nekazaritzari buruz erakustera bidaltzen du. Lyncus erregearen gortera heltzean, jainkosaren gogokoena bilakatzeko desira duena, erregeak Triptolemus lo dagoen bitartean hiltzea antolatzen du. Bere ezpata altxa bezain laster, katamotz batean bilakatu dela konturatzen da.[206]

Norvegiako mitologia[207][208]

Boskimanoen mitologia

Laurens van der Post idazleak Boskimano edo San herriaren kulturan izar eta katamotzen artean dagoen harremana deskribatu zuen. Bere kontakizunen arabera, San herriarentzat goizeko izarra (ez dakigu Venus edo Marte) ehiztaria eta lehen gizakietako bat zen. Izarra zerutik erori eta katamotz batekin maitemindu zen, hura ere gizaki-forman.[209]

Amerindiar mitologia

Ipar amerikako indigenen kultutra ezberdinetan katamotzaren figura aurkitzen da.[210] Estatu Batuetan zehar folklore nazionalaren antologietan azaltzen delarik.[211][212] Orohar, izaki misteriotsu bat bezala azalduz, 'sekretuen gordailua' bezala.[213] Lévi-Straussen arabera, koiotearekin eta katamotza mundua desorekan mantentzen duten indar biki, desberdin eta kontrakoen errepresentazioa dira.[214]

- Shawnee herriko mitologian, katamotza goizeko izarraren lau babesleetako bat da. Mitoetako batean, katamotza untxi batek engainatu zuen; zuhaitz baten ondoan katamotzak harrapatu zuenean, su bat eratzea gomendatu zion erreta jateko. Sua osatzen zuten txingarrak katamotzaren larruan zehar zabaldu ziren, bere orban marroiak eratuz.[215]

- Mojaveek uste dute katamotza eta puma haien jainkotzat edukitzeak gainontzeko tribuek baino ehiza habilidade hobeak ematen dizkietela.[211][212]

- Algonquian herrietan, tigre edo katamotz errealaren (Lenapizha) pertsonaia dute haien erlijioan.[216]

- Maliseet, Passamaquoddy eta Micmac herriek Lusifee espiritua dute, katamotzak eta basakatuak errferentziatua. Espiritu hau orohar, pertsonaia gaizto eta guztiziatsua bezala aurkezten da.[217]

- Ojibwa, Algonquin, Odawa, Shawnee, Cree eta Menominee herriek Ur-pantera edo ur-katamotzaren (Mishipeshu) figura dute haien mitologian.[218]

Heraldikan

Katamotza Europako herrialde ezberdinen (Frantzia, Finandia, Erresuma Batua, Begika, Espainia) herri-heraldikan agertzen den irudi edo pertsonaietako bat da, azkar eta zorroztasunari erreferentzia egiten diona.[219] Armarri ezberdinean aurrez aurre edo perfilez aurkitu daiteke, kasu batzuetan otsoarekin konfunditu daitekeelarik buztana hanka artean duenean.[220][221] Adibidez, Normandiako Valogne herriko armarrian agertzen da.[219] Familia batzuen heraldikan ere agertzen da, nahiz eta ez den oso ohikoa. Kasu honetan ere, azkartasunari erlazionatzen zaio. Baita koldarkeriari hankatartean buztana daramanean.[222]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak