Larzabale

Nafarroa Behereko udalerri ohia

Larzabale Larzabale-Arroze-Zibitze udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Oztibarre eskualdean. Herri honek 1841 arte aparteko udalerria osatu zuen. Bere kokapen zentriko eta bidegurutze garrantzitsua izateagatik eskualdeburuaren funtzioa betetzen du.

Larzabale
 Euskal Herria
Larzabaleko supermerkatua
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaLarzabale-Arroze-Zibitze
Administrazioa
Posta kodea
Herritarralarzabaldar
Geografia
Koordenatuak43°14′00″N 1°05′41″W / 43.2333°N 1.0947°W / 43.2333; -1.0947
Demografia

Herritarrei "larzabaldar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 16 km daude.

Izenaz

Dokumentazio historikoan lekuizen hau forma desberdinetan agertzen da: Larsaval eta Larseval (1119 eta 1167an hurrenez hurren, Duchesne bilduman), Larssabau (1477an "Ohix-eko kontratuetan"), Larcabau (1513an Iruñeko idazkietan), Larsabau (1518an "Baionako kapituluan), Larçaval, Larçabal eta Larzabal (1621ean Martin Bizkaikoak jasota) eta Larcabau (1650ean); adostasunik ez badago ere, "larre"+"zabal" esanahia duela uste da.[1]

Geografia

Kokapena

Nafarroa Behereko erdialdean, udalkideak diren Arroze eta Zibitze ekialdean eta hego-ekialdean ditu, hurrenez hurren. Ipar-ekialdean Azme eta hego-mendebaldean, Garazirako bidean, Utziate. Gune horiek guztiak oztibartarrak dira.

Aldiz, ipar-mendebaldean, mendien beste aldean, Landibarre dago.

Auzoak

Herri-kasko nagusiaz gain, badira etxetalde aipagarri batzuk:

  • Xahara herritik hurbil, mendebaldean.
  • Dona Maria auzo txikia, ustez herriko zaharrena dena, Xaharatik mendebalderago.
  • Bastida Txoko hego-mendebalderantz.
  • Aspalditik Larzabaleren menpean dagoen Utziaterako aparteko artikuluan begiratu.

Orografia

Herria bera 162 metrotan dago. Artikaiteko erreka Biduzeren ibaiadarraren iparraldean, norabide honetan segituta daude garaiera nagusiak: Gaztelu Zahar (472 m), Kurutzehegi (386), biak Landibarrerekiko mugan eta 465ko muino bat Bastida txoko gainean.

Demografia

1412-1413ko erroldan 43 etxe zituela ageri da eta 1551ekoan 72 zituen.

Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 183 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1836koan 228. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Larzabale-Arroze-Zibitze.

Errepideak

Nafarroa Behereko ardatza den D 933 errepideak zeharkatzen du herria. Gainera, bertan Maulerantz abiatzen den D 918 ateratzen da, garai bateko RN-618 ospetsuaren zatia hain zuzen. Errepide horrexek lotzen du Zibitze hurbilarekin.

Done Jakue bideko Via Podiensis izenekoan dago, Izuratik Donibane Garazirako bidean geldialdi nagusia izanik. Bidea errepidetik iparraldera pasatzen da ia paraleloan, Xahara eta Bastida Txoko auzoetatik Utziaterako bidean.

Historia

Udalerri-historia

1790ean herri hau Ainhize, Arhantsusi, Arroze, Bunuze, Donaixti, Ibarre, Hozta, Ibarrola, Izura, Azme, Jutsi eta Zibitze herriek osatzen zuten Kantonamendu bateko burua izan zen, Donapaleuko barrutiaren menpekoa zena; geroago Iholdiko Kantonamenduaren barruan sartu zen.[3]

Udalerriko armarrian[4] herri honi erreferentzia egiten dien zatiak goiko ezkerrekoa (bi zerrenda beltzak la Salle de Larceveau delakoarenak) eta beheko ezkerrekoa (zuhaitza eta basurdea Dona Maria etxearenak) dira.

Eraikin eta monumentu historikoak

  • Herriaren ipar-mendebaldean Gaztelu Zahar izeneko garrantzi handiko aztarnategi protohistorikoa dago, Landibarrerekiko mugan.
  • Egun Dona Maria izena daraman etxea XIV. mendekoa da eta etxe noblea izan zen.[5] Landibarre eta Iholdira zihoan bidean kokatuta, 1733an oraindik kapera zuen.
  • Jauregia 1365eko erroldan izendatua ageri da lasale de larcabau gisa (okzitanierazko sala eta euskarazko "jauregi" baliokideak dira).[6]
  • San Lorentzo eliza 1854an berreraikia da.[7]
  • Hilarri askorik ez zegoen herriko hilerrian Arrozetik batzuk ekarri ziren arte; inportanteena 1624koa da.

Kultura eta hezkuntza

  • Oztibarreren bihotzean izanda, herriari eta ibar osoari begirako elkarte batzuen egoitza da Larzabale: "Denek Bat" gazte elkartea, "Oztibartarrak" pilota taldea, "Oztibarre Bat" parrokia katolikokoa.
  • Lauburu elkarteak "Hilarrien Interpretazio Zentroa" antolatu du herri honetan 2007tik.[8]
  • Olharan trinketa eta ostatua dago.
  • Seaskako Oztibarreko Ikastolaren eta Manex Erdozaintzi-Etxart Kolegioaren egoitza berriak herri honetan daude 2007tik; gastuei aurre egiteko kanpaina zabala burutu zen Euskal Herri osoan "pagoak erosi" eta landatzeko, "Pagatxa elkartea" izena hartu zuenak antolatuta.[9]

Ekonomia

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Ekonomia azken hamarkadetan dibertsifikatu da eta zenbait lantegi (gazta egileak...) eta artisau daude; berdin hirugarren sektorearekin: jatetxe eta hotelak, aurrezki kutxak.

Larzabaldar ospetsuak

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa