Maria Azeo Ezkerra

Etxekoandre-baserritarra eta emakume aitzindaria sega apostuko jardunean.

Maria Azeo Ezkerra “Maitxo segalaria” izenez ere ezaguna (Zizurkil, Gipuzkoa 1930eko maiatzaren 29a - Donostia, Gipuzkoa, 2002ko maiatzaren 22a) Etxekoandre-baserritarra eta emakume aitzindaria sega apostuko jardunean. 

Maria Azeo Ezkerra

Bizitza
JaiotzaZizurkil1930eko maiatzaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaOiartzun
HeriotzaDonostia2002ko maiatzaren 22a (71 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
JarduerakEtxekoandrea, nekazaria eta segalaria

Bizitza

Maria Zizurkilen jaio bazen ere, oso umetatik bizi izan zen Oiartzunen, Agirrezabala-Azeo familiak adopzioan hartu eta gero. Joxe Mari Iriarte Sarasola, (1920-1969) Frantsesa, bertsolariarekin[1] ezkondu zen 1951eko martxoaren 29an, Oiartzungo elizan. Altzibarko Ugarte bere etxean jarraitu zuen bizitzen, arik eta 1962. urte inguruan Gurutzeko Arkale Txiki izeneko etxera aldatu ziren arte, baserri lanak utzita.[2]

Etxeko lanak egiten zituen eta segan tarteka baino ez, auzoei laguntzeko.[3] Bost seme-alaba izan zituzten: Antonio Maria; Maria Karmen, Felix, Maria Isabel ta Maria Jose. 1969ko Urtarrilaren 15ean alargundu zen, 39 urte zituela.

Segalaria

Emakumeen arteko desafioen berri apenas iritsi den guregana. Emakumeen eta gizonezkoen arteko bateon baten berri, asko jota. Hartara, Maria Azeo Ezkerraren kasua nabarmentzekoa da, 60ko hamarkadan sona handia izan baitzuen. 37 urte zituen oiartzuarrak eta lau seme-alabaren ama zen. Segalari bikaina zen eta hori jendaurrean erakusteko aukera izan zuen, beste emakume askok ez bezala.

Senarrak antolatu zion lehen apustua, 1967ko ekainean. Nonbait, Larraza eta Olatzenekoa beren arteko apustua ixteko geratuak ziren Oiartzungo Toki Alai jatetxean eta Olatzenekoa berandutu egin zen. Eta Azeo-ren senarrak esan omen zuen bere emazteak hark bezainbeste egingo lukeela segan. Etxera bueltatu zen Mariari esanez apustua antolatu ziola San Pedro egunez. Hilabete baino ez zuen entrenatzeko.[4] (101 orr)

Kontratuan zehaztu zenez, Antonio Larraza Urtizberea oiartzuarrak, ordubeteko epean, Maitxok ebakitakoaren bikoitza baino gehiago egin behar zuen irabazteko. Bakoitzak 50.000 pezeta jokatu zituen. Hilabete eskas zuten entrenatzeko baina txapeldunaren laguntza izan zuen Azeok, Beñardo Irastorza (Irun, Gipuzkoa 1928) segalariarena. “Maitxo auzokoa nuen” oroitu du Irastorzak. “Bere gizon defuntuak hitz egin zidan lehenbizi. Teodoro Usategieta eta biok jardun ginen emakumeari erakusten”.[3]

Hernaniko Jauregi baserrian jokatu zen apustua eta jendetza bildu zela kontatzen dute garaiko kronikek. Ikusmin handia zegoen, garai hartan apenas ikusten baitzen emakumerik jendaurrean herri kirolen munduan. Eta gutxiago lehian. Denak harrituta geratu omen ziren Azeo galtza luzeak jantzita agertu zenean, denek gonarekin joatea espero baitzuten. Ordubetean gizonezkoak emakumezkoaren bikoitza moztuko ote zuen zen kontua. Amaieran, Larrazak 2.325 kilo ebaki zituen eta Azeok, berriz, 1.896. Aise irabazi zuen, beraz. Adituen esanetan, oso txukun aritzen zen segan Azeo, eta garbi samar zegoen hasieratik irabazi egingo zuela. Katedra hasieratik agertu zen emakumearen alde; 100-20ri kantatu zuten artekariek. Ebakitakoa biltzen Hondarribiko (Gipuzkoa) arraunlari koadrilak lagundu zion Azeori, horregatik jantzi zuten denek elastiko berdea.[3]

Handik hilabete batzuetara beste apustu bat jokatu zuen Polipasorekin, garai guztietako segalari onentsuenarekin. Orion jarri zuten hitzordua urriaren hasieran. Azeo ez omen zen oso gustura aritu, osasunez makal samar omen zegoen-eta egun hartan. Baina, hala ere, irabazi egin zuen. Orduan ere Polipasok Azeo-ren bikoitza ebaki behar zuen irabazteko. Ez zuen lortu, Polipasok 2.193 kilo ebaki zituen, eta Azeok, 1.652.[4] [5]

Beste kontu bat da emakumea izateagatik jasotako saria; lehenengo apostuan gizonak baino gutxiago eman zioten eta bigarrengoan deus. Hala omen zioen berak: “Jaungoikoa! Zortzi mila duro eman zizkidaten lehenengo apustuan eta galdu zuenari hamahiru. Polipasorekin, berriz, sosik ez. Josteko makina erosteko lain atera nuen”.[3]

Azeoren balentriak sona handia izan zuen Euskal Herritik kanpo ere. Espainiako NO-DO[6] eta Espainiako filmotekan jasoa dago bideoa.[5]

Emakumearen papera sega kontuetan

Emakume segalari I.proba.2022

Euskal Herrian emakumeak ez du lekurik izan joko eta kirol lehiatan. Ez protagonista ezta ikusle ere, oraintsu arte. Iñaki Perurenaren esanetan “Orain 40 urte ez zen herri kirolik; zen apustua. Baserriko beharrean emakumeak ez ziren begira egoten baina gaitasuna izanagatik, ordea, etzuten ematen gaitasuna neurtzeko plazarako pausoa, orduan apustua gizonen ghettoa baitzen”. Salbuespena errakestitak izan dira.[3]

Sega kontuetan baserrian emakumeak baino gehiago aritzen ziren gizonezkoak. Mari Karmen Iradiren esanetan “Lan gogorrenen ardura gizonezkoek izan duten arren emakumeak ere ibiltzen ziren. Segan, adibidez, emakume askok ezkutuan egiten zuten lehen.”[7] Ez zen ohikoa zelai osoa edo meta-belarra ebakitzen jardutea, baina aritu, aritzen ziren.

Apustu batean belarra mozten ari den emakume baten lehen erreferentzia 1967koa da eta emakume baten alde egindako hurrengo apustua ez zen 2013. urtera arte egin.[8] [9]

Txapelketei dagokionez, Alazne Etxeburua zizurkildarra izan zen emakumezkoen Euskal Herriko I. Sega txapelduna, jokatutako saioan belar kilo gehien ebaki eta gero.[10]  

Geroztik asko dira emakumearen segalaritza auspotzen dabiltzanak lehian; sega emakumeen baztertzaile izan dela esaten dutenei aurre eginez.[11]

Herriko aitortza

2018ko udalekuetako haur talde batek bere izena eraman zuen.[4]

Erreferentziak

Kanpo estekak