Oiasso

Bidasoa ibai bokaleko erromatarren garaiko hiri baskoia eta haren aztarnak, Irun, Gipuzkoa

Oiasso Antzinako Erromaren garaian baskoien portu-hiria edo civitas zen, Bidasoaren bokalean, gaur egungo Irungo hirigunean (Gipuzkoa) kokatua. Erromatar Inperioan Hispania iparralderako, eta batez ere Tarraconensis probintziarako, salerosketa eta garraio gune garrantzitsua zen. 1990eko hamarkadan ikerketa arkeologikoek hiriari buruzko ezaguera handitu egin zuten.

Oiasso Museoko barrualdea

Oiassoren kokapenetik gertu Arditurriko erromatar meatzeak daude. Hiria bere meatze-barrutiaren burua zen, erromatarren garaitik ustiatua eta Oiassoko portuarekin lotua, nahiz eta uste den haiek iritsi baino lehen ustiatzen zela aztarnategia. Meategiak ustiatzea oso garrantzitsua izan zen, ingeniaritza-lanen hondakinek erakusten dutenez. Meategiak 1984ra arte egon ziren aktibo, ia etenik gabeko 2.000 urtez. Horietan zilarra, burdina, beruna, zinka, fluorita eta blenda atera izan da.[1]

Santa Elena ermitako beirak (Irun)
Erromatar merkataritza ontziak.

Historia

Geografo klasikoek Plinio, Klaudios Ptolemaios eta Estrabonek[2][3] beren idazlanetan Oiasso hiria aipatu zuten. Pliniok Naturalis Historia bere liburuan baskoien lurrak Pirinioetatik Oiarsoraino kokatu zituen, Vasconum saltus izeneko eskualdean.[4] Klaudios Ptolemaiosek II. mendean bi kokapen eman zizkion Oiasso izenari Geographikè Úphégesis bigarren liburukian, bata hiriari (grezieraz: Οίασσώ πόλις) eta bestea Pirinioetako Oiasso mendixkari (grezieraz: Οίασσώ άκρον Πυρήνης).[5]. Horrexegatik, Julio Caro Barojak[6] oker ulertu zuen Oiassok bi gune bereizi zituela, hiria eta portua.

Oiasso Mar Externum izeneko itsasoaren portu garrantzitsua zen, behin K. a. I. mendean Tarracorako galtzada eraiki zenean, meak garraiatzeko eta salerosketan aritzeko. Galtzadak Ebroren harana zeharkatu zuen Osce eta Ilerda hirietatik. Ab Asturica Burdigalam edo XXXIV. galtzadak Oiassotik ere pasatzen ziren Asturica Augustatik Burdigalara zihoazela, Estrabonek zioen bezala. Galtzada hori Erromatar Inperioak sortutako Atlantiar eskualdea hornitzeko sare komertzialean zegoen.

Era berean, bere portua Mar Externumgo portu sarean zegoen, Bizkaiko golkoko Brigantium (A Coruña), Flaviobriga (Castro Urdiales), Vesperies (agian Urdaibai), Menosca (agian Getaria edo Zarautz), Lapurdum (Baiona) eta Burdigala (Bordele) portuekin batera.

Gertuko Bidasoa Akitania eta Hispania Citerior arteko muga sortu zuen. Bidasoan zubi baten aztarnak agertu dira[7] eta portorium edo aduana laster agertuko dela uste da. Akitaniarako bidean zeuden produktuek %2ko zerga zuten eta Hispania Citeriorreko bidean zeudenek, berriz, %2,5.

Oiasso inguruko meatzaritza garrantzi handikoa zen. Gertuko Aiako Harrian erromatarrek 3 kilometroko meazuloa egin zuten, zilarra ustiatzeko.

Arkeologia

1992an, eskualdeko aztarnetan ikerketa arkeologikoak[8]egin ziren I. mendeko kaietan, Irungo Santiago kalean. Lehen Santa Elenan I. mendeko nekropoli bat agertu zen eta baita biltegiak, tailerrak eta bainu-etxeak ere. Batzuen ustez, anfiteatro bat, tenplu batzuk edo forum bat ere badaude. Aurkikuntza hauek antzinako Euskal Herriko isolamenduaren aurkako frogak dira.[9]

2006ko uztailean, Irunen Oiassoren historiari buruzko museoa eraiki zuten: Oiasso Erromatar Museoa.[10]

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak